kontaktua
2018.09.27

“Etorri IZANGO da” aditz perifrasia eta beste aukerak

Aditz perifrasia, aditz konposatua be deritxona, aditz atal bigaz osotuari deritxo: partizipioa eta laguntzailea. Oraingo idatzian, atal biko perifrasi horretan izan aditza erdian sartzean, txertakuntza horrek aditz prozesuaren aspektuan eragiten dituan aldakuntzez jardutea dogu helburu, berariaz izango gertakizun aspektuko markara mugaturik, osterantzekoak hurrengo baterako ixten ditugula.

Izan aditzaren aspektu diferenteko erak –izan, izaten, izango, ekialdean izanen– txertatzeak, aditz perifrasiari era batera edo bestera, berariaz aspektuaren aldetik berezitasun semantikoak eragiten deutsoz. Etorri da edo etorri izan da ez dira esanguraz bat. Etorten dira eta etorten izan dira be ez dira gauza bera. Jazoten dira eta jazo izaten dira perifrasien balioak be ez datoz bat. Eta azkenez, gaurko gaiari joakona, etorriko dira eta etorri izango dira, hainbat gitxiago hondino. Batak eta besteak banango esangura garbiak ditue.

Eta iraganeko adizkiaz lagunduta be aspektu diferentziak hor dirau: Etorri ziran # etorri izan ziran. Etorten ziran # etorten izan ziran. Etorten ziran # Etorri izaten ziran. Aspektuaren aldetik eragiten deutse izan, izaten, izango/izanen partizipioek aditz perifrasiari, eta lehenengo biek, gaur egungo erabileran behintzat, prozesuaren maiztasunagaz lotuta.

Mogelek, bere berba-jardunetan, Peruren ahoan esaldi hau darabil: “Maia prest dago, jatekoa bere bai, ta nire umeak oraingo gosetu izango dira. Maria, atera eiguzu saldea.” Gaztelaniaz: “para ahora ya les habrá entrado el apetito”. Hiztunak, berbetan dagoan momentu horretan, jazoera edo egoera bat –umeak gosetuak egotea– gertatu izan dalako ustea edo susmoa adierazo gura dau gosetu izango dira aditz perifrasi horregaz; benetan jazo izan dalako ziurtasunik edo frogarik euki ez arren.

Oraingo denpora-adberbioak asko laguntzen dau aditz prozesu horren baldintzak ulertzen: berbetan gagozan une horretarako, nahiz gertaera horren ziurtasun osorik izan ez. Ustearen, probabilitatearen inguruan ari gara.

Aditz prozesuaren balio-esangura hori, “futuro perfektua” dalakoarena, gaur egungo euskaldun askok ez daki era horretara esaten, eta dakigunok edo ikasi dogunok be nekez erabilten dogu horretara. Hizuntzaren erabilera onean, landuan, erabili behar gendukela, inondik be.

Balio horretarako, horren lekuan beste egitura batzuk erabiltera joten dabe gaur egungo euskaldunik gehienek. Adibide bera erabilita: Oraingo gosetuta egongo dira, da aukera bat. Oraingo edo honezkero gosetu izango ziran da beste aukera bat. Oraingo edo honezkero gosetuta egongo dira,da hirugarren aukera bat. Honezkero gosetuak izango dira, dogu laugarren aukera bat. Eta hurrengo, beharbada gure artean gehien entzuten dana edo zabalen dabilena: Oraingo edo honuzkero gosetuko ziran. Badira beste aditz egitura batzuk be, balio bera edo antz-antzekoa adierazoteko gai diranak, ausaz. Baina oraingo idatziak /gosetu izango dira/ dalako egituran zentratzea da gure asmoa.

“Futuro perfektua” deritxon denpora-aspektudun egitura hau, gosetu izango dira dalakoa, zaharra edo aspaldikoa dogu euskeran, denporearen joan-etorrian hiztun askorentzat usadiotik aldendua egon arren; egitura zaharkitu gisa bazterturik. Honen antzeko beste egitura batzukaz jazo izan dan antzera, euskeraren alboetan gorde dira eta erdialdean aldatu, aldendu edo modifikatu. Baztertze horren arrazoia, gehienetan, neutralizatze prozesu soil batena izan da. Beste zein aditz egiturak estaldu dauen berori? Oraingo gosetuko ziran dalakoak batez be.

