kontaktua
2017.01.27

Zer esanGO, NORK ZER emonGO, ZER jazoAN be

Oraintsuan erabili genduan gaurkoaz zerikusi estua daukan gaia “Ez dozu zer ipini dudarik” idatzian (2016-12-23) Bizkaieraren Ataria webgune honetan. Haren osagarri edo hornigarri izan gura leuke gaurkoak.

Galdetzaile batez (zer, nork, zelan…) eta aditz partizipioaz horniduriko perpausak, baina aditz laguntzaile bakoak; azaleko egituran behintzat, adizki jokaturik ez daben itaun perpausak; mendeko itaun perpausak, zehatzago esateko.

Jo daigun hurrengo esaldia dinogula: “Ez daukie zer ikusi zuk dinozunak eta nik dinodanak”. Zehar galdera egiturea osotzen dau berez zer ikusi horrek, baina soil-soilean darabilgu aditz partizpioa hemen, ez mugatzailerik, ez beste atzizki-markarik atzean dauela. Jirabira bat eginez, beste era batera be entzun edo irakurri daiteke mezu bera: “Ez daukie ezer ikustekorik”. Beharbada, ez lehenengoa baizen egokia.

Konbinaketa diferenteak asmatu leitekez egitura honentzat: “Ez dauka nora joan”. “Ondo jakin dau nogaz ezkondu”. “Gatxa da asmatzen zelan konpondu”. Honeetan kasuotan aditz laguntzailerik ez da onartzen, adierazo nahi dana adierazoteko haren preminarik ez dagoalako. “Ez dakit nora joan” dinodanean, “neu joan” da azpian datzana, hau da, “ez dakit” aditzaren subjetu berbera. Alperrikoa litzateke joango nazan osoagotzea, hau da, -ko gertakizuna eta naz laguntzailea eranstea. Horren beharrik ez dago testuinguruan hori ulertzeko. Beste batzukaitik esan gurako bagendu bai: “Ez dakit nora joango diran”. Baina “Ez dakit zer pentsau be” esaldian, neu naz ez dakidana eta neu naz zeozer pentsau guran nabilena. Subjektu berbera jagoke aditz biei.

Aditz laguntzailea agertu edo ez agertu, ez da beti izaten hain zehatza eta hain garbia,dana dala. Laguntzaile barik osoturiko esaldi bi ekarri daiguzan hona. J.A. Mogelen alegi edo Ipuin diralakoetatik jasoa da lehenengoa: “Ez ekarren ez batak ez besteak nok testigantzea emon”. J.M. Zabalarena, hurrengoa: “Ez balego non entzun, ez legoke nok esan. Inok ez daroa saldutera bere zaldia edo beia, nok erosi ez dagoan lekura”.

Beste batzuetan, halabaina, aditz laguntzaile aoristoaz, subjuntiboaz, hornidurik agiri da aditza. Mogelengandik jasoak dira hurrengo adibide biok. Bata: “Eztago nok buruan sartu daioen.” Bigarrena: “Ez dago nok egin daian penitentziarik”. J.M. Zabalarena da hurrengoa: “Baia ez dago nok au askori burutan sartu dagion”. (165)

Zehar galdera perpausak diran ezkero goian aitaturiko guztiak, galde-hitz bi batera suertetea be jazo leiteke, bakotxak funtzino banangoa dauela. Halan: “Ez dauka nori zer eskaini”. “Dudan dago zenbat nori emon”. “Zelan jakin geinke nor zergaitik saritu?”. Mogelen adibide bat gehituko dogu: “Bata ta bestea ebilzan, nork nori sartu mausa edo tranpea” (Ipuinetarik).

Aditz partizipioa -ko gertakizun atzizkiaz markaturik agiri daneko kasua be ugaria dogu euskeraz, mendeko aditzaren gerokotasun aspektuari adierazkortasun berezia eransten deutsan egiturea, hatan be.

Ondoko adibideok erakutsiko deuskuez egitura honen zertzeladak. “Hemen gagoz noiz urtengo”: geuk noiz urten, adierazo gura da. “Begira gagoz zer jazoko, edo nor etorriko”. Aditz nagusiaren subjektua eta mendeko bienak diferenteak izanagaitik, aditz laguntzaile beharrizanik ez dago hor. “Hor dabil gixajoa, non jausiko”. “Kili-kolo dabil, behea noiz joko”. “Pentsau eta pentsau nabil, arazoa zelan konponduko”. Esaldi honeetan guztiotan azpian datzan aditz laguntzailea (batzuetan ete hitz modalaz osotu leitekena) isilpean gelditzen da. Eta aditzaren inguruko elipsi prozesu horri esker, labur eta adierazkortasun handiz egiten dogu adierazpena.

