kontaktua
2018.05.25

EGIN aditzagaz eregitako aditz multzoak “EGIN DANTZAN gugaz” eta “DANTZATU gurekin” zabuka (lehen idazketa)

Aditz kategoriak garatzeko euskereak dituan hitz-sorkuntza baliabideak, gramatika batzuetan agiri daben soiltasuna baino hainbat konplexuagoak dira. Bide eta zidor diferenteak ditu euskal lexikografiak aditz kategoriako unitateak sortzeko.

Kale kantoi baten irakurritako iragarki bateko deia da: Dantzatu gurekin. Dantza-ikastaro baten iragarkia, modu erakargarriz eta deigarriz onduta. Baina geure artean berehala sortzen da zalantza: dantzatu ala dantzan egin? Ala biak? Balio berberaz ala banangoaz? Tradizino idatzira bagoaz, berehala ohartzen gara dantzatu dala zaharrena eta hedatuena, eta da tipoko laguntzaileaz erabili izan dala. Tolosako 1619ko paskinetan datorren legetxe: “Andre ederrok orduan danzatu oi dira besterekin”.

Dantza izenetik eratorpen bidez sortua da dantzatu. Beronen erregimen nagusia da laguntzaileduna: dantzatzen da, baina albotik, sartaldean batez be, dantzatzen dau be garatu dalarik.

Baina hori baino jakingarriagoa da dantza egin aditz multzoa be aspaldi garatu zala, sartaldean berariaz. Barrutia eskribauak XVIII. mendean idatzi eban teatroan dinoan lez: “Neska zarrok danza egin da mutilok dirua pagadu”. Eta hurrengo pausua izan da, dantza izen mugagabearen ordez dantzan adizlaguna hautatzea aditz multzoa eregiteko. Frai Bartolomeren berbaz: “Inok bere ezin legiala Jaungoikoa serbidu ta deabruagaz dantzan egin”. Eta eboluzino guzti hori gitxi balitz hondino, dantza izena bera be jantza edo yantza bihurtu dala sartaldeko hainbat lekutan.

Aditzaren morfologia bi garatu dira hizkuntzaren ibilian, aurrez aur edo parez pare, bata -tu atzizkiagazko eratorkuntza, eta bestea egin aditz askotakoa izen mugagabearen lagun dala sortua; lehenengoa ekialde eta erdialdean orokortu dana eta bigarrena sartaldean nagusitu dana.

Ur, ura izena hartzen badogu, urtu aditza garatu da eratorkuntza bidez, esangura eremua zabalduz: edurra urtzen danean, ur bihurtzen da, baina burdinea edo beruna urtzen diranean, burdina-saldea edo berun-saldea gertatzen da; solidoa zana likido bihurtzen da, isurkari; esangura esparru zabalagoz, beraz. Baina urtu aditzari albotik garatu jako, erabil-esparru askoz murriztuagoan bada be, ur egin aditz lokuzinoa, berariaz esapide baten barruan entzuten dana: odolak ur egin. Muxikako andra edadeko bati neuk entzuniko esaldia da: “Alabea hil jakonean, disgustuaren disgustuaz odolak be ur egin jakozan eta haxegaitik hil zan”.

Eta ur hitzagaz garatu dan beste aditz multzo bat be erara dator aitatzea, -a mugatzaileaz lagundurik garatua: ura egin, landarei, lorei ura egin, ‘ureztatu, garotu, erregau’ adierazoteko.

Izen edo adjektibo kategoriako hitz askogaz, mugagabetasunaz markatuak eurok, alkartzen da egin aditz konposatuak eregiteko. Aditzok esanguraz dinamikoak edo ebolutiboak ohi dira. Eta erregimenez, gehien-gehienak dau erako laguntzailedunak, iragankorrak. Baina gitxi batzuk, da erakoak, iragangaitzak.

Da tipoko laguntzailedunak gitxien-gitxienak dira, baina adierazgarriak eurok be. Eboluzino, aldaera, bihurrera ikuspuntua gorde ohi dabe. Horreetarikoa dogu handi egin, ‘hazi’: “Umea handi egin da”. Harri egin lokuzinoa be ezaguna dogu harritu aditzaren esangura berberaz: “Batzuk baino ezpada bere, / joan ziran entzutera. / Harri eginik geratu ziran, / ikusiaz beste baga.”. Lei egin be aitatu leiteke, leitu ‘izoztu’ espresetako: Ura lei eginda dago. Eta zahar egin aditz multzoaz baliatu geintekez zahartu aditzaren esangurea emoteko: “Aspaldion ikusi barik euki dot eta zahar eginda topau dot akaburengoan”.

