kontaktua
2017.09.29

Sanmigelak gure artean

Irailaren 29an San Migel ospatzen da gure herrietan. Markinan, kasurako, egun horren inguruaan dantza berezi bi egiten dabez: Xemeingo ezpata-dantza eta Mahaigainekoa.

Arretxinagako ermitea berezia da. Barrualdean monumentu bitxia dauka, alkarri eusten deutsien hiru harritzarrez osotuta. Harriok dirala-ta teoria, siniskera eta interpretazino ezbardinak dagozan arren, inok ez daki ziur zer diran. Harrien erdian dago santuaren irudia. Esaerea da, neska edo mutil-laguna bilatu gura izan ezkero, harri-multzoari hiru buelta emon behar jakozala erdiko zulotik igarota.

Meza ostean Xemeingo ezpata-dantza egiten da San Migel egunean. Lehenago, antza, Gorpuzti egunean egiten zan. Dantzariak konsejupetik urteten dira plazara. Gaur egun hamabost dantzari izaten dira: kapitaina edo “maisu-zarra”, lau dantzari ezpata laburrakaz, eta beste hamar ezpata luzeakaz.

Dantzariak zuri-gorriz jantzita doaz. Apaingarri modura San Migel Goiaingeruaren eta Xemeingo armarriaren kutunak ipinten dabez. Kapitainak loredun txaleko marroia eroaten dau bereizgarri lez.

Dantzariek irudi berezia egin eta kapitaina ezpaten gainean hartzen dabe. Goian daukiela, kapitainaren eta ezpata laburdun dantzarien txanda izango da. Horixe da dantza honen berezitasuna.

Gauerdian beste dantza-saio bat egingo da, Mahaigainekoa. Udaletxe zaharreko plazatxoan batzen da jentea, txistulariak harrera egin eta gizonezko dantzariak plazarantza datozenerako.

Lehenengo aurreskua edo soka-dantza egingo dabe, herriko neskak plazara aterata. Gero dator Mahaigainekoa. Horretarako egurrezko mahai handia, jesarlekua, ardau-pitxarra, edalontzia eta farola jartzen dabez plaza erdian. Dantzariak, oraingo honetan neskak eta mutilak, hasi aurretik buelta bat egiten deutsie ermiteari. Aurrean doanak, kapa eta guzti jantzita, alkatearena egiten dau, eta ilintia daroa eskuan.

Txistularia joten hasten danean, dantzarietako batek, mahai gainera igon eta baso bete ardau edaten dau. Jarraian, dantzari guztiek Horra hor goiko kantua abesten dabe.

Horra hor goiko 
harestitxu baten
kukuak kumeak 
egin dozak aurten,
kukuak egin, 
amilotxak jan
haxe bere kukuaren

zoritxarra zan.

Eta holan danak igaro arte. Dantza-saioa biribilketeagaz.

Esatekoak 0
Ikusita: 81
2017.09.22

EZETZ irabazi! Ondu BAIETZ!

Adierazpen bat egiatzat edo guzurtzat joteko, euskeraz ditugun hitzik zuzenenak laburrak, monosilaboak dira, beste hizkuntza batzuetako antzean, bai eta ez. Ez dirudi inguru-hizkuntzetako hitzekin zerikusi handiegirik dabenik, ez jatorriz ez ikutuz. Beste edozein hizkuntzatan baizen funtsezkoak eta preminazkoak ditugu hitzok euskeraz.

Sarritan bakarrik darabilzguz: “Bai, arrazoi dozu. Ez, ez dozu arrazoirik”. Baina era batera edo bestera aurrizki gisa itsatsi edo erantsi izatera etorri jakuz: “Badakigu arrazoi dozuna. Bada edo ezta”. Ez ukapen-hitzaren kasuan, aditzetik banandurik idazteko araua finkatu da euskeraz, nahiz eta ondo jakin, hiztunontzat hitz erantsia dana: ezta, eleuke, etzan, eneuke, etxako eta horreen antzera ahoskatzen ditugun hainbat adizkitan ohartu geinkenez.

Idatzi honetan, bai eta ez barik, baietz eta ezetz ditugu jardungai, hau da, oin-hitz bi horreen eratorriak, -etz atzizkia lagun dala. Euskal idatzi zaharrenetarik agiri dira baietz eta ezetz euskeraz. Pirinioz beheitian batez be, Iparraldeko tradizinoan bakanago.

