kontaktua
2017.02.24

“Enea NEURETZAT, / zurea BIOENZAT.” (RS 445)

Hamaseigarren mende hondarreko (1596) errefrau bilduma ezagunetik aterea da goiko errefrau hori. Gaurko erara esanda: nirea neuretzat, zurea biontzat (445). Beranduxeagokoa dan Oihenart zuberotarraren Proverbes bilduman beste hau dogu: “Erkida, berho xoriendako” (Oih. Prov 501), aditzen emoteko bere esanetan, jabe bat baino gehiagorena dan ereindako solo batetik txoriek etekin hobea ateraten dabela.

Errefrau bakotxaren atzean funtzino-marka bera dogu, aldaera banagaz. Lehenengoan -entzat, bestean -endako. Euskal deklinabidean kasu hori era diferentetara izendatu izan da. Gaur egun gramatiketan zabalen dabilen izendapena benefaktiboa dala esan daiteke, eta maila didaktikoan, ulerterrazagoa dan norentzat kasua. Baina bada beste izendapen bat, gitxienez XIX. mendearen aldi goiztarretatik datorrena eta oraintsura arte indarrean izan dana kasu honentzat: destinatiboa.

Baina norentzat kasu horretatik hur bada beste kasu bat, norako –edo nahi bada zertarako–, izen berori, destinatibo dalakoa emon izan jakona, eta izenkide izate horrek nahastea sortu dau gramatika mailan. Ignacio Omaetxebarria gernikarrak 1959an atera eban Euskera liburuan, gaztelaniaz honetara bereizten zituan: “destinativo” etxe-a-rentzat, jaun-a-rentzat kasuentzat eta “destinativo local” etxe-rako kasuarentzat. Baina erratubideak ez ziran guztiz aldendu horretara be. Halanda ze, gaurko ikuspegitik, biak banangoan aditzen emoteko, benefaktiboa ohi deritxo –entzat atzizkiari eta destinatiboa deritxo –rako kasuari.

Gaurko idatzian -entzat horretara zuzendu nahi dogu geure aditasuna.

Kasu bikotxa dogu: -en genitiboa eta –tzat prolatiboaren bakuntzaz sortua, norako kasuko –rako be –ra adlatiboaz eta –ko atzizkiaz garatukoa dan legetxe.

Aldaera nagusi bi ditu. Bata da –endako, -en genitiboaz eta –tako genitibo mugagabeaz sortua. Eta bestea da –entzako, non hiru atzizki alkartzen diran: -en + -tzat + -ko.

Halan bada, hiru era dira, norentzat, norendako eta norentzako, kasu honetarako. Baina marka orokorrena eta nagusia, euskal hizkera guztietan eta tradizinoan, -entzat dala esango dogu. Bigarrena, -endako, baztertuagoa da, batetik Iparraldeko tradizinora, eta bestetik bizkaieraren sortaldeko hizkeretara, Leniz-Deba ibarretara gaur egun, baina Durangoaldera eta Arabako lautadara be bai lehenago. Eta azkenez -entzako era hirukotx hori eremua irabazten joan da denporearen joanean eta euskerearen sartalde osora zabaldu da. Ahozkoan indar handia hartu dau, baina idatzizko tradizinoan eremu murritzagoan erabilia izan da.

Norentzat edota zerentzat ulertu daiteke dala kasu hau; hau da, gizaki-izenakaz zein hainbakoakaz, bizidun zein bizibako diran izen orogaz erabili daiteke. Izan daiteke, andrak > andrentzat, astoa > astoarentzat, mahaia > mahaiarentzat edota Bizkaia > Bizkaiarentzat.

Benefaktibo izena ez jako alperrik ipini, ze berorren ekarri semantikoa hori da: lotzen jakon izenaren mesedetan edo faboretan dala zeozer adierazotea. Mogelen esaldi hau izan bedi argigarri. Maisu Juanek bazkaria ordaintzeko eta neskameari saritzat ixten deutsan diru hondarra dala-ta: “Ona emen sei erreal, ta iru lauko geratuten direanak ixten ditugu Fraiskarentzat burukorratzetarako”. (PAb 27). Zerbait nori emoteko dan adierazpena egoten da sarri kasu horren azpian. Bela eta azeriaren alegian, idazle beronek idatzitako pasartea lekuko: “Beleak eskatuten eutsan bere gaztaia; baina azeriak erantzun eutsan, etzala eztia egin astoarentzat, ezda gaztaia bere astabarro edo tontotzarrentzat.”

