kontaktua
2017.07.13

“Jan BARIK jun barik, jaik jan” BARIK aurkaritzazko juntagailuaren gorabeheran

Laster izango dira lau urte, “Bizkaieraren Ataria” honetarako idatzi labur bat ondu nebala, “BARIK adbersatiboa eta BAINO konparatiboa ez dira bat” izenburuaz, 2013-08-29ko dataz webgune honetan argitara zana. Orduan labur esana zeheroago adierazo beharrekotzat joko dot  oraingoan.

Barik eta baino hitzak, gramatika marka legez, etorki guztiz diferentekoak dira berez, eta kategoria, funtzino, ingurune eta esangura diferenteekin erabiliak dira bata eta bestea, bai gramatikaz, bai esanguraz. Bien artean daben kidetasun nagusia, marka biok anitzak edo askotarakoak izatean datza; bestetan nekez daukie zerikusirik. Idatzi honetan, eta hurrengoren baten, aspalditxuko haretan labur azaldu genduana garatzera gatoz, barik juntagailu kategoriaz darabilguneko puntura mugarriturik geure autua.

Barik juntagailu kategoriara berandu baten ailegatu da, albatetik sartu da nolabait, baina logika osoz. Hasteko, barik, hitzaren era modernoa da, baga zaharragoaren eta bagarik erdibidekoaren era laburtu modernoa. Eta guztion jakina da, baga markearen kategoria funtsezkoa postposizinoarena dala, sarritan izen mugagabeaz (lagun barik, giltz barik) eta batzuetan izen mugatuaz (Nora zoaz gizona barik / alabak barik?), gitxiagotan izenordainez (zu barik, inor barik, ezer barik), noiz edo noiz adberbioz edo adizlagunez (etxera barik, urrun barik), eta sarritxutan aditz partizipioaz (jan barik, esan barik) lagundurik erabilia.

Barik postposizinoaz adierazoten diran balio askotakoak ez ditugu hemen garanduko. Ezeztasuna, ezetza datza balio guztien azpian, baina berezitasun bitxiak dira euretariko batzuetan. Balio berezion artean aitatzekoak dira batzuk, horraitino. Denpora eremuan lehentasuna, batez be ordu-izenakaz: Goizaldeko hirurak barik sartu zan etxean. Aginte balioaz darabilgu beste batzuetan, aditz partizipioaz: Kontuz! Jausi barik!. Eta bada atze-lokuzino bat, (eta) beste barik, menderakuntzan sarri darabilguna, gehienetan denpora eremuan bat-batekotasun balioaz. Frantzia-korteko baladea jatort burura, haren ahapaldietariko bat: “‑Ai horren puinalorren zorrotzen zorrotza! / Ikusiaz beste barik hilten deust bihotza.” (Milloin jasoriko bertsinoa).

Barik juntagailu aurkari kategoriaz erabiltea XIX. mendetik honakoa dala pentsau leiteke. Beste barrikuntza askoren antzera, berbeta mailan garatuko zan lehenengo, eta geldiro-geldiro idatzira irristatu, seguruenik denpora bat garrenera. XIX. mende horren lehen erdiko Arantzazuko sermoitegi baten ikusi dogu, bagarik era klasikoaz gainera, juntagailu aurkari hau erabilirik: “Baia kontu, neure entzula onak, aitu egizubez gauzak direan legez, okerretara bagarik”. Beharbada gerotxoagokoak dira Eusebio M.ª Azkueren olerkietan dakuskuzan erabilerak. Honek be bagarik (eta baga) darabil. Hiru erabilera: “Deiguzan bertso gozo ta leunak / geure arimako suagaz, / beti egoteko naibagaz barik, kantetan zitareagaz”. “Erdu gaur arratsian / bakarrik geurera, / beti egon bagarik / atzera, ez aurrera”. “Habanan neukan bizija / zan amak erakutsija: / Goxian gox jagi, / egon baga nagi.” (E.M.Azkue Euskarazko Vertsoak, Jarein).