Bai edo ez zeharka edo zeharbidez adierazoteko garatu dira euskeraz baietz eta ezetz, mende-perpaus osagarri baten funtzinoa beteten lez, erromantze-hizkuntzetako que konjunzinoaren ordeak hartzen dituala. Mende-perpaus betekizun horrek baldintza dau aditz nagusi baten mende egotea. Aditz hori gehienetan agirian egongo da: Baietz dino. Ezetz uste dau. Beste batzuetan eliditurik egon daiteke, baina esaldiaren azpian beti datza aditz nagusia. Sintaxiaren aldetik baietz, ezetz erantzun-hitzek aditz nagusi horren osagarri zuzenaren funtzinoa beteten dabe.

Mendekotasun hori baietz/ezetz hitzak bere soiltasunean beteten dau ia beti: Baietz esango neuke. Ezetz pensau lei. Elipsiaren indarra sekulakoa da hitzokin sorturiko perpausetan. Normalean mende-egitura horren barruan beste osagairik gitxitan baino ez da agertzen. Erabilgune ohikoenetariko bat, aupada, eztabaida edo desafio girokoa da. Probaketan, idi-buztarri batek berrogei untze egin baditu, esaterako, hurrengoak marka hori: Baietz ondu! Ezetz ondu!, hasten dira aldarrika apostulariak, dirua jokatzen dabenen buruak berotzeko (eta agian boltsikoak hotzitzeko). Izen sintagma edo adizlagunen bat be agertu daiteke esaldi horretan: Ezetz ondu hurrengoak! Baietz irabazi aurrekoari! Ezetz jan osorik! Baietz edan botilakada osoa! Elipsirik zorrotzena, aditzari dagokiona da: mende-egitura horretako aditza partizipio modura (edo aditzoin modura agian lehenago) azaleratuko da; edozelan be aditz joko barik. Agramatikalak lirateke bete-betean: *Baietz dakidala! *Ezetz ikusten dala. Inoiz horrelako okerbideak ikusten dira, erderatik euskerara itzulpen hitzez-hitzezkoa egin gurarik edo. Baina utikan horrelakoak!

Beste ezaugarri jakin bat be gordeten dabe hitz biok mezuaren aldetik. Esaldiaren fokua, galdegaia, eurok hitzok dira beti. Hori dala-ta, esaldi laburretan aditz nagusiaren aurretxuan agertuko dira, ordena neutroa darabilgunean behintzat. Halan Añibarrok bere Voces hiztegian, gaztelaniazko “negar” aditzaren euskal ordaina emoteko honetara dakar: “ezetz esan”, eta ez atzekoz aurrera. Aurre-posizino hori gordetan beti da errazago izan be, perpaus nagusiaren barruan mende-egitura hori laburra izan da; gehienetan baietz edo ezetz beste barik, edo luzeagoa izan ezkero be, aditz partizipioa edo izen sintagma egituraren bat, gehienez be. Horrexegaitik beharbada, gaurko hizkera mintzatuan ezeze, tradizinoko idatzietan be maiztasun handiz agiri da aditz aurreko leku horretan. Klasiko biren lekukotasunak: “Baietz bada, ondo egoala!” (J. Mateo Zabala). “Baina ez naz azartuten baietz esaten, ondo pensau bagarik” (Frai Bartolome).

Horrek ez dau kentzen, bai berbaz, bai tradizino idatzian, aditz nagusiaren ostean agertzea sarri hitz markatu biok. Hori jazoten danean, intentsidade berezia hartzen dabe hitzok. Berbaz normalak dira: Esan dau ezetz, ez datorrela. Dino ze baietz, etorriko dala. Mende-egitura barruko ordenan be aditz partizipioa lehenengo eta baietz/ezetz ostean sarri be sarri entzuten da. Lehen aitatu dogun aupada, joko edo eztabaida giroan nork ez ditu esan edo entzun honetarikoak: Ondu baietz! Irabazi ezetz!

Idatzizko tradizinoan be atze-erabilera hau ohikoa da. Mogelen alegietako hau, kasurako:

ta itandu eutseen bere umeai, idia beste ete zan? Eranzun eutseen ezetz, gitxiago bere”. Edo Frai Bartolomeren beste hau: “Ta andi gerotxuago itandu eutseen arima-erosleak guztiai, ea zaldia erosten dabenak, kabuak berak ez dituan. Erantzun eutseen ordiak, baietz.”.