Aspalditik datorren gramatika tradizino baten eretxia da, -rako bizibakoentzat dan moduan, -entzat bizidunentzat bakarrik dala edota biziduntzat tratatzen diranentzat. Lehenengoaren kasuan, norako bizibakoen eremurako dala egia da; eremu semantiko murriztua dauka –rako horrek, lekua, denpora edo ekintza dala: etxerako, urterako, beharrerako. Baina –entzat atzizkiaren kasuan ez daukagu horrelango murriztapenik. Bardin esan daiteke familiarentzat zein gorputzarentzat. Mogelek jasoriko errefrau batek on egiten dau dinoguna: “Gose onarentzat ez dago jaki dongarik”, gaztelaniazko “A buen hambre no hay pan duro” errefrauaren kidea. Osasunaren kontura darabil atzizki hau beste pasarte honetan: “Osagarri makal, indarbagako, luzabideak dakarrezanak, ta bardin osagille nagi, baldan ta ardura gitxikoak, ez dira benetan egoki ta adiutuak neure gatxarentzat”. Mikoleta bilbotarrak beste berbok darabilz osasunaren kontura: “Zerren dinoe doktoreak, goxeti jaigitea dala ona osasunentzako.” Hau da, gaur leku askotan esango genduken modu-moduan. Frai Bartolomeren idatzietatik hautu dogun beste pasartetxo honek be balio deusku: “Aberastu gurearentzat tratua okasinoia da. Andigurearentzat dirua okasinoia da”.

Izan dira proposamen bat edo beste, -entzat eta –entzako, biak erabili ahal izateko araubidea ondokoa dala. Adizlaguna danean, -entzat. “Norentzat erosi dozu ardaoa? Aitarentzat”, eta adnominala danean –entzako. “Aitarentzako ardaoa da erosita daukadana”. Asmo hori polita da eta logika handikoa, baina alderdi batetik egiten dau erren: ez dala inon bere bigarren egitura hori erabilten.

Adnominal modura –entzako erabili izan dan eta leku batzuetan hondino be erabilten dan kontestua, -a mugatzailea beregantzen dauenekoa da. Mogelek eleiza katolikoa euskeraz esateko guztientzakoa idatzita itxi euskun: Eleiza Ama santa guztientzakoa edo katolikea. Gaur egunean be Markinaldean bizirik dirau hondino sintaxi eder honek: Honeek kokoteok zeuentzat eta guretzat hartu ditut. Zuentzakoak hartu dozuz?.

Norendako, zerendako era horri buruz azken ohar bi. Labayru Fundazio honek, lehenagoko Ikastegiak, 1989. urtean oker ez banago, Derioko Ikastaroak sortu zanetik hogei urte beteten zituala hots egiteko, lema honegaz iragarri eban hurrengo Ikastaroa: “Hamar urte euskerarendako”. Lema horren bidez gure euskeran sustrai zaharrak daukazan –endako atzizki horren bidez gure euskerearen sustrai zaharrez omen egitea bilatzen zan bide batez. Eta aitatzekoa da, gaur egun Durangoaldean erabilten ez bada be, XVII-XVIII. mendeetan eurrezean erabilten zala. “Uste dauela daroeala dote andi bat umeendako” idatzi eban behinola Kapanaga mañariarrak. Eta askoz antxinatikoagoa da, ganboar-oinaztarren arteko liskar odoltsu zaharren oroimenaren hondar legez geratu diran eresi zahar kopla bat: “Ala Zalagarda / Zalagarda mala, / Zalagarda gaizto / Oiñaztarraondako”.

Idatzi dodan hau zuendako, irakurle guztiondako da, baldin irakurteaz esker onik emon ahal bazeuntsoe.

 

Iturriko

2017-02-24

Esatekoak 0
Ikusita: 335
2017.02.17

“LasturrERA behar dozu, Milia”

Batek etxetik “urten dauela” esateko, etxetik atera da esaten da leku askotan urten/irten/erten erabili ordez, eta “urten” esaten dan lekuetan be “andreak etxetik atera dau“ esaten dakie. Atera aditza ate izenari -ra atzizki adlatiboa gehiturik sortua da, euskeran zaharra dan egitura bat sustrai dauela: norbait atera da horren atzean “atera joan|abiatu|zuzendu” datza, eta etxetik “atera dau” horren atzean “atera eroan” dauelako idea dogu oinarrian.

Goiburuko esaldian, Milia Lasturkoren eresi-ahapaldi batetik jaso dan horretan adierazoten dana da: “Lasturrera joan|etorri behar dozu, Milia”.

Berba baten: nora adlatiboko -ra atzizkia leku-izen bati dautsala eta izan aditzaren adizkia darraiola, mobimentu zentzuneko aditz-ekintza bat adierazoten da. Gehienetan “joan”, beste batzuetan “etorri” balioaz.