Dau tipoko laguntzaileez eregiten diran aditz multzoak dira askozaz ugarienak. Badira aditz multzo batzuk, da tipokoetan lez, -tu atzizkiaz eratorritakoen paraleloan garatu diranak. Ahalegin egin multzoak badau aldamenean ahalegindu, ausnar egin multzoak ausnartu, dei egin multzoak deitu, hauts egin multzoak haustu, lagun egin multzoak lagundu edota leher egin multzoak lehertu. Eta matasa horri tenka ekin ezkero, beste hainbat akordura ekarri geinkez.

Baina badira beste batzuk, ostera, /Izen + egin/ multzo legez bakarrik dirauenak, eta nekez -tu atzizkidun eratorri modura. Badira multzoak -tu atzizkidun eratorririk ezagun ez dabenak: barre egin bai, baina *barretu ez. Hots egin ezaguna dan moduan, hostu ez (hots izenagaz lotuta behintzat). Eta honeen ondoan badira beste batzuk, -tu atzizkidun eratorria ezagutu bai, baina guztiz sekundarioa edo saihetsekoa dabenak. Halan negar egin multzoaren ordez, bideragarri da negartu, eta apurren bat erabilia be bai, baina nekez ahoratzen edo lumaratzen doguna.

Sarri be sarri jazoten dan fenomenoa da, -tu atzizkidun eratorria izanagaitik, esangura bereziren baterako izatea, ez aditz multzoaren esangura nagusi bera adierazoteko. Txixa egin esangura neutroko aditza da (‘orinar’), baina Bermeo aldean entzuten da inoiz txixatu be, barrez txixatu eta horrelako esapideetan.

Aditz askoren kasuan gertatu da morfologia bien arteko lehia, zeingehiagoka. Eta azken baten, morfologia bata edo bestea nagusitzen da hizkuntza-eremu jakin baten. Aldarrikatu aditza guztiz oraintsukoa da; gudu aurrean “pregonar, proclamar” kontzeptua euskeraz emoteko finkatua; oinarrian aldarri izena eta aldarrika adberbioa dituala. Adberbio eraren (-ka atzizkidunaren) gainean eregia dogu aldarrikatu; esangura-eremu berezi bati estaldura emoteko sortua. Baina tradizinoz ezagunak doguzan hitzak –gaur egun be Bermeo, Mundaka eta inguruetan sarri dantzuguzanak–, aldarria, aldarrika eta aldarri egin dira. Idatzizkoan geriza zabalegirik erakutsi ez arren, aspaldi zaharretik datozan berbak seguruenik. Baina aditz multzo horren esangurea gehiago izan da “agiraka egin, errieta egin”, aurreko beste esangurea baino.

Aditz multzoa eta eratorria biak bizikide diranean, batak eta besteak esangura banangoak jagotea da lege nagusia, gehienetan hurreko esangurak izan arren. Berba hitzaz bilbatua da berba egin, ‘hitz egin, mintzatu’, baina berbatu eratorriak bestelako esangurea gordeten dau, ‘hitza eman’. On egin aditz multzoak eta ondu eratorriak esangura esparru banangoak ditue orohar. Mesede egin geinkeo baten bati, baina norbait mesedetzea beste zerbait da: baten baten fabore edo alde egitea. Jan-edanak gatx egin leio pertsona bati, baina gauzak, egoera baten ondorioz, erraztu beharrean gaxtu egin leitekez.

Garakuntza luzea eskatzen dauen gaia dogu aditz multzoen hau, eta oraingoz bego horretan, hurrengo baten destolesten jarraitzeko itxaroan.

 

 

Iturriko

2018-05-25

Esatekoak 0
Ikusita: 135
2018.05.15

NEURDIN, BERDIN lokailuak “Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du.”

Errefrau ezaguna dogu azpiburutzat ipini dogun hori: Alper da Maria makilatu, berdin berez behar du. Azkuek Euskalerriaren Yakintza-ko errefrau bilduman jasorik dakar 125. zenbakiaz, beronen antzeko beste bigaz batera: “Alper da Maria makilatu, ez bada berez bihurtu” eta “Arpel da Maria makilatua, ez bada berez bedinkatua”. Xabier M.ª Muniberen El borracho burlado antzeslanetik hitzez hitz jasoa.