Galde-hitz bigaz be bardin eregi daiteke geroko partizipiodun mende-egitura. Adibide bi: Hor ikusi dot eskean, nork zer emongo”. “Basorik baso ebilen bide-lapurren antzean, nori zer ohostuko”.

Galde-hitzez horniduriko partizipio perpauson azken puntu modura, deklinazinoko funtzino-markaz lagunduriko bat edo beste aitatuko ditugu.

Mugatzaile soilaz, -a atzizkiaz eregia da hurrengoa: “Zer pentsaua” edo “Zer pentsau handia emoten deusku horren jokabide badaezpadakoak”.

Inesiboko -an atzizkiaz egituratua da ondokoa: “Zer jazoan be neurriak hartu beharra dago, etorkizuna segurtatzeko”.

Beste funtzino-marka batzuekaz be bardin eregi geinkez eredu honetako esaldiak, baina gaurkoz begoz hor gainerako funtzino-atzizkiok, hurrengo baten bakotxak zer emongo.

 

Iturriko

2017-01-27

Esatekoak 0
Ikusita: 362
2017.01.20

ARTE-BITARTEAN, ARTEAN eta BITARTEAN

Artean eta bitartean postposizino kategoriako hitzak diraneko erabilerez jardungo dogu idatzi honetan. Leku-espazio, denpora eta gainerako eremu semantikoetan erabiliak diranez, leku-espazioaz abiatuko gara.

Irratiz behin baino sarriago zabaldu dira aspaldion Herri Aginte gune batzuetatik bialduriko ohar-mezuak. Bat hauxe: “Zornotza eta Muxika artean” trafikoaren etenak, norabide-aldaketak, auto-pilaketak edo osterantzeko abarrak izango dirala edo izan dirala. Horren antz-antzekoa, autobidearen Bizkaiko zati baten obrak dirala-ta zabaldu daben ohar idatzia: “Galtzada itxiko da gauez Gerediaga eta Ermua artean”.

Testu-inguruneotan senak agintzen dau, artean atze-hitza gaztelaniazko “entre” preposizinoari badagokio behintzat, ez dagoala zuzen erabilita, edo ez behintzat gaurko hiztunok darabilgun eran. Eta aldiz, bitartean jarri balitz, zuzentzat joko genduala bideotan gabiltzanok: “Zornotza eta Muxika bitartean”, “Gerediaga eta Ermua bitartean” dala-ta gagoz herri edo auzo-izen bi horreen tartea aitzen emoteko era zuzena.

Artean, kasu biotan, puntu edo gune biren tartea adierazo gurarik erabili da, baina izen mugagabekoei hutsik lotuta ezin da erabili. Bitartean, ostera, ondo ekanduko litzateke testuinguru bi horreetan.

Baina –en genitiboa erantsi bageuntse izen biei, batari eta besteari, zuzen modu geratuko zan. Unidade bi artean postposizinoaz alkartzea bada, edozelan be -(r)en edute-genitiboaren lokarria behar dogu: “Zornotzaren eta Muxikaren artean”, “Gerediaga eta Ermuaren artean”, edota bitartean. Bigarren eragozpen bat be badago: izen bereziak dirala, leku-izenak, eta esangura aldetik behintzat osoro mugatuak; izaki bakarrarentzat erabiliak. Beste hainbeste jazoten da pertsona-izenordainakaz be: zu eta ni legezko izenordainei txertatu nahi izan ezkero artean, ez legoke zuzen, *zu eta ni artean esatea. Ezinbestez beharko leuke izan: zure eta nire artean. Okerra genduke, baita: *aita eta ama artean. Ezinbestez beharko genduke: aitaren eta amaren artean.

Izen arrunt biren arteko “tarte” edo “bitartea” adierazo gura dogunean be, -(r)en edute-genitiboa sartu ohi dogu: “Andren eta gizonen artean diferentzia handiak dagoz”. Edo: “Baserriaren eta fabrikearen artetik igaroten da bidea”.

Izen biri eragin beharrean, izen bakarraz darabilgunean artean, aukeran daukagu izen mugagabeaz edota mugatuaz alkartzeko. Baina sintaxi banangoa dabe batak eta besteak. Izen mugagabeaz soil-soilik alkartzen ditugu bata eta bestea, eta oinarrian datzan balioa plurala da. “Lagun artean eta umore onean”. Ume artera ez hadi hurreratu, kakaztuta urtengo dok eta”.Kale artetik aldendu zan igesi”. Holakoetan lagun, ume eta kale, bi gitxienez, edo gehiago, edo asko izan leitekez.

