kontaktua
2017.12.22

Hile - hileBETE, urte - urteBETE eta BETE hitza erantsitako denpora-izenak

Badira lau urte, Bizkaieraren Ataria dalako honetan idatzi labur bat aurkeztu genduala puntu honezaz (2013-11-29), “Aste eta astebete ez dira bat. Hile eta hilebete bai?” izenburupean.

Ez ditugu ordukoak barrituko. Asmoa, aurrekoan garandutako edukiari zehaztasun eta osotasun puntu bat eranstea da. Izan be, Bizkaieraren Atari honetako aurreko asteko idatzian, bete neurri-izenekin baturik darabilgun eredua jorratu genduan, eta haren osagarritzat nahi genduan oraingoan, denpora-izenetako morfosintaxia gan-gainetik jorratu, beste barik.

Bete hitzak denpora-izen batzuei atzetik dautsela garapen sendoa ezagutu dauela aitatzen genduan aurrekoetan. Aste eta hil/hile ezeze, urte eta ordu dira ezagunenak. Noiz edo behin mende hitzari egokiturik be irakurri dogu. Denpora-izenok aldi-epe zehatza adierazoten dabenak ohi dira: orduak 60 minutu ditu, asteak zazpi egun, hileak 30-31 egun, zezeila salbu dala, urteak 365 egun, eta mendeak (edo sekuluak nahi bada) ehun urte.

Aldi-epe hori estimatiboa danean, gitxi gorabeherakoa, euskereak nekez eransten deutse bete hitza denpora-izenei. Halan bada, egun, gau, goiz, arrats, arratsalde, iluntze… izenak nekez ikusiko ditugu bete lagun dabela.

Aldi-tarte guztiz laburra adierazoten daben denpora-izenekin be ez daukagu bete eransteko ohiturarik. Halan jazoten da minutu edo segundu izenekin, berbarako.

Gatozan sintaxi arlora. Bete hitza, denpora-izenekin batera izen sintagma bat osotzeko darabilgun kasurik gehienetan, determinatzaile zenbatzaile kategoriakoa izan ohi da, neurri-izenetan orohar jazoten dan legetxe. Hori dala-ta bereiz idatzi beharko genduke halan dan guztietan, sarriago batuta ikusten (eta idazten) ohituta bagagoz be. Halan esaterako: Ordu bete bada batzarra amaitu dogula. Aste bete igaro zan alabearen barri atzera jakin arte. Urte betera luzatu da gure alkar ikustea. Añibarrorena da honako esaldi hau: “Ha un año, urte bat da, urtebete da", urte bat banan idatzita, urtebete baturik. Baina kontua da, batean bat eta bestean bete, biak dirala urte izenaren determinatzaile zenbatekoaren aldetik. Biak bereiz idaztea argigarriago litzatekelakoan nago. Besterik da lexikalizazino osoa daukaguneko kasuen idazkera. Badira sagar mota batzuk urtebetak (urtebeteak) deritxenak, berbarako.

Denpora-izenokin mugatzailea (-a, -ak) edo zenbatzaile arruntak (bat, bi) erabili ohi dira batzuetan eta bete beste batzuetan. Semantika mailan be diferentzia dago, sintaxian ez eze. Bete eransten dogunean aldi-tarte osoa markatu nahi dogu, eta eransten ez dogunean denpora-izen horren izendapen soila, neutroa egiten dogu. Zenbat urte dira ikusten ez garala? itaun egiten dogu, eta ez *zenbat urtebete dira?. Lehengo urtean edo datorren urtean esaten dogu, baina ez *urtebetean. Urtean behin eta ez *urtebetean behin. Urterik urtera eta ez *urtebeterik urtebetera.

Urte bete, aste bete, ordu bete ez dira bateragarri beste zenbatzaile bategaz. Izenokin bete darabilgunean, bat eta bakarra, edo bat eta bera osoa esaten gagoz. Bi, hiru, hainbat, asko, zenbat sartzen badogu izen horren sintagman, ezinezkoa da bete sartzea. Ez dira bateragarri.