Gipuzkera eremuan jasorikoa da berdin lokailuaz josiriko errefrau hori, eta beste bi aldaerok baldintza perpaus bat, ezezka emona, darabile horren ordez: ez bada. Sartalde euskeran ez da ezaguna berdin lokailu hori eta balio horregaz, Lazarragaren poesia salbuespen nagusi dala. Sartaldeko bardin aldaerea nekez agiri da balio horregaz dokumentaturik. Euskeraren erdialdekoa eta ekialdekoa dogu berariaz berdin hori lokailu gisa eta esangura horregaz, erdialdetik ekialderanzkoa. Gaztelaniaz emon leikeon ordaina: “como quiera que”, “ya que” edota “en cualquier caso” konjunkzio multzoen hurrekoa izan daiteke.

Azkuek jasoriko errefrauan, berdin horren kokagunea bigarren esaldiaren sarreran dogu. Posizino hau dogu berez nagusi eta ugariena, aurrerago ikusiko dogunez, baina ez beti halanda be. Errefrau hori berori askoz goizago batu eban Larramendik bere Diccionario Trilingüe ederrean: “Alper da Maria makillatu, ezta berdin zentzatu”. Aditzaren ostean, bigarren posizinoan agiri da aldaera honetan. Lokailuaren leku-malgutasunaren seinale garbia.

Lazarragaren idatzietan ditugu bardin lokailuaren adibiderik baliotsuenak. Menderakuntza egituran sarrera gisa agiri da bardin hori, denpora-kausa balioko perpausan, bardin (…) -n azkero: “Zorigatxean, oi, neuretako, / amorea dot ezautu, bardin gura naben azkero, / onein kureldo tratadu.” (11r), “Joan Lopez jauna Zuatzuko, / ene esan bat egizu: / bardin on ez deretxun[az] gero, / donzeilleorri itxazu” (26r); perpaus nagusian: “Berbarik asko esan ei duzu, / zeurorrek ala gurarik; | ene ausenzian eginik; / baia bardin irabaziko / ez dozu gona barririk” (Lazar 47r1)]

Edozelan be erabilera guztiz mugatua ezagutu dau berdin lokailuak gure tradizino idatzian, eta mintzairan be oraindino bizirik badirau be, ez osasun onez; atzeraka doa eta mehats entzun daiteke orohar.

Tradizino klasikora bagoaz, Pirinioz beheitian Larramendi dogu egitura honen lekukorik onenetarikoa. Euskeraz askorik idatzi ez eban arren, bai hiztegian, bai euskal txatal laburretan, bardinbako adibideak eskeini deuskuz. Adibide bi. Bata: “Esaiok, begira ditzala hirekin batean, naiz aurkez, naiz atzez, goitik, betik, zearka edo zuzenka; eztik berdin idoroko bere erriko hitzen antza deuanik, ta are gitxiago igerriko, itsuka bada ere, zer esan nai deuan.” Bestea: “Ez orrelakorik Andoaiñen billatu; ezta berdin andoaindarren artean ain zikinkiro kutsaturik. Guztiak dirade biotz nobledunak, honraz, leialtadez, prestutasunez, kristau onen fedez bete beteak.”

Mogel idazle handiak honango banakuntza egiten eban bere idatzietan: berdin gipuzkeraz eta neurdin bizkaieraz. Bata eta bestea, gitxi batzuetan baino ez dira agiri idatzietan. Bai berdin, bai neurdin, perpaus hasieran kokaturik kasu guztietan. Latinezko testu hautuen euskal bertsinoetan darabil, kasurako: “Alperrik zapalduko dezu itzez ta oiuz soldadu erkin, koldar ta milikatua; ez du zirkinduko ondo esanak, ez agiraka gogorrak. Berdin berez bear du, ta jatorriz bezela ekarri biotzeko azkortasuna.” (VersB 10). Baina gipuzkerazko dotrina luzean beste esaldi bitxi hau dakar, ziurrenik herri-hizkeratik jasoa: “Jan ta edan dezagun; berdin laster ilko gera.”

Bizenta Mogelen egile-izenaz 1804an argitaratu zan Ipui Onak alegi bilduman beste hainbat pasarte eder agiri dira berdin honegaz josiak; alkarrizketa giroan guztiak. Osaba abadearen gerizea ez dago urrun eurok idatzi zituan lumatik. Bat hautuko dogu, hitzaurre gisakoan dakarrena: “Gauza onik badago, esan dezatela iñorena dala, ez nerea; okerrik badakuste, egotzi nere gaiñera; berdin arteak ez du emango sagarrik.”