Egia esan, Mogelen denporan be egitura bi horreek lehian ziran hiztunen erabileran, eta euron arteko neutralizatzea bidean zan. Idazle beronen hurrengo beste aditz perifrasi honek be gertakizun perfektuaren balioa dauka: “Maixu Juan, goazan eskaratzera; oinak bustiko jatzuzan, eta aldatu egizuz”. Gazt. “se te habrán mojado los pies”.

Idazle beronen alegietako beste pasarte bat be dakargun aurrera, aurrekoaren taiu berekoa: “Erdu neure etxera, ta emongo deutsut zer jan ta zer edan, bada mendi onetako eur gogorrak ta bideko nekeak janaren ta berotu bearraren preminan imini izango zaitue”. Beste era batera adierazota: “segurutik imini zaitue” edo “imini izan zaitue”.

Aditz perifrasi egitura hau ez da idatzizkoan sarri agiri dan horreetarikoa, eta klasikoen artean be, batzuen artean ondo lekukotua dagoan moduan, beste batzuen artean ostera, edo bakan agiri da edota sekula be ez. Pedro Astarloak oparo darabil, esaterako; baina ez hainbeste Añibarrok edo Frai Bartolomek. Dana dala, XIX. mendearen lehen erdiko idazleentzat gitxi-asko ezaguna da perifrasi hori. Eskura ditugun lekukotasunak erabiliko ditugu geure azalpenerako.

Aditz perifrasi hau erabilia dan testuean, maiztasunez agiri da denpora-adberbioren bategaz lagundurik: sarri, gitxitan, noiz edo noiz, inoiz… Ingurune batzuetan, bada, aspektu habitualaren kutsua dariola dirudi perifrasi honi, baina ez beste batzuetan, ostera. Ezinbesteko loturarik ez dagoke berez aspektu habitualaz; baina joerea baietz esan daiteke.

Adibide gitxi batzuk. Frai Bartolomeren honetan gitxitan eta nekez dira prozesuaren maiztasuna markatzen dabenak: “Gitxian ikusi izango da seme bat edo alaba bat bere gurasoari lotsa txarra ekarri deutsana; (…) gitxitan edo nekez ikusi izango dala onako seme bat edo alaba bat zaartza onean auzoak ta etxekoak estimetan dabeela, eriotza ona egiten”. Pedro Astarloaren hurrengoetan sarri dogu maiztasuna adierazoten dauen adberbioa: “Sarri ikusi izango dozue markes, konde edo beste gizon andiren bat, bere alboan darabilela metaillu edo medailla zirar edo urrezko eder bat”; “Sarri ikusi izango dozue, zelan eguzkiak joten daben bidriera baten”.

Aspektu habitualagazko lotura egitea ez da alperrekoa, ez lebabakoa; izan, aspektu markatzaile gisa erabilia dalako aditz perifrasi barruan, gaur egungo hizkeran eta lehenagotik be. Joan izan da, etorten izan dira, ikusi izaten dira legezko aditz perifrasi ereduetan, izan horrek eransten deutsan berezitasuna maiztasun aspektua izan ohi da: “behin baino gehiagotan” gertatzen dala prozesua, hatan be.

Baina behingo prozesua adierazoten dauela dirudi beste kontestu askotan, ohikotasunaz zerikusirik ez daukana. Halan Frai Bartolomeren esaldi kate honetan: “Guztiak dakien ta ezkutau ezin dozun pekatu bat egiten badau zeure semeak edo alabeak, aren errua bere inori ezarten deutsazu. Mutil deungaren batek galdu izango dau zeure alabearen onestidadea. Ordi jokolariren batek engainau izango dau zeure semea. Bestelan eurenez ez dakie zure umeak gauza txarrik egiten.” (I 15). Edo Añibarroren hurrengo honetan: “Ni bart il neindekean; berein il izango dira; gaur asko ilgo dira; eta bearbada ni lenen.” Esan nahi da: asko eta asko hilda gertatu izan dirala bart (guk zehaztasun horren ziurtasunik euki ez arren).

