kontaktua
2016.09.29

Urliagaz hartuemonik BA AL DOZUE? Hartuemonik AL DOZUE?

Oraintsuko mezu labur baten amaieran itaun hau egiten eban mezugileak: “(Urlia) jaunarekin kontakturik al duzue?”. Hartuemonean gengozan itaundu gura eukean mezugileak.

Irakurri eta batera esan neutsan neure buruari: ba al duzue idatziko genduke guk gaur, arranoetan be, al hori eta guzti be. Perpaus hori itauna izanik, eta aditz trinkoa bera perpaus horretako fokua edo galdegaia dala, ba- aurrizki indargarria sartzea toketan dala joten deusku belarrira, sartu ezean al duzue aditza erren edo zintzilik geldituko balitz lez.

Al marka modalaren ordez edo lekuan, ete (ote) sartu izan baleu mezugileak, isilduko nintzan, eta ontzat ez eze, aintzat be hartuko genduan itauna: “Urlia jaunagaz kontakturik ete daukazue?”. Izan be, ete hitz modalak aditz trinkoaren aurrean fokuaren ordeak beteten ditu: Ete da halan? Ete dator? Ete dabil, gero! Ete honen kasuan ez da zertan erabili aurretik ba- aurrizkia. Tradizinoz be ez da erabili izan, ez sartalde ez ekialde, baina gaur egungo hiztun adiutu eta ziurrek be ez ohi darabile . Egia da, ostera, ba- horren aldeko joerea gero eta zabalago agiri dala gure artean, batez be idatziz; gehiegikeriazko hobena dala deritxat nik. Ba ote dago?, itaun zuzenean, edota: Ba ote dagoen jakin nahi nuke, zehar itaunean, barra-barra entzun edo irakurten dira gure euskera landuan –edo landutzat saltzen dan horretan–, egia esan.

Baina gatozan atzera itaun perpausetako al hitz modal horretara.

 

Lehehengo argitu beharreko puntua. Itaun perpaus ohikoak, neutroak, egiteko beharrezko ete da al sartzea? Zalantza horregaz etorri jatan lehengo egunean guraso ikasi eta euskaldunbarri bat, ikastolan eukan alabatxoari eskola-lanak egiten laguntzean sortu ei jakon kezkea eta ezbai zorrotza alaba ikasleagaz eta. Guraso gazte euskaldunbarri honi irakatsi eutsenetik, antza, al hori ezinbestekoa ei zan, esaldi bat itaunka emon gura bazan. Baina alabeak ezetz egiten eutsan tema. Andereñoak azaldu eutsenez, al hori giputzen dialekto berezitasun bat baino ez ei zan.

Nik apur bat beste era batera erantzun neutsan, baina funtsean andereñoaren haritik. Euskeraz itaun perpausa neutroak, markatubakoak, eregiteko, al hori ez dogula erabilten euskaldunik gehienok, ez Ipar, ez Hego, ez Sartalde, ez Ekialde. Eta gipuzkeraz be kontu modernoa zala; mintzairan gertatu dan neutralizazino baten ondorioz sortua. “¿Vienes conmigo?” edo “¿Comemos?” itaunak euskeraz emoteko, nahikoa dala esatea: Bazatoz nigaz? Edo Bazkalduko dogu?. Eta ez daukagula buru hausten eta korapiloak sortzen zertan ibili, ba al zatoz… edo bazkalduko al dugu egitura moduakaz.

 

Itaun perpauseko aditz jokatuari al aurrean eransteak ez dauka zerikusirik itauna markatze hutsagaz, gramatika edo ikas liburu batzuk saldu gura izan deuskuenez. Eta ez da kasualidadea, gipuzkera modernoan oinarritutako batuaz idatzitako liburu-liburuskak izatea planteamentu hori albatetik sartu gura deuskuenak.

 

Al hitz modalaren balioa Azkuek “acaso, quizás, por ventura” esangurakaz bardintzen dau itaun perpausetan. Gaztelaniaz ez da bardin: “¿No lo sabes?” galdetzea edo “¿Acaso no lo sabes? ¿Es que no lo sabes?” egitea. Euskeraz be beste horrenbeste jazoten da: Ez dakizu? itaundu ala Ez al dakizu? itaundu ez da bardin.

 

Egia da, bestetik, bigarren itaun egitura hau gutariko askok ez dogula erabilten eguneroko berbetan. Baina, ostera, Lea-Artibai edo Deba ibarreko uri-herriguneetan hiztun askori berez-berez urteten deutse ezpan artetik. Ez al dakizu?esan ordez, beste era honetara esan ohi dogu gutariko askok: Ez dakizu ala? Eta gipuzkeraren eremu zabal baten, ostera, bardindu egin da galdera modu bien esangurea, neutralizazino bidez, eta al markaduna nagusitu da danetarako itaunetan.

 

Domingo Agirre idazle handiak –Ondarroako semea bera– Kresala-n dakarren pasarte honek erakusten dau argiro al horren zentzun garbia eta zaharra. Batzuetan baiezka:

 

“—Zer darabilzu, emakumea, hain muker eta tamal egoteko? —itandu eutsan etxekoandreak. —Ezer ez, andrea. —Bai zerbait. Lagunakaz haserratu al zara? —Ez, andrea. —Gaixorik al zagoz? —Ez, andrea. —Nahigaberen bat emon al deutsugu? —Ez, andrea, esatea be! —Ia ba, zer edo zer esan behar... Barri txarrak hartu al dozuz zeure etxetik? —Bai, andrea, ez dira hain onak be.” (XX. kap.)