Egia da arte horrek izen jakin batzuekin biren arteko tartea adierazoten dauela ingurune askotan, hau da, bitartea. Toponimian be horretariko hainbat ditugu: Etxarte, Bidarte, Larrarte tipokoak. Lexikalizazino arruntean bardin: besartea, etxeartea, hankartea, hutsartea, izterrartea, ostartea, e.a. Horrelan lexikalizatu dira ugarte, sasiarte eta beste izen konposatu asko.

Baina orokorrean bi baino gehiago izan ohi dira, izen askorentzako aukera dagoanean semantikoki. Arte horregaz lexikalizaturiko hainbat izenen azpian multzo edo kopuru esangurea datza: basarte, harearte, harriarte, laharrarte, sasiarte, sastrakarte…Gizarte, senitarte edo lagunarte be horrela garatuak dira. Kontestu librean be halan darabilgu: “jente artean galduta”, “arbola artean ezkutatu zan”, “egur artetik urten dau saguak”.

Izen mugatuaz alkartzen dogunean, -en genitiboa behar dogu lokarri ezinbestean. Euskal gramatikak ez dau onartzen ez *gu artean, ez *mendiak artean, ez antzekorik. Ez dago beste biderik genitibo bidez ez bada: gure artean, zeuen artean, gizonen artean edo txikien artean esatea baino. Eta artean hitzak esanguraz biren edo gehiagoren erlazinoa adierazoten dauenez, pluralezko markak behar ditugu beti: -en plurala, eta ez -aren singularra. Eredu horretakoak dira: andra-gizonen artean, senar-emazteen artean edota neska-mutilen artean, guztiak A eta B eredu bikoaren arabera eregiak.

Badira salbuespenak pluraleko genitiboa erabilte kontu horretan. Nagusiena izenordain posesibo bihurkariena da. Singularraz sortuak dira neure artean, heure/zeure artean edo bere artean. Hor pentsa leiteke bihurkaritasunak bikoiztu egin dituala ni eta neure, zu eta zeure, ha eta bere. Horregaitik esan ohi ditugu: “pentsau neban neure artean”, “zeozer esan eban bere artean”, “egizu zeure artean, ingurukoak zeure onez dabiltzala”. Osterantzeko salbuespenak be badira, izen singularraz eregiena, baina banakak dira gure tradizinoan.

Izenordain zehaztugabe eta zenbatzaile kategoriei laguntzen be sarri darabilgu artean. Askoren artean. Gitxiren artean. Hainbaten artean. Hainbesteren artean. Ororen artean. Zenbaiten artean. Batzuen artean. Norbaitzuen artean.

Adberbio eta adizlagun batzukaz batera be badarabilgu artean.

Leku-espazio eremuko adberbioen artean ezagunenak: hona artean, horra artean eta hara artean, hirurak adlatibo markadunak.

Denbora eremukoetan arte postposizinoa da gaur nagusi, tradizinoz erabiliagoa izan dan artean baino gehiago ingurunerik gehienetan. Esangurearen aldetik, denporearen ikuspegia azken mugaren arabera kontenplatzen da gehiago, iraupenaren arabera baino. Noiz arte, gaur arte/artean, gero arte, bihar arte, etzi arte, laster arte, beti arte… edota adlatibo-atzizkiaz eregitako adberbio edo adizlagun asko denporearen atze-muga adierazotekoak dira. Hurrengora arte, datorren urtera arte, hurrengo egunetara arte. Mogelen erabilera klasikoan artean da nagusi: noiz artean, orain artean, goiz artean… eta osterako artean (‘hasta la vuelta’).

Arloari amaiera emoteko, bitartean postposizinoaren gainean berba bi. Semantikoki markatuagoa da artean baino, bi zenbatzailearen presentziak ondo agiri dauenez. Eta biren arteko erlazinoetan marka hau goitu jako artean zaharrari apurka-apurka, XIX. mendetik atxina, baina batez be XX. mendetik honuntz. Berariaz ingurune sintaktiko batez jabetu da bitartean: egitura sintaktiko biren arteko erlazinoa markatu nahi danean, izen biren arteko hartuemonetan.

Leku-espazioaren zen denpora eremuan, bietan erabilten da. Eta kasu batzuetan, ingurune sintaktiko zabalagoetan artean baino. Eraz esan daiteke: Barakaldo eta Erandio bitartean dagoala Errontegiko zubia. Edota: Zornotza, Muxika, Morga eta Larrabetzu bitartean dagoala Bizkargi mendia. Izen mugagabeaz be ugari erabilia da: Harri bitartean ezkutetan ei dira sugelandarak. Edo: Horma bitartera jausten da itogina.