Frai Bartolomeren ondoko esaldi honek darakus bete, bi, hiru... zenbatzaileen distribuzino erabilera: “Emeti ezautuko dozu, kristinauak, nosbait entzun edo ikusi badozu denpora triste oneetan, urte beteko, biko edo orrenbeste urtetako ezkondu direala, aren ezkontzeak ez dabela balio” (Ikasik. III): urte beteko urte biko, horrenbeste urtetako dira segida horretako egiturak.

Hilebete da zerrenda horretan salbuespena, beste denpora-izenotatik apur bat hastantzen dana. Lexikalizatze gradu altuagoa dauka berba honek. Zenbatzaileakaz bateragarri izan ohi da, ekialdean ez eze, sartaldeko euskeran be. Errazto esan edo onartuko gendukez honetariko egiturak: Zenbat hilebete da...? Hainbat hilebete da. Orain dala hiru hilebete. Bost hilebete ez dira...

Baina hilebete hitz hori sintaxi aldetik hile bat = hile bete izatea lez da izen sintagma bere soilean, bakarrean, osotzen dauenean. Sartaldeko euskeran behinik behin ez dau –a/-ak onartzen, ez eta –ik partitiborik be. Hilebete da azkenengoz alkartu ginala. Hilebete ez da deitu neutsula. Sartaldean ez dogu esaten ez idazten: *Hilebetea da... edo *Hilebeterik ez da... Bai, ostera: Hilebete da, hilebete ez da...

Kasu-marka bategaz darabilgunean be, mugatzaile barik: Ordu betegaz nahikoa dozu azterketa egiteko. Ordu beteren aldea egon da bien artean. Ordu beteri erdia kendu ezkero, beste ordu erdi geratzen da.

Adjektiboaz lagundurik bai erabili leiteke, eta orduan ezinbestekoa da mugatzailea onartzea: Hilebete osoan egon naz zu ikusi barik. Izenlagunaz lagundurik ez dogu erabilten, ostera: *Lehengo hilebetean, *Pasan dan hilebetean ez ditu sartaldeko hizkereak onartzen; horrelakoetan hile izen soila (lehenago hil esaten zana) darabilgu: Aurreko hilean, igaroko hilean, zezeileko hilean.

Berba baten esanda, sartaldeko euskaldunok garbi bereizten ditugu hile (hil) eta hilebete erabilera kontestuen arabera. Idazkeraren aldetik, berez, bete horren papera determinatzailearena danean izenetik bereiz idaztea legokio; hau da, hile bete, eta lexikalizatze sendoagoa dauenean batuta: Hamar hilebetean alkarregaz berbarik egin barik egon dira. Baina ez dakit bereizkuntza hori, sintaxi mailan garbia dana, idazteko orduan nahasgarri eta ilungarri ez ete litzateken.

Baina sakon-sakonean, urte – urte bete, aste – aste bete, ordu – ordu bete izen bikoteen artean dagoan diferentzia berbera dago hile – hile bete izenen artean kontesturik gehienetan, eta semantika aldetik be.

Hile bete da alkar ikusten ez dogula esatetik hile bat da alkar ikusten ez dogula esatera dagoan aldea zein da berez? Hile bete horregaz hile osoa adierazoten dogula, hasieratik akabura: hilearen denpora-iraupen osoa kontenplatzen dala, hile (hil) horrek izendapen soila adierazoten dauen bitartean.

Hile hitza denpora-erreferentzia puntu lez darabilgunean, hile soila ohi darabilgu. Igaroa bada, honango esapideak darabilguz: lehengo hilean, pasa dan hilean, igaro dan hilean, aurreko hilean edo pluralean: aurreko hileetan, lehenagoko hileetan…

Etorkizunari buruz ari bagara: datorren hilean, hurrengo hilean, edo pluralez, geroko hileetan, hurrengo hileetan… Eta presenteaz badihardugu: oraingo hilean edo hileon.

Denpora-izenok, bete lagun dala darabilguzan egitura gitxi batzuk garanduko ditugu ondoren. Geroari begira, etorkizun hurrekoaz dihardugula, sarri agiri da barru enklitikoa: Hile bete barru, aste bete barru edo ordu bete barru. Mogelek barru hau, bai etorkizunari, bai iraganari buruz. Lehenari buruz: “Berreun [azeri] baino geiago artu ditu urte bete barru”, gaur behar bada, urte bete barruan esango gendukena. Geroari buruz: “egin zaite euskera irakurten, ta urte bete barru urtengo dozu euskaldun”. Lehenari begira, baino lehen, baino lehenago legezko egiturak: urte bete baino lehenago, urte bete orduko, urte bete baino arinago eta abar.