Leku-denpora kasuetako atzizkiak, bai non eta bai nora, ezagunak dira euskeraz izan aditzagaz lagundurik, mobimentu-aditzen balioaz erabilita. Non izan zara gaur goizean? itauntzen dogunean, norako osterea egin dozun itauntzen gagoz, nora egin dozun joan eta etorri. Plazan izan naz eta ezagunik ez dot ikusi dinogunean be, plazara joan eta etorri egin izana aitzen emoteko darabilgu. Non izan aditz-lokuzino hori gaur be bizi-bizi dogu euskal hiztunen artean.

Nora da Matxalen? edo Etxera nintzanean erako esamoduak, ostera, bakanago bihurtu dira gaurko hiztunen artean. Horreen lekua hartzera gaurko hiztunen artean beste aukerok etorri dira: Nora joan da…? eta Etxeratu nintzanean. Leku-izen bereziakaz be bardin jazo da. Bada Bizkaiko ume-kantu ezagun bat, “Katuen testamentua” bilduman Labayru Fundazioak jaso ebana (21 or.), eta Oskorri taldeak kantatu: “Txinkirrin kitxin atzo nintzen Bilbora, txinkirrin kitxin tomate berdetan”. Gaurko hiztunontzat errazago da: berandu Bilboratu nintzan bart esatea, berandu Bilbora nintzan bart baino. Halantxe bada, gaurko hiztunon eguneroko berbetan zeharo bakandu dira honelako klasikotasun dirdira daben egiturak, baina oraindino guztiz aldendu ez diranak, adin batetik gorako eta ibar jakin batzuetako hiztun sendoen artean. Dinogun hori on egiteko, dakarguzan hona oraintsuko lekukotasun batzuk.

 

Artibai aldekoak dira erabilerok. 1925ean argitaratu zan W. Rollo-ren Markinako hizkeraren gaineko monografia ezagunean, atze partean dagozan etnotestoen artean, Marixe Kobaukoren ipuinaren narratzaileak honako esaldia darabil: “[Igozko ikazkina] ikeztoira zanien, ara nun bere gaiñien zier goitik pasetan dan Marixe sue darixola”. “Ikaztobira zanean [ikaztobira ailegau zanean], hara non bere gainean zehar goitik pasetan dan Maria sua dariola”.

2000. urtean argitara zan Auspoa bilduman Tomas Gerrikagoitia bolibartarraren Arantza eta larrosa bizi-oroipen liburua. Geure egunotako idazle-kontatzailea dogu, beraz. Kontatzaile honentzat eguneroko esate modua izan da hau: “amaren arpegi gozua urriñera ikusi neban, eta, aita itxi urrin atzera eta bere besuetara nintzen” (17 or.) gogorazoten deuskuz umetako akorduak. Kontatzaile honen erabilera ugarien artean etxera nintzan da ohikoena. Adibide bat: “Etxe guztia astinduta, atestaua agiria egiten ebizan, ni etxera nintzaneko” (229 or.). Beste egitura interesdun batzuk: hara nintzan (hara joan nintzan), hurrera zanean (hurreratu zanean), kaminora nintzan (kaminora heldu nintzan), eta leku-izena aurrean dauela: Sondikara nintzan (Sondikara ailegau nintzan).

Denpora-izenakaz be, erabileraz urriagoa izan arren agiri da: “Uda azkenera ginan; da, bihar bitartetxue aprobetxatuez, Urkiolara juan ginan, amaren promesa betetera, etxera nintzanetik beti esaten egoan eta.” (117 or.)”.

Jabier Kalzakortak Markinan amari oraintsuan jasoa da hirugarrena: “Haren parera nintzanean…”, haren parean subertau nintzanean, adierazoteko. Eta Lekeition neuronek entzuna da beste hau: (Urlia) itxasora da.

Herri-literaturan, batez be hitz neurtuz edo errimadun jeneroetan, errastu ugaria itxi dau egitura honek. Errefrau batez abiatuko gara. Euskeraren sartaldean guztiz ezaguna dan bategaz. Jose Luis Lizundia euskaltzain-lagunak Abadiñon entzuniko erara: “Errezoie dekozu, baiña kartzelara biozu”, kartzelara behar dozu (joan beharra daukazu). Hara behar dozu, egitura zahar ezaguna dogu, aspaldiko idazleetarik irakurri doguna. Mogelen idatzietan era berberean agiri da: “Maixu Juan! Gauza bat esan biar deutsut. Olara biar dogu, ta bazuaz zeure soiñoko bitxidun ta ederrakaz, urtengo dozu sartu zinialako damubaz”, dinotso Peruk barberuari. Nahi edo gura aditz modalakaz lagundurik be era berberean erabili izan da.

Izan aditz iragankorraz be behin edo behin agiri da. Mogelen ildoari jarraituz, azeriek inoiz ardiak jateraino be heldu dirala esateko: “badira azeri zaar, azi ta bein ardi aragija sabelera dabeenak”, sabeleratu dabenak.