Sartalde euskeran, “bizkaiera” deritxona egiten dan eremuan garatu da, eta ez dirudi ekialderantz asko hedatu danik. Izan be barik (bagarik) eremu horretan esaten da, eta handik sortalderantz bage eta gabe.

Ezeztapenaren zentzun esparruan gertatu da hedakuntza sintaktiko eta semantiko hori. Grimm anaien ipuin ezagunetariko bat, “Otsoa eta zazpi ahumeak” dalakoaren euskerazko bertsino bat “Legoaldi” zeanuriztarrarena (Ipolito Larrakoetxea) dogu. Honen adibideak eboluzino hori argiro erakusten dauelakoa daukagu. Holan dino: “Otsoak, horraitio, guztiak idoro ebazan eta, koipekeritan ibili barik, guztiak bata bestearen hurrengo iruntsi ebazan. Gazteena bakarrik, erloju-kutxan ostondu zana, ez eban idoro.” Ezezkako perpaus bat eta baiezkako hurrengoa kontrajartzen dira: koipekerietan ez zan ibili eta guztiak iruntsi ebazan. Lehenengo perpaus prozesuaren ezeztapena eta hurrengo perpaus prozesuaren baieztapena aurrez aur ipinteaz, ordezkapen bat adierazoten da: A ez baina B bai. Hau da, A-ren ordez B; ez A, baizik eta B. Translazio naturala dago, semantika mailan eta gramatika mailan. Partizipioari erantsiriko postposizinoa, perpausen arteko juntadura marka bilakatu da.

Garakuntza sintaktiko-semantiko honezaz ohartzen, ez lehenengoa beharbada, baina zehaztasunez eta argitasunez egiten bai segurutik, Bernardo Garro “Otxolua” izan genduan. 1932an argitara eban G. C. della Crocce-ren Bertolda eta Bertoldin euskal bertsinoa irakurri baino ez dago, zenbat biderrez eta zenbat testuinguru diferentetan darabilen barik juntagailua ohartzeko. Beratako adibide bigaz on egin daigun esandakoa: “Zorionak barik, zorigaiztoak nakar, harean be, ba!” (Bertolda, Labayru 1983, 148), “Hoba zeunke goru-makilea hartu eta goruetan ekin, inori alamenik emoten etorri barik” (ibid. 150). Eta Mañarikoren (Errose Bustintza) beste bi erantsiko deutsaguz: “Topina, holan dingilin-dongoloka barik, besoan sartuta polito-polito ekarri behar izaten dok... ” (Ipuinak, Labayru 2009, 215); “—Tirok, ba, tirok, mutil! Beti ganorabako izan barik, oraingoan zintzo jokatu dok heuk.” (Mañariko, Ipuinak 2009, 218).

Otxoluaren autura bihurturik, honek barik juntagailuaren inguruko gogoeta labur bat, hil aurretxuan bialdu eutsan Arantzazura Aita Villasanteri, 1957ko zezeilaren 1ean dataturiko gutun baten. Eta honek, ha hilbarri zala, haren gomutaz, Euskera aldizkarian argitaratzeko erabagi zuhurra hartu eban, 1961eko alean (358-360).

Gipuzkeraz, ezezka eta baiezka kontrajarten diran esaldi biren arteko juntadura, ez baina...(bai) eginda irakurri dauela dino Otxoluak, bai Orixeren Urte guziko meza-bezperak liburuan, bai beste leku askotan (Arantzazuko takoan bertan) idatziz. Eta aldi zaharretako idatzien euskarriez eginiko idatzi laburra darabil adibidetzat: “Papelezkoak ez baina, egurrezkoak dira, pergaminoz josiak”. Hara Otxoluak bere berbetatik eskaintzen dauen alternatiba: “Nik behintzat, eta nik legez beste askok Bizkaian, esakune hori honetara idatzi izango genduan: Papelezkoak barik egurrezkoak dira, pergaminoz josiak”.