Beste batzuetan ezezka:

“—Eta zer deust inok ikusi arren? Ez al da negar egitekoa hemeretzi gizon eder galdutea?” (Kresala II.). “—Bai, hori bai; baina bategaitik negar egiten dozula usteko dabe. Hala ez al daki inok, zuk Anjelegaz zerbait badozula?” (Kresala II.), “Elizpean, Mañasik belarrondora esan eutsan Josepari: ‑Ez gero inori ezer esan! ‑Esatea be! —erantzun eban Josepak—. Ez al dogu alkar ezagututen?” (II.).

Gatozan atzera hasierako puntura. Mezugileak inoan ze, “Urlia jaunarekin kontakturik al duzue?”, eta gure erreparua zan aditz jokatu horrek, fokua izanda, aurretik ba- aurrizkiaz indartzea eskatzen ebalakoa: kontakturik ba al duzue?, hobeto ez ete legoken. Egia esan behar bada, tradizinoaren ikuspegitik, holan be ez dago oker, horretara erabili izan dalako idatzi zahar eta klasikoetan. Baina gaur egungo erabileran, aditz trinko markatuak (galdegai danak) itaun-perpausan, al hitz modala gorabehera, ba- aurrean eranstea eskatzen dau, ezezka ez sartzen dan legetxe.

 

Ez al daki inork?” ezezka itaun egiten dogun moduan, baiezka: “Ba al daki inork” egingo genduke gaur. Edo: “Ba al zoaz azkenean Markinako jaietara?”. Kirikiño idazle mañariarrak be Abarrak ipuin-bilduman hataraxe darabil: “Aitaita, adorerik bai al dozu hartu dozun zeregina bide onera eroateko?” “—Bizirik hago hondino, tximistaori? Ezagutzen al nok? Nor nazan bai al dakik? Prakerre nok!” (Kirikiño Abarrak).

Paulo Zamarripa idazle ziurra eta gramatikari bardinbakoa izan zan, ohi eban zorroztasunaz, puntu hau argiro azaldu euskun lehenengoetarikoa bere Gramática Vasca-n: “Toda flexión sintética con al, empleada como única palabra, debe llevar el prefijo confirmativo ante su al: ¿Acaso viene? ¿Por ventura viene? Ba al dator?”

Akabera emon baino lehen, gogorarazo daigun, dana dala, ba- indargarri barik al hutsagaz be indartzen zala lehen aditz trinkoa, galdegai izateko kasuan. Horren lekukorik zaharrena, beharbada, Lazarraga bera dogu. “Parekorik eztozuna / al dakizu?” dino bere bertso ahapaldietariko baten. Eta askoz oraintsurago, XIX. mendearen lehen partean, Juan Mateo Zabala bilbotarrak be holan darabil hondino. Sermoietariko baten, galdera erretoriko luze hau itxi euskun onduta: “Al dakizu zuk, mutil, neskatilla, edo zareana zareala, eta alango geroko kontuakaz zabiltzana, al dakizu ordu bateko bizitzea badaukazu, edo momento onetan eriotza ilunak jo ta botako bazaituz?”. Eta Xenpelar bertsolariak be bere bertsoetariko baten, antz-antzean: “Artzekorik al dauka / inork guregana?”.

Egitura bitzuk ezagunak ditugula, gaurko usadioari emongo deutsagu lehentasuna, oraingoan klasikoaren kaltetan bada be: Ba al zatoze horretan nigaz batera? Ala ez al zatoze?

Datorren astera artean, Jainkoa lagun.

 

Iturriko

2016-09-29

 

Esatekoak 0
Ikusita: 434
2016.09.22

EZLEKUAN itxi dozuz oinetakoak, ez BERE LEKUAN

Ez hitz bakuna dogu berez euskeraz, aditz prozesuak, adierazpenak ezezka emoteko, ukatzeko, darabilguna. Bai eta ez bakarrik erabili geinkez, itaun baten aurrean baietz edo ezetz erantzuteko, edo norbaitek egindako adierazpen bat ukatzeko:

Bazatoz nigaz? –Ez!

Bihar euria egingo dau. –Ez dot uste.

Gehienetan edo ia beti aditzagaz darabilgunez, aditz jokatu bategaz, ia-ia aurrizki bihurtzen jaku kontestuan, nahiz banan edo bereiz idatzi: Ezta egia esan, baina Ez da egia idatzi.

Aditzagazko buztartze gramatikal hori aparte itxita, izen, adjektibo, adberbio-adizlagun eta aditz partizipioen aurrizki (eta beste batzuetan ia aurrizki) izateraino heldu da ibili-ibili ez marka. Zerk lagundu deutsan ibilbide horretan? Euskereak be, inguruko hizkuntza guztiek lez, preminea daukalako, izen, adjektibo, aditz edo adizlagunen kontrako esangurako hitzak erabilteko. Eta hitz banakoei dagokienez, aurrizki bidez egituratzeko joerea nagusitu dalako. Inguruko hizkuntzetan gurean baino askoz gehiago, baina gurean be bai neurri handi baten.

Gaztelaniaz ezagunak ditu edonork in- (innecesario), i- (irreal), a- (alegal), des- (desagradable) edo dis- (disfunción) legezko aurrizkiak.

Euskeraz aurrizki bi ditugu antz-antzekoak alkarren lehian eremu semantiko beretsurako: ez- eta des-; bata euskal jatorri zaharrekoa, bestea maileguzkoa. Hitz batzuetan bata zein bestea erabili izan ditue hiztunek: ezezagun eta desezagun, adibidez. Arautu dana lehenengoa da: ezezagun eta hori geratuko da idatzirako.

