kontaktua
2018.01.26

ANTZA, HURREN, SEGURU, KONTIZU Ahozkotasunean Probabilidade eta Zalantza arteko marka ezagunak

Perpausaren prozesua zein neurritan dan ziurra edo ez hain ziurra, horretan datza perpaus osoari eragiten deutsien adberbio-markak, era batekoak edo bestekoak txertatzea perpausan.

Aurreko idatzi baten hiru markaren inguruan jardun dogu: ameneko, aurki eta ausaz, hirurak berezi edo bazter erabilera dabenak, bai ahoz, bai idatziz, eta berariaz sartaldeko hizkeretan erabili izan diranak. Baina idatzizko tradizino segurua dabenak, mende bi edo gehiagokoa.

Bigarren idatzi honetan, ahozkotasun mailan sustrai sakona dabenak, baina idatzian moderno antzekoak diranak izango ditugu jardungai.

Adberbio-marken kokaera dala-ta, edozeintzuk izanda be, euron malgutasuna da gogoan hartzekoa; posizino malgua izan ohi dabe perpausan: behin hasieran, behin akabuan, edo behin barruko lekuren baten. Diskurtsoaren senak zelan agindu, hataraxe antolatzen ditu hiztunak (edo idazleak) marka honeek.

Antza, edo aditzaz lagundurik: antza danez, antza dagoanez, antza danetik edo antza dagoanetik, sartalde euskeran, berbeta mailan bizitasun handiz eta beharbada zabalen dabilen marka dogu, “dirudienez, agi danez…” marken kideko modura.

Tradizino idatzi klasikoan ez dau oihartzunik, eta idatzi modernoan be era nahiko mugatuan. Hogeigarren mendeko idazleetan, sartaldeko euskerakoetan, agiri da berariaz: Zamarripa, Kirikiño, Azkue, Otxolua aitatu gineiz gerraurreko idazleen artean, eta gerraostekoetan Lino Akesolo, Felix Bilbao eta beste hainbat. Edozelan be, ahozkotasunetik hurreko literaturan agiri da sarrien eta ondoen lekukoturik.

Esaldiaren atze partean sarri erabilten dogu hiztunok, batez be berbaz: Bai, antza. Ez, antza. Gaixorik dago, antza. Galarrena dakar, antza, ze itsaso partetik ilun dago. Idazle baten lekukotasuna agertzekotan, hauxe bat: “Ezbear au etxeko zurubi edo eskaileratan jazo yakon, baten batek labangarrien bat ipinirik, antza.” (L. Akesolo IG I 358).

Baina esaldiaren aurre-aurrean agertzeko arazorik be ez dauka. Atxakiak ipinten ibili da; antza, ez dau etorri gura. Gure moduan ez dau berba egiten; antza, ez da hemengoa.

Eta barrualdean be bardin agertu leiteke: “Inguru haretan ebilen beste otso batek be hartu eban, antza, zeozeren usaina.” (F.Bilbao Ipuin barreka).

Hurrean, “antza, dirudienez” esangurakoa da gehien baten, berbaz batzuetan, perpaus mailako marka lez, oinarrian daukan “hurbil” leku adberbioaren baliokide izateaz aparte. Eta “segurutik, ziur asko” adieraz beste batzuetan.

Non entzuten dan? Txorierri aldean, Arratia aldean eta Nerbioi aldeko herrietan batez be. OEH corpus-hiztegira joten badogu testigantza bila, bizkaieraren eremu osokoak topau daitekez ia (euretariko batzuk, oker sartuta edo esangura honi ez jagokozanak behintzat), baina, idatziak idatzi, berbaz bizkaiera sartaldera mugatzen dala beronen esparrua esan daiteke, eta sartalde horretan be, Butroialdea bazter gelditzen dala. Txorierri aldea dauela hurrean honek bere paradisua ziurta daiteke, errakuntza handi barik.

Idazle klasikoen artean nekez idoroko dogu marka honen errasturik. Añibarroren idatzietan behin be ez, sartaldekoa izanagaitik, eta J. Mateo Zabalaren bilbotarrarenetan be, noiz edo noiz: “Ain da gatx ardaora emonik dagoana salbetea ze, ezin dala urrean, diño S. Juan Krisostomok, ordi bat ezek bere mobidu ezin leikealako.” (Bermeo).

Zamarripa sondikarrak be aurreko esaldian dauen esangura beretsuaz darabil hurrean hau: “seguru antzean, ziur asko”. Hona Kili-Kili bilduma-liburuan dakarzan esaldi batzuk: “Gatx egongo da, hurrean, gu zerura eroaten geuk gura eztogula” (XIX), “Lehenengo neuk erreparau neutsan hurrean, ta gero, neuk esanda aurki, beste abadegei batzuk” (109), “Baterako, barreak egiteko ipuina dok hauxe. Baia poztutekoa be badok hurrean” (145).

Mikel Zarate Lezamako semearen idatzietan adibide bakanak baino ez ditugu aurkitu, inguru horretako berbetan barra-barra erabilia izan arren. Baina Lezama eta Larrabetzu aldean “antza danez” esangurea da nagusi: –Ez hoa hi, Bizkuter, arineketara ala? –Ez. Zahar egin nok ni horretarako. –Arineketari asko batu ei dituk aurten. –Bai hurrean” (Ipuin antzeko).

Arratia aldeko testigantza lez, Lino Akesolo, Dimako semearen lekukotasunak balio deusku, honek sarri darabilelako hurrean bere idatzietan. Bat aitatzeko: “hileta-mezaren batera joaten dan bati entzunda nago ez dakiela berak nongo edo zelango eskolea dauken gure abadeak euren hitzaldietan hain taiuz eta hain ederto hitz egiteko. Lekuonak sortu eta zuzenduriko Kardaberaz Akademiak badau horretan zer ikusirik, hurrean.” (Idazlan guztiak I).