Gramatika sena ondo barrutua ez eze, ondo ikasia eukan Otxoluak. Ondo ekian ur barik esan edo ura barik esan, barik horren egitekoa guztiz bestelakoa zana. Esaldi bardin antzekoa modu bitara eskeintzen deusku: “Ura barik ardaoa edan dau” eta “Ur barik edan dau ardaoa”. Eta horretatik ondorioa atera, gauza bi diferenteak esaten gagozala; barik biren aurrean gagozala.

Lehenengo barik juntagailu aurkaria da, ura ez eta ardaoa bai kontrajartzen dituena esaldi banatan. Bigarren barik postposizino kategoriakoa da, izena mugagabez dala normalean (baina ez beti) darabilguna: ardao huts-hutsa edan, ardaoagaz nahastau barik.

Barik juntagailuak, jakina da, esaldi banatan aurkakotzen diran unitate gramatikalak bakarrik agirian ipintea dakar berekin; gainerako guztia eliditzen da barik juntagailudun perpausan; bietan errepikatzen dan informazino guztia.

Informazinoa perpaus bietan osorik emonda, ondoko esaldia sortu geinke: Zuri ez deutsut esan; alabeari esan deutsat. Juntadura bidez esaldi biok alkartzerakoan, ezezkako perpausari barik erantsiko deutsagu azkenean, baina hori eginaz batera automatikoki eliditzen da aditz egitura osoa perpaus horretatik. Ezabatze hori ezinbestekoa da, juntadura bideragarri, gramatikal izan dadin; hurrengo esaldian emona dago informazino hori (esan deutsat) eta barik daroan esaldian (lehenengoan) berez ulertzen da zein dan aditz osoa (esan deutsut). Gramatika-lege zorrotza dago hor, elipsia aplikatzeko.

Aurkakotzen diran unidade gramatikalak, izen sintagmak, adizlagunak, aditzondoak zein beste edozeintzuk dirala, erlazio marka eta guzti azalduko dira beti.

Zeintzuk izan ohi dira kontrajarpenez agiriratzen ditugun unidade gramatikalak:

- izenak: Beharginari barik ugazabari eskatu behar jakoz kontuak.

- izenordainak: Horrek barik zeuk daukazu erru guztia.

- adizlagunak: Autoaz barik oinez ibilten naz gustura. Piperretan barik, tomatetan joan da ortura.

- aditzondoak: Holan astiro barik arintxuago ibili zaitez.

- aditzizenak: Jesarrita geldi egotea barik, batetik bestera ibiltea gustetan jako horri.

- partizipioak: Ondo jan behar da goizetan; nagitu barik indartu egiten dau ondo janak gorputza.

- aditz flexiboak, baina joko-markak ezabaturik: Berak eskatzeari itxaron barik, eroan egin neutsan zuzen (ez neutsan itxaron => itxaron).

Barik honi bizkaiera kutsu handiegia dariolako edo, eredu baturako onartu nahi ez dalako edo, alternatiba modura, juntagailu aurkari modura, barik kendu eta ordez baino idazteko eta (okerrago dana) berbaz hizkera jaso modura erabilteko modea sortu da; hau da, baino horrek, konparatze-marka lez sintaxi mailan eta lexiko mailan (eta horreetatik haratago) lehendik zituan balioen gainera, barri bat eranstea, ez tradizino idatzian (zaharrean ez oraintsukoan), ez berbetan ezetariko sustrairik ez daukan balio bat. Izurri hau goraka datorrela dirudi, batez be hedabideetan. Idatzizko erabilerak alde batera itxita, irratiz entzuniko esaldi bat edo beste aitatuko ditut, oraintsukoak. Bata, eguraldiaren gainekoa: “Goi aldeetan edurra egingo dau, euria baino” (2017-I). Bestea, iragarki batekoa: “Lo egin baino atseden hartu gura badozu, halako dendan aurkituko dituzu koltxoirik onenak!” (2017-VI). Esaldiok entzunda, euskal sen apurra daukagunok berehala sentitzen dogu hor zerbaiten hutsunea: baino gehiago esan gurako zalakoa. Erren susmatzen ditugu esaldiok.