Neurdin dogu bigarren lokailua. Berdin baino askoz murritzagoa, bai tradizinoz, bai erabileraz, bai eremuz. Azkuek argitasun berezirik ez deusku emoten beronen gainean. Hiztegian lokailu “kausal” balioa egozten deutso, gazt.: “como quiera, puesto que”, eta Mogelen elabarriko adibiderik ezagunera zuzentzen gaitu. Honek bere azken berba-jardunean, Aita Pedroren ahoan honako berbok ipinten ditu: “Itxi egiozu erderati euskerara biurtu guriari; neurdin gauza garbirik egingo ez dozu” (PAb 133). Bere Morfología-n aldiz, konjukzinoei eskeiniriko X. kapituluan honango berbak ipinten ditu: “Itxi egiozu erderati euskerara biurtu guriari; neurdin gauza garbirik, “continuativas” deritxenen artean sartzen dau (483.or.), arren, bada, beraz eta beste batzukaz batera, eta ezaugarri bi eransten deutsoz: (B-arc), bizkaierazkoa eta arkaikoa. Ez dirudi guztiz halan danik. Bizkaierakoa bai, baina eremu urrikoa: bizkaiera ekialdekoa, izatekotan be.

Neurdin eta berdin lokailuen etimologiaz Koldo Mitxelenak emondako argibideak jatorkuz era-erara. Ikertzaile errenteriarrak (1970, PT, 289) baliokidetzat joten ditu, eta berdin lokailuaren adibide-balioak azaldu: “berdin ez da etorriko ‘ya que no va a venir' o, en castellano local, '(porque) igual no viene’”. Horren jatorritzat neur-din emoten dau: “y hasta acaso se debió distinguir berdin da ‘es igual (que él)’, de neurdin da (es decir, *nihaur din da) ‘es igual (que yo mismo)’”. Jatorri bereko eta gradu desbardinekoak zirala jatorrian bata eta bestea, neur-din eta ber-din.

Berbeta mailan ez dakigu neurdin bizirik dagoanentz, ez non eta noiz arte egon dan. Nekez entzun daiteke inon. Eta irakurri, Markinako Eskolako klasikoen artean, Juan Antonio Mogelenean gitxi batzuetan, eta askoz oraintsuago Ondarroako seme Domingo Agirreren Joan-etorri bat Erromara bidaia-kontaeran. Hauxe da abade ondarroatarraren pasartea: ““Gabeko hamaikak dira, hotz egiten dau; hor eta hemen, txoko guztietan, gizon langileak eta baita emakume batzuk bere lo dagoz, neurdin zorro zarren gainean, edo pardelen batzuk burkotzat harturik”. Antz guztia dauka, don Domingorentzat berba ezaguna zala neurdin, testuinguruan era naturalean, berezean sarturiko berbea. Hitz zaharkituarena baino, inguruko berbetatik baturiko hitzaren antz gehiago dauka, nahiz Azkueren Hiztegia ondo eta barrutik ezagutzen eban.

Klasikoen artean Juan Antonio Mogeli baino ez deutsagu jaso neurdin lokailuaren lekukotasunik. Ez Juan Jose eta Bizenta bere lobek, ez Astarloatarrek, ez Frai Bartolomek ez dabe agiri –guk ezagutzen ditugun idatzietan behintzat– neurdin honen aztarrenik.

Juan Antoniok bai badarabil bere idatzietan. Bizkaieraz berariaz, baina behin gipuzkerazko idatzi baten be bai. Latin klasikoen testu hautuen euskal bertsinoetan, bai bizkaieraz, bai gipuzkeraz, bitzutan darabil neurdin: “Bearrak geitu bear dau agintea, ta estuan indar barri batzuk artu. Noranai joan, neurdin gero bere burdineaz edegi bearko dogu bidea” (Peru Abarka) / “Noranai joan, neurdin burniarekin idiki bearko degu bidea” (Versiones Bascongadas).

Peru Abarka-n ezeze, sermoietan be idatzi eban neurdin lokailua. Obra bietako adibide bana. Lehenengoa, maisu Juan barberuaren ezpanetan darabilena: “ta bazaut aserratuten bagara, eskatuko deuskula pagu andiren bat bazkari txar onegaiti; ta neurdin ez deutsagu ura kenduko ardaoari, ta ez dot uste beste zaragietako ardaoa egongo dala puruagoa.”. Bestea, bere sermoi batekoa: “Onetan iraun bagendu, etzan ain arritutekoa Jangoikoak gugan eukitea bere biotza. Neurdin ez geunkan guk errurik, ain loi jaio ta sortuteaz gorputz ta arima.”