Eta etnotestu bateko aipuagaz osotu gura genduke aurretik esana. Asier Bidart ikertzaileak Lezaman batutako etnotestuetan adibide ugari dagoz hurrean honenak, eta bat hauxe: “Ganguren pentsetan dot dala, San Antonio baizen honatxoagoko kaskua, Ganguren haxe dalakoa jaukat neuk, han munarriak egon zoazan lau herritako separazinoa egiten dabenak; pentsetan dot, metal-iturria, ha iturria baizen haratxoago, lau munarri, ikusita jaukadaz. Urte asko ez dok, eta lau herrien separazinoa egiten ebela entzunda euki noan han, hurrean Galdako, Zamudio, Lezama eta... Begoña-edo, Bilbo-edo egiten dozak zatitu”. (Lezamako etnotestua)

Seguru perpaus marka, seguru be, segurutik, seguru antzean eta beste aldaeraren bat be lagun dauela, berbaz behintzat, maiztasun handiko hitza da, idatziz, dauen erdal mailegu usainagaitik, idazle askok bazter itxi izan arren.

Tradizino idatziaren lilurarik gitxi baino ez dauka, baina berbazko erabileran bizitasuna eta indarra ez ditu falta. Ekialdeko tradizino idatzian segur, segurki erak dira ezagunenak; seguru eta honen ildokoak, hegoaldekoak eta berariaz sartaldekoak dira.

Sartalde euskeran Añibarro dau lekukorik zaharrena eta zuhurrena. Seguru bere eta bai seguru erak dira probabilidadeko perpaus marka lez proposatzen deuskuzanak, bere hurreko berbeta erregistrotik jasoak, ziur asko. Interesgarria da Añibarrogan, seguru bere marka hau zeharka emondako informazinoaren balioa bermatzeko proposatzen dauela, ei-omen modalek edo dinoenez moduko adizki adberbialak beteten dabenaren antzeko balioaz. Horixe da arrazoia, gaztelaniazko “creo que” egituraren baliokidetzat emotearena bere hiztegian, esangura beretsuko beste marka ezagun batzukaz batera: “CREO QUE: c. ausaz, aujaz, seguru bere, bai seguru, nonbait, nonberebait” (Voces). Interesgarria da, bestetik, ekialdeko tradizinoko segurki aldaera honen aldamenean be erakustea: “SEGURAMENTE: c. seguru, segurki, seguru bere” (Voces). Hiztegian darabilen seguru bere hori, gero bere euskerazko idatzietan banaka baino ez da agiri: “Artu egizuez, bada, adibide txikiok, ta ondo gordetan badozuez, seguru bere, orain bakarrik lorak direanak, elduko dira denporaz frutu elduak izatera” (Lora Sorta).

XX. mende hasieratik gora, gure klasiko modernoen artean ugariago agiri da seguru. Azkue, Zamarripa, Lino Akesolo dira, gehiagoren artean, seguru be darabilenak, Añibarroren bideari jarraiki. Adibide bana: “–Eta gero, seguru be, gero Epikok parka eskatu behar. Eta ezin izan zegikean bestera.” (Azkue Latsibi). «Jausten hasi ta gero, zutundurik, gora ikaragarri bat jaurtin dau, seguru be» (Zamarripa Firi-firi). “Halango zaldi arinik eta hango erradura-hotsa, seguru be!” (Lino Akesolo Ipiña).

Felix Bilbao morgatarrak, ostera, seguru darabil bere ipuinetan: “Eztialdi ona izan juen, antza. Behintzat Mari Kontze eta Jose Mari pozik jetoazan etxerantza. Trenez, seguru.” (Ipuin barreka).

Esaldi baten adierazkizuna zeharka emondakoa lez aurkeztu gura danean, entzundakotzat edo, marka aproposa dogu seguru edo seguru be. Gomendagarria, erara datorrenean.

Kontizu da idatzi honetako laugarren eta azken marka. Hau be, ahozkotasunari guztiz atxikia, idatzizkoaren distira bakoa, modernoa batez be, ez tradizino zaharrekoa, baina berbazko jarioan sarri eta zabal dantzuguna. Sartaldeko euskera osoan hedaturik dago, gitxienez be.

Kontizu hori ez da besterik, kontu egizu aditz lokuzinoaren era sinkopatua baino, baina lexikalizatze gradu sendoa jadetsi dauena, eta esangura propio bat, eta beraz, hatakotzat onartu beharrekoa.

Adierazoten dan prozesu baten probabilidadea aitzen emoten da beronegaz, antza, segurutik, aurki eta ikusi ditugun beste batzuen hurrekoa. Ondarroatar eta erbesteko baten arteko alkarrizketa labur honetako erantzunak argitzen dau apurren bat marka honen erabilera: “–Ondarroa lehengo lekuan dago? ­Lehengo tokian egongo da, kontixu!”, ondarroatarraren erantzuna.

“Bai, kontizu”, “Ez, kontizu” tipoko erantzunak entzuten dira sarri, esate baterako, norbait ea etortekoa dan itauntzen danean eta erantzuna segurua ez danean, norbere ustea adierazoteko.

Nahikoa izango da, kontizu, hona artekoaz oraingo, eta hurrengo baten helduko deutsagu harilari, ea hari gehiago agintzen dauen.

 

 

Iturriko

2018-01-26

Esatekoak 0
Ikusita: 306
2018.01.19

Ameneko, Aurki eta Ausaz. Probabilitatearen eta zalantzaren artean marka bitxi batzuk

Esaldi baten bidez adierazoten dogun adierazpen baten inguruan ziurtasun osorik ez daukagunean, segurtasun oso bako adierazpena danean, adberbio kategoriako hitz jakin batzuk erabilten ditugu, aditzen emoten dogun gertaera, ekintza edo prozesu hori probabilitatearen eta zalantzaren arteko erdi-graduren batekoa dala erakusteko.

Euskera batuan agian eta beharbada dira kategoria honetako markarik ezagunenak. Baina berez beste adberbio edo multzo mordoa dira esangura eta funtzino hori beteten dabenak euskerearen luze-zabalean: apika eta agidanean ditugu erditik ekialderantz, eta noski/naski be bai, eta gaur egun gipuzkeraz halako “segurtasun” edo “baiespen” zentzunaz erabilia izan arren, Iparraldean oraindino be “probabilitate” balioaz dirau naski horrek.