Oraingoz bego hona arte gai honezazkoa. Hurrengoan daragoiogu astitsuago.

Iturriko

2017-09-22

Esatekoak 0
Ikusita: 54

Ikusita: 40
2017.09.15

DAUTSALA, DARIOLA eta NAKION aditz izoztuen bizirik irautea

Aditz batzuk euren aditz-jokoa guztiz galtzera, edo joko murriztua izatera edo adizki zaharkitu batzuen bidez euren errastua ixtera ailegatu dira hizkuntzaren ibilian. Aditz batzuen adizki zaharkitu batzuen gainean argibide batzuk emotera gatoz oraingoan.

Aditz zahar batzuen joko trinkoa modu normal batez heldu da gaurdaino, batez be oraineko jokoan, gitxiago iraganekoan, eta hainbat urriago alegiazkoan. Baina beste aditz batzuen jokoari jagokozan adizkiak –berez aditz-jokoaren paradigma osorik edo ia osorik beteteko gaitasuna dabenak–, mintzairan, hiztunen berbeta bizian hitz izoztu izatera etorri dira, fosilizatu bihurtzera, hitz lexikal aldakaitz bilakatzera. Ez beharbada euskerearen hizkera guzti-guztietan, baina bai euskera-eremu zabaletan. Adizki fosilizatuok aditzaren joko diranik be ez da sarri hiztuna konturatzen; era lexikalak dira hiztunarentzako soilik, lexiko-errepertorioko hitz autonomoak. Hala eta guzti be, hiztegietan ez ohi dabe gehienetan sarrerarik, arau mailan autortzen ez jakelako lexikalizazino gradu hori.

Adizki gitxi batzuetara mugatuko dogu oraingo jarduna: dautsala, dariola eta nakion.

Eutsi aditzaren jokoa –ez aditz laguntzaile legez emon deutsut edo eroan deustazu moduko aditz perifrasietan sartalde euskeran darabilguna–, ezpada bere esangura propioaz aditz autonomo edo beregain gisa dogunekoa– era murriztuan baino ez da entzuten, hondino bizi edo erdi-bizi dan lekuetan be: dautsala. Ermitea txorretxeari dautsala dago. Txarritokia etxeko hormeari dautsala dago izan leitekez gaur egun hondino entzun leitekezan erabileren adibide. Dautsala egon lokuzino bihurtu da, bat eginda, erantsita edo inkauta dagoala esateko.

Baina badauka beste adizki bat be, finkaturik iraun zain dauena: “Autso!” esaten da hitanoz hainbat lekutan, zuka “Eutsi!” esaten danerako, gipuzkera eremuan “Tori!”. Zer dan kontua, gero! Autso eta Tori, biak dira sortzez hi edo to tratamentukoak. Biak inperatiboak, aginte erako formak.

Autso edo autsa adizki zaharren azpian “agarrar, sujetar” esangurea dago, honako errefrau zaharrean argi agiri dana: “Autso Txordon artz orri, ta nik iñes daida” (RS 422).

Eutsi aditz trinkoaren joko zaharra intransitiboa zan: nor/zer-nori/zeri erakoa. Eta autso aginteera-adizki horren egitura hori da, hain zuzen: hi hari autso. Mogelen denporan be ez egoan guztiz hilda adizki trinko honen argumentu-egitura zaharra: “Korkamistea ta oni dautsazanak”.

Mogelek bere alegietariko baten beste pasarte hau darabil: “Autsa ogi zati bat!”, “hartu, eutsi, tori” esangureaz. Bigarren honetan nori-nork egiturako bihurtu da aditzaren erregimena: hik autsa ogi zati bat.

Txakurra norbaiten kontra xaxatzeko be, txakur horri otxa! edo otsa! esatea be hondino entzuten da hainbat lekutan: Otxa hori ez da besterik, autsa aginteerako adizki zahar berbera baino, harean desitxuratuta.