Des- maileguzkoa uste baino emonkorragoa gertatu da hitz-sorkuntzan eta hiztunek berezkotasun osoz onartu dabe euren eguneroko berbetan. Aurrizki honi galgea eta munarria ipini deutsienak, hiztunak barik, hiztegigile, gramatikari eta idazle garbizaleak izan dira sarri. Hizkera garbiago bat bilatu beharrez, desbardin barik ezbardin, desbide barik ezbide edo desordu barik ezordu erabiltea bultzatu dabenak.

Ez hitza aurrizki lexikal modura irristatu danean hizkuntzan, malgutasun handiz sartu eta garatu da hitz-kategoria batzuetan, izen eta adjektiboetan berariaz. Izen guztiz ezagunak ditugu: ezbeharra, ezizena edo ezustea. Edo adjektiboen artean: ezbardina, ezezaguna eta ezjakina.

Aditz kategoriak eregiteko nekez darabilgu ez-. Ezaguna da etxaramon ‑laburduraz etxamon‑, ‘kasurik ez egin’ esanguraz. Azkuek Muxikan eta Zornotzan erabilitzat jaso deusku, aginteeran: Etxaramon!, “no haga Ud. caso!” erdal ordainaz.

Ez- aurrizki erara hitz bati eransteaz ez da adierazoten kontrako esangura garbia, antonimo hutsa. Hori baino indartuagoa da ez- aurre-osagai hori. Oin-hitzaren esangurearen ukapen absolutua adierazoten dau batzuetan. Frutuen, uztaren eztazuna, bakotasuna adierazoten dau ezurte hitzak. “Ezurteko gauzea, iraupen bagea”, errefrau moduko esaera hori dakar Azkuek Markinan jasorikotzat. Eta Gotzon Garatek Azpeitian jasorikotzat beste esaldi hau: “Aurten ezurtea da, ez dago sagarrik ez ezer”. Ezune be eztasun edo ezaldi esangura beretsuaz erabilten da. Bai urte eta bai une, izan aditzaz lagundurik, mugagabez erabilten ditue hiztun askok. Igaz tomate guztia gorrinak jota; ez da urte izan. Edota ez- erantsita: Ezurte izan da pasa dan urtea. Azpeitian (G. Garatek) baturiko beste hau be antzekoa da: “Ezune omen zan orduan”.

 

Baina ez- horrek halako gaietzespen kutsua be eransten deutso izen eratorriari. Ezlekua, toketan ez dan lekua da, bere lekua ez dana, okerrekoa baino. Zenbat agiraka amak umeari, oinetakoak, galtzerdiak edo jertsea ezlekuren baten itxi dabelako, euren lekuan ipini beharrean. Zenbat haserre eta berba zorrotz mutil edo neska bardingoari, gauean orduan eta sasoiz etxeratu beharrean, goizalde beranduko ezorduan etorri dalako. Ezorduadesordua be esaten da‑, denpora kontuan, ohi dan edo arrazoizkoa dan aldiunearen kontrakoa adierazoteko, gaztelaniazko "hora intempestiva". "Baserrian, barriz, beharrerako ezordurik sekula be ez dagoala-ta, gazteria aurrez hasi zan Bilborantza" idatzita itxi euskun behinola Lino Akesolo idazle bikainak. Ezbeharra be, behar dana baino gogorragoa izaten da: zoritxar, kalte handi edo istriputik hurrago dago. Ezizenak be usain gozorik ez dau eukiten; berez dagokion izenaren ordez, toketan ez dana da, izengoitia baino garratz eta latzagoa. Ezgauza bat ez da gauza ez dan zeozer, ezpada ezerezkeria edo garrantzia gitxiko zeozer. Behar kontuan Mogelek kontetan deusku, Peru Landetako nekazariak neguan, aro txarra egoanean, arotzian ekiten eutsala beharrean: "Nozian bein eguraldi txaarrak eragozten deustazanean baso ta solo bearrak, jardun daroat mai, aulki ta ezgauza batzuk egiten" gogorazoten deusku. Ezgauza bat izan daiteke jaten dan kopau txiki bat edo txibizkeria bat be, ohi dan jatekotik kanporakoa. Oñati aldean, pertsona bategaitik ezgauza dala esaten da, eskilarak igoteko edo oinez ibilteko. Norbait ezustean harrapatzea, uste-uste barik, inpentsadan, berak holakorik pentsau orduko harrapatzea esan gura dau.

Hari berari tenk eginez, ezbidea be okerreko bidea da berez, baina zuzentasunaren kontrako bideaz ohi darabilgu, bidebakokeria edo injustiziaz. Zu ezbidean zagoz, badinosku baten batek, arrazoirik ez daukagula esan gura deusku.

Aditz partizipioaren oinarriaz eregiten ditugu eratorri batzuk, aurretik ez- lagun hartuta. Adjektiboak izan ohi dira egitura horretako gehienak. Eurotariko batzuk guztiz entzunak: ezjakina (jakiterik bakoa), ezikasia (eskola bakoa), ezeukia (ondasun bakoa), ezazia (epotxa edo gitxi hazi dana). Izen kategoriakoak, beste batzuk. Ezeukia ezer ez eukitea be izan daiteke. Edo ezegina omisinoa be izan daiteke. Eta egitura nasaiagoko beste batzuk be bardin: ez-entzuna edo ez-entzun egin edo entzungor egin, antzekoak dira. Ez-ikusi egin edo ez-ikusiarena egin, zeinda ikusi ez dalakoa antz emotea da. Eta bardin ez-ezagutu egin; ezaguna dan pertsona bati ezagutzen ez dalakoa egitea.