Adberbio galdetzaileaz lagundurik be, galdera erretorikoak egiteko, behin baino sarriago agiri da gure klasikoetan. Mogelenak dira: “Nora dira zure limosnak?”. “Nora da harako buru harrotu ta jasua?”, “Nora da zure antzinako amore itsua, egon ezin zinala bera ikusi gabe?”. Mogelek, alegien bertsinoan, da eta dau laguntzaile bitzukaz eregitako ereduak opa deuskuz: “O aaldi jaun ta aberatsa! Nora ditu berorren antxinako zidar ta urria erijuen tresnaa? Nora da arako buru arrotu ta jasua? Nun da orduko mardotasuna?”.

Herri-literaturako kopla zaharretarik beste eredu bi.  Lehenengoa, Ana Juanixe deritxon baladan, Bermeon jasoriko bertsino baten agiri dan hau: “Despedida gabien bere / txorruetara ginian. / Urragorrizko dxodxia bere / imini notsan bularrian”. Bigarrena, dantza-kopla bat Abadiñoko sanblasetako erromeria gogoan: “San Blas pasa dan urtean / Abadiñora nintzen ni, / denpora txarrak emonda / ondo ez nintzan ibili” (Arratiako Artean jasoa).

Egitura honen garapen sintaktiko bikaina darabil Aita Larramendik bere Andoaingo sermoian: haratzen diranak, hara iristen diranak adierazoteko: “anima aratzen diranak, zerura baino lenago, antxe garbitu bearrak diradela beren pekatu larrien ta barkatuen kutsuetatik, ariñetatik ere, elur malota baino xuriago, orrako zeru urdin puska horiek baino xarmagarriago egin artean”.

Eta klasikoen hariari tenka, ezin aitatu barik itxi Lardizabal zaldibiarra. Honek, bere Testamentu Zarreko eta Berriko Kondaira liburuan egitura honen erabilera mordoa agiri ditu, askotarikoak eta baliotsuak, eta bere aldiko hizkera biziaren agergarri bikainak.

Gure klasikoen bideari jarraituz eta gure herri-berbatan hondino guztiz galdu barik dagoan egitura hau erabilteko gonbita euskerazaleoi, behinolako sermoilariaren berbak ahotan hartuz, zerura gura badozue, bestera bide okerretik dabiltzan askok presidioetara beharko dabelako.

 

Iturriko

2017-02-17

Esatekoak 0
Ikusita: 317
2017.02.10

“Zauriak hotzITUago dira minago”

Jakina da euskereak aditzak sortzeko sistema zaharrean erabilen atzizkietariko bat -i atzizkia zala, beste –n atzizkiaz batera. Gaur egun be hainbat aditz zahar ditugu –i atzizki horri eutsi izan deutsenak: etorr-i, has-i, haz-i, ibil-i, ikas-i, ikus-i, itx-i eta taiu horretako zerrenda luze bat.

Jakina da, bestetik, aditz horreetariko hainbatek -tu atzizkia beregandu dabela euskera osoan edo eremu baten, eta horretara aditz eredu bitarikoak, aldaera bikoak, sortu dirala euskal hizkeretan barrena: ahantz-i/ahaz-tu, bereiz-i/bereiz-tu, bidal-i/bidal-du, estal-i/estal-du, iratzarr-i/iratzar-tu.

Jakina da, baita, arkaismo gisa gorde izan dirala taiu zaharreko aditz batzuk, batzuk aspaldi, beste batzuk gaurdaino: ohoini, zorrotzi/xorrotxi, iguini, aberatsi, zabali.

Jakina da, baita, esangura banangoaz iraun dabela egosi/egostu legezko aditz-bikote batzuk be.

Eta askoz gehiago dira hitz kategoria diferenteaz iraun daben aditz zaharrak: agiri/ageri, bizi, hertsi, izarrik, estarian, zoli eta beste asko.

Gaur egun sartaldeko euskeran zabal dabilen hotzitu, XVI. mende-akabuan agiri jaku ‑RS 1596eko errefrau bilduma goiztarrean (449), eta aditz atzizki biak bildurik eregia da: hotz hitzetik *hotzi aditz zahar bat eratorriko zan eta horretatik hotzitu. Gaur egun –itu amaiera daben hainbat aditzen atzean atzizki bikotx hori dogu.

Atzizki bikotxeko honetariko aditz argienak eta agirienak, gatz, hotz, putz, sats, hats, huts, baltz edo motz hitz monosilaboen eta amaiera afrikari hori daben horreetarikoak dira. Horrelakoxeak dira batez be, aditz kategoriak -tu atzizkiak sorrerazotean, -ztu/-tzitu banaketa ezagutzen dabenak, lehenengoa euskera-eremurik zabalenean eta bigarrena sartaldeko euskeran, aditz batzuk hedatsuago, beste batzuk estuago.