Ete (bat. ote) hitz modalak be, itaunetan, zeregin berbera dau: Etorri ete da? dinogunean, beharbada etorri izango da edo hurreko mezua adierazoten gagoz galdera erretoriko baten bidez.

Marka asko eta askotarikoak dagoz horretarako euskeraz, hizkeratik hizkerara aldatzen diranak, lehenagoko aldietatik gaurko erabilerara aldatzen diranak, eta idatzizko usadiotik ahozko erabilerara be polito aldatzen diranak.

Baina adberbio-marken ugaritasuna eta aniztasuna da nabariena, perpausen “zalantza-probabilitate” modalidade lauso honen eremuan. Eta gai honek mataza lodia egiten dauen ezkero, beronen firua osorik askatzen hasi barik, zati bat egingo dogu. Gaiaren arlotxu bati oratzea dogu artezena, eta idatzi honetan behintzat, “bitxitasun” puntua darien marka batzuetara mugatuko dogu jarduna, gainerakoak hurrengo baterako lagata.

Ameneko markeari helduko deutsagu lehenengo.

Beronen esangurak, bat baino gehiago dira. Bata, gaur askoz zabalago dabilen beharbada eta edo gure klasikoen artean sarri irakurten dan menturaz adberbioen hur-hurrekoa da. Bestea, gaur ohi darabilguzan antza, dirudienez, nonbait adberbioen hurrekoa.

Ameneko honen hedadura murrizten joan da denporearen joan-etorrian. Gaur egun, dakigula, Bizkai euskerearen bazter-bazterrean ez bada, beste inon ez da entzuten, ezta sartaldeko hizkeraren adierazgarri sendoak diran ibar eta haranetan be: ez Arratian, ez Txorierrian, ez Butroialdean. Ekialderantza ez da horren zizinik be. Halandaze, Bizkaiko tradizino-euskerearen bazterrerengo ibarrean, Nerbioialdean bakarrik entzun daiteke ameneko hiztunen erregistro natural gisa: Orozkon, Zollon… eta Zeberion be, dirudienez. Orozkoko lekukotasun bi eskiniko ditugu. Sinesio Estiballes bertako lekuko eta ikertzailearen pasarte hau balia bekigu, euskera jasora ekarrita: “Auzo daukagun andra zantar horregaz kontuz ibilita be ez joagu nahikoa izango, ameneko”. Edo Itxi Rotaetxe Labayruko lankidearen beste esaldiok: “Durundua asmetan da auzoan. Etorri dira bakazinoetatik, ameneko.” “‑Zenbat seme-alaba daukie honeek, ba? ‑Lau, ameneko.” “‑Azkenean, zertan parau dira, ba? Joango dira, ez dira? ‑Bai, ameneko.”. “Ameneko, oraingoan egia esan deust guzurti halakoak!”

Baina orain mende bi eta mende eta erdi, Arratia eta Bilbo aldetik jatorkuz ameneko honen oihartzunak eta lehenengo erregistroak. Añibarro idazle frantziskotarra, Areatzako semea jaiotzaz, izan genduan marka honen eta beste batzuen erregistro ziurra itxi euskuna bere Voces hiztegian, aipu bat baino gehiagotan gainera. Bat, hauxe: “QUIZA, tal vez, acaso: c. bearbada, ausaz, aujaz, noaskiro, menturaz; b. ameneko”. Bizkaiko berbatzat finkatzen dau.

Baina hori baizen adierazgarria da bere sermoi-idatzietan erabili izana, eta pasarte batzuetan sinonimoak hurrean darabilzala. Hala Misionari obran: “Zeinbat gogorazino txar, zeinbat gertaldi negargarri, zeinbat kalte gogor ta jazoera zorigaistoko mundu zabalean ikusiko etzan, kristiñauak ondo ta astiro ziñatu balira? Bearbada urlia arako bekatu lotsagarrizkoan jausiko etzan, goixean ondo ziñatu baliz. Menturaz urlizia ilgo ez eben, krutze santearen etxerik urtetean egin baleu. A! ameneko bestea orain infernuan ez legoke, ekandutu ta oitu baliz krutze santeaz nosik bein ziñatuten!” (Misionari I, 4)

J. Mateo Zabala bilbotarra, amatatik Areatzako errastua ebana dogu ameneko markaren beste erabiltzaile nagusia, gure eretxian Añibarro baino aberatsagoa. Idazle honen bereizgarri bitxienetariko bat da, hitz batzuk, idazlearentzat bereziak diranak, era bitara edo hirutara eskeintzen deuskuzala pasarte batzuetan, kakotx artean sinonimoak dirala. Sermoia esan behar zan herrian era batera edo bestera erabilten bazan, sermoigileak berba hori erabili eian, eta ez bestea: hori zan arrazoia.

Lau pasartetxu eskiniko ditugu Zabalaren sermoi-idatzietatik. Bata: “Ezkondu ez gitxik bere izan oi dituez alkarren artean seiñak izateko eztirean, edo ameneko [bear bada] galarazoteko direanak”. Bigarrena:“Gurasoen baiezkoa bagarik, eta [ameneko] bear bada euren belarrietara bagarik, ezkontzako berbak emoten dituezanak”. Hirugarrena: “Batean ordeaz ta itxaronean emon deutsalako laborea, ganadua, dendakoa edo bear ebana; bestean bear bada [ameneko, menturaz] kobradu eztabelako”. Laugarrena: “urteiten dozu gaubeko ainbeste orduetan tabernatik, etxerako biderik zabalenak estu ta bedar dozuzala; emen estropezau, an jausi, orain batera eta gero bestera, nondik zoazan bere ameneko ondo eztakizula”.

Aurki da bigarren perpaus-adberbioa. Beronen esangurea: “ziurrenik, segurutik, nonbait”. Hau be eremu urrikoa, balio honegaz behintzat.

Ezagunagoa, zaharragoa eta askoz zabalagoa da aurki adberbioa denpora esanguraz: “laster, luzatu barik”. Eresi zahar bateko ahapaldi zati hau, lekuko: “Etorri zan aurki atetirean Eneko Pagoetako bere arma gezi barriakaz.”. Aurki: laster. Atetirean: kanpotik.