 

Terminologia modernora be zabaldu ditu bere hatzak (eta batzuetan erpeak) ez honek aurrizki gisa. Batzuetan, behar baino gehitxoago be bai. Halan irakurri edo entzuten da batzuetan: ez-erretzaileak bakarrik sartu daitekezala taberna batera. Edo hain iturritako ura ez-edangarria dala. Edo egitura bat gramatikala ez dala esateko, ez-gramatikala dala. Edo izen bat ez-propioa dala. Edo lege-proposamen bat ez-legezkoa dala. Edo herrialde ez-lerrotuen batzarra egingo dala halako uriburutan. Edo testu-liburu bat ez-teknikoa dala.

 

Honetarikoetan hesia edo neurria ipini behar jake gehiegikeriei. Terminologia finkatu baterako erosoagoak dira ez- aurrizkidun hitzak. Baina maila teknikoetan ez gabilzanean, badaukagu beste egitura bat be aukeran, perifrasi bidea: erretzaile ez diranak, ez edateko ura, propio ez diran izenak, gramatikal ez diran egiturak edo legezko ez dan proposamena.

Asko da gaurkoz ahaleginik, prestuezkerietan jausi barik.

 

 

Iturriko

2016-09-22

 

Esatekoak 0
Ikusita: 336
2016.09.16

TXIKI-TXIKI egingo zaitut!

Hainbat aditz ditugu euskeraz, txiki-txiki egin (norbaitek norbait) eredukoak; hau da, egin aditz orokariagaz batera adjektibo jakin bat, edo partizipioa edo izena be bai batzuetan, egitura errepikatuaz, aditz multzoa osotzen dauela.

Norbaiti, zeozergaitik lotsagarri geratu dalako, arpegia gorritu jakola esateko, sarri esan daroagu, gorri-gorri egin da –edo jarri edo parau aditzakaz bardin‑. Gorri-gorri egin da, holantxe egitura birrituaz, baina nekez entzungo dogu, ostera: gorri egin da. Bestetara esanda, honetariko aditz multzoak, egitura iteratiboaz eregiak, holantxe bakarrik funtionatzen dabe beti edo ia beti. Ogia birrin-birrin egin esaten dogu, edo birrindu, baina ez ogia birrin egin.

Ama batek umeari, obeditu deion, zemai antzera gogorarazo leio: Nire esanik egin gura ez badozu, bardameagaz bero-bero egingo zaitut, gero!¸ edo Txiki-txiki egin behar zaitut!, edo zehe-zehe, edo emon-emon egingo deutsut! Bata bestearen hurrengo aitatu ditugun guztiok adjektibo errepikatuez, eta azkenengoa partizipio birrituaz, eregiak dira, baina ez dira atontzen bakarraz. Hiztunok darabilgun berba-jarioan nekez esango gendukez: *bero egingo zaitut, edo *txiki egingo zaitut, edo *zehe egingo zaitut, ez antzekorik. Bai erabiliko gendukez, ostera, berotu, txikitu edo zehatu aditzak, aditz konposatuon lekuan.

Adjektiboa edo aditz partizipioa egitura birrituaz erabilita, kualidade edo ekintza hori hanpatu edo puztu egiten dogu. Ezkaratza garbi-garbi egin dot dinogunean, guztiz garbitu dodala esaten nago. Euritzan ibilita busti-busti egin nazala dinodanean, edo blai-blai egin nazala, edo mela-mela egin nazala, edo hondatu-hondatu egin nazala dinodanean, goitik behera, guztiz, osoro busti, blaitu, hondatu edo melatu nazala esaten nago. Beste berbaz esanda, aditz konposatuon bidez prozesua, jarduera edo ekintza goren gradura eroaten dogu.

 

Ekintza-prozesu jakin batzuetarako joera handiagoa daukagu aditz tipo honetara. Halan, birrin, zehe, txiki… bihurtzeko esangurak adierazoteko. Birrin-birrin egiten da ogia edo kristala jauskeran, esaterako. Janari kontuan, tomatea, okelea edo beste jaki bat txiki-txiki egin geinke sukaldatzen dihardugunean. Zehe-zehe egiten da lurra, goldatu eta ostean, erein ordurako, edo kipulea zartaginera bota orduko, edo umeentzako jakia, txiki, ahora emon aurretik. Norbaiti, zigortu edo jipoitu egingo dogula ohartzeko, esan gineio Zehe-zehe egingo zaitut!. Garan-garan egin be esaten da, garandu edo zehetu aditzen esangura beretsuaz. Oilolokeak be txitai jatekoa garan-garan egiten deutse, ito barik jan ahal izan daien. Edo gai bat korapilotsu, konplexu edo zaila danean be, garan-garan egiten deutse irakasleak bere ikasleei, ondo ulertu daien.

Garbitze edo zikintze jarduerak handiagotzeko be adjektibo birrituakazko aditz alkartuak erabiltera joten dogu. Zauri bat garbi-garbi egiten da zoldu ez daiten. Gorputza be garbi-garbi egiten dogu, hatsa edo kiratsa dariola ibili ez gaitezan kalean betean. Garbi-garbi egin darabil Mogel handiak be behin baino sarriago. Linajailak edo lino-joten dabiltzan neskatilakaitik bertso-kantuz dirausku: “Laster ta atzera baga / gara gu jagiten, / ez dogu ez erbatzik / soinean itxiten. / Garbi-garbi eginik / goaz mai batera, / han gogo galantagaz / gauza asko jatera”. Eta lino-bedarra lino-firu bihurtzeko garbitze prozesuan egin beharreko lanetariko bat honetara azaltzen deusku: “Andrakumeak artzaatu daroe, ixteko galgaraua zerbait garbituta, ta guenean, garbi-garbi egiteko arkosko, lur-apur, olo garau, auts ta loigarri guztietati, galbaatu behar da ardura handi bategaz”.