Aldi-tarte zehatza adierazo arren bete horrek, denpora-tarte hori luzatu edo laburtu egin daiteke egitura konparatiboen bidez: urte bete baino gehiago da… aste bete baino gitxiago da…

Garren postposizino dogunean be izen + bete egitureagaz erabilten dogu: Handik aste bete garrenera, hile bete garrenean jakin zan, ordu bete garreneko amaituta egon behar dau.

Gure klasikoen artean egitura bitxiagorik be irakurten da behin edo behin, eta horrexetariko bategaz akabua emon gura geunskio gaurkoari. Mogelen esaldi honi errepara deiogun: “egin dagiela urte guztian egunoro ordu bete orazino” (CO 218). Ordu bete izen sintagma hurrengo datorren izenaren (orazino) zenbatzaile dogu hor, denpora-iraupena markatzen dauen zenbatzailea. Horretarikoak bakan agiri dira gure testuetan, baina gramatika-logika garbia gordeten dabe. Beste izen bati laguntzen agiri diranean, askoz sarriago aurkituko ditugu izenlagun modura erantsita. Mogelen beraren adibidea dogu hurrengoa be: “ta goazan orain urrengo olara, noraino daukagun ordu beteko bidea” (Peru Abarka).

Urte zaharra joango da. Urte barria etorriko. Baina aste bete barru gagozala Bizkaieraren Atarian barriro!

 

Iturriko

2017-12-22

Esatekoak 0
Ikusita: 552
2017.12.15

Kolko BETE, arra BETE, basu BETE, esku biak BETE… leku-neurri eremuan

Bete hitz askotakoa dogu euskeraz. Hiztegira begiratu bat egitea baino ez da behar, berba honen aniztasunaz eta polibalentziaz ohartzeko. Aditz kategoria danean, bete hitzak itxura irregularra dau zelanbait, erre aditzak lez; bestelako aditzetan ditugun –tu, -i, -n edota –o amaieretatik urrundua. Baina aditz izaera osoa ohi dauka: bete dau aspektu burutuaz, beteten dau aspektu burutugabeaz eta beteko dau etorkizuneko aspektuaz. Adibide adierazgarria da bete aditzak jan-edan eremuan dituan erabilerena. Esaera atal bat: “Gabon, bon-bon, Natibitate, ase ta bete”, non ase eta bete aditzak sinonimo gisa erabilirik agiri diran. Lorratz berean, bete-bete egin aditz lokuzinoa, jate zein edate kontuan larregizkoa aditzen emoteko.

Aldaera nagusi bi garatu ditu egitura erregularren analogiaz, betetu eta betatu; biak aspaldi-aspaldirik. Betetu, hondino be bizi-bizi dagoan aditz itxurea (Mungialdeko berbetan, berbarako), eta betatu, berariaz idatzi zaharretan agiri dana, XVI. mendeko errefrau honek gogorarazoten deuskunez: “Dindika murkoa betatu doa” (RS 94).

Aditzaz ostean, adjektibo kategoriaz dau seguruen bete hitzak erabilerarik zabalena. Ondoko herri-berbeta formulea testigu: “Osasuna, bakea eta lapiko ondo betea”.

Adberbio kategoriaz, dauen erabilera be ugaria baizen emonkorra da. Kantitate esparruko adberbioetan agiri da berariaz. Bete, bere soilean batzuetan, eta beterik, -rik atzizkiaz adberbiotasuna markatuago dauela sarri-sarri: “lapikoa beterik dago”. Inesibo kasuan be ez gitxitan, betean: “Alboz-albozka bideak betean joan da etxeruntz” esaldian. Aitatzea merezi dau hemen, itsasertzeko herrietan ezaguna dan “betien bete”, “beten bete” lokuzinoa –betearen bete ete dan nago era landuan, edo behar bada, betean bete‑, Augustin Zubikaraik idatzitako ondoko pasarteak argiro darakusanez: “Autobusa betien bete doa Ondarroatik Bilbora”.