Baina Mogelentzat berarentzat be bitxia eta banaka zan ordurako berba hau. Horrexegaitik jaso eban beste berba berezitzat eukazanakaz batera Nomenclatura atalean, adibide eta itzulpen eta guzti: “en vano quebraré la cabeza contigo, neurdin, alperrik ausiko dot zugaz buruba”.

Honenbestegaz gaurkoa.

 

 

Iturriko

2018-05-18)

Esatekoak 0
Ikusita: 113
2018.05.11

Izen eratorkuntza -KO atzizkiaz: GarriKO, euroKO, betondoKO (lehen idazketa)

Atzizki malgua eta askotarakoa dogu –ko marka, bai gramatika-funtzino diferenteak markatzeko, bai lexiko-sorkuntzan deribazino edo eratorkuntza prozesuak bideratzeko. Gaurko idatzi honetan izen kategoriako hitzen eratorkuntzan dauen erabilera ugariaren barruan, zertzelada labur batzuk zirriborratu nahi gendukez.

Gaur egungo hitz-sorkuntzan, izen kategoriakoetan berariaz, ez dago joera handirik –ko honi etekina aterateko, terminologia modernoan eta goi hizkeran esan gura da. Baina murrizte joera horrek badau kontrapisu bat herri-hizkeran, hiztunek berezean, ia era automatikoz garatzen dituen hitzetan.

Hiztunok berez antzean garatzen ditugu horrelako izenak edo izen multzoak, batez be gailu baten izen zehatza ez dakigunean. Halantxe entzun ohi dira behin baino sarriago hiztunen ezpanetan: atzazalak ebatekoa, ulea orraztekoa, bizarra kentzekoa, putzitzekoa eta buruak emon ahaleko beste hainbat.

Baina era horretaraxe finkatu dira, eta eremu semantiko diferente eta ugarietan, hainbat hitz modu naturalez: soineko, oinetako, garriko e.a.

Esparru semantiko batzuk aitatuko ditugu, zeintzuetan zelan-halango maiztasuna agiri dauen atzizki honek izen-sorkuntzan.

Gizakien eremuan dauka berebiziko indarra -ko atzizki honek. Leku-izen batzuetatik, herria eta erbestea kasurako, berez sortzen dira, bertan bizi diranak izentetako, herrikoa eta erbestekoa. Etxe eta kanpo izenetatik etxekoa eta kanpokoa. Berton hurrean bizi danari bertokoa deritxo. Gizartean goian eta behean lekuturik dagozanentzat goikoa eta behekoa. Bizibidea, bizilekua edo bizigiroa bihurtzen da beste batzuetan jentea definitzeko modua: portukoa izatea susmagarri gertatu izan da sarri baserrikoa danarentzat, eta baserrikoa maiztzat hartua izan da kalekoa danarentzat, eta hainbat gehiago basokoa edo mendikoa bada. Auzoan bizi danari auzokoa deritxo, eta alboan, bestaldean edo etxekonean bizi danari albokoa, bestaldekoa edo etxekonekoa; goian edo behean bizi danari goikoa edo behekoa. Eta etxean bizi danari, etxekoa.

Familia eta senitarte esparrura etorrita be, bereizten ditugu odolekoa dana eta urikoa edo kajakoa dana. Hil-mezuetan sarri agiri diran berbak ditugu sendia, aranatar neologismoa, eta sendikoak, biak arrakasta zabala irabazi dabenak barritz. Eta ildo berekoak dira: senitartekoa eta ponteko hitzagaz alkarturiko aitaponteko, amaponteko, semeponteko edo alabapontekoak.

Gizarte mailari jagokozan eratorriak dira korteko, palazioko edo jauregiko izenak edota plebekoa, ogipeko edo ogitukoa, menpekoa e.a.

Belaunaldien arteko hartuemonak adierazoten dituen berbak dira: batetik, aurrekoak (edo gure aurrekoak edo aurretikoak), lehenagokoak… eta bestetik: ondokoak, ostekoak, gerokoak, hurrengoak… lango eratorriak.

Jarduera edo bizimodu jakinei loturiko berbak be garatzen dira: alogerean lan egiten dauenari alogerekoa deitzen jako, edo eskean dabilenari eskekoa.

Mitologia zaharragaz zerikusia daben berbak dira parte txarrekoak eta parte onekoak.