Ezezkako egituran be eskubide osoz erabili daiteke, eta erabili izan da. Pedro Astarloaren esaldi kate hau lekuko: “Askok eta askok eztabe inos guzurrezko juramenturik eguin izango. Askok eta askok eztabe inoenik kendu izango. Askok eta askok ezteutse gatx egin deutsenai gorrotorik euki izango. Baiña guztiz gitxi izango dira murmuradu eztabeenak”.

Iraganeko aditz laguntzaileaz eregitako perifrasi egiturak be agiri dira inoiz. Halan J. Mateo Zabalaren hau: “sei eguneko bearragaz [makaldu] indargetu izango zirean gorputzak”.

XX. mendeko idazleen artean be ez da lekukotasunik falta, berez atzeraka doan egiturea dala ezagun izan arren. Txorierriko erabileratzat onartu beharko dogu Paulo Zamarripa sondikoztarrak darabilen hau: “–Parkatu bei, jauna. Berori nire testamentua hartuten etorri izango da… –Bai, horretan nator.” (Zaparradak).

Sartalde euskeran, gaur egun, berbazkoan non dirau bizirik aditz perifrasi honek? Bizitasunik gehien, sartalde horren sartalderengo ibarretan: Nerbioi ibarreko euskerea ahul eta indarge dagoan arren, ibar horrexetan agiri dauela esan daiteke. Eta modu apalagoan, Arratia aldean, eta beharbada Txorierrian. erdizka eta Nerbioi aldeko euskaldunen artean osoago. Baina Markinaldean be indarrean dago, ditugun lekukotasunen arabera.

Hara hemen, Orozko eta Zeberioko lekukotasun batzuk:

Juan Manuel Etxebarriak Zeberiokotzat emondako kontestuak: “Bedarra ebagiten joan dala denporea da, eta honezkero ebagi izango jok” (Juan Manu Etxebarria. Zeberio), (Futbol partidua 10etan amaitzekoa zan) “Hamar t’erdiak dira eta honezkero akabau izango da”. (Umea eukiteko egon da eta denporea pasauta) “Honezkero euki izango dau.”. “Basorantza urten dauela aspaldi da eta honezkero heldu izango da.”. “Hain egunetan ezkontzeko izan da... eta honezkero ezkondu izango dok.”.

Orozkoko berbetearen lekuko biren testuak emongo ditut, euskera landura ekarrita. Sinesio Estiballes: “Gaur asistenta sozialori tropezau dot. Etorri izango da berein-berein, norberak ze itxura daukan ekosten.” (Sinesio Estiballes). Itxi Rotaetxe: “–Etorri da Mari? –Esan badau, etorri izango da.”.

Jon Etxebarriak, Arratiako Arantzazuko semea bera, autortu deust egitura biak dituala ezagunak: etorri izango da eta etorriko zan. Zeanuri, Arantzazu edo Zeberioko jenteagaz diharduanean, berez lez esango leukela etorri ixingo da, baina beste egiturea be guztiz naturaltzat dauka: Etort’ordua dok eta, oingo etorriko zoan.

Markinaldean, Jabier Kalzakortaren esanean, guztiz natural erabiliak dira joan izango da, ekarri izango dau, etorri izango da eta eredu horretakoak. Adibide bat: “Bera geratu da ekartekotan. Ez dot ikusi baina, ekarri izango dau!”. “Etxetik laster urtetekotan geratu da plazara joateko, eta honuzkero joan izango da”.