Gaurko idatziaren helburua, baina, bete neurri-izenakaz darabilguneko egiturez gogoeta egitea da gehiago. Hau da: plater bete, platera bete, plater bi bete… ereduko egituren gainean jardutea. Bete, aurreko sintagma egituron barruan determinatzaile kategoriakoa dogu, zenbatzaile zehaztu erakoa. Funtsean, bat zenbatzailearen ordeak hartzen ditu izen sintagman, zenbateko edo neurri osoa adierazteko, erdi hitzak neurri osoaren erdia adierazoteko egiten dauen antzera: botila bete ardao, botila erdi ardao. Bete horrek determinatzaile lez daukan berezitasuna, bat, bi edo erdi zenbatzaileen aurrean, neurri eremura mugatzean datza; horretarako berenberegi garatu da euskal hizkuntzaren barruan. Euskerearen sartaldekoa da askoz gehiago egitura hau, ekialdekoa baino. Erdialdeko hizkeretan be erabilia da.

Bete det. zenbatzaile kategoriako marka izatera beranduago heldu da, itxura guztien arabera, aurreko kategorietara baino. Bete izan, egon, euki... aditz lokuzino ereduetatik garatua dirudi bete zenbatzaile horrek. “Lapiko ezin dana estalgi litzate, ze edozeinek dauko bere lekua bete” aipu dau errefrau zahar batek (RS 69). Baina edozelan be aspaldi-aspaldikoa dogu, XVI. mendean bertan be agiri ditu honezkero sustraiak.

Denporearen eremu semantikoan goiztarrago izan dala dirudi beste neurri-eremuetan baino (bolumena, luzera, pisua…). Hilabete konposatu zaharra dogu euskeraz, eta urtebete eta beste batzuk be antzera.

Guztiz interesgarria dogu bete hitzak izen konposatuen eraikuntzan euki dauen papera, izan be, konposatu egiturok baitira bete det. zenbatzailearen kide zuzenak. Azkue hiztegigileak seinalatu eta berariaz aitatu eban eraikuntza hau. Horrela sortuak dira, neurri-kontzeptu jakinen adierazle diran atzbete (pulgada) eta oinbete (pie). Baina soka horretakoak dira, era berean, besabete (besoaren neurria), gizabete (gizaki baten goi-behe neurria) eta beste gehiago.

Lexikalizatze osora helduak dira horreek eta denpora eremuko hilabete, berariaz aitatzeko. Baina gramatikaren aldetik aparteko garrantzia dabe bete horrek izen, izen multzo edota izen sintagma osoei darraien egiturek.

Izen mugagabearen gainean: etxe bete lagun. Izen mugatuaren gainean: bazterrak bete lagun. Determinatzaile bikotxaz: kamioi bat bete harri.

Izenordainen gainean be bizkortasun handia agiri dau bete horrek. Herri-kopla baten berbek aitatzen dabe, urlia “bera beteko kakatzan” sartu zalakoa. Azkuek Urola aldean jasotako egiturea da: “Ni bete baino putzu andiagoa zegoan”.

OEH-k (Orotariko Euskal Hiztegia), sareko oraintsurengo bertsinoak aditzen emoten dau¸ etxe bete gizon eredua (izen mugagabeduna) dala zaharra eta etxea bete gizon eredua modernoa, eta gaur egun bigarren hau nagusi dalakoa. Horko baieztapena da: “Hasta el s. XX el nombre que precede a bete aparece casi siempre en caso absoluto indeterminado; después es más frecuente la forma determinada.”

Esteban Garibaiko eskribau-kronikagilea ez da atzo goizekoa, eta harek jasoa da ondoko errefraua, zerrendako 31.a: «Antonio, etxea bete enkonio. // Antonio, la casa llena de pendencias». Ez da lekukotasun bakarra inondik be. Baina ondorio bat atera daiteke horretatik: izen mugagabeaz zein mugatuaz ditugun egiturak, biak dirala aspaldikoak, testu corpusetan bata bestea baino ugariagoa izateaz aparte.