Baino juntagailu kategoriaz be ezaguna dogu, ezpada, baizik marken baliokide gisa, baina perpaus juntatuen orekea guztiz bestelakoa dala. Esan ginei, esaterako: “Ez goaz gaur, bihar baino”. Eta perpaus bikote honen juntagailuak, baino kenduta, ezpada edo baizik izango gendukez. Barik juntagailua erabili gura izan ezkero, beste era honetara berridatzi beharko genduke: “Gaur barik bihar goaz”.

Barik marka juntagailu aurkaritzat erabiltea gogoko ez dauenak, eta beste gramatika aukera bat erabili gurago dauenak, jo bei Orixeren bidera: ez baina erabiltera. Otxoluak hauturiko haren pasarte bigaz bergogoratuko dogu alternatiba hau. Bata: “Gaitzpean hezi ez baina, hezi gaitza on azpian”. Bestea: “hil ez baina, bizi egingo naiz”. Sintaxiaren aldetik, barik eta ez baina ez dira bardinak, antzik be; baina perpaus bien arteko ezeztapen-baieztapen banaketa berbera da, eta esanguraz kide-kideak dira.

Erabili beitez barik edota ez baina eredu jasoan, baina baino bere betiko lekuetarako gordeta. Leku-aldatze horrek ez deutso bape mesederik egiten euskereari. Eta bizkaieraren sortaldean entzun ohi dan berba jokoa dakargun atzera gogora: “Jan barik joan barik, jan eik jan!”.

 

Iturriko

2017-07-14

Esatekoak 0
Ikusita: 308
2017.07.07

OSTE, etxeOSTE, bazkalOSTE… eta dautsazanak

Oste izen balioanitza dogu euskeraz. Izen kategoria soilaz ganera, izen konposatuak sortzen sarri agiri dana (etxeoste, mendioste), postposizino kategoriaz bere sarri darabilguna, bai izenakaz (frontoiaren ostean) eta bai aditzakaz (jan eta ostean), adberbio, lokailu eta inguruko kategorietara be hedatzen dana (ostera, ostera be, ostean).

Oste izenak leku-denpora kasuetan ostei- itxura hartzen dau bizkaieraren sartalderengo alderdian. Orozkoko andra bati entzunak dira ondoko adibideok: bazkaldu osteain, zure osteian, ate osteian, eta: Zure osteikoa zein da? Gaur ez, baina aldi baten Arratia aldean ezaguna zan ostei- hitz-oina. J. Mateo Zabalaren alegi-fabulen euskal bertsinoan, bertsoz idatzirik, pasarte hau agiri da: “Ta oolen idigitik / ak eginik begiak, / darakutso argiak / sasiaren osteitik / otsotzar salobrea”.

Izen kategorien artean leku-espazio balioaz darabilgu sarri, bai bakarrean, bai konposaturik. Eta berorren balioa, atze, gibel izenen antzekoa da; latinezko post, gaztelaniazko tras, después de aurre-marken ordain zuzena.