Baina bizkaiera eta gipuzkeraren eremuetan orohar, neutraliazitze fenomenoa nagusitu da, eta etorriko zan, joango ziran ereduko aditz perifrasiek estaldu edo beregandu dabe futuro perfektuaren balioa. Durangoaldeko kasua, adierazgarri. Eskualde horretan etorri izango da eredua ez da gaur egun ezaguna. Jesus Eguzkitzak Atxondo partean, hori bera esateko, honetara esango litzatekela dino: “Behin honezkero etorriko zan”, eta bigarren modu batera esatekotan: “etorri izango zan”.

Bizkaieraz kanpoko eremuetan, idatzizko tradizinoan erabilera guztiz urria daukala esan daiteke. Lehengo zein oraingo lekukotasunak guztiz eskasak dira, gipuzkeraren eremuan argiro dakuskunez. Lardizabal eta Iztuetaren moduko idazle esanguratsuen idatzietan ez da agiri egitura horren testigantzarik. Agirre Asteasukoren idatzietan noiz edo noiz islatzen dan egiturea, Beterriko hizkeran ohikoa dan hau: /Partiz + -a + izango + aux/. Perifrasi egitura hau normalean pasibotasuna markatzeko erabili ohi da: Parkatzen dakiena parkatua izango da eredukoetan. Baina herri-erregistroan badauka futuro perfektuaren balioa be. Hara ondoko adibide biok: “Jauna, nik gauz ura esan orduko, barreatua izango zan, aditu nuan alabaiña bi edo iru lagunen aurrean.” (Erakusaldi II), “Jauna, nik esan nuan gauz ura barreatua eta zabaldua izango zan, bada nik aditu nuan bi edo iru lagunen aurrean.” (Erakus II).

Gipuzkera eremuan, Beterri aldean berariaz, /etorri izango da/ egitura zaharretik garaturiko –a mugatzailedun aldaera hori indarrean da gaur egun be: /Part + -a + izango + aux/ dalakoa. Hala: “Ez diat ikusi, baina honezkero etorria izango dek” (Andoni Sagarna).

Urola aldean, Azpeitian jasoriko hurrengo esaldi biok, laguntzailea orainean eta iraganean daroen eredu banangoak erakusten deuskuez. Orainekoa: “Honuzkero etorria izango dek”. Iraganekoa: “Ordurako jaioa izango huan” (Patxi Goenaga). Baina Urola aldean be neutralizatze bidea oso aurreratua agiri da: Honuzkero etorriko huan guztiz normaltzat eta hedatuagotzat joten da.

Bizkaieran oraindino indarrean dagoan /etorri izango da/ eredua Nafarroako hizkeretan be bizi-bizirik dago, aspektu-aditza izanen edo izain dala. Etxalekun jasoriko testigantza: “Gaurgero etorri izain da” [izanen da] (Sagrario Aleman). Leitzan eta Iturenen be antzera esango leukie: “Ez dut ikusi baina, etorri izanen da”, “Hori ikusi izanen duzu”, “Lana egin izanen du” (Patxi Zabaleta & Andres Iñigo).

Gorago aipatu ditugu, batez be adibideen bidez, denpora-adberbioak jokatzen daben papera, prozesuaren probabilitatea markatzeko: oraingo (oingo) sartaldean, honezkero / honuzkero Bizkai-Gipuzkoako eremu zabalean, eta gaur gero Nafarroan.

Gomendio gisa, duda barik erabilgarritzat joten dogu /etorri izango da/ aditz perifrasia, berariaz euskera landuan. Literatura sorkuntzan izan daiteke, inon izatekotan, onuragarri.

Eta gaia agortzeko asmo barik, bego gaurkoz honenbestegaz, nahikotzat, gai hau.

Iturriko

2018-09-27

Esatekoak 0
Ikusita: 357
2018.09.21

DaLAKOAN, daLAKOA, daLAKO ustea… menderagailuak

Mendeko perpaus konpletiboak, edo osagarriak, -la atzizkiaz markatu ohi diran konpletiborik orokorrenak, aditz baten mende edo agindupean gertatu ohi dira jeneralean. Esaldi bi: a) Halan dala uste dogu; b) (Deitu ez badau,) horrek esan gura dau ez datorrela.