Bizibako izakietan be emoi ugaria dauen atzizki eratorlea dogu. Gizakion hornidurakoak diran izenetarako darabilguz, batzuetan -ko, beste batzuetan -etako, eta baita -tako mugagabea, izendapenetan: soinekoa (jantzia), aldekoa, idunekoa (edo samakoa, edo beste batzuentzat lepokoa), garrikoa edo paparrekoa (brotxea) singularrez, baina betaurrekoak, oinetakoak edota belarritakoak (arrakadak), pluralari jagokoz funtsean, eta euritakoa (edo eguzkitakorik balego, bardin) mugagabeari.

Etxe barruko hornigarrien izenen artean aitatu leitekez ohegainekoa, buruko edo burkoa, oheburukoa eta beste gehiago.

Botikan erosten diran medizinei botikakoa deritxe. Luze joko leuke bizibako gai edo generoen arloan dogun lexikoan azterka hasi ezkero.

Kolpe edo zartada esangura eremuaz loturiko eratorriak be berebizko indarra hartu dabe -ko atzizki honegaz: kolpea non hartzen dan izan ohi da erreferentzia. Buruan hartzen bada, burukoa. Matrailan edo matrailetan hartzen bada, matrailekoa edo matrailetakoa. Arpegian bada, arpegikoa. Kokotean bada, kokotekoa. Belarri ondoan bada, belarrondokoa. Musturrean bada, musturrekoa. Begi ondoan bada, betondokoa. Okotsean bada, okotsekoa. Lepoan bada, lepokoa. Eperdian edo ipurdian bada, eperdikoa edo ipurdikoa. Bular edo paparrean bada, bularrekoa edo paparrekoa. Eta bide beretik, narrukoa, saputzekoa, ostikoa eta beste hainbat.

Elikadura esparruan, sukaldeko ontziak aintzat harturik erakarritako hitzak dira: sartenekoa edo sartaginekoa), lapikokoa edo eltzekoa. Orduen arabera izendatzen diran otorduak dira goizekoa, hamarretakoa, hamaiketakoa, hamabietakoa zein eguerdikoa. Eguerdiko horri eguerdia be esaten jako: eguerdia egin. Ezaugarrien arabera sortua da ogitarteko edo ogibitartekoa.

Aditzaren gainean eregiten danean eratorria, jan eta edan kasu baterako, jatekoa eta edatekoa guztion aho-mihinean dabiltzan berbak ditugu.

Eritasunen izendapenerako be gaitasun handia erakutsi dau atzizki honek. Gaixotasuna gorputzeko zein lekutan dagoan izan ohi da erreferentzia. Bihotzekoak jota hil dala urlia. Garnukoaz larri dabilela sandia. Gibelekoak oratu deutsala halakori. Beherunzkoaz estu eta larri dabilela bat. Goranzkoak emon deutsala besteari. Odolekoa esaten jako odoleko bizienari be, gaztelaniaz “leucemia” deritxonari. Eta halan beste gehiago.

Diru kontuan be emonkorra izan da atzizkiaren eriona. Gaur egun, euroa diru unidade bihurtu danetik, bi eurokoa, bost eurokoa, hamarrekoa, hogeikoa edo ehunekoa izentau leitekezan moduan, lehenagoko txanpon-monetekin eratorritako hainbat izen finkatu dira: errealeko dalakoaz errealbiko, lauerleko (pezeta, lau errealeko), ogerleko (hogei errealeko). Gerra aurrean hamaseikoa (hamaseiko gorriak esaten jaken). Marai edo marabide moneta zaharraren inguruan eregiak dira laumaraiko lango izenak.

Zenbakien inguruan sortu diran eratorriak izendapen diferenteetarako balio dabe. Bostekoa emon esaten da norbaiti eskua emoteko. Karta-jokoan be batekoa izan ohi da preziatuena. Goldeetan be, zenbat ortz dituan, halako golde tipoa izendatzen da: hiruortzekoa, bostortzekoa, zazpiortzekoa. Musika eremuan be zortzikoa deritxo erritmoetariko bati.

Gai eremua asko luzatu daiteke zehetasunez oratu ezkero. Ez da hori gure asmoa. Bai, ostera, -ko atzizkiaren aniztasuna, malgutasuna eta praktikotasuna agirian ipintea, etorkizunean izen eratorri barriak sortzeko be.