Diferentziak markatu gura diranean be eraz sartzen da. Domingo Agirrek Garoa-n darabilena, kasurako: “bada ezberdineztasun handi eta agiria zegoan artzai horren eta bere semeen bitartean”.

Denporearen eremura etorrita, izen mugagabeakaz erabilia da: Negu eta udabarri bitartean ospatzen dirala Inauteriak. Izen bereziakaz be bai: San Markos eta San Jurgi bitartean erein behar dala artoa. Eta zer esanik ez aditzakaz. partizipioakaz: “Zu etorri bitartean zain egongo gara”. Edota aditz jokatuaz: “Zu zatozan bitartean afaldu egingo dogu”.

Asko da honenbestegaz, eta osterako artean.

 

Iturriko

2017-01-20

Esatekoak 0
Ikusita: 465
2017.01.13

ZeTARIKOa edo haTARIKOa

Zetarikoa eta zelakoa ez dira bat, behin baino sarriago nahastetan baditugu be esanguraz. Azkuek -tariko horren esangurea, honetariko, horretariko, hatariko edo bitariko hitzen erdal ordainen bidez adierazoten deusku bere Morfología-n: “de esta especie, de esa especie, de aquella especie” batetik eta “de dos especies” bestetik.

Hitz oso nortasuna hartzera heldu dira -tariko atzizkidun eratorri ezagunenak, hau da, batez be erakusleak: honetariko, horretariko, hatariko (haretariko), pertsona-izenordain pluralak (gutariko, zuetariko, euretariko), izenordain zehaztugabe batzuk: zetariko, ezetariko, edozetariko, zenbatzaile batzuk: bitariko, askotariko, danetariko eta ordinalak (–garren atzizkidunak): lehenengoetariko, bigarrenetariko, hirugarrenetariko. Batez be aitatu ditugun hitz kategoriok.

Izen eta adjektiboakaz darabilgunean –tariko atzizkia, hor ez dago ezetariko lexikalizazinorik. Eraz esan daikeguz: handietarikoa, txikienetarikoa, gizonetarikoa edo andretarikoa, baina horretan guztiotan hitz naturalak atzizki bakoak dira: handi, txiki, gizon, andra.

Atzizki hau morfologiaz bikotxa da, edo bikuntzakoa, eta “gaindeklinazioa” deritxagun fenomenoaren barruan esplikatu ohi da: -tarik edo -etarik ablatiboa (mugagabea eta plurala) batetik eta -ko leku-genitiboa bestetik.

Eta aldi berean gehitu beharrekoa da, beronen esangurarik behinena eta oinarrizkoena partitiboa dala; osoaren eta partearen arteko erlazinoa adierazoten dau, -en arteko postposizinoaren hur-hurrekoa. Pertsona-izenordain edo erakusle pluralakaz darabilgunean dakusku argiro balio hori: Zuetariko zeinek daki erantzuna? (zuen arteko zeinek). Gutariko inori ez jako horrelakorik komeni (gure arteko inori). Hareexetariko bat gurako neuke geuretzat (multzo edo osotasun haretatik bat).

Balio horretatik abiatuta hedatu dala esango neuke, Azkuek adierazotako beste balio horretara: “especie, género, clase, tipo” eremuko esanguretara. Eta gaur egun, balio bixeok ditu indarrean -tariko atzizkiak, testuinguruen arabera.

“Mutiko hori gutarikoa ez da, zuetarikoa baino” esan eutsan andra batek bere koinateari, honen semea dala-ta, aitzen emon gurarik amatara emon ebala aiurriz, odolez edo endaz, eta ez aitatara; emaztearen aldera, eta ez gizonarenera, jakina. Gutarikoa izateak, gure modukoa, gureen antzekoa edo klasekoa, gureetarikoa, esan gura dau hor.

Bietariko bat: edo zuk hartzen dozu edo nik hartzen dot”. Aukera biren artean bat hautatzea adierazoten da hor. Osoa eta partearen arteko hartuemona.

Dendan salgai dagozan sagar mueta diferenteen artean bat hautatuko badot, saltzaileari esan neio: “Honeetarikoak emoidazuz” (multzo honetakoak). Baina saltzaileak itaun egin leit segiduan: “Ez dozuz gura horreetarikoak edo beste hareetarikoak? Gozoak dagoz, gero!”