Orokorrean aditz nagusi edo aditz egitura konplexu baten mende egokitu arren mendeko osagarriak, batzu-batzuetan suertetan da izen baten, edo izen sintagma egitura baten mende agertzea be. Sintaxi funtzinoari jagokonez, bada, izenlagun funtzinoa betetera etortea mendeko osagarria, jatorrian perpaus nagusiagoaren barruan eukan subjektu edo osagarri zuzena izateko funtzinotik.

Horretaraxe jazoten da goiko mende perpaus biakaz be, euron burruko aditzak izen kategoriako bihurtzen baditugu: a) ustea euki, b) seinalea izan (edo ezaugarria izan). Kasu honetan, izen baten mendekotasuna adierazoteko, jatorrizko -la atzizkia -lako formara erakarri beharra dago, -ko adnominal marka hari gehituta, -lako bihurtuaz. Halanda ze, ondoriozko perpaus egiturak honangoak lirateke: a) Halan dalako ustea daukagu; b) … ez datorrelako seinalea da.

Dalako eta datorrelako mende-aditzek ez daukie kasu honetan mende-perpaus kausaletan, arrazoi-emotekoetan, agiri ohi dan –lako atzizkiaz, forma berbera eukiagaitik. Funtzinoz guztiz bestelakoak dira bata eta bestea: lehenengoa, izenlagun funtzinokoa dogu; bigarrena, adizlagun funtzinokoa.

Egia autortu behar bada, izenlagun osagarriaren funtzinoko –lako atzizkidun perpausak ez dira bape ugariak euskal hizkuntzan. Berbaz, guztiz dira urriak; hizkera askotan guztiz ezezagunak, gainera. Idatziz, tradizinoan ondo lekukoturik agiri dira, baina urri samarrak dira, edozelan be.

Atzizki konpletibo hau, -lako, urri erabilia izateak badau arrazoi agiriko bat; hain zuzen, lehiakide dauen -n atzizkiak gainera hartu deutsala erabil kontesturik gehienetan. Mogelek, Peru eta Maixu Juanen berba-jardunetan, lehenengoaren ahoan honango esaldia ipini eban: “ta adiskide garealako ezaugarritzat, egin daigun alborokea, ta au neure diruti.” Eta beste hau be bai: “Mutil gaztea nintzanean ikasi neban arotzia, neure anaia nagusiagoak etxaguntza au eroango ebalako usteaz”.

Gaur egun, eta tradizino idatzian be, mendeko adizki biak sarriago erabiliak dira garean/garen edo eban/zuen itxurapean, hau da, -n menderagailuaz markaturik. Lehia horretan garaile urten dau -n markak, eta -lako urriago bihurtu da.

Hori da arrazoietariko bat, gaur egun idatziz *dalaren, *garelaren… eta halako  sasigramatikazko sorkuntzak garatu izanarena. Gramatika-lege zuzenaren arabera ezina da -la + -ren erlazio-marken bakuntza, eta hori arrazoi bategaitik: -la aditz-atzizkia jatorriz adberbiala da, nahiz menderakuntza osagarrian funtzino propio eta berezia izan kasu honetan: honela, nola, bezala diran legetxe. Eta adberbio honeen adnominalak honelako, nolako, bezalako garatu diran era beretsuan garatu izan da menderakuntzan dala > dalako, izan-en adizkien kasuan.

Izan be, -en/-ren erlazio-atzizki genitiboa izen sintagma baten gainean eregi daiteke: etxea > etxearen, mendia > mendiaren, eta menderakuntzaren barruan -n atzizki menderagailudun adizki baten atzean, inon izatekotan. Horrelantxe garatu izan dira diran adizkiaren gainean diranaren, diranen izenlagun funtzinoko aditz menderatuak; eta eurok, mehatz eta urri erabiliak gure tradizino idatzain.