Erion edo jarin aditzaren jokoaz sortua da dariola adizki adberbiala, eta berori da dirauen bakanetarikoa, sarriroen isurkari edo erdi isurkari izaerako izenakaz (negarra, malkoa, odola, bitsa, izerdia, txiza, mukia, kaka), gasezko edo usaimenezko izaerakoakaz (kea, hatsa, uzkerra, kiratsa, usaina) edota osterantzekoakaz. Gaitzespen esangurako izenakaz sarriago, baiespen zentzunekoakaz baino (poza, irribarrea).

Denporan atzerago joan ahala, beste adizki batzuk be loratzen dira, batez be herri literaturako generoan. Dario adizki soila, 3. perts. sing., Kandelarioetako errezitadu ezagunean: Kandelario, lario, hatxari ura dario… Balada azpigeneroan be, harako “Orbelak airez aire” dalakoan, erion iraganekoa gorde da ondoko koplan: “Ha ez zan ulia, / ezpazan urria, / ulondo bakotxeko / erion perlia” (Orozkoko bertsino bat). Zeanuriko bertsino baten erion hori erinoz desitxuraturik kantetan eban lekukoak; adizki zuzenaren esangurea lausoturik egoan seinale.

Literatura idatzian beranduagora arte iraun dabe, oraineko ez eze, iraganeko adizkiok, baina 3gn pertsonakoak ia beti. J. Mateo Zabalaren hau lekuko: “ta begi bietatik zara-zara eriozan negar anpullu [malko] gozoak”.

Dariola hau, balio figuratiboan erabilitako hainbat izenegaz bihurtu da emonkor, dana dalakoa dariola egotea, persona batek larregiz edo ugariegi isurtzen dauen edo daukan zerbait adierazoteko. Adierazkortasun apartekoa irabazi dau dariola honek balio figuratiboz erabilitako izenekin batera. Eta ez bakarrik literatura idatzian; ahozko berbetan gehiago aurreratu dala esango neuke. Izen materialak dira batzuetan: dirua, urrea, baina inmaterialak sarriago: sua, haserrea, berbea, lotsea, guzurra.

Zerinakio da aditz jatorriko beste hitz bitxietariko bat. Zerinakio egon, “zer egin jakin barik, zeri edo zein zeregini heldu edo oratu jakin barik” adierazoteko erabilten dan hitz adberbiala da. Hitz konposatu horren oinarrian zeri nakion mende-perpausa dago, zeri ekin edo zeri ekin deiodan (ez dakidala) adierakoa, baina nakion lehen pertsonako adizki trinkoaz eregia. Azkuek Gernikan entzundakotzat dakar bere hiztegian: “Ementxe naukazu, zeri nakio” (V-ger), geroago itzulita eskeini ebana (Euskera 1934 (II): “aquí me tiene usted sin saber qué hacer, litm. a qué me dedico”. Gernikaldean neuk ez dot entzun, baina Bermeoko erabileraren lekukotasun bardinbagea eskeini deusku Begoña Bilbao biltzaileak: “zeri nakion hasi ta gero dana akaba”, “zeri nakion zeri nakion, jan eta jan eta biberak akaba”, “hemen zagozan arte, zeri nakion jertsea egingo deustazu”, “aiuntamentuan be halan egoten dira, zeri nakion” (Bermeoko euskara. Lexikoa eta esamoldeak, 2002). Eta bizkaierarik sartalderengoan be J. Manu Etxebarriak lekukotasun bikainak eskeini deuskuz Zeberio aldetik: “Zeri nakio dagozala, norantza hartu ez dakiela, katu bat ikusi euden pago baten adapoan miau baten” (Gorbeiako Ipuinak 1), “Mariano zaharra be etorri jakun tartera han etxean zeinakio egon barik arrasti guztian” (Gorbeiako Ipuinak 2). Nakion adizkia –n menderagailu barik finkatu da lexikalizatu danean. Adizki honetan ohargarria da, bestalde, lehen pertsonaren gainean izoztu dala; hiztunak bere buruaz balihardu lez gorde dala hitz lexikala.

Ekin aditzaren adizkiak aginteera eremuan gorde dira batipat. Nakion horretan be agindu-mezu hori dago norbere buruari buruz: hasi naiten, ekin deiodan.

Azkuek Tolosan jasorikotzat eskeintzen deusku beste adizki bat, 3. pertsonakoa: Dakiola, gaztelaniaz honetara itzulita: "Dakiola, que siga trabajando".