Diferentzia bat badago horraitino oste eta atze izenen artean. Oste, ikusten ez dan edo zerbaiten ezkutatua dagoan leku edo gunea danean darabilgu. Herri edo auzo biren erdian gane, hatx edo mendi bat tartean dagoanean, alde batekoentzat beste aldekoak ganostekoak edo hatxostekoak dira. Lino Akesolo idazleak, Dimako semea bera, Nikolas Alzola “Bitaño” idazleari, Mañariko semea hau, honen Atalak bilduma-liburuari hitzaurrea egin eutsan, eta izenburutzat ipini Atxostetik Atxostera. Eta honako berbakaz argitu: “Atxostekoa naz eta Atxostera nator. (…) Niretzat txikitarik izan da entzuna Atxoste. Atxostekoa zan nik neure auzoan euki neban lehenengo eskola-maisua, Otamotxa ezizenez. Atxosteti agertzen zan, astean behin edo, asto ganean, ogi zuridun andrea, lehenago hemendik hara joana. Atxosteti etorten jakun, urtean birritan gitxienez, gazteri urduria, santzoka eta kantari, auzoko jaiai bizitasuna emoten. (…) Urteak igarota, Durangoaldean nintzala, barreak emon eustan Atxoste hori entzunda. Nik Atxosten nintzala uste, eta neu nintzan han hatxostekoa, bestaldekoa. ‘Hara ba’, esan neban nik, ‘herri batekoak gara guztiok hemen. Zuek hatxostekoak, gu bere bai”.

Antzekoa jazo jatan oraintsu Berrizko Oizpeko auzo baten, Garaiko andra bati entzun neutsanean Munitibar aldekoei, Oiz mendikatearen beste aldekoei, ganostekoak deitzen.

Oste darabilgunean, atzekoa ikustea galerazoten dauen, ostentzen dauen zerbait ohi dago bitartean. Eguzkia iluntze beranduan mendi ostean ostentzen da. Ate ostean dagoana ez dau atetik sartzen dana behingoan ikusten. Eta halan dino gure errefrau zahar batek be: “On eginaren pagua, ate ostean palua”.

Ostendu aditzaren oina osten (ostean) adizlaguna dogu, -n inesibo zaharra atzizki dauela, itxuraldaturik ostondu (edo ostu). Ume-joko ezagunetatikoa da osten-ostenka egitea (leku askotan oston-ostonka deritxona, eta guk txikitan ostu-ostuka generitxona). Osten-ostenka jokoan horixe da lehia, hain zuzen: bila dabilenak norbera ez ikustea, ondo ezkutaturik egotea. Ostendera izena be, leku ezkutu, ezkutaleku esanguraz, horrexetatik dator. J. Mateo Zabala gure sermoilari sutsuak neska-mutilen arteko seigarren mandamentuko ezbideei buruz esango leukenez: “Baia okeluetan, ostenderetan ta bazterretan zer gura egin, zelan gura ebili, gerokoari bildurrik artu bagarik, eta gero seina oratu jakenean, ‘Ai ene ondrea! Ezin ezkonduko naz!’”. Ostendia be entzuten da hondino, norbaiti aurrez esan beharrekoa atzetik, ostetik gaizka-esaka edo dongaro-esaka dabilenagaitik: Aurretik itxura bat emon eta ostenditik edozer esan.

Toponimian, leku-izenetan ez da horren ugaria oste atala, izen konposatu baten bigarren osagai gisa. Baina ezagunak ditugu batzuk horraitino. Atxoste bazter itxita be, horreetarikoak dira Urioste (Ortuella), Maloste (Errenteria), Oloste (Barrutia, Arratzu), Ortuoste, Elexoste eta hainbat gehiago.

Espazio eremutik denpora eremura erraz joten dabe hitzek. Bertan edo bertatik dinogunean, ez da beti han edo handik, ezpada orduantxe momentuan, derrepentean be izan leiteke. Beste hainbeste jazo da oste horregaz be. Izen kategoriaz oste, geroa edo denpora erreferentziaz ondokoa adierazoten dau, erromantzeetako hitz eratorri askotan, post latinoa aurretik dala hainbat sortu izan diran modura. Ondorioa edo konsekuentzia adierazoteko be sarri darabilgu. “Egin dozun beharrak ostea ekarriko dau” esan daroagu, horrek bere ondorioa izango dauela aditzen emoteko; gehienetan, oste txarra izan doa.