Baina gaur egun izen mugatuaz ugariagoa dala epaitzen be ez da hain erraza. Idatzizko corpusak aparte, hizkera batzuetan batera eta beste batzuetan bestera erabilten da. Toribio Etxebarriak Eibarko bere lexikoian bitzutako adibideak dakarz: a) mugatuaz: “neri ontxia bete, horri erdia”; b) mugagabeaz: “Arra bete falta dau erreiarako”.

Nik esango neuke sintaxi egitura biak koexistitzen dirala gitxi-asko, bete zenbatzailea erabilia dan lekuetan: esku bete urretxa eta esku biak bete urretxa, poltsiko bete intxaur eta poltsiko biak bete intxaur.

Determinatzaile bikotxa agiri da beste sintagma egitura batzuetan: izenari bat bete darraiola. Esaera ezagun baten aldaera honek darakus argiro: “Portugalete, / vino clarete. / Erango nuke / baso bat bete”. Edo atzerago jota, Mogelen beste esaldi honek: “katillu andi bat bete ardao bero”.

Aipu berezia egin deiogun luzera edo distantzia eremuan bete honek izan dauen erabilerari, gaur egun behintzat bolumen eta beste eremuetan baizen ezaguna ez dan horri. Edozelan be gogoan izatekoa da eremu horretan dauen tradizinoa eta erabilgarritasuna. Tradizinoan luzera-neurri izen jakinetarako garatu diran atzbete, arra bete, kana bete, legua bete usadio zaharrekoen ildotik, zilegi eta egoki da neurri-izen modernoagoakaz erabiltea be. Lardizabalek, kana izenarekin darabilen kana bete eta hurrengo dakarren kana erdia diferenteak dira sintaxi aldetik. Bete determinatzailea dan bitartean, erdia adjektiboa da gehiago: “Luzean kana bete, zabalean kana erdia”.

Bego gaurkoz honenbestegaz.

Iturriko

2017-12-15

 

 

Esatekoak 0
Ikusita: 434
2017.12.01

DA, DOZU bihurtzen danean

Bizkai euskeran ohartzekoa da edun aditza aditz trinko lez ia aldendu dala hiztunen mihinetatik, inguru sintaktiko eta eremu semantiko markatu batzuetatik kenduta. Sartalde euskeran euki aditzak beregandu dau gure tradizinoan edun aditzak eukan eremu ia osoa. Beste hizkeretan hori ez da hein berean gertatu. Ordezkatze hori sartaldetik erdirantz eta altsika-altsika ekialderantz arloak irabazten joan dan joerea da.

Izan (edun) transitiboaz eregitako lokuzinoetan eusten jako hondino aditz horri. Zor izan aditzaz itaun egin geinke: Zenbat zor dot?, eta erantzuna: Hainbeste zor dozu edo zor deustazu. Baina sakonera jota, dot, dozu, deustazu horreek aditz laguntzaile dira gehiago, aditz trinko baino. Eta iragangaitza erabili ezkero, izan aditza bardin: --Zenbat zor jat niri?Zuri ez jatzu bape zor.

Aditz lokuzino batzuetan, ostera, edun transitiboa erabiltetik euki erabiltera etorri gara. Lehen gogoan izan (edun) esaten ziranak ‑Mogel klasikoak darabilen gogoango dozu jatort gomutara‑, gaurko hiztunok errazago esango gendukez: gogoan euki egitureaz: gogoan eukiko dozu edo akorduan eukiko dozu.

Damu izan aditz lokuzioaz eregia da harako misino kanta ezaguna: Damu dot, Jauna, bihotz guztirik zu nahigabetu izana… Gaur be halan esaten dogu: damu dot edota ez dot damu… hori egina. Baina ezin ukatu, horren paraleloan garatu dala damua euki aditz kolokazinoa be: Horren damurik bape ez daukat. Edota: Zugaz egon ez izanaren damua daukat. Tradizinoan ohikoa izan da esatea: buruan min dot, baina gaur egungo joerea: min daukat.

Gose izan, egarri izan, hotz izan, bero izan aditz lokuzinoen egituraz sorturikoak dira: gose da, egarri dira, hotz naz edo bero zara, baina horreetarikoen paraleloan garatu dira, eta sarritan nagusitu: gosea dauka, egarria daukie, hotza daukat edo beroa daukazu eredukoak be. Guzti-guztiak, gaurko hiztunon joera nagusiaz, euki aditza tartean dala. Bakan eta mehatsago, ostera: gosea dot, egarria dozu eredukoak.