Non entzuten da gaur aurki, “beharbada, hurrean, antza”, perpaus mailako balio horregaz? Butroialdeko herrietan batez be, Mungialdean zein Uribe-kostan, eta Txorierrian. Gitxi entzuna da, halanda be. “Etorriko da, aurki”. “Bai, aurki” (Sopela).

Berez hedadura zabala eukan lehenago, gipuzkeran eta goi-nafarreran be lekukotua dago, Azkuek on egiten deuskunez. Eta literatura idatzian be, ugari ez arren, sustrai seguruak ditu aurki horrek.

Idazle modernoen artean, Azkue bera kenduta, Zamarripa sondikarra dogu lekukorik seguruenetarikoa. Beronen liburuetariko baten sarrerako paragrafoa jatorku aukera-aukeran, zerren aurki eta hurrean biak darabilzan bata-bestearen atzean: “Hau Kili-kili hau, geuk gura eztogula, Zaparrada-antza hartuten hasi da, aurki; ta gura geunken baino luzetxoago urteteko antza be artu dau hurrean ta, hurrengorako itxiko dogu, zeure baimenagaz, beronen amaia».

Baina Aboitiz lekeitiarrak be, bere kantuetariko baten behintzat badarabil marka hau: “Baina nire ikaslarik / ez jat ez konbeni. / Nai dozu egin dagidan / osagilla Eguzki?/ Ogi andi bat bere / egiten bada erdi bi, / aurki bakotxarentzat / izango da gitxi.”.

Eta idazle klasikoen babes bila hasten bagara azterka, barriro be Zabala bilbotarragaz egingo dogu topo. Añibarroren izena be aitatzen da, bere Esku-liburua obratxoaren 1821eko bigarren argitaraldian darabilela-ta. Baina zergaitik ez da agiri, ez bere Voces hiztegian, ez beste bere sermoi-liburuetan? Noren ikutua izan daiteke, 1821eko bigarren argitaraldi horretan hiru biderrez agertzea aurki testu barruan? Gure ustez, zalantza gitxi dago, bere komentu-lagun gazteago eta erdi-herritarra eban Mateo Zabalaren lumea ibili dala bigarren argitaraldi hori atontzen. Hona horko adibide bi: “Au alan izanik, badot nik zerurako usterik? Bai, aurki.”.“Bai beintzat, ama, bai; oraintxe, aurki, esan lei, itxasoa baxen andia dala zeure larritasuna.”. Hurrengo pasarte hau, Zabalaren sermoietariko batekoa da: “Nondik eztakizuela, ondatuko jatzuez diru orreek. Eztira aurki zuen llobeetara edo birllobeetara elduko.”

Ausaz edo auiaz da hirugarren marka bitxia. Gaur egun berau entzuten ez da erraza, herri-berbetan behintzat. Hizkera jasoan, idazle batzuk berreskuratu dabe ausaz adberbioa. Eusebio Erkiaga, Txillardegi eta Mitxelena bera ditugu hiru eredu bikain.

Baina tradizino idatzi mardula dauka, eta hizkera diferenteetan, Larramendiren hiztegia eta beraren euskerazko izkribu apurrak lekuko seguru dirala: “Are gogaikarriena da, txarlari oiek ikustea ta aditzea, nola dauden isekaz ta musinka euskeraz ederki dakienen jolasari, bein Nafarroako minzoa dela, gero Bizkaiko berba dongea, batean ausaz ere Goierriko hizketa dezula, bestean noaskiro Beterrikoa.”.

Bizkaierazko tradizinoan errotu da, halanda guzti be, sendoen ausaz hori, aldaera nagusi bi dituala: ausa eta auiaz.

Hiztegietan, Añibarrorren Voces dogu barriro be iturri ziurra: “ACASO, adverbio, unas veces viene con duda: c. bearbada, ausaz, aujaz, menturaz; b. ameneko; g.n. noaski, noaskiro.”. Ausaz eta aujaz (auiaz), oinarrian aldaerak diranak, biak aitatzen ditu.

Mogel markinarrak, behin gitxienez, badarabil adverbio hau, ausa idatzirik, baina handik gora ez deusagu gehiago irakurri. Sermoietariko baten honelan dino: “Eztogu ezagututen, ausa, zein eukiten dogun geure erdian, orazinoian edo altara aurretan gagozanean.”.

Ausa aldaera honek jarratzaile sendoak izan ditu XX. mendeko gure idazleen artean, Azkue, Kirikiño eta Orixe, besteak beste. “Gipuzkoako eztakit zein erritan, joan zan txartela artutera Praixko eritxon gizon bat, ez ausa errime errimea Dotriñan” (Azkue), “Geldoki baten trena luzarotxo egon zan, besten bati itxaroten ausa” (Kirikiño).

Auiaz aldaera (aujaz idatzirik be bai) idatziz gitxitan agiri da. Mateo Zabalak badarabil, baina ia beti beste markaren bati laguntzen, haren sinonimo gisa. Adibidez: “eta ez leuke auiaz [auraz, aurki, nonbait] egingo, gogoan baleuke Jangoikoak Eskritura Santuan dirautsena.”

Ausaz aldaera da, azken baten, aurreko besteon artean gailendu dana, eta horretarako arrazoi sendoak dira, bai tradizino idatziz, bai hedaduraz. XX. mendearen hasieretatik bertatik gure idazle kultoen artean ausaz marka horri lilura edo miresmena autortu jako, eta Juan Bautista Eguzkitza lemoarraren lekukotasuna zilegi bekit, honen frogatzat. Andres Urrutiak atondu eta Labayru Fundazioak argitaraturiko haren Sermoiak liburuko pasarte bi. Bata: “Geure asabakandik artu dogun siniste au okerra balitz, jarauntsiz itxi dauskuezan oitura ta ekanduak gaizto, ustel eta zikinak balira, gure erri onek, bere euskerea galduaz, siniste ta ekanduetan ausaz irabazi egingo leuke”. Bestea: “Zein ete da, ba, Jaunak gizonari emon dautsan eginen ori? Zein, izentau dautsan elburu ori? Ausaz lurreko gauzen menpeko, otsein eta jopu izateko egin ete dau Jangoikoak gizona?”.