Denporan atzera eginda, Mogelek behin darabilen gakiozan adizkia be gogoan hartzekoa da; hau be, aginteerakoa eta 1. pertonakoa, baina pluralez emonda: nakion singularraren plurala: “Gakiozan aurrera!” darabil idazle markinarrak, “segidu daigun aurrera” gaur esango gendukena adierazoteko.

Hakio aginteera adizki soila dogu azkenik: hi pertsonari zuzenduriko agindua. Denporan XVI. mendera atzeratuta, birritan gitxienez bai agiri da errefrau zaharretan, beti be agindu balioaz: “Ar ezak maiatzean auntz baltzaren eznerean, / ta akio beti betsegien eznerean.” (RS 411), “Adin onari akio. / Emprende lo razonable” (Garibai).

Eta amaitzeko, Mogelek bere Nomenklatura-n, hitz-zerrendan berezitzat dakarren berba bat gogorarazo. Honetara dakar: “Sarrakijua sartu: Meterle el judío en el cuerpo”. Sarrakioa, sekulako bildurra adierazoteko, ez da besterik, sar hakio aditzaren nominalizazinoa baino: bildurra, izua, ikarea sar hakio. Kasu honetan hakio ez da adizki trinkoa; aditz laguntzaile gisa erabilirik dago, baina aditz bera funtsean. Ez beki sarrakiorik gorputzean sartu behintzat eta ez gaitezan laudardar jarri.

Iturriko

2017-09-15

Esatekoak 0
Ikusita: 226
2017.09.08

BAINO juntagailu aurkari gisa

Euskeraz, arau mailan behintzat, baina eta baino garbi bereizten ditugu, juntagailu  kategoriakoak eta adbersatibo edo aurkaritza sailekoak diranean, gaztelaniaz “pero” eta “sino” egiten diran legetxe –edota alemanez aber eta sondern banangoak diran legetxe–. Beste hizkuntza batzuetan, ostera, juntagailu marka beraren azpian bilduak dira aurkaritza mota biak, aurkaritza mugatua edo murriztua adierazoten dabenak (baina) eta guztizkoa edo absolutua adierazoten dabenak (baino, baizik).

Baino markak juntagailu aurkari gisa dauen betekizuna dogu hemen aztergai. Izan be, jakina da baino markak beste eginkizun garrantzitsuago batzuk dituala euskal gramatikan, sintaxi zein semantika mailan.

Eginkizun nagusia, konparazino marka gisa, -ago … baino egituraren barruan: Belea ez da dan baino baltzago egingo, esaera ezagunean daukaguna, adibidez.

Bigarren eginkizun indartsu bat, ezezkako perpausetan ohi daukana da, batzuetan besterik markaz lagundurik, beste batzuetan bere soilean erabilirik. Bata: Dirua baino besterik ez eukan. Bestea: Baserriko arrautzak gura badozuz, bila etortea baino ez daukazu.

Baina euskeraren sartaldean baino marka, baizik juntagailuak aspaldi zaharretik hartua eukan aurkaritza balioa adierazoteko sartu zan hor XVIII. mende beranduan, eta testu idatzietan apurka-apurka burua agertzen hasi zan, eta denporearen puruz indarra hartzen eta eremua irabazten joan da.

Baizik marka, baizikan eta baizik eta aldaerakaz, ekialdekoa da funtsean, ekialdekoa eta erdialdekoa, gipuzkera eremuan be ondo sustraitua baitago, nafar eta Iparraldeko eremuez ostean. Baina sartaldean bakan edo guztiz mehats erabilia da (eta izan da) baizik, edozein baliogaz dala be.

Sartaldeko gure klasikoen artean, aurkaritza absolutua markatzeko agiri dan marka nagusia, eta beharbada ugariena, ezpada dala esan daiteke, gaztelaniazko sino markaren ordain gisa; funtsean gaztelaniazkoaren kalko garbia. Mogelen alegietako esaldi hau lekuko: “Au ez da bizi izatea, ezpada beti eriotzearen atzamarretan ibiltea”. Edo idazle berorren doktrina luzeko beste hau: “Ez dira artuemon oneek zuzenak eta garbiak, ezpada nekezale askoren ondagarriak”.