Zikintze kontua dala-ta esan daroagu: Lohi-lohi egin naz, autoak ondotik igarokeran autsak erantau dituanean. Edo taberna batera joan eta jesarten garan mahaia zikin dagoala, txarrituta dagoala dakuskunean, esan geinkeo zerbitzariari: Mahai hau txarri-txarri eginda itxi dau baten batek eta garbitu eiguzu, mesedez. Edo ama batek agiraka egin leio bere ume ipurlokeari, etxetik urten eta batera, lagunakaz olgetan ibilita, soineko garbiak zikin-zikin egin ditualako bueltan etxera etorri danean.

Arkondarea izur-izur eginda be ezin da urten kalera; urten orduko ondo lisatuta edo plantxauta baino. Esangura beretsuaz esan daroagu tximur-tximur egin. Arpegiko azala be beti eguzkitan ibili edo bizi izan danari tximur-tximur eginda geratzen jako zahar egin baino lehen. Eta edadeagaz, behinola neskatila eder lirain lerden ziranak be zimel-zimel egiten dira, sagar siku edo mizpilen antzera.

Pertsona bat luzaroetan ikusi barik egon zaranean, suertau leiteke denporak garrenera lodi-lodi eginda topetea. Edota bestetara be bardin. Aldi batez lodiaren lodiaz ibili ezinik ikusi dozuna, argal-argal, mehe-mehe edo ziztrin-ziztrin egin dala.

Koloreak dirala-ta, lan honen hasieran gorri-gorri egin aitatu dogu. Baina bide beretik erabilten dira: ulea zuri-zuri egin jakola urliari. Edo ule zuriak edo urdinak disimulau asmoz, ulea, ule-zapak edo tximak baltz-baltz egitea norbaitek.

Eta akabera emoteko, literaturatik jasoriko beste aditz konposatu batzuk gogora daiguzan. Egia esan, euskal hiztunok, gure literatura idatzian agiri dan baino askoz sarriago eta ugariago erabilten ditugu berez-berez honetariko aditz multzoak, prozesua era hanpatuaz adierazoteko. Baina badira, gaur berbaz bakanago entzunak izan arren, tradizino idatzian ondo lekukotuak diranak be. Halan: huts-huts egin, hutsitu edo hustu esateko ez da asko entzuten gaur egun, baina Azkuek Aramaion batu eban Dringilin dron gabon kantu bakiko horretan bigarren koplan, huts-huts egin agiri da, herri-berbetako era bizia: “Hiru puntako artazal batekin, sakatrapua bailitzan, ezti lapiko handisko bati, barrua huts-huts ein notsan”. Gorka Knörr-en bertsino ederrari esker gure artean guztiz ezagun egin dan herri-kantua.

Aditz konposatu honegaz burura bero-bero egin jaku honezkero eta ordua da atzera hotz-hotz eginda tenperatura bere lekura etorri dadin.

 

Iturriko

2016-09-15

Esatekoak 0
Ikusita: 356
2016.09.09

“Izen-deiturak” zein "izen-telefonoak"

Nork ez dau ezaguna harako herri-kopla bat, dinoana: "Aita-semeak edanda dagoz, / ama-alabak jokoan. / Ostera bere egongo dira / soinoko zaharrak kakoan". Mogelen bertsino hori baino ezagunagoa jaku, herri-kantutegietan sarriago jaso dan beste hau: Aita-semeak tabernan dagoz...

Aita-semeak egitura horren bidez aita eta semea aitzen emon gura da, edo bardin: aita eta semeak edo: aitak eta semeak. Hitz-konposaketa deritxo honi, edo hitz-alkarketa, baina hitz-alkartze librea da, gramatikala, ez lexikala. Aita-seme ez da hor izen bakar bat, eta horregaitik ezin esan daikegu: *aita-seme-a. Izen bi dira bat eginda, eta horregaitik mugatzaile plurala behar dau: aita-seme-ak. Esanguraz, semantikoki, aita eta semea dira. Eta izen alkartuak diranean be, grafia-zeinu batez, gidoiaz (-) bereizten ditugu. Lehenago banan edo bereiz be idazten ziran. Baina egundo be ez bat eginik.

Hitz-alkarketa eredu hau guztiz ezaguna eta hurrekoa egiten jaku betiko euskaldunoi, gizakien izenakaz eta berariaz senitarte edo familia eremukoakaz. Horretara urteten deuskue barrutik berez-berez: andra-gizonak, senar-emazteak, seme-alabak, neba-arrebak, lehengusu-lehengusinak, izeko-osabak, osaba-lobak, koinatu-koinatak, suin-erranak, guraso-umeak... Eta gizakien eremutik urten barik, jaun-andreak, neska-mutilak, atso-agureak, zahar-gazteak, nagusi-morroiak, maisu-maistrak, eta horretarikoak.

Beste izen-bikote batzuen artean eta juntagailuagazko joerea handiagoa da, ostera. Halan: aita eta ama erabiliagoa dogu aita-amak baino. Aitita eta amuma ezagunagoa, aitita-amumak baino, giputz eremuan aiton-amonak bizi eta indartsugoa dan bitartean. Bardin aita ginarreba eta ama ginarreba ezagunagoak, egitura konposatua baino.

Literaturan ugari baino ugariagoak dira eremu honetako bikoteak. Lazarraga arabarraren adibide hau balia bekigu: “Gizon-damaokaz eztaukana / konbersazioa gustu handitan, / bihoa porra batez arraitan”. Edo errefrau zaharrenetariko batek dirauskuna: “Aita-asabaoi etxi, / ta garean gu on beti” (RS 125).