Bego oraingoz honenbestegaz honetan.

 

Iturriko

2018-01-19

Esatekoak 0
Ikusita: 335
2018.01.09

DAMU IZAN / BEHAR EUN aditz lokuzino eredua

Lotsa izan aditz lokuzinoak lotsa da sortzen dauen moduan, behar izan ereduak behar dau sortzen dau, pertsonala danean behintzat, edo behar da, inpertsonala danean. Aditz tolesgarri modura, partizipioan izan esaten badogu be, jatorriz eta berez edun da, edo eun erabilera zaharrean, Iparraldean gaurdaino iraun dauen ukan aditz partizipioaren kidea.

Edun balizko partizipioa da gehiago, izatezkoa baino. Eduki aditz partizipioa, sartaldean eugi (zaharra) edo euki (gaurkoa) bihurtu dan moduan, edun ez da dokumentaturik agiri (dakigula), baina eun bai, eta hainbat biderrez, batez be XVI. eta XVII. mendeetan. Harrezkero haren lekuan izan sartu da, partizipio modura da eta dau, iragangaitz eta iragankorra, biak ordezkatzen dituala. XVI. mendeko Landuchioren Bokabularioan, gaztelaniazko hainbat aditzi emoten jakoz euskerazko ordainak /Izen + eun/ aditz multzo egituraz. Horreetarikoak dira: bear eun, mirakuru eun edo piedade eun. Izena mugagabez, eun aditz partizipioa darraiola. “Atsegin andia da amore eutea” dirausku aldi horretako Bizkaiko amodio kantu zahar batek be: amore eun, gaur “maite izan” esango gendukenerako.

Bazter itxiko ditugu hemen, beste aditz batzuen modal legez be jokatzen daben aditz lokuzinoak, hau da, behar izan, ahal izan, gura izan, nahi izan, ezin izan… euroi aparteko tratamentua eskaintzeko, erea datorkenean.

Aditz lokuzino honeetariko asko erregimen bikotxekoak dira, ahaztu ezineko puntu bat beti be. Hobe da lokuzinoak aukeran dauka hobe dogu, hobe dozu, hiztuna edo entzulea inplikatu ezkero. Falta da lokuzinoak be falta dogu, falta dabe, zerbaiten faltan dagoana aditz prozesuan sartu ezkero. Ez da ardura dinogun moduan, ez deusku ardura darabilgu, nori ardura deutsan zehaztu nahi izan ezkero. Ez da izaten inoren erruki jente asko dinogun moduan, zehazten dogu beste batzuetan: Erruki zaitut, koitaduori!. Halan gertatzen da beste hainbat aditz lokuzinogaz be.

Aditz lokuzinoek lehen osagaitzat izen edo adjektibo bat ohi dabenez, honeetan aspektua markatzeko estrategiak halabeharrez aditz garbiak diranetatik diferenteak ohi dira, lotsa izan aditz lokuzino ereduetan legetxe.

Aspektu bururagabea izaten aditzizen inesiboa tartekatuz bideratu ohi da: balio dau > balio izaten dau, zor dogu > zor izaten dogu. Sasikoak dira, horratino: Zenbat *balioten dau eta soka horretako, behin baino sarriago entzun zein irakurten diranak.

Etorkizun aspektua markatzeko egitura bi ditugu aukeran. Orokorrena eta gaur egun zabalena izango aditza tartekatzea da. Baina bada bigarren bat, gure klasikoetan gehiago agiri dana, baina gaurko hizkeran nekezago entzuten dana: aditz multzoko izen edo adjektiboari zuzen eranstea -ko atzizkia. Zabal-ezagunenak, aditz modalak dira: beharko, gurako, nahiko, ahalko, ezingo legezkoak. Baina horreek begoz oraingoz ateko bandan.

Aditz modalen multzo horretarik hurrekoa dogu uste izan lokuzinoa be, irabazi uste dau, galdu uste dau tipoko egiturak onartzen dituan aldetik. Etorkizun aspekturako erarik ezagunena usteko (dau) dogu, nahiz uste izango (dau) eredua be ohikoa izan.

Balio izan aditz lokuzinoaren futuroko aspektua markatzeko be balioko (dau) dogu erarik ohikoena, nahiz balio izango (dau) be naturala gertatu.

Baina badira, gaur gitxiago entzunak izan arren, tradizinoan horrexetara eregi izan diran beste batzuk be gertakizun aspekturako. Ezagunen artean, agiriko, damuko, zorko, hobeko, gogoango… eta gitxi batzuk.

Agiri izan aditzarena agiriko dau dogu.

Ardura izan aditzarena ardurako. Halan: “Gugaitik gitxi ardurako deutso horri!”

Damu izan aditzaren geroko aspekturako dogu: damuko dozu. Nafarroako bertso txorta ezagun bat, gatxizenez “Trabuko” esaten eutsen bati eginikoa, guztiz erara datozanak berau erakusteko: “Goizuetan bada gizon bat / deritzen zaio Trabuko; / hitzak ederrak, bihotza paltso, / sekula etzaio paltako; / egin dituen dilijentziak / berari zaizkio damuko”.

Hobe izan aditz lokuzinoak be, bardin iragangaitza danean zein iragankorra, hobeko ereduko futuro aspektua onartzen dau, eta dau laguntzaile iragankorraz halan darabile gure klasikoek behin baino sarriago. Mogelenera barriro: “Obeko dozu jan ta bakean itxi alango ordi galtzailla bati” (PAb), “Obeko dozu jaztea neure soinoko batzukaz” (PAb).

Zor izan aditzaren gertakizun aspektu, zor izango zabalagoaren aldamenean, zorko dau eredua be ezaguna dogu. Gure klasiko biren adibide bana: J. A. Mogel: “Zu lango apainduen zain dagoz olanguak, ta arnasea bere zorko dozu” (PAb). J. Mateo Zabala: “zubek zor deutsazubena legez zorko deutse benturaz zuek lango askok” (Bermeoko sermoitegia).