Egia esan, balio biak nahastean ditugu erabilerarik gehienetan. Ardao marka diferenteak baditugu kartoi-kaxetan, hartu nei kaxa bakotxetik botila bana: honeetariko bat, horreetariko bat eta hareetariko beste bat.

Beste zalantza edo nahasbide bat, aurrera ohi jatorkuna, mugagabeaz ala pluralaz erabilia dan atzizki hau: -tariko ala -etariko, berba baten. Erantzuna: balio plurala datza atzizkiaren atzean, baina atzizki mugagabeaz (-tariko) deklinatzen dogu hitz kategoria pronominalakaz sarritan. Erakusleakaz agiri jakunean gure tradizinoko testuetan: hatariko, horretariko eta honetariko dira era normalak. Baina erakusleon atzean zentzun plural garbia dagoanean, plurala erabiltea komeni da: “Ikusten dozuz sagarrok? Ba honeetarikoak gura dodaz”.

Pertsona-izenordainen artean gu, zuek eta eurak/eurok bakarrik dira atzizkia onartzen dabenak: gutarikoa, zuetarikoa, euretarikoa. Hizkuntzak ez dau onartzen ez *nitariko, ez *hitariko, ez *zutariko formarik.

Izenordain zehaztugabeetan, zetariko, ezetariko eta edozetariko formak ditugu, baina gogoan izan daigun zer, ezer, edozer izenordainak numeroz neutroak dirala, bardin balio dabela batentzako zein gehiagorentzako.

Atzizki ablatibo-genitibo hau sartaldeko euskal hizkeretan garatu da, ez beste euskal hizkeretan. Erdialdean –tako soila erabilten da balio partitibo horretarako: Gutako bat. Zuetako norbait. Ekialdeko hizkeretan, ostera, eredu zaharra gorde da. Hau da, balio partitibo hori ablatibo-atzizki soilaz markatu izan da, eta egiten da gaur egun be. Adnominal eginkizuna dauela be, Iparraldeko hizkeretan –etarik marka da tradizio osokoa. Axular, lekuko: “Aitzitik haur da nik nahi nukeien gauzetarik bat, ene enseiu aphur hunek kilika zinitzan eta gutizia, enseiu hobeago baten egitera eta ene hemengo falten ere erremediatzera.”

Sartaldeko tradizinoan be oparo iraun dau ablatiboaren balio partitibo horrek, Iparraldean legetxe, -etarik marka berorren bidez, beste euskalki-hizkera guztietan lez. “Esaidazu irurotarik edozeinek” itauntzen deutse Peru Abarkako Maisu Juan barberuak bere solaskideei.

Baina -tariko/-etariko be aspaldi sortua dala dirudi. Gure idazle klasikoen artean horren lekukotasunak badira, baina ez dira ugariak; mehats agiri da. Eta lekukotasun guztiok hitz kategoria pronominaletara mugaturik dagoz. Honetarikoak agiri da Juan Jose Mogel edo Frai Bartolomegan.

Sartalde-bizkaieraren ordezkari diran idazleen artean, Añibarrok badarabil honetariko, baina sarriago darabilz honeetarik bata edo bestea, bitarik bat eredukoak. Belaunaldi bat gerorago Juan Mateo Zabalak askoz ugariago eta kontestu gehiagotan darabil atzizki bikotxa. Besteak beste, horretarikoak, euretariko, zuetariko, zeuetariko, zeinetariko, lelengoetarikoak, bigarrenetarikoa eta gehiago.

XX. mendean asko ugaritu eta aniztu da atzizki honen presentzia euskal literaturan. Azkue, Kirikiño edo sartaldeko beste idazle askoren lanetara jotea nahikoa da, dinogunaz ohartzeko. Zamarriparenak dira ondoko esaldi biok. Bata: “Izartu zara? –esan eutsan behingoan lapurretariko batek, ardao usainez beteriko berbaots gogorragaz”. Bestea: “Eta Gantxo Pantzak afari bat emon deutso uri hatako jatetxerik dotoreenetariko baten. Eurok be dotoreak dira eta…, ez da mirari”.

Akabu aurreko zehaztasun interesgarri bat. Butroialdeko euskeran behin eta barriro entzungo dozuez honako berba moduak: Zetaringoa? Honetaringoa ala hataringoa? Gutaringoa eta ildo horretakoak.

Horren atzean atzizki zahar itxurako bat dogu: -tareango. Halanda ze, zetaringo < zetareango zaharragoaren ahozko errealizazinoa da; honetaringo < honetareango zaharragoarena. Eta bide beretik: persona-izenordainetan, gutaringo < gutareango, zuetaringo < zuetareango; erakusleetan, hataringo < hatareango, horretaringo < horretareango, eta bardintsu izenordain esparruko beste guztiak.