Gizakiaren edo gorputzaren atalak binaka aitatzen diranean be sarri joten dogu alkarketa tipo honetara: atz-begiak, atze-aurreak, begi-belarriak, buru-bihotzak… Lizardi poeta handiak Bihotz-begietan izenburutu eban bere poema-liburu ezaguna. J.M. Zabala idazle-predikari ezagunak honetara zertzelatzen dau oleazino edo untzinoaren erritua: “harako geroago orio santuagaz begiak, belarriak ta esku-oinak igorztea”.

Denpora-izenetan be arrakastatxoa dauka alkarketa eredu honek, eta gehiago zapatu-domekak lango izen-segidetan. Ezagun samarrak dira, behintzat: jai-asteak, gau-egunak, goiz-arrastiak, uda-neguak eta halakoak. Busturiko lekuko batek honetara azaldu eban garia eta artoa noiz batzen ziran: “Garia bagil-garagarriletan batzen zan, eta artoa eta indabea, irail-urrietan”. Amodio poema batek dino: “Ene gau-egunok, guziok dolorez” (Lazarrraga).

Geografia, natura eta espazio eremuko izen-bikoteetan be sarri erabilten da alkarketa-eredu hau: zeru-lurrak, baserri-kaleak, mendi-zelaiak, itsas-ibaiak, itsas-lehorrak eta halakoetan.

Bada antz-antzeko alkarketa tipo bat, hitz-bikoteok adberbio-funtzinoan darabilguzana, eta mugatzaile barik. Halan esan daroagu denpora eremuan: bihar-etzi, bihar edo etzi adierazoteko; leku-eremuan, hor-hemen, hortik-hemendik, hor eta hemen, hortik eta hemendik adierazoteko, edo atzera-aurrera (ibili), atzera eta aurrera adierazoteko, edo ezker-eskuma, batetik eta bestetik adierazoteko; edo moduaren eremuan, buru-belarri (sartu arlo baten), burua eta belarriak horretan murgildurik era figuratiboz adierazoteko, edo txakur-katu (ibili), txakurraren eta katuaren moduan areriotasun latzean adierazoteko.

Baina bigarren tipo honetan be eta juntagailudun bikote eginak darabilguz beste askotan, aurrekoak baino ugariago, egia esan: gau eta egun, jai eta aste, uda eta negu, kanpo eta barru, aurre eta atze langoak. Herri dantza-kopla baten berbakaz argibidetuta: “Bentanan daguan damia, / begi ederren jaubia, / ojala bazinatekez / bihotz ta arima neuria” (Amoroton edo hor nonbait jasoa).

Literaturan, bai poesian, bai bertsolaritzan, berbaz baino esangura-kontestu ugariagoetan erabili izan da aita-semeak eredua. Gure herri-literaturaren garau edo ale zoragarrizko batek darakusku hau ondo baino hobeto. Donianeetan errezitatzen diran formulen artean, bada bat ezaguna, Ibarrangelun kantetan eben erara hau dinoana: “Erre sorgintxuak, ondo erre, / arto-garitxuak ondo gorde. Eta Doniene, eta Doniene”. Artoa eta garia, edo artoak eta gariak ondo gorde, urte osorako janaria izateko.

Gure literatura landu idatziak be ezusteko bikainak eskeintzen deuskuz bide horretatik. Lazarraga arabarrak eskaini euskuna bat: “Bihar-etziak hurrean datoz. Arren, betorke hebetik”. Frantziako Henri III.en jaiotzan, XVI. mende horretan ondu ziran ahapaldietariko bat: “Mundu guzia huna beto, haur noble honengana, oin-eskuen apaztzera, Jaun handiari bezala”. Oinaztar-ganboarren arteko guduketako kantuetariko batek honan dino: “Arma-eskuduak on dira dardoz, / parerik eztabe kanporakoz, / Zaratearrak galdu ei dabe / Markia-Zuia sekulako”.

Gure Mogel handiaren idatzietan hainbat honetariko aurkitu daikeguz. Besteak beste: ardi-bildotsak, hamarren-primiziak, arazo-nekeak, gose-egarri diranak, jan-edanak, lukainka-solomoak, ibar-zelaiak, zelai-basoak.

Egia da, hitz-bikote honeetariko batzuk, izen biak bat eginda osotasun edo bakantasun zentzua gordeten dabenean, -a mugatzaile singularraz markatzen dirala. Halan jazoten da sarri aditz-bikoakaz: jan-edana, joan-etorria, hartu-emona, saldu-erosia, sartu-urtena, kendu-ipinia, galdu-gordean (ibili) eta beste batzukaz. Adjektibo-bikoteek be kualidade bakuna adierazoten dabe sarri: zuri-gorria, luze-zabala, handi-txikia, zahar-gaztea eta abarrek. Izen-bikoteek be, biek bat eginda kualidade edo izaera bakarra adierazoten dabe batzuetan, eta halakoak -a mugatzaile singularraz ohi darabilguz: ur-ardaoa (ure eta ardaoa nahastaurik), hotz-beroa (hotz eta beroaren kontrastea), atsegin-kontentua eta horrelangoak.

Akats bati, edo neuk hatakotzat daukadanari, bai erreparatu deutsat behin baino sarriago idatziz. Jarraiko hile-izenak konposaturik idaztean, singularraz mugatzea. “*Uztail-abuztuan ez da izango batzarrik”, edo “*Irail-urrian ospatuko dira jardunaldiak”. Gure eretxi apalean, holakoetan pluralaz markatzea toketan da: uztail-abuztuetan eta irail-urrietan.