Aditz lokuzino honeetariko zati on batek edun > euki eboluzinoa jasan dau. Halango bat edo beste gogorarazoteko:

Min izan aditza min euki izatera etorri da hizkera askotan, min izenak mugagabe dirauela. Klasikotasun izaerako egiturak dira: Min dot. Non dozu min? Azkuek tamalez ikusten dau eboluzino hau: “Sentir o tener dolor. Hoy, desgraciadamente, nos valemos de la locución min eukiiduki. En lugar de min dot, que se decía entonces, hoy decimos min daukat, me duele, tengo dolor” (Dicc.).

Aditz lokuzino batzuk zahar gelditu dira, zaharkituak; gaur nekez erabilten dira. Horreen artean aitatu daiguzan:

Laztan izan, amodio kantu zahar baten datorrenez: “Laztan dot eguzkia, / idargia maite, / zeu ikusi bagarik / neu ezin nengoke” (Xahoren bilduma).

Autor izan be gaur gitxi baino ez darabilgu, autortu aditzak kendu deutsalako bere lekua “reconocer, conceder” esangurarako. Baina gure klasikoetan ondo sustraitua dago. Hurrengo pasarte honetan, Mogelek ezagutu eta autor izan sinonimotzat darabilz esangura esparru horretarako: “Bazaut, autor dot, ta ez daukat aztuta bizkaitar barrukoentzat gatx izango dala kiputz euskerea ondo aditutea” (Konfesino ona).

Damu izan aditzagaz be antzera jazo da, nahiz eta ezagunagoa gertatu gaurko hiztunontzat aditz hau, garizumako eleiz kantu bati esker berariaz: “Damu dot, Jauna, bihotz guztirik, zu nahigabetu izana”. Damu dot horren ordez errazago esango genduke gaurko hiztun askok: Horren damua daukat, eta akaso baita, hainbat kalkoagoa dan damutzen naz bera be.

Erruki izan iragangaitz zein iragankor modura dakusku jokaturik. Guztiz ezagun egiten jaku  harako eleiz errezu formulako “erruki zaidaz” dalakoa, nor-nori erruki izan argumentu egituraduna. Baina nor-nork erruki izan egitura iragankorra aurrekoa baino sustraituago eta zabalago dabilelakoa daukagu. Mogelen alegietako pasarte hau jatorku harira: “Eskiniko deutsee dirua aurrez, erruki balitue legez, emongo deutseez gari ta artoak, ta nosbait bazkariren bat; baina eskatuko deutsee gero emona baino geiago.” (Mog Ip 44). Erruki izan transitiboak gaur egun arte iraun dau gitxi-asko. Erruki dot edo erruki zaitut legezko urteerak normalak dira hiztun helduen artean, nire errukirik bape ez daukazu be dan legetxe. Halanda be, errukitu aditza nagusitu da, esapide jakinetatik aparte, eremu semantiko guztietan, bigarren argumentua instrumentala edo soziatiboa dala: errukitu zaite guzaz edo errukitu da zuekaz ereduko esaldien bidez.

Gogoan izan aditz lokuzinoa guztiz ohikoa dogu gaur be. Ez ostera, etorkizun aspektuaz garatu dan gogoango dozu ereduko aditza. Ez bakarrik da bitxia beronen egitura, gogoan-go + laguntzailea, ezpada batez be berorren esangura berezia, zemakuntza inguruneetakoa. Mogel idazlea dogu beronen berme nagusia. Peru Abarka-ren atzeko berbategian berak seinalatzen deusku egitura eta esangura honen berezitasuna: “Goguango deubat, deunat o deutsut: no te lo echaré en olvido: amenaza”. Eta bere alegietan testu barruan sarturik darabil beste birritan. Bata: “gogoango dozu nosbait nire esanak ez egina”. Bestea: “gogoango dok niri bazkaria ucatua”.

Gorroto izan aditz lokuzinoak be denporearen ibilian mugatzailedun izatera jo dau: gorroto deutso izatetik gorrotoa deutso izatera, eta oraintsuagoko aldietan gorrotoa deukotso bihurtzera be ailegau da. Edozelan be gorroto izan aditz lokuzinoaren argumentu-egitura nork-nori erakoa izan ohi da, Mogelen ondoko pasartearen araberakoa: “Esango dozu alango mutillak gorroto deutseela karta ta jokoari?”. Baina hau baizen zaharra eta indartsua dala esan daiteke gorroto hartu lokuzinoa be, honek be mugatzailedun aldaerea daukala: gorrotoa hartu. Milia Lasturkoren eresi zaharrean dogu jada dokumentaturik: “Mondragoeri artu deutsat gorroto, / giputz andraok artu ditu gaxtoto”.

Lagun izan aditz lokuzinoak be bizitasunez dirau euskaldun onen artean, baina joerea, halanda be, lagundu aditzaren mesedetan atzean gelditzekoa da. Lagun izan gazt. “acompañar; ayudar” esangurakaz erabili izan da tradizinoan, eta uste baino ugariago, berariaz sartaldean. Mogelen adibide hau lekuko: “deitu euskuen erreguz legez, ta gu lagun genduezala, gure indarren bidez jaso zituen makurturik erabilezan buruak” (Peru Abarka); hau da, guk lagunduta.

Opa izan, batez be ‘deseo izan’ adieraz, nori argumentuaz lagundurik erabili izan da, lehen gaur baino gehiago. Gure klasikoetan bada eredu onik: “Opa izan neutsan gatxa otsuari; agaiti etorri jat orain neuri” (Ip 31)” (Mogel Ipuinak).

Amaitzeko, aholkutxo bat. Geure literaturan zein oratorian estilo onari eta jagiari men egiteko, guztiz mesedegarriak diralakoan gagoz, aditz lokuzinooi bere onurea eta emendioa ateratea, ondo datozanean; ez da zertan beti, baina. Neurri onaren oreka jagonda; adinon.