Gatz izenetik sortua da gazi adjektiboa, behinola aditza bide zana, baina aditz bihurtzeko gazitu bihurtu dana, bizkaieran ez eze, euskal hizkera zabaletan, gaurko zein lehengoetan.  Gatzitu aldaera be badau, eta gatzatu edo gaztu erak be ezagunak ditu.

Hotz hitzak aditza era nagusi bitara garatu dau: hoztu eta hotzitu. Hoztu orokorra dogu eta bizkaieran be ondo funtsatua. Mogelek edo Frai Bartolomek dakarren modura esaten da gaur be gehienbat Artibai aldean, hoztu, baina hotzitu aditza be barrualdetik sakon sartzen da. Deba-Leintz ibarretan eta Oñati aldean be bizi da.

Hotz eta hotzitu hitzon oinaz eregia da hilotzitu aditza be, gorpua hotzitzea adierazoteko gure balada triste batek darabilena: “Orduterantxik hilotzitu zen Grazianatxu neuria” (Dimako Bargondian Patxi Bilbaori 1980. urte bueltan jasoriko bertsinoan). Hiloztu dogu hitzorren forma nagusia. Eta hotzildu aditza be hotz hitz horren harian sortua da.

Huts hitzetik sortuak dira hustu eta hutsitu aditzak: hustu orokorra eta hutsitu sartalde euskerakoa. Hutsitu horrek adiera kuriosoak be garatu ditu, “vaciar” esangura nagusiaz ostean. Bata da, emakume seindun bategaitik darabilenean: hutsitu da, erditu da, seina egin dau. Bestea da, norbaiti bidera urtenda dirua edo aldekoak hutsitu deutsezala; lapurretan egin deutsela.

Putz hitzetik sortuak dira puztu eta putzitu aditzak. Errefrau zaharrean agiri dan puztxoan aditzizenaren atzean puztu dagoala dirudi, ez putzitu: “Eztai iztanda puztxoan eztana. // Reventar no se hará / quien no se hincha.” (RS 181). Baina hori gorabehera, putzitu ereduaren erpeak Oñati alderaino heltzen dira gitxienez: Putzituta dago jaso eban K. Izagirrek Arantzazu-Oñatiko bere hiztegian. Bizkaiera eremuan putzitu zabal dabil, nahiz tradizino idatzian puztu nahi putzitu bakan erabiliak diran orotara. Eta puztu gehiago agiri dala idatziz, putzitu baino sartaldean be.  Baten bategaitik jan-edan gehiegiaz puztuta dagoala esatea edo entzutea normala da Bizkai alderdian be, endemas Artibai aldean. Zenbat eta sartalderago, putzituago.

Hats izenak “usain txar, kirats” esangurea dau sartaldean sarriroen, eta horretatik sortua da hatsitu, bai aditz modura, bai adjektibo modura darabilguna. “Ezkaratz guztia hatsitu da okela usaindu horregaz” esan ginei, okelea egun luzeetan egon bada hotzitu edo izoztu barik eta bazterretan sundea zabaltzen hasi bada. Adjektibo modura be ugari darabilgu, zerbait usain txarrekoa dala esateko: ur hatsitua, botika hatsitua, leku hatsitua… Edota persona batzuei be, garbitasun aldetik dana beharrean dabilzanean, esaten jake: Hatsituori! Ume hatsitua eta halakoak. Infernua honetara deskribatzen dau Juan Jose Mogelek bere liburusketariko baten: “Sarrerea begitandu jatan kale estu, luze ta illun bat legez; beean, uste neban, ikusten nebala ur atsituzko pozu, antz andikoa ta piztia deungaz betea”.

Hatsitu hitz ekarkorra izan da gure tradizino idatzian, eta gaurko berbaeretan be bada. Ez bakarrik usain txar, kirats esangurako kontestuetan. Urdaibai aldean “bete-bete, josita“ esangura adierazkorraz be erabilia da. Otxolua idazlearen adibide biok lekuko: “Diruz hatsitua, riquísimo, plagado de dinero. Zorrez atsitua, cosido de deudas”. Hitz honek hedadura eta erabilera handiagoak hartu dauz, beharbada, -itu erako beste batzuek baino, erro bereko lehiakide zuzenik ez dauelako. Erdi eta ekialderantz kirastu eta beste hitz batzuek hartzen dabe beronen lekua.

Satsari, simaurra deritxo bizkaiera ekialdetik atxina. Bizkaierarik gehienean satsa. Baina aditz bikotxa garatu dau izen honek be: sastu eta satsitu. “Simaur” esaten dan lekuetan be esaten da sastu, esangura anitzetan, barritz. Satsitu, nekazaritza arloan erabilten da batez be, eta eremu nahiko estuan: soloa satsitu dinogunean, “satsa egin, satsa zabaldu” esaten gagoz. Lur-eremuz laburtzen joan da beharbada satsitu, baina 1596eko errefrauen artean agiri da. Ez da atzo goizekoa, beraz: “Satsitu ta jorratu, ta garia artu. // Escardar y estercolar, y cojer trigo” (RS 236). Ez dakit zein mirakulu bitarte dala, Orotariko hiztegiak ez dau beronen azterrenik emoten.