Arkaismo biziak dira Butroialdeko horreek. Itaun bat eragiten deuskue –taringo (< -tareango) atzizkidun hitzok. Bizkaiera sartaldean ablatibo-genitibo atzizki bikotxa zaharra dalako agiri garbiak ez ete dira? Holan bada, lehenago-lehenagoko mendeetarik letorke bizkaiera sartaldean atzizki bikotx hau, itxura bataz edo besteaz: -tariko formaz edo –tareango formaz.

Akaberako oharra. Erabili daiguzan ikara barik –tariko atzizkidun hitzak, ez bakarrik pronominalak. Bardin beste guztiak: ederretariko, umeetariko, dabilenetariko, egindakoetariko edo beste. Baina euren esangura berezi horregaz. Ez –lako, legezko, moduko eta modalidade hutsa adierazoten dabenen esangureaz. Batzuen eta besteen balioak garbi bereizirik baino.

 

Iturriko

2017-01-13

Esatekoak 0
Ikusita: 480
2017.01.04

“Iguzu gaur geure EGUNEANGO ogia”

Guk geure denporan ezagutu ditugun “Aita Gurea”ren euskal bertsinoetan ez dogu ez entzun ez errezau goiko izenburuan ipini dogun hori modu berberean. Bai seguruago: “emoiguzu gaur geure eguneroko ogia” edo hurreko esaldi moduren bategaz.

Batetik iguzu aginteera-adizkia dogu, zahar gelditu dana, emoiguzu ezagunagoa nagusitu dan bitartean. Hondino be Gipuzkoako partean txukun entzuten dira honako agur-formulak: Gabon digula, jaunak! Edo: Egun on dizuela guztioi! eta antzekoak. Formula gisa iraun dabe, baina *in aditzaren beraren jokoa zahar egina da aspaldi. Aspaldiko euskeran entzuten ziran agintezko adizkirik gehienak, indazu, iguzu, indak eta beste hainbat ahazturan galdu ziran sekulako. Baina iguzu adizkiak luzaro iraun du bizirik, eta euskara osoan, batez ere Aita Gurearen errezu testuetan.

Antzeko zerbait jazo da eguneango edo egunean-eguneango adnominal zaharragaz be. Aspaldiko eguneango ogia, azken mende biotan batez be, eguneroko ogia bihurtuz joan da. Baina halanda be, XIX. mendean barrena sartu eta ostean, eta hainbat osterago be, normaltasunez erabilia izan da eguneango hori; hau be Aita Gurearen errezu-testuan gehienbat, baina horrezaz ostean be bai. Eguneango eredu hau bizkaierara mugaturik egon da ia beti. Gipuzkeraz behin irakurri dogu, baina Mogelen lumaz. Peru Abarka-n Txorgori artzain giputzari eraso deutsan Aita Gurearen bertsinoak oso-osorik gorde dau esapide hori: Egun iguzu gure eguneango ogia. Gainerakoetan egunoroko agiri dala esan daiteke.

Jatorriaren aldetik, oinarritutzat emoten da eguneko adnominalaren azpian eguneango datzala. Adberbioetan da ezagun-ezagun inesibo-genitiboen arteko sakoneko bakuntza hori: -n inesibo zaharraren eta -ko genitiboaren artekoa. Ez dago erreparatu baino hurrengo bikoteei: non/nongo, hemen/hemengo, orain/oraingo, orduan/orduango. Horreetan agirian gorde dana estarian egon ohi da izen kategoriako hitzetan. Leku-izen batzuetan be –gero deitura bihurtu izan dira horretarikoak sarritan– inesiboaren (batez be -n zaharraren) eta leku-genitiboaren bakuntza agirian dago: Bengoa, Bengolea izenen kasua.

Adberbioetan bere horretan gorde da arkaismo hori, bardin leku esparruan edo denpora eremuan, zein osterantzekoetan: hon/hongo, han/hango, aurten/aurtengo, egun/egungo, ostean/osteango, artean/arteango eta beste gehiago. Baina hitz kategoria nagusietan (izen-adjektiboetan) atzeraka joan da, harik eta -ko genitibo-atzizkia bere soilean geratu dan arte, atzizki bikotxa, -ango/-ngo, desagertarazoaz edo bazterrarazoaz.