 

Iturriko

2018-01-05

Esatekoak 0
Ikusita: 437
2018.01.02

LOTSA DA berbetan

Aditz lokuzinoak ohi deritxe izen-aditzak, adjektibo-aditzak edota antzeko beste bakuntza batzuk konposaketa bidez eregiten diran egitura lexikalizatuei. Izen edo adjektiboa izan, edun, egin edo antzeko beste aditz malgu askotarako edo ia danerako horreetariko bategaz laguntzen danean, mugatzaile barik, lexikalizazinoa bideratuz, orduxean gertatu ohi da bakuntza hori. Alkarketa legeek agintzen dabenez, hutsA egin hitz segida huts egin izatera datorrenean, mugatzailea ezabatuz, orduantxe daukagu konposaketa edo alkarketa, eta halantxe eregitako aditz multzoei esaten jake aditz lokuzinoak.

Alkarkuntza honetan, izen edo adjektiboakaz batera ohi darabilguzan aditzik komunenak izan, edun eta egin izan ohi dira. Oraingoan izan iragangaitzaz eregitako aditz lokuzinoak hartuko ditugu autu edo jardungai; hau da, lotsa izan eredukoez, eta ez zor izan tipokoez, ze bigarren honetan izan hori edun zaharraren ordez darabilgu, balio iragankorraz; dau erakoa dogu, eta ez da erakoa.

Taiu honetako aditz multzoen corpusari begiratu bat emokeran –zerrenda oso bat egitea beti be gatx da, kopuru mugatua eta zehatza be ez dalako, eta batzuetan lauso antzekoa–, agiri dana da, ez dala horren luzea erabilera eta bizitasuna daben aditz multzoen zerrendea; antzik be ez, huts egin eredukoez sortzen danaren aldean.

Euskera egiten edo egin dan luze-zabalean azterka hasi ezkero, behingoan ohartzen gara, gune baten alkarketa aplikatzen bada, beste baten ez dala egiten, edota hiztun batzuk egin arren, beste batzuk ez dabela horretarako joerarik. Erraz da..., Gatx ez da… esango dau batek, eta Erraza da..., Gatxa ez da... besteak. Erdi eta sartaldeko hiztunontzat ohikoena da esatea: Ona da ur freskoa edatea, baina ekialdean (zenbat eta bazterrerago gehiago) berez-berez darabile: On da… aditz multzoa. Baina ona da horren lekuan adjektibo konparatiboa sartzen dogunean, orduan bai jagoten dogu sartaldean be aditz alkartu taiua: Hoba da hori, bestea baino. Hoba izan/hobe izan dogu hor aditz lokuzinoa, ez hobea izan.

Testuinguruak era batekoak edo bestekoak izan be, batean batera jokatzen dogu, bestean bestera. Adigarritzat erraz izan hautuko dogu. Zertara ezean gabiltza batzuetan, erraz izan ala erraza izan artean zein hobetsi. Biak erabilten ditugu hiztun askok, batzuetan testuinguru berean, beste batzuetan harean diferentean. Hori erraza da esaten, baina egiten ez dinogun moduan, ezezka berez-berez urteten deusku: Hori ez da errez! Eta era konparatibora joten badogu, are gehiago darabilgu mugagabea: Errazago da idazten, bertsotan baino. Edo antonimoa erabilita: Gatxago da neurtitzez idazten, hizlauz baino.

Denporearen joan-etorrian be lurralde bereko hiztunen artean be joerak aldatzen joan dira. Alper izan lokuzino normala zan lehenago: “Alper da Maria makilatu, neurdin berez behar dau” edo “…, berdin berez behar du” zinoan esaera zahar batek. Gaur egungo hiztun gehienoi, alper hori adberbioturik, berez lez urteten deusku: Alperrik da…, nahiz eta alper izan hori be guztiz aldendurik ez dagoan: “Alper izan zirean ama-arreben ahaleginak, Bilborako burubidea aldatu eragiteko.” (Otxolua).

Zerbaiten behar izan (norbait) ezagunagoa zan lehenago, gaur egun Zerbaiten beharra edo beharrizana euki dinogunerako. Mogelen adibide ezagun bi: “Gure bear izan zirean Erromarrak” (Peru Abarka); “txikartxuen bear izatera etorri leiteala gizonik andi ta goratuena” (Ipuinak).

Eremu semantiko batzuetan sendoroago sustraiturik dakuskuz taiu honetako aditz lokuzinoak, besteetan baino. Giza gorputzagaz loturik dagozan prozesu psikosomatikoena da beharbada ezagunena eta bizitasunik gehienekoa. Hara hemen sail honetako aditz lokuzino ezagun batzuk: gose izan, egarri izan, hotz izan, bero izan, logura izan, bildur izan, lotsa izan, nagi izan, bizi izan eta hain zabal ez dabiltzan beste batzuk, irritu izan legezkoak.

Gaiso izan be sail horretakoa dogu; lehen sarri erabilia, baina gaur ezagunago egin jaku hiztunoi gaixorik egon aditz multzoa. Mogelen lekukotasuna: “Egongo da beste bat lagunagaz gorrotoan, berba ta agur onik bere egin gura ez deutsala areriotzat daukanari, alkar bisitetan ez dabeela auzo onak legez gaiso direanetan”.

Eguraldiaz darabilgun aterri izan be eredu honetako lokuzino seinalatua da, euria izan aditz multzoaren antonimoa. Herri-kanta ezagunaren (Begiak barrez barrez) kopla hau lekuko: “Ez da euririk sartzen, maitea, aterri danean”.

Aditz lokuzino zahar honeetariko gehienek dabe gaurko berbetan ordezko beste egitura bat, modernoagoa eta kalko izaerakoa, indarrean, -a mugatzaileaz eta euki aditza lagun dala: gosea, egarria, hotza, beroa, logurea, bildurra, lotsea… euki erako egiturea, hatan be. Hizkera estiloaren aldetik, ez da zer esan, aditz lokuzino zaharren alde egin gurago dogula.