Bada taiu honetako beste aditz bat be, motzitu, Bizkai sartaldean behintzat “itsusitu, ezaindu, zatartu“ esangureagaz erabilia dana, motz adjektiboak hor inguruan dauen adiera berorregaz. Moztu aditz ezaguna da euskara zabalean, eta esangura-eremu askoz zabalagoaz. “Lehen be polit-polita ez zan, baina edadeagaz asko motzitu da” esan lei txorierritar batek. Baina motzitu aditzak, moztu aditzak lez, “ebagi” esangurea be berea dau aspaldi zaharretan: ulea moztu zein motzitu. Halan dakarre Larramendik eta Añibarrok. Motzitu, itsusitu edo ezaindu esanguraz, Azkuek honetara ekarren XIX. mende akabuan: “Euskerean izatea motzitu eta ezaindutea da gure ahoa iltea lez” (Euskalzale).

Baltzitu aditza izango dogu gaurko zerrenda honetako akaburengoa. Baltz adjektiboaren gainean eregiak dira balztu eta baltzitu. Eta bigarren honen be sustrai zaharrak ditu. Landucciok Gasteiz aldeko eukerearen hiztegitxoa egin ebanean XVI. mende hondarrean, “ennegrecerse, balzitu” finkatu eban. Idatzi zaharretan, belztu eta balztu aditz ereduakaz batera, hainbat aldiz agiri da, gaur egun be zabal hedaturik dagoan baltzitu hori. Bizkaieraren aldetik aldera lekukotua dago, Deba-Leintz ibarretan zein Oñati-Araotz aldean. Eta lehenago Arabako lautadan barrena be ondo sustraiturik egoan, harik eta hango euskal hizkerak erroiztu izan ziran arte.

Dan ginoan baltzituta be, belea dan baino baltzago ez danez egingo, gaurkoz askotzat jo daigun honenbestegaz.

 

 

Iturriko

2017-02-10

Esatekoak 0
Ikusita: 310
2017.02.03

“NonDIKOa dakazu zeure emaztia?”

“Frantzie kortekoa” ohi deritxon baladako pasarte batetik jasoak dira hitzok: “‑Nondikoa al dakazu zeure emaztia? ‑Frantzie partekoa, bai ama neuria.” dino Zeanurin jasoriko bertsinoaren kopla batek. Eta Dimako jatorridun Arantzazuko andra baten bertsinoak, ostera, beste era honetara: “‑Nondikua dakazu bai zeure andria? ‑Frantzie partekua, bai ama neuria”.

Itaunean “nondikoa”, erantzunean “Frantzie partekoa”, ez baina partetikoa, erantzun posiblea izan arren.

Non adberbioaren izenlagun naturala, berezkoa, nongo dogu, baina “nongo” horren aldamenean nondiko ere badogu: nondik ablatiboaren gainean -ko leku-genitiboa erantsirik, ondoreneko atzizki bikotxa -(n)diko dala kasu honetan, baina -tik ablatibo atzizki naturalaz -tiko emaitza daukana. Halanda ze, -tiko atzizkia eta honen aldaera fonetikoa, -diko, -n amaierako adberbio kategoriako hitzetan agiri danean: nondikoa, handikoa, hemendikoa, urrundikoa eta beste banakaren bat.

Gernikaldean behintzat sarri entzuten da hortiko, honetariko inguruneetan: “Busturi edo hortikoa izan behar dau gizonorrek”. “Lekeitio edo hortikoa dala pentsetan dot”.

Urrundiko, “urrunetik datorren” edo “jatorriz urrunekoa dan” norbaitez esatea edo entzutea normala da inguru berorretan: “Igual urrundikoak barik izan leiz holakoak esaten dituezanak” (Barrutia).

Nondiko, hortiko, urrundiko, leku-adberbioaz eregitako hiru hitzok norbaiten jatorria batzuetan, eta norbait nondik datorren edo etorria dan beste batzuetan, markatu nahi dabela esan lei: ez derriorrez, asabak edo aurretikoak nongoak zituan. Baina jatorriaz edo etorkiaz loturik egon daiteke atzizki hori. Halan, esango bagendu: “Familia hori Bermeon bizi da aspaldion, baina nondikoak dira eurok izatez?”.

Handikoa eta hemendikoa, sarri, “handirengo alderdian” edo “hemendirengo alderdian” dagoana seinaletako erabilten ditugu: “Han handiko kalean dago autoa aparkauta”. “Nik ez ditut gura honeek hemendiko lorak, han beste alderdian dagozan handikoak baino”.