Izen konposatu multzo baten atze-osagarri modura darabilgun askotan be, jarduera baten ondoko, geroko zerbait adierazoten dauela darabilgu oste. Halan, janari kontuan, bazkaloste, afaloste (bazkari eta afari izenen gainean). Leku batzuetan eguerdia ohi deritxo bazkariari, eta horretatik eguerdiostea. Eta jan aditz partizipioaren gainean eregia dogu janoste be.

Gudu zital bat izan genduan lehengo mendearen lehen partean, eta haren osteak kaltegarri suertatu ziran euskaldunontzat. Gerraostea berban-berban erabili izan dau aho-mihinean gure aurreko belaunaldiak, beste batzuek gerraondoa eritxena adierazoteko.

Domeketan eleizara meza entzuten joateak, gaur baino lehen eragin sakonagoa eukan gure gizartean. Eta mezea entzun ondoren, erreferentzia jakina zan mezaostea, herriko tabernan ardao zuri batzuk hartzeko baino ez bazan be.

Eta jai giroan be badira usu agiri diran erabilerak. Dantza ostea dogu horreetariko bat. Eta jai-eguna igaroa danean, gogorra izan ohi da batzuentzat hurrengo eguna, hau da, jaiostea. Eta endemas lo gitxi egiten bada eta gorputzaldi txarrak badirau biharamonean. Jaiostean gorputzaldi txarraz dagoanagaitik esaten da ostea daukala, biharamona edo ajea esaten dan legetxe.

Baina euskal hiztunak berez-berez, edozein izenegaz era librean eregi leikez denpora-eremuko konposatuak. J. Mateo Zabalaren esaldi bi, horren erakusgarri. Bata: “Ez ibili bere ardangelan (tabernan) sartuten: sermoi osteko berbeteak eta barriketeak, sermoian artu zan biotzeko berotasuna eta samurtasuna galarazoten dau”. Bestea: “ze ikaragarrizkoa izango dan eriotza ostean Jaungoikoari emon bearko deutsagun kontu estua!”.

Postposizino kategoriaz be guztiz ezaguna da ostean denpora zentzuaz. “Nekearen ostean poza”, XVI. mende hondarreko RS errefrau bildumako 41garrenaren esana.

Aditz partizipioari darraiola, ia beti eta juntagailua lokarri dala, euskera modernoan behintzat zabal dabilen egitura da, Uribe merindade zaharreko lurraldean behinik behin. Hiru adibide: “Zu ikusi eta ostean hasi da barreka; lehenago ez”. “Nik etxetik urten eta ostean joko eban telefonoak, ze neuk ez dot entzun”. “Jan eta ostean egingo dogu berba.

Emendiozko juntaduraren lekua beteten dau ostean postposizinoak -z/-az atzizki instrumentalaren ondoren. Egitura ezagunak dira hazaz ostean eta honen hurbilak: honezaz ostean eta horrezaz ostean. Edota aditz jokatuaz, -naz ostean egituraren bidez: “Emon dogunaz ostean, hondino gehiagoren eske daukaguz”. Gaur ez hainbeste, baina gure klasikoen aldietan geure-geureak izan doguz egiturok, eta hizkera jasoan gaur be guztiz gomendagarri dira, erderazko “además de” preposizinoaren ordainetan erabilteko.

Esamodu edo lokuzino bat be ezin aitatu barik itxi lei, bizi-bizi daukagu oraindino be, harridura-ingurune jakin batzuetan. Juan Antonio Mogelek txito eban begiko esapide hau, lekukotasunek darakusenez: “Ze urte eta urte oste!”, “Ze onra eta onra oste!”

Adberbio eta lokailu oste hitzak dituen birrerabilerak, eta hainbako beste gehiago, hurrengo baterako itxiko ditugu. Bego oraingoz honaginoakaz gaurkoa horniduta.

 

 

Iturriko

2017-07-07

Esatekoak 0
Ikusita: 219