Poz izan be ezagunagoa zan lehen, gaur pozik egon darabilgunerako. Izan be poz kategoriaz bikotxa da, izena zein adjektiboa, gaur ia bakarrik lehenengorago badarabilgu be. Erara jatorku Barrutia eskribauaren kopla ataltxo hau testimoniogarri: “Bateti ene biotza poz da, besteti dabil ikara. / Ezkutaria, konbeni bada, esan egizu nor zara?”.

Gizakiontzat behin-behineko diran adjektibo batzuekazkoak be era lexikalizatuan erabilteko joera handia daukagu (batzuk gorago aitatuak). Erraz izan, gatx izan eredukoak.

Ezagun izan be sail honetan sartu leiteke, eta gordeten dauen esangureagaitik merezi dau aitatzea. Ez daukie bata-besteagaz zerikusi estuegirik, norbait ezaguna izateak eta ezagun izatea norbait nongoa dan, esaterako. Berbaikunetik izaten da batzuetan ezagun, bat Bermeokoa, Lekeitiokoa ala Ondarroakoa dan. Sartaldeko euskeran sendoro sustraituriko aditz lokuzinoa berau.

Ikara izan be sail horretakoa dogu, behin baino sarriago bildur eta ikara izan egiturapean agiri dana. Mogelen berbaz: “zai apur bat galdu ez dedin bildur ta ikara , ta uruna ondatuagaiti ardurarik ez” (Peru Abarka).

Izen kategoriako hitzak be erabilten dira, adjektiboez gainera, euren kualidadeak dirala medio, adjektibo atributiboen eran taiu honetako aditz lokuzinoak eregiten. Bat edo beste aitatu daiguzan.

Gauza izan, ‘kapaz izan’ esangureaz. Gai izan be, esangura beretsuaz.

Jabe izan aditza be, zeren jabe izan egitura barruan, zabal dabilen aditz lokuzinoa dogu. Halan: Lehen etxe askoren jabe zan, baina gerra denporan danak saldu zituan.

Ardura izan egitura be erabilia da batzuetan, laguntzaile transitibokoa, ardura deutso, zabalago darabilgun arren. Ezezka ohi darabilgu askoz sarriago. Ez da ardura horregaitik, era inpertsonalean esan daiteke, ez deutso ardura be era inpertsonalean esaten danerako; eta hiztunak bere burua inplikatzen dauenean, ez deust ardura esango leukenerako. Barruti semantiko berekoak dira axola izan eta leba izan lokuzinoak be. Leba izan Ipar Uribeko inguruetan entzuten da gehien, baina laguntzaile iragankorraz, orohar: Zuri zer leba deutsu? Ez dau lebarik. Leba izango ez deutso, ba! legezko esamoduetan.

Eta izenakazko sail honetan ahaztu ezinekoa da pekatu izan be, gure dotrina eta sermoi generoko eduki aberatsean ugaria baizen eraginkorra gertatu dana.

Badira, dana dala, gaur gitxi entzunak izanik, sustrai sendoko aditz lokuzino batzuk, gaur egun be barritu eta bizitu beharrekotzat joten ditugunak. Bat edo beste aitatuko ditut.

Erruki izan aditz lokuzinoa guztiz ezaguna izan dogu gure tradizinoan, sartaldekoan berariaz, eta gaur egun be hondino bizirik dagoala esan leiteke. Noren erruki izan: hori da aditz egitura. Nori ez jatorko akordura harako eleiz liturgiako formula ezaguna: Erruki zakiguz!, “gure erruki izan zaitez” esangureaz. Gure umetan, oinaztu eta trumonotsa zanean errezatzen genduan errezitaduan be bardin agiri da: “Santa Barbara, Santa Kruz, / Jauna, erruki zakiguz. / Inuzenteen ogia, / Jauna, miserikordia”. Herri-poesiako ahapaldi pare bat erantsi deiogun txortatxu honi. Bata, Txanton Piperriren herri kantu ezagunean garbiro kantetan dana: “Txanton Piperri hemen dago, / limosna on bat baleuko. / Kantau behar dot, / baldin ahal badot, / neure sabelen gosea, / erruki dedin jentea”. Bigarrena, dantza-kopla batetik jasoa: “Norbera ondo bizi ezkero, ez da erruki laguna”.

Lege izan, ‘zilegi izan, aizu izan’ esangurako aditz lokuzinoa gaur nekez entzuten bada be, gure idazle klasikoen artean zimendu sendoaz lekukotua dago. J. Mateo Zabala bilbotarraren adigarri bigaz on egingo dot egitura hau. Bata: “Ori ez da lege, ez Jangoikoak aginduten dabena”. Bestea: “Barauzaro egunetan, barau egin bearrik, galdu egin badozu; edo oneetan ta barikuetan ta beste egun debekauetan lege eztan legez koipea jan badozu, edo arraina ta okela gauzea jatordu baten”.

Gomuta izan aitatuko dot hirugarren. Zumarraga, Mexikoko apezpiku izan zanaren euskerazko gutun baten esaten da: “orko elexaen gomuta izango zara”.

Premina izan dogu gaur egun be bizirik dirauen horreetariko beste bat: Premina danean, laguntasuna eskatu behar da.

Usu izan aditz lokuzino zaharra dogu, ‘ekandua izan, ohitura izan’ esanguraduna. “Ana Juanixe” erromantze zaharraren Arratiako bertsino baten honango koplak kantetan ziran: “–Kanpo jentea datorrenean / agur eitia usu da. // –Agur eitia usu bai baia / neuregan debajadu da”. Baina gure tradizinoan be guztiz ezaguna da, idazleek sarri estimazino gehiegirik emon ez arren: “alan da usu, alan izan dira leengoak bere” (Mogel).

Amaitzeko, gramatika ohar xume bat, zer gogoratu be ez dana, baina badaezpadan. Lotsa izan ereduko aditz lokuzinook, ezezka emoten ditugunean, ez da zilegi -ik partitiboa eranstea izen edo adjektiboari. Lotsa da edo Ez da lotsa guri ezer esaten. Zuk ez izan lotsarik, irakurle, lotsa izan nahiz ez izan lotsa, aditz lokuzinook artez erabilten.

 

Iturriko

2917-12-29

Esatekoak 0
Ikusita: 312