Baina hemendiko (edo hemetiko), “hemengo inguruko, hemengo parteko” esangureaz be erabilia da: “Nik ez dakit zelan protestetan ez daben hori espainiarrak eta hemetiko espainiazale zentzundun guztiak” (Kirikiño).

Handikorik hortikora eta hortikorik handikora herri-esamolde bikainak ditugu.  Oskillaso idazlearen hitzez: “Patxi aitaren ondoan ibili zan goiz guztian handikorik hortikora ta hortikorik handikora.”  Norbait edo zerbait “edozelangoa” dala aditzen emoteko be Markinaldean hortikoz hemetikoa ohi darabile, Jabier Kalzakortaren esanetan: “Hori kategoriakoa dok. Hori ez dok hortikoz hemetikoa”, hori ez da edozelangoa aditzen emon guran.

Atzizki honek aldaera sendo bat be badauka erdi eta ekialdeko hainbat hizkeratan, -tikako dalakoa. Handikan, hortikan, geroztikan… euskerearen erdi-hizkeretan bizi da sendoen. Horren harira sortuak dira –tikako izenlagunak. “Geroztikako berririk ez dugu”, sartaldean “harrezkeroko barririk ez daukagu” esango gendukenaren lekuan. Gipuzkoar klasikoetan azterka apur bat egitea nahiko da gainetikako, geroztikako eta horretarikoakaz topez egiteko. Zerutikako ohi darabile idazle batzuk “sobrenatural” kontzeptuaren ordaintzat. Agirre Asteasuko, lekuko: “damu andiarekin daude oek; baina damu au da emengo kalteetatik sortua, ez zerutikakoa edo sobrenaturala”.

Leku-espazio eremu horren barruan -tiko horrek “alde, alderdiko horretako” esangurea be jagoten dau beste batzuetan. Eremurik ugariena dogu berau. Bat edo batzuk aitatuko ditugu.

Aurretiko esaldi honen barruan agiri da, kasurako: “Umeai, edo umeen aurretiko biraoak, edo etxean ipini daben bake txarra” (J.M.Zabala). “Umeen aurretiko biraoak” horregaz umeen aurretik edo aurrean esaten diranak esan gura da. Barrutiko izan daiteke edo barrutik urteten dauena edo barru partekoa.

Gainetikoa, gainean dagoana edo daukana.

Goitikoa eta azpitikoa be leku-eremuan eratorri ezagunak dira; “goitik datorren edo goian dagoan” eta “azpitik datorren edo azpian dagoan” zerbaitez edo norbaitez dihardugula. Kirikiñoren adibide hau balia bekit: “Goitiko indar hori barik ezin leike ezetara sinistu, ba, gure alderdi honek egin dauen aurrerea” (Aberriaren alde). Azpitikoa, mendekoa, agindupekoa esateko be finkatu da euskal lexikografian.

Kanpotikoa izan daiteke kanpotik datorrena edo kanpo alderdian dagoana edo daukana. Kanpotiko jentea, erbestetik etorritakoari esan leio, kasurako.

Albotikoa esaten deutse Lea-Artibai ibarretako herri batzuetan, ezkontza, jaunartze eta horren antzeko ospakuntza seinaladuetan albo-lagun izaten danari. Ezkontza aitabitxi edo amabitxiri albotikoak esaten deutse Aulestian. Jaunartze kontuan darabil Eusebio Mª Azkuek behin: “Zapatu baten joan zirean / abadea ta Maria, / albotikoak ta mutila, / isilik garda guztia / agertu barik eguzkiaren / zeru goienera argia.” (Parnasorako bidea).

Etxekonekoa eta albotikoa, biak esaten dira Ibarrurin eta Ajurian, teilatupeko alboko partean bizi diralak izentetako. (Ibarruri, Ajuria). 2 iz. alboko lagun edo lagunkidea; ‘acompañante’. “Lehenengo Jaunartzea parrokia barriztatuan egin neban, Jose eta Joseba albotiko nebazala” (Anjel.Ugarteburu_Berriatu). “Zapatu baten joan zirean / abadea ta Maria, / albotikoak ta mutila, / isilik garda guztia / agertu barik eguzkiaren / zeru goienera argia.” (Eus.Azkue Parnaso). “bere bakarreko orduetan, [neskatila hura] isileko eta amesetako albotikoa eginik zuen” (Laura.Uruburu). 3 iz. ezkontzako aitabitxi edo amabitxi; ‘padrino/madrina de boda’. “Albotiko eroan zindudazan zeu neure ezkontzan” (Aulestia. Jabi.Kalzakorta. 2009).