 

Iturriko

2018-05-11

Esatekoak 0
Ikusita: 85
2018.05.04

GizonTZAKOA eta GuztiENTZAKOA -TZAKO eta -ENTZAKO atzizkien hitz-sorkuntza ahalmena

Azkuek bere Morfología-n (130 or.) beren-beregi aitatu eta deskribatzen dau -tzako eratorpen atzizki gisa: “Se compone del sufijo adverbial tzat “por, como si fuera”, y el consabido declinativo ko, verdadero proverbo. Dongatzat, lapur usainekotzat, sorgintzat ta guzurtitzat zeunkan luebagin au, dijo Moguel (…). Añadiendo el ko a estos y cientos vocablos análogos sale el calificativo de “supuesto, presunto”. Dongatzako el presunto malvado, lapurtzakoa el presunto ladrón, sorgintzakoa el tenido por brujo, guzurtitzakoa el presunto mentiroso. Aitatzakoa se dice en B por padre putativo o adoptivo… etc.” Eta horregaz loturik aitatzen deusku aintzakotzat, Frai Bartolome zitatuz.

Izenakaz (umetzat, ardaotzat), adjektiboakaz (ontzat, txikitzat) edo izen-adjektibo multzoakaz (pertsona ontzat, mendi altutzat) erabilia dan -tzat atzizki prolatiboa birrizen edo birradjektibo bihurtzen dogu atzizki horri -ko erantsi ezkero. Eratorkuntza prozesua garatzen da -tzako atzizki bikotxaren bidez, izen kategoriaz batez be, baina adjektiboakaz eta aditz partizipioakaz be bai neurri apalagoan.

Eta eratorkuntza horrek esanguraz murriztu eta zehaztu egiten dau hitz eratorri barria, Azkuek artez dinoan lez “supuesto, presunto” adierea egotziz. Gaur egun zuzenbide eremuko terminologian ustezko izenlaguna modaratu da, nori edo hari ziurra eta frogatua ez dan zerbait (kaltezkoa sarritan) egozten jakonean: ustezko bortxatzailea, ustezko iruzurgilea, ustezko salatzailea. Eta erdi ahaztuta daukagu, dana dalako erru-egozteari –bardin deutso lapur, hiltzaile zein auto-gidari izan–, -tzako, -tzakoa eranstea nahiko dala, esanguraz ustezko horren ordeak egiteko.

Lexikalizatze gradurik altuena irabazi daben eratorriak, ugarien darabilguzanak bestetik, senidetasun eremukoak ditugu: alabatzakoa esan ohi da eta alabaordea be bai; esanguraz bardin-bardinak ez badira, hur-hurrekoak bai behintzat bata eta bestea. Alabaorde edo alabaizun, odolekoa ez dan baina alabatzat hartua, ezagutua eta etxekotua dagoanagaitik esan ohi da, gazt. ‘hijastra’. Alabatzako berbea, aurrekook baino gozoagoa eta bigunagoa da; konnotazino neutroagoa dauka; berbaz alabatzat darabilgunontzat, alabatzakoa alabatzat daukagun neskatoa da, alabatzat dagoana, alaba tratua emoten jakona, berez edo odolez izan ez arren; gazt. ‘hija adoptiva’.

Beste hainbeste esan daiteke semetzakoaz be. Eta bide beretik beste senide-izen batzuez be: anaiatzakoa, ahiztatzakoa, nebatzakoa neba-arreba esparruan. Era berean: aitatzakoa eta amatzakoa guraso eremuan. Eta bardin: lehengusutzakoa, osabatzakoa, izekotzakoa senitarte zabalagoan. Baina gramatika-legeak bidea askerik ixten deusku beste giza-kidetasun askotarako: suin, erran, senargai, andragai, ginarreba eta enparauko.

Eratorbide honek hurrengo urrats bat be ezagutu dau: semetzat hartzen dana, semetzakoa izatera datorrena, aditz bidez espresa daiteke, semekotzakotu egin dogula esanez, alabatzat dagoana alabatzakotu daiteken era berean. Eratorkuntza adierazgarria, euskal hizkuntzaren adierazte ahalbide sendoak ondo agiriratzen dituana.

Giza izenen eremu horretan da, hatan be, -tzakoa atzizkia sarrien darabilguna. Andra bati entzun neutsan behin gizonezko bategaitik honetara eragoten: Gizona da hori ba? Gizontzakoa, justu-justuan. Gizona barik, gizontzakoa deitu hobeto ez ete dan nago. Azpian datzan ironia garbia da: urlia horrek ez dau merezi gizon deitzea (edo gorabeheran motz-laburra dalako, edo izaeraz ganorabako antzekoa dalako), nahiz gizartearen aurrean gizontzat agertu.