Izen kategoriara etorrita, leku-espazioaren eremuko -ango tipoko atzizkiak bakan agiri dira gure izkribuetan. Ezagunak diran pare bat aitatuko ditugu. Bata Mondragoeri su-emotea gogorazoten dauen kantuan agiri dana: “Ganboarrok su emaitean / asi dira, ta onegaz urten daude beralan / oñeztar barruangoak,/ zein erre ez zitezan”. Barruan egozan edo barruko oinaztarrak, esan nahi da.

Bestea, Lazarraga poetaren ahapaldietariko baten: “Konjuraetan oi ta deutzut / gorputzeango aragiok, / nigana manso dakarkezula / zeure begitxo linda biok”. Hemen be, gorputzeango horren esangurea gorputzeko adnominalaren berbera da.

Inesiboa bizidunetarako garatu dan -gan atzizkiaren gainean be erantsi izan da -ko, bakuntzaren ondorenez –gango sorrarazoaz. Baina -gango atzizki-bikotx honek badau berezitasun sintaktiko bat: sintagma funtzino diferente bi ordezkatzen agiri dala gure testuetan: adnominal funtzinoaz eta adizlagunarenaz.

Añibarrok pertsona-izenordainaz darabil banaka batzuetan atzizki hau. Adibide bi: “Nik galdu dot zure seme izatea, baina zuk ez nigango aitetasuna”. Bestea: “berbarako, umiltasuna, Jaungoikoaren alderako maitetasuna, beragango esperantza ta uste bete betea, gorputz-arimako garbitasuna edo beste onelangoren bat”.

Mogelek, ostera, atzizki bikotx hau adizlagun funtzinoaz darabil, helburuzko esangureaz hatanbe: beregango, eurakgango edo niregango moduko adizlagunetan, batez be norbere buruagaz berba egite kontua aitzen emoteko edo norbere kolkorako zeozer esate kontua danean: “Ez leuke esango beregango: –Onelan bein eskubak ezarri ta banatu nabenak zer egingo ez deust gero”?

Adizlagun adberbiotua dan berban-berban esapide errepikatuaz be berban-berbango garatu da. “Berban berban darabil guzurra ahoan” esakera ohikoa dogu gaur be, baina ez hainbeste Frai Bartolomek darabilen adnominal hau: “Emeti agiri da, kristinaubak, orrako berban berbango guzurtegijori guztiok ta bakotxa diriala pekatubak”.

Ostean adberbioaren gainean eregiriko osteango adnominala be aspaldi zaharrekoa da, baina gero be oparo erabili izan dana eta gaur egun be bizirik dirauena, berariaz Lea-Artibai inguruan (ostiengo, ostingo). Lazarragarena da neurtitz atal hau: “eta osteango beste berbaen artean egion erregutu legiola konpania Silbero egoan aposentura joaten”. Eta Juan Jose Mogelena geroago garreneko beste hau: “Alperrik nekatuko da gizona Jangoikuak izentautako bidiaz ostiangorik zerurako billatuten”.

Denpora eremuan, goian esandako lez, eguneango dogu maiztasunik gehieneko hitza. Baina ez bakarra. Besteok be han-hemen irakurri ditugu: gabeango (gau), asteango (aste), urteango (urte). Erabiliak izan diran seinale. Beste denpora-izen batzuen errastua nekezago topetan da: hileango (hile), goizeango (goiz), arratseango (arrats), neguango (negu) edo udango (uda), berbarako. Baina horrek ez dau esan gura erabili izan ez diranik. Gaur hilero, goizero edo arratsero esango gendukezanak –ango markaz adierazoko ziran segurutik lehenagoko aldietan, sartaldeko euskeran behintzat.

Eguneango, asteango, urteango formek ez eben iraungo bizirik, eguneko, asteko edo urteko esangurea euki balebe. Aldirokotasun edo maiztasun zentzun berezi horretarako berezitu diralako iraun dabe batik bat, nahiz eta horretan be galtzaile subertau diran luzarora eguneroko, asteroko, urteroko formen mesedetan. Eta luzaroago bizirik iraute hori Pater Noster errezuko formuleari be egotzi leikeo apurren bat. Betolazaren XVI. mende hondarreko dotrinan (1596) datorren “emon egiguzu egunean eguneango gure ogia” edo Olaetxeak 1763ko bere dotrinan dakarren “emon egiguzu gaur geure eguneango ogia” belaunez belaun esan eta irakatsi dira sartalde-euskeradun lurraldeko familiarik apalenetan be.

Gabeango agiri da, Xahok bere kantutegian jaso eban bizkai amodio-kopla zahar baten; egitura bitxia benetan: “Zizpurua da neure / gabiango lua, / negarra, egunezko / mantenimentua”. Gabeango loa: gaueroko, gau guztietako loa.