Denpora eremuko edo esanguradun eratorrietan, gure klasikoetatik behin baino sarriago agiri dan eratorri polit bat bertatiko dogu, “bat-bateko, derrepenteko”, izenlagun edo adjektibo modura agiri dana, eta gaur be baliagarri izan daitekena. J. M. Zabalaren lumaz: “bertatiko suari bildur andia, betikoari barriz bapere bildurrik ez”. Pedro Astarloarenaz: “eta alaintxe ilten bere oi dira, batzuk bertatiko aldi gexto edo akzidentiagaz”, “Emoten deutsa beste bati gatx bertatiko batek”. Gaztelaniaz “en un santiamen” esaten dana, bertatiko baten darabil Frai Bartolomek, gaur nekez onartuko genduken baieztapen honetan: “Moro loi ta odoltsuz estaldu zan geure erreinu guztia bertatiko baten”.

Goizetiko, uzta edo frutua urte sasoiz goiztarra danean erabilten dogu gaur be sarri: goizetiko sagarra, madariak, freskuak... Eusebio Maria Azkueren hitzneurtuz: “Jaten ikoak / goizetikoak”.

Halanda ze, ondo bereiztu ohi dogu zer dan goizekoa eta zer goizetikoa. Tradizinoz “goizegi, goiztarregi” eginiko zerbait adierazoteko erabili izan dogu hitz hau. XVI. mendean bertan, lehenengo lekukotasuna: “Beluko ezkontzea deunga, goxetikoa ez oba. Aldia gauzak daude, aroari jarrain gakiozan” (RS 440).

Aitamen berezia merezi dabe tipo honetako eratorri batzuek -z instrumentalaz, -en eduteko-genitiboaz edo beste erlazio-hizkiren batez aurreko izen sintagma bati dautsela daben erabilera ondo finkatuek.

Hasi gaitezan -z instrumentaldunakaz.

Berezgainetiko eta naturalezaz gainetiko hitz bikoteaz emoten deutso ordea P. Astarloak “sobrenatural” erderatikoari, damuaz diharduala: “Modu bitakua izan leiteke damu au; bata berezkua edo naturala; bestia naturalezaz, edo berezgainetikua, nai sobrenaturala”.

-z gainetiko dogu bat, zerbaiten gainetik dagoanaren balioaz. Juan Jose Mogelen berbaz: “Onek izan biar dau bada gure erregu guztiez gainetiko erregubak, ta gure lan guztiez gainetiko lanak”. Edo J.M. Zabalarenaz: “doe, izate edo bertute gure izatez ganetiko bat”.

-z goitiko dogu beste bat: “artu ebeen zerutik beingo baten miragarrizko jakiturija bat mundukuaz goitikua” (J.J.Mogel).

-z kanpotiko be ezaguna da, leku batetik kanpora egon edo bizi diranak aditzen emoteko: etxeaz kanpotikoak edo herriaz kanpotikoak, esaterako.

-rik garaitiko, “-rik gorako” esanguraz eta honen zentzunkide modura erabilia izan da: “eta guztiz sarri ta urteetako ekandu jarraituz legez izan badabee, esango dabee berrogei bider, ta arik gorakorik, garaitikorik, eztakie” (J.M. Zabala).

-en edute-genitiboagazkoak, aurrekoak baino ugariagoak dira. Halan -en aurretiko egituradunak: “Gurasoen izenean datoz lenengo-lenengo aita-amak eta euren aurretiko aasabak” (J.M.Zabala). Bigarren bat, -en gainetiko, “gainetik dagoana” esangureaz. Arantzazuko sermoitegi batetik jasoa da ondoko hau: “Dira ondasun batzuk espirituzkuak, prezijorik ipini ezin leikijenak ta edertasun guztijen gainetikuak”. Eta Pedro Astarloarena hurrengo hau: “Ezkutuba da, eta gure zenzun edo entendimentuben gainetikua misterijo beneragarri au”. Hirugarren bat, -en aldetiko, “-en aldetik edo partetik” esangureaz. Juan Jose Mogelen hitzetan: “Zuk ereitiagaz egin zenduban zeure aldetiko lana, gizonaren argaltasunak ta diabrubaren asmuak egingo dabee enparauba.”.

Esparru askotan erabili izan da –tiko hau, ez bakarrik sartalde euskeran, baina Iparraldeko tradizinoan be –Leizarragarenean lekukotasun ugariak ditu–. Batzuk uraz handikoak badira, beste batzuk uraz hemendikoak izan daitekez. Norbaiten amodio deklaratzea, kanpotikoa izan daiteke batzuena, azaletikoa, baina barnetikoa, barrutikoa edo bihotzetikoa beste batzuena. Norbaitek “inon diranak” entzun dituala esateko, inondikoak entzun ditualaa be esan geinke.

Hari luzea daukan matasea dogu hau. Eta gaurkoz be honenbestean.

 

Iturriko

2017-02-03

Esatekoak 0
Ikusita: 298