Mende-perpaus osagarriak izen bati lotzeko, izenlagun bihurtzeko, -ren gehitzeko joera oker hori analogiaz sortu da, logika bidez aplikaturiko analogiaz ‑sasianalogiaz, hobeto esanda‑, baina ez hizkuntza naturalal bere senean garaturiko analogia baten bidez. Horrexegaitik, batez be euskera hutsetik ikasi dabenen joerea da gehiago, jatorrizko euskaldunena baino, edota (hondino txarrago dana) okerreko gramatika irakaspideren batez hizkuntza irakatsi izanarena.

Neure ikasle bati jasoa dot, okerbide honen lekuko gisa ipinten dodan ondoko esaldia:  “Hala ere esan beharra dago, berandu garatu *zelaren teoria dagoela.” Baina, neure irakasle esperientzian sarritan suertatu jat ikasleen idatzietan horrelakoak irakurri beharra.

-lako + izena

Mende perpauseko aditz adnominala, -lako atzizkiduna, eremu semantiko jakin bateko izenak darraikozala erabili izan da batez be. Hatarikoak dira: uste, pentsamentu, seinale… eta eremu semantiko hurreko beste batzuk.

Idazle klasikoen artean Mogel dogu eredurik bikainenetarikoa; adbide ugariak ditualako batetik, baina -lako-dun perpausari agintzen deutsen izen diferenteen aniztasunagaitik be bai. Testuinguru pare bat dakarguz hona; bata: “Etzinean bart etzun nire penzudaan, edo nik iratzartuko zendudazalako uste osoan?’ (PeruAbarka); bestea: “artu eben igesa, ta itxi eben gizona bere sare ta zakuaz ao-zabalik, iges egin ebelako atsakabeaz.” (Ipuiñak).

Añibarroren idatzietatik jasoak dira ondoko esaldi biak: a) “sosegu epe andiaz nago, onduko nazalako itxaromenaz” (60); b) “askotan emon deutsut, onduko nazalako berbea”.

J. Mateo Zabalak be, gitxitan izan arren, ingurune diferenteetan darabil, menderagailu honen malgutasunaren seinale. Damu izenaz: “artuko dozue, alango Jangoiko ona ofendidu dozuelako damua”; atxakia izenagaz: “eta bear bada ezkontzako berbea emon ezkero ezkonduen gauzak erabili izango dituezalako, gero alkar erremediauko dabeelako atxakiagaz?”; edergarri eta beste izen batzukaz be.

Oraintsuagora etorrita, amesa izen sintagmari dautsala darabil P. Zamarripak behin baino sarriago, baina ames horren esangurea ‘itxaropen, esperantza, intentzino’ edo ingurukoa danean. Halan: “Tira! Amesetan, amesa egi bihurtuko dalako amesagaz, eskutitz labur hauxe egin eta bialdu dot” (Kili-kili).

-lakoa eta -lakorik + (euki) (egin)

P. Zamarripak, bere Gramática Vasc-n honelan azaltzen ditu labur, -lako konpletiboa, -a mugatzaileaz, -an inesiboaz edota -rik partitiboaz agiri diraneko kasuak:

“Los sufijos lakoa y lakoan, derivados de lako, significan, respectivamente, “idea (o creencia) de que” y “en la idea (o creencia) d que”.

Ona dalakoa daukot. Tengo idea de que es bueno.

Ona dalakoan artu dot. Lo he tomado creyendo (en la crencia de que) es bueno.

En frase negativa se dice, en vez de lakoa, lakorik.” (1928, 184 or.)

Adibidetzat emon dituan esaldiek argiro erakusten dabe dalakoa euki aditzagaz alkartzen dala batez be, ez bakarrik baina. Eta esangurearen aldetik, dalakoa horren azpian “ustea, aurre-ustea, susmoa, “presuntzinoa” erakusten dala hiztunaren edo subjektuaren aldetik.

Menderagailu horrek badauka gitxienez aldaera bat, -lazkoa, Nerbioi aldean behintzat bizi dana. Nerbioi aldeko hizkeretan, Orozkon kasurako, -lazkoa marka hirukoitza darabilte, -lakoa hedatuenaren ondoan