Adiskidetzat hartua dagoana dala-ta be adiskidetzakoa dala esan ohi da, baina horrek ez dau esan gura benetako adiskidea danik. Halan darabil behin Frai Bartolomek: “Baina, bada geure adiskidetzakoa animosoa, sendoa, jarkia, indartsua, inoren bildurrik ez daukana ta arerio guztietati librau ginaizana, entero maite dogu.” (Bart Ikas I, 56).

Gizakiaz osteango kontzeptuakaz be erabilia da -tzakoa. Erlijino giroko bat aitatzeko, pekatutzakoa, pekatutzat dagoana edo hartzen dana adierazoteko. Frai Bartolomeren lumatik jalgiriko berbak atzera: “Kexau jakozan juezari Joseren kontra. Jose sartu eben kartzelan. Ta azaldau zan bere pekatutzakoa”. Pekatutzakoa, pekatu izan edo ez, batek edo batzuk pekatutzat joten daben horri deritxo.

Gaur egun, Markinaldeko berbetan berariaz, aditz partizipioz eregitako perpausetan erabilten da bizitasun handiz atzizki hau, beti be -a mugatzaileaz lagundurik. Jabier Kalzakorta adiskideagandik jasoriko esaldi bi, beronek bertako herri berbetatik jasoak, ezarriko ditugu hona, era landuan idatzirik. Bata: “Gaurkoz amaitutzakoa egin joagu eta bihar errematea emongo jautsagu”. Bestea: “Bazkaldu edo bazkaldutzakoa egin joagu-ta... nahikoa dok gaurko!”.

Denporan atzera jota, barriro be, Markinatik urrun bakoa dan Frai Bartolome etxebarritarraren idatzietan idoroko ditugu taiu honetako esaldiak noiz edo behin. Hurrengo esaldi biok autortzari buruzkoak dira, pekatuak askatu kontzeptuaren harikoak. Bata: “Jakin bear dozu, pekataria badoa bere ariz konpesore bere ustezko nasaietara, erreztoago, penitenzia gitxigaz ta pekatariaren beraren naira irago dagion ta pena gitxigaz pekatuetati askatutzakoa egin dagion, ez daukala zetan piau alako konpesinoiagaz.” Bestea: “Jazo leiteke, alako prailerik edo abaderik bada, zeuen dantzetako ta piestetako pekatuetati zuei absolbidutzako bat edo askatutzako bat konpesinoian errezto egitea ta pekatuko okasinoe jakin orretan zuei ibilten istea”.

Aurrekoaren osagarritzat -entzako atzizki bikotxaz zertzelada gitxi batzuk gehitu gura gendukez. Mogel idazle bardinbakoak ondo baino hobeto sortu eta finkatu eban guztientzako adjektibo eratorria, eleiza “katoliko” dalakoari euskal ordaina emoteko. Kredoa edo Sinesten dot errezuan honelan formulatu eban pasarte hau: “Sinistuten dot Espiritu Santuagan, Elexa ama santa guztientzakoa, santuen partiltasuna, pekatuen parkazinoa, aragiaren biztuera barria, eta beti iraungo daben bizitzea”.

Baina guztientzako eratorriak esangura zabalagoa irabazi izan dau sortu izan zanik eta aurrera: “orokorra, jenerala”, indibidual edo banakakoaren antonimo gisa. Halan darabil Pedro Astarloak, urrunago joan barik. Fedearen izaera dala-ta dino: “izan leiteke fedea banakakoa eta guztientzakoa, edo argiago esaterren, modu bitan sinistu ginaikez fedeko artikuluak”. Eta mezako sakrifizioen frutuak dirala-ta be hau dirausku: “Onetarako jakin bear dogu, mezako sakrifizioan dagozala frutu bi, bata da berezko edo espeziala, bestea guztiena, guztienzakoa edo jenerala”. Tamala da guztientzako berba honi gure lexikografoek eta idazleek etekin handiagoa atera eza, baina alperrik da joaniko urari presea egitea.

Hari honi jarraituz, esan daiteke euskal hizkuntzak berezko sena dauela -entzat > -entzakoa garapena egitekoa. Geure aldetik gaineratu daigun, guztiok daukagula geuretzakoa edo norberentzakoa irabazteko eskubidea, baina ardurea hartu behar dogula inorentzakoa be hornitzeko. Horretara helburu biak joko ditugu ituan : bakotxarentzakoa eta guztientzakoa.

 

Iturriko

2018-05-04

Esatekoak 0
Ikusita: 121