Eta amaiera emoteko, itaun bat idazle eta erabiltzaile guztioi. Zergaitik ez sarriago eta modu malguz etekin handiagoa atera alkarketa egitura honi, izen-bikoteak osotu behar ditugunean? Zergaitik ez esan: Emoidazuz zeure izen-telefonoak. Edo: Zeintzuk dira zeure helbide-zenbakiak? Ulertu, euskera dakian edozeinek egingo leuke bape neke ez azaro barik. Eta onura txiki bat be badauka egitura horrek: laburrago gauzak esatea, eta juntagailuaz josten ibili beharrizan barik.

 

Iturriko

2016-09-09

Esatekoak 0
Ikusita: 355
2016.09.01

Hatxa LAKOA. Gu LANGOA

Modalidadea, zelakotasuna adierazoteko ditugun atze-hitz edo postposizinoen artean bezala dogu ezagunen-hedatuena euskera eremuan, eta idatziz be bai euskera idatzian. Eta honen adnominala, bezalako, bezalakoa.

Sartaldeko euskeran legez izan da modalidade eremua bete dauen marka nagusia, denporearen puruz lez erara laburtu dana. Gaur egun postposizino modal modura lez dogu bizkaieraz arautua, legez klasikoa euskera baturako finkatu dan antzera.

Baina egia da, bestetik, euskera mintzatuan lez/legez horri leihakide indartsu batek urten deutsala bidera: modu izenaz eregiriko moduan postposizinoak, kostalderantz modura be esaten dana.

Modu-postposizino nagusiok euren aldaera indartuak be baditue: bezala > bezalaxe eta legez, lez > legetxe, letxe. Sartaldeko euskerako era indartuok ‑legetxe eta letxe‑ ez dira hain hedatu-indartsuak, zelan dan bezalaxe.

Legetxe, bakan erabilia izanaz gainera, klasikotzat jo leiteke. Horren era laburtu bizia, letxe bizkaieraren sortaldean entzuten dala esan ginei. Baina kontua da, letxe horri lehiakide bat sortu jakola euskera mintzatuan: lantxe dalakoa, berbakera batzuetan behintzat. Errefrau ezagun batek dinoanez: Gabon bon-bon, Natibitate ase ta bete, San Estebantxe bestetan lantxe”. Beste era batera esanda, legetxe-letxe horri lekua kendu nahirik sortu dan postposizinoa, lantxe, -lan atzizkiaren gainean eregia da; hau da, -la atzizki modalaren gainean. Nola eta nolan, edo zelan eta zela adberbio galdetzaile ezagunak ditugu euskeraz.

Baina izenlagun funtzinoko postposizinoetara doa gure oraingo jarduna. Bezala eta bezalaxe postposizinoetarik bezalako eta bezalakoxe garatu diran modura, edo moduan, modura horreen gainean moduko garatu dan antzera, zer jazo da lez/legez horregaz? Itxuraz edo morfologiaz, garapen zuzena legezko dogu, edo era laburtuan lezko.

Bata eta bestea urri erabiliak, bai idatziz, baina hainbat gitixago berbaz. Zer dala-ta hori? Ba lako/lango postposizinoak kendu deutsalako lekua, bezalako erabili izan ez dan eremuetan. Eta lako/lango postposizinoa -la/-lan atzizkitik garatua da.

Atzizki-izate hori garbi agiri da, aurreko hitz-oinagaz loturik doan kasuetan. Kategoria pronominaletan nagusiro. Erakusleetan: halako/halango, horrelako/horrelango eta honelako/honelango. Kategoria hurbiletan holako/holango be zabal dabil. Idazleetan gitxiago (Pedro Astarloa...), baina berbaz barra-barra. Zenbatzaile kategoriakoen artean, beste > bestela > bestelako dogu eredurik agiriena. Baina bat unitate-zebatzaileagazko erabilera be aintzat hartzekoa da. Ume batelakoa, gizon batelakoa. Galdetzaileez gainera, zehaztugabeakaz: zelako, nolako‑, ezelako, inolako, zeozelako, edozelako, hazelako.

Postposizino nortasuna hartzen joan da pitinka-pitinka lako / lango zorionekoa, eta indarra irabazten, bai erabileran, baina batez be hitz-kategoria gehienetara hedatuz, eta azkenez bezalako horren anaia biki bihurtuz.

Pertsona-izenordainakaz aspaldi zaharretik erabilia da lako. Lazarraga arabarraren lekukotasun aberatsa dogu goizean goiztik. Kuriosoa, idazle honek legez eta lako biak idaztea, zein bere funtzinoan:

“Ditxoso zuregaiti ilten dana, / ni legez bizi dala penaetan, / determinadu baga rendietan, / zugaiti kruel dala beregana, / ditxoso ni nolako kapitana, / ditxosa zu lako arerioa, / ditxoso ni lako arrilleroa, / zerren asesta nezan zuregana”

Pertsona-izenordainetan ni, zu eta zuek agiri ditu Lazarragak lako atze-hitzagaz:

“Peru Errotxek asko dauko / etsean seme galantik, / areantxe bat oi al badozu, / bila ze zatez besterik. / Uste badozu iñon ez dala / a ta zu lako beste bi, / ipirdietan deikeozu / erraz mun biok alkarri”, “oi zuetara / joan joazen orduan / limosna eske / jaungoikoaren kontuan, / zuek oegaz / oi kontu gitxi orduan. / Orain zaoza / gumuta dezun lekuan, / zuelakoak / egon doazen moduan”.

Postposizinoaren aldaera bien artean, lako eta lango, lehenengoa da hedatuena eta zaharrena, eta gaur egun be, batak eta besteak daben hedadurea ikusita, gomendagarriena neure eretxi apalean, bigarrenak be predikamentu handia dauen arren. Mogel handiak lango hobetsi ebala esan lei, nahiz lako be darabilen. Mogelen gerizeari jarraitu deutsie gerora beste batzuk be. Horretan zerikusia euki dau, gure ustez, zelan galdetzailearen eredura, zelango forma logikotzat epaitu izanak.