Baina aditz trinko moduan, orokorrean, edun atzeraka joan da eta euki aditzak bete dau haren lekua. Lehenago esaten bazan: Zer dozu buruan, min?, gaur gehiago esaten da: Zer daukazu buruan? Lehen: Non dozu erlojua?, gaur: non daukazu erlojua? Guztiz ez bada be, kontesturik gehienetan, aditz bien eremu semantikoak bardindu ahala, dozu eredukoen lekua daukazu eredukoek hartu dabe neutralizatze bidez.

Baina eremu sintaktiko-semantiko bat bada, dozu eredua baino erabilten ez dana, eta daukazu ereduak lekurik ez daukana: edun-en adizkiek aditz kopulatiboen, lokarri-aditzen funtzinoa dabenekoa. Lokarri-aditz neutroa eta nagusia izan da.

Hartu daiguzan aditz multzo pare bat: bizi izan, agiri izan ereduak. Ama bizi da? itaunari, zein ama zehaztasuna erantsi gura bajako, modu bi dagoz horretarako. Bata izenlagun posesiboa gehituta: zure/zuen ama. Erantzuna: Bai, gure ama bizi da. Baina bada bigarren era bat, gure/zure posesiboa sartu beharrean eta bide laburragoaz, da aditz pertsona-bakarra dozu aditz bipertsonakoaz ordezkatzea. Itaun-erantzunak, bigarren kasu honetan, honetara lirateke: --Ama bizi dozu?Bai, hondino bizi dot ama, urteak euki arren.

Bigarren aditz lokuzinoa. Agiri izan aditz hartuta, esan geinke: Agiri da gaur asteguna dana; arimarik be ez kalean. Baina hurrengo honetan nork zer agiri dauen adierazoten dogu: Berbetan agiri dozu nongoa zaran. Edo ezagun izan hartuko bagendu, bardin: Ezagun da zure ama zein dan, zu solaskidea inplikatuz laburrago esan geinke: Ezagun dozu ama zein dozun.

Da aditz kopulatiboaren lekuan dau iragankorra erabiltearen atzean solaskideen edota hiztun-entzuleen arteko kidetasun, erlazino edo lokarria adierazoteko intentzinoa dago, da erabili ezkero, sarritan nire, zure, gure, haren posesibo-erakusleen bidez adierazo behar izaten dogun berbera. Argitara barri dan biografia bateako paragrafoa: “Patxi Bilbao Asuko ziklista bat zan. Gugaz egin ebazan urte batzuk eta lagun handia neban” (P.M.Goikoetxea Oskar Elgezabal). Lagun handia neban dinoana, nire lagun handia zan esaten ari da.

Eta izan be, aditz kopulatibo funtzinoaz da > dau trukaera, eremu semantikoei dagokienez, gizakion arteko hartu-emonen esparruan erabilten dogu sarrien. Senidetasun esparruan (aita edo ama, semea edo alabea, anaia, arreba edo nebea, osaba edo izekoa, lehengusu edo lehengusinea…), hurrekotasunekoan (laguna, adiskidea) edo antonimoetan (arerioa, kontrarioa) eta ildo horretakoetan.

Hiztunok berez-berez, senak halan aginduta darabilgun aditz kopulatiboen bilakaera honezaz zuhur, labur eta zorrotz hitz egin dauen gramatikarietariko bat, Paulo Zamarripa sondikoztarra izan zan, bere Gramática Vasca-n. Honango ereduak itxi euskuzan idatzirik, euskera ikasten ziharduenentzat erraz-laburrean adibide bidez azaltzen zituala: “--Zer dozu hori? –Aita dot”. “--Zer dozu hori? –Anaia dot”. “Horreek zer dituz Manuk? --Otseinak dituz”. “Horreek zer dabe Manu? --Ugazaba dabe”. “Horreek zer dozuez? --Lehengusuak doguz”. “Manu otseina bazendu, berak ugazaba izango zindukez” (Zamarripa Gram. 222-223).