Bada bigarren marka bat, gramatiketan gitxitan baino aitatzen ez dana, baina gure tradizinoan –eta gaur egungo berbetan be baietz esango neuke– garbi eta ugari lekukotua dana. Egitura banakaria edo distributiboa daukala esango dogu. Honakoa: /ez + aditza, eta bai + aditza/. Mogelen Peru Abarka-tik jasoko esaldiok egitura honen agergarri adiutuak dirala-ta nago. Bata: “Ez dabil zu legez basatzarik basatza oinetako meiakaz, eta bai zaldi, berak beste urte dituanean”. Bestea: “Ez egizu ekarri saldarik, eta bai katilu bat, ardaoa gero edateko”.

Eta azkenez, bada hirugarren marka bat, baizen (baxen) eginkizun hori aspaldi zaharretik bete izan dauena. Viva Jesus izenburuaz ezaguna dogun bizkaierazko dotrina zaharreko pasarte bi dakardaz hona. Bata: “–Iru Jangoiko dire? –Ez Jaune, Jangoiko bat baxen”. Bestea: “baie eztago guztietan da bakotxean, Jangoiko bat eta Jesu Kristo gure Jaun bat baxen”. Baina baizen markaren balio zahar hori gure ahozko herri tradizinoan be gorde da harenbaten. Dantza-kopla ezagun baten agiria dakart: “Santa Eufemiako zelaidxen / laprast einda jausi nintzen, / ez neuen hazurrik hausi, / gorputza mailatu baxen”.

Baino, juntagailu aurkari absolutu gisa banaka baino ez da agiri XIX. mende hasiera horretan idatzirik. Mogeldar osaba-lobak eta Pedro Astarloa dira erabiltzaile zaharren artean ezagunenak. Mogel zaharrak bizkaieraz zein gipuzkeraz, bietara darabil. “Ez naz ni neskea, neskatila utsa baino” idazten dau behin. “Zenbat alditan predikatu zuen Jesu Kristok, etzala bera etorri legea urratzera, gordetzera baino” idatzi eban gipuzkeraz El catequista vascongado liburuan.

Mende horretan eta hurrengoan ugaritzen eta indartzen joan da baino juntagailu aurkari kategorian. Ez bakarrik idatzizkoan; berbaz edo ahozkoan esango neuke askoz gehiago.

Baino aurkaritza juntagailu lez sartzeak sintaxi mailako aldaketa sakonak be ekarri zituan beragaz. Ezpada eta baizik, juntagailu klasikoak, bigarren esaldiaren aurre posizinoan erabili izan dira gehiengo handiz. Eta horrez gainera, euron erabilerak ez eban eskatzen elipsia aplikatu beharrik; batez be aditzarena.

Baino bigarren esaldiaren atzenean kokaturik agiri da, erabilten hasten dan hasiera bertatik.  Eta bigarren esaldiko aditza, edo haren parte jokatua, guztiz eta ezinbestean ezabatzen da; ezin da agiriratu. Mogel zaharraren aitatu diran adibide biez ostean, beste zaharretariko batzuk aitatu geinkez. Juan Jose Mogelena, bata: “Jangoikoak emondako itxureak ez dau apainduria bearrik, dezenzia baino”. Pedro Astarloarena, bestea: “Ez dira seme bi, bat bakarrik baino”.

Gaur egun, sartaldeko hizkeretan nagusi da baino, eta ezpada, ezpada ze, ezpabe ez baztertuxeago, berbaz oraindino erakusten daben bizitasuna gorabehera.

Erdal kalko sunda hori joan da ezpada horren kaltetan. Baina idatzirako guztiz gomendagarria izan daiteke, baino erabiltea gordinegi dan kasuetarako. Bestetara esanda, baino eta ezpada biak dira alkarren lagungarri edo osagarri; baino egitura laburren juntadurarako. Eta ezpada, bigarren esaldia luzea edo korapilatsuagoa gertatzen danerako. Batek esan lei: Nik ez ditut gustuko esaldi luzeak, laburrak baino. Baina hiztun berorrek, idazteko orduan, ondoko esaldi hau sortu lei: Auto barria ez dot erosi egunero eta hurreko bideetatik ibilteko, ezpada bide luzeak egin edo oporretan joan behar dodanerako.

Berba baten esanda, baino, baizik, ezpada, baizen… bide guztiek garoez Erromara, eta alkarri enbarazu gitxi eginda, barriz.

Iturriko

2017-09-08

Esatekoak 0
Ikusita: 112