Idazle klasiko horrek, bere aldiko beste askok lez, eta aurreragoen bidetik, izenordainakaz darabil postposizino hau: berori, eurok, gu, zu, zuek..., erakusleez gainera. Batzuetan lango:

“Toki au gizon baldres, zantar, aziera txarrekoentzat obea da, berori langoentzat baino”; “guzurra ez bada, entzun dot euren mendean egon bear dozuela zuk ta zu langoak, ta ezin odolik atera zeinkeela euren baiduria baga”; “Idi gizen eta zezin egitekoak eroaten ditugu olagizon ta aberatsen etxeetara, diru ederrak artuteko, eta gu langoen etxeetarako gordeten ditugu txaaltxu, idisko, bei zaar edo aketirenak”.

Beste batzuetan lako:

Bata lako beste, / auntzaren odoloste” (errefraua); “Eta gu lakoak / eskuetan artuta, / iguin bagarik / ditue zelaietan / ixten zabaldurik”; “eurok lakoak esan oi dabeen legez, arrastua galerazoteko”.

Ibili-ibili, lako izenakaz be normaltasunez erabiltera heldu da. Eta hau ez da gaurko euskaldunon kontua, aspaldi-aspaldikoena be bai, batez be sartalderengo hizkeretan. Refranes atsotitz bildumako batek (1596) hau dino: Urtea lango murkoa. (Cual el año el jarro). Baina izenakaz mehats agiri da tradizino idatzian, dana dala. Berbaz mila bider bizitasun handiagoa agiri dau, ostera. Gernikaldean sarri entzungo dozuz, hara bazoaz, honetariko esakerak: Upea lako morroskoa edo Upea lako moskorra. Gaur egun lexikalizaturik, izenaren goren gradua adierazoten dauela: upealako.

Bide beretik sortuak dira honakoak adjektibo deskribatzaile modura erabilitako beste asko. Halan, sendotasuna adierazoteko: Mutil hori hatxa lakoa da, gogorra! Eta lerdentasuna edo arteztasuna espresetako: Taketa lakoa da.

Bardin adjektiboakaz be: handia lakoa, txikia lakoa.

Sarritan sortu ohi dan zalantza da, ea genitibo-atzizkia, -en, txertatu behar danentz postposizino horregazko loturea egiteko. Arau nagusia nor-zer kasuagaz erabiltea da, singularrez nahiz pluralez: umea lakoa, umeak langoak. Izenordainakaz bardin: ni lakoa, zu lakoa, bera lakoa, zuek lakoa. Baina beste kasu funtsezkoetara be egokitzen dala esan daiteke, nork eta nori kasuetara. Besteetara ez, edo nekez.

Izen-adjektiboakaz –en genitibo edutezkoa erabiltea okertzat edo desbidetzat joko genduke. Ondoko esaldia, esaterako:

“Ez da pentsau behar *gizonen lakoak dirala andrak eta *andren lakoak dirala gizonak” (nondik-handik idazletzako bati jasoa)

Genitibo lokarria, -en, funtsean daben kasuak erakusleak dira batez be. Erakusleen gainean honelako, horrelako dira normalak –ez hau lako edo hori lako–; baina hirugarren pertsonan, ostera, halako da zaharra eta arauzkoa –berbaz harelako be entzuten da, jakina‑. Pertsona-izenordainakaz be zuzenak dira –baina ez arauzkoak edo gomendagarriak‑ nire lako, zure lako, harelako edo gurelako. Berbaz sarri entzuten dira, eta idatzi zaharren batzuetan be agiri dira horretarikoak. Edozelan be -en lako ez da idatziz erabilia; izatekotan be –elako, loturik. Bat zenbatzaileaz be, bat lakoa baino sarriago entzuten da batelakoa.

Aditz jokatuagaz darabilgunean, atzizki erlatiboaz alkartzen jako adizkiari. Batzuetan –n lakoa / -n langoa, baina beste batzuetan, mugatzaile eta guzti, -na lako / -na lango egiturea ohi darabilgu: Zuk daukazuna lakoa. Guk gura doguna langoa. Halan darabil J.Mateo Zabalak, langoa eta legezkoa bardintzen dituala: “Jangoikoak aginduten dabena langoa [legezkoa]”. Baina Zamarripak, ostera, bestetara: “ordura artean inoiz entzun ez deutsagun lango barre-zantzo bat egin dau” (Firi-firi).

Baina leku-denpora kasuakaz eta adberbioakaz alkartu nahi dogunean, -ko leku-genitiboa sartzea ezinbestekoa da. Hemengo lako paisajerik ez dago munduan be, bai esango genduke, baina nekez, ostera: hemen lako. Bardintsu, horko lako edo hango lako, eta ez *hor lako edo *han lako.

Denpora-adberbioetan bardin. Gaurko lako berorik ez dau aspaldioetan be egin esan daroagu, baina nekez onartuko genduke gaur lako berorik esatea edo idaztea. Atzo, etzi, bihar adberbioakaz be atzoko lako, etziko lako, biharko lako dira erabilgarriak.

Lanari akaberea emoteko, ez lako ezezkakoa aitatu gura neuke. Inor ez lako, besterik ez lako eta era horretakoetan erabilia, hanpadura marketako. Eusebio Maria Azkueren eredu binako bategaz amaituko dogu: “eta besotik joiazan biak / inoz ez lango pozagaz”. “Itsasgizonak jakiturian / inor ez lango erraldoiak!”

On deizuela eta osterako artean.

Iturriko

2016-09-01

Esatekoak 0
Ikusita: 343