Adibideotan ikusten danez, singularreko zein pluraleko hiru pertsonakaz erabili daitekez aditz kopulatibook; izan be, nor zer dan adierazote horrek noganako interesa daukan edo noren interesekoa dan, diferentea izan daiteke kasu bakotxean. “Laguna dot” dinoguna, “nire laguna da” esaten gagoz. “Hori arerioa dozu” dinoanak, “zure arerioa da” dinotsu solaskideari.

Beste batzuetan adizlagun benefaktikoaren hurreko balioa dau: norbait guretzat zer dan, pertsona horren gugazkoa, gugazko zerikusia: “Hau nor dogu?“ itauntzen dauenak “Hau guretzat nor da” esaten ari da. Erara dator honen argigarrirako Kardaberaz idazle handiak Euskeraren Berri Onak saioren atzenean dakarren “Andre donostiarraren erretorika” jardun praktiboaren txertatu dituan adizki erabilerok: «Nere jende onak, zer ikusi bear ote degu? Zer eskeini degu au, edo nork egin digu? Oni begira: au nongoa ote degu? Onen patxadari begira! Ea: ken orpoetatik, koartoan bosteko estanpa; ken gure begietatik; ez guri beintzat orrelakorik! Au nor degu? Gu español puru-puruak. Au nongoa dan ez dakigu. Gure aita ta amak frantzesak ziran: baiña gu español garbiak, San Bizenteko pontean bateatuak. Jende onak: au zer degu? Ken ortik! Ai au kontua! Deabruak ikusi du golillarekin astoa.»

Mahai bete bertsolari bazkalostean bertsotan hasi diranean bata bestearen atzetik, behin batek bertsoa egin ezkero, itaundu lei: “Ea, zein dogu hurrengoa?”. Hiztunak, bertsotan (eta entzuten) dagoan lagunarte osoa inplikatzen dau dogu erabilita, da erabili ordez.

Edun-en adizkia erabiltean izan-en adizkien lekuan, adizki “alokutiboak” erabilten gabilz; alkarrizketa, iterantzun edo komunikazino ingurunean dihardugu. Solas giroan, hiztun-entzuleak tartean dirala, erabilten dogu aditz sistema hori. Baina ez, orohar, alkarrizketa girotik kanpo. Hiztuna bera bakarrik (ni) edo ingurukoak barru dirala (gu), entzulea bakarrean hartuta (zu) edo gehiago dirala (zuek), edota aurrean ez dagoan (ha) edo ez dagozan (hareek) entzuleak inplikatuak dirala, orduantxe egiten dogu aditz kopulatiboaren ordezkapena, da izatetik dot/dozu... izatera.

Kardaberaz gipuzkoarraren ondoren, Mateo Zabala bizkaitarraren lekukotasun apur batzuk. Bigarren pertsonakoak, zu entzulea barru hartuta: “Ori eztozu gauza” (Hori ez da gauza zuretzat); “konfesorea dozu arimako medikua” (da zuretzat); “zuk ez jakitea zeure erruz dozu”. Baina hirugarren persona bat, autuaz kanpo dana, ikutzen daben esaldi atributiboak be ez ditu falta gure idazleak: “auxe dau bere betiko laguna”. Ohar bedi, bestetik, dau bere hitz segida horretan bere posesibo bihurkaria agiri dala, benetan erreflexiboa dalako, adizkia dau dalako, da barik.

Eta hiztunak bere burua soilik, ni dalakoa, inplikatzea jazoten da baita, sarriro. Zabalaren hurrengo esaldi biotan, neban horrek nire posesiboa ordezkatzen dau sakonean: “Asko zor neutsan adiskide andi bat neban.” Bestea: “Aita, bada bezerua neban”.

Predikatzen dana, izen bat barik, adjektiboa danean be bardin jokatzen dau sarri euskeraz: Txarrikia txarra dozu osasunerako, laburrean esanda hauxe da: Txarrikia txarra da zure osasunerako. Edo ura edatea dala-ta: “Ona dozu ura, goizetan gibela garbitzeko”, zuretzat ona dala aditzen emoteko.

Irakurle zaituedan guztioi mila esker, gramatika gaiotan idazle nozuen honen partez. Hurrengoan gehiago.

Iturriko

2017-12-01

Esatekoak 0
Ikusita: 558