Asteango be behin baino sarriago agiri da, batez be dotrina gaietan. “Mundua danik gorde bear izan da asteango jaiegun bat”, gogorazoten deusku Añibarrok. Eta errepikaturik be sarri, bai lehen eta bai oraintsuan. Ipiña eta Ipiñatarrren barri liburuskatik jasoa da ondokoa: “Astean-asteango diruak poztuta, (...) hara beharrean joateko zaletasuna gehiagotuaz joan jaken”.

Urteango autortza edo konfesinoa egitea lege zan kristinauentzat lehenago. Halango itaun erretorikoaz gogorazten deusku berau Añibarrok: “Etxeko agintariak badirautsu, jaiegunean mezarik ez enzuteko, urteango konfesiñoa ez egiteko; obedituko zeunskio?”.

Denpora-izenok egitura errepikatuaz agiri dira sarri aspaldi-aspaldirik. Adizlagun gisa inesiboan halantxe ohi darabilguz gaur be, aldirokotasuna adierazo gura dogun bakotxean. Egunean-egunean, astean-astean, hilean-hilean, urtean-urtean lokuzinoaz balietan gara sarri hiztunok, adierazkortasun handiagoa erantsi gurarik seguruen, egun guztietan egitura neutroaren ordez.

Halantxe jazo da –(e)ango atzizkidunaz be. Egunean eguneango ogia agiri da dotrina zaharretan sarri. Edo Frai Bartolomeren berbaz esanda: “Soin jasoa, soin garbia, soin ona, (daukanak) soin ondraua Jesusen mai santurako. Baina ez soin nasaia. Ez soin jausia ta edegia. Ez soin arroa ta aixetsua. Ez soin armatua ta bilostua. Ez soin barregarria. Ez monoen soina. Ez egunean eguneango moden soina.” (Bart Ikasik III, 216).

Astean-asteango egitura errepikatua be gure klasikoetan irakurri geinke: “Emeti dator bada, pensakizuna, ta ez gitxi balio deuskuna, geure astean asteango edo sarriagotako eginbear altu ta nausi bati kobru emoteko” (Frai Bartolome).

Urtean-urteango be autore beragan: “Au da, neure kristinaubak, urtean urteango domeketako ta jaietako asierea ta eginbearra.” (Frai Bartolome).

Egitura honetakorik adizlagun funtzinoaz behin be ez dogu jaso; ez behintzat Mogelek bere idatzietan darabilen beregango lakoxerik. Adnominal funtzinoaz agiri da ia beti -ango erlazio-hizkia, goiko adibideetan ondo frogatu danez. Halanda be, hondar-erabilera izanagaitik be, merezi dau aitatzea behinik behin izenondo gisa dauen erabileratxoa be; adjektiboaren kategoriaz, izenaren eskuman kokaturik, honegaz sintagma osotzen dauela. Erregistratu ditugun adibideak bakanak badira be, ondo agiriak eta erakusgarriak dira, eta aintzat hartzekoak.

Aita Gure zaharrean be behin edo behin ogi eguneangoa eredua agiri da eguneango ogia erregularraren aldamenean. Kapanagarenean, urrun joan barik: “geure ogi egunean eguneangoa emon iguzu”.

Añibarro dogu eguneango honi onurarik gehien antzean ateraten deutsan idazlea, eta adjektibo modura erabilirik be bai. Halan: “baldin seme au sartu bada konbentuko nobiziaduan, larga bear dau habitu santua, bere bearra badabe aita edo amak mantenu eguneangoa irabazteko; ta premiña estuan igaro artean ezin profesatu ta fraidetu liteke”. Eguneroko janaria adierazoteko darabil mantenu eguneangoa, izen-adjektibo egitura finkoa balitz legez.

Idatzi honi amaiera emon baino lehen, gogora ekarri daigun halako berpiztealditxoa be ezagutu dauena atzizki honek, batez be gerraosteko idazleren batzuen artean. Gaur egun eskela edo hedabideetako hilberrietan itsatsirik geratu da harako “gorpu aurreango” mezea hain herritako hain eleizatan eta hain ordutan egingo dalakoa.

Eta berariaz Leintz-Deba inguruko idazleen eskutik oraintsuko idatzietan be irakurri leitekez hondino honangoak: hilean-hileango jornala edo urtean-urteango ospakizuna. Eta ibili beitez. Zergaitik ez?

 

Iturriko

2016-09-16

Esatekoak 0
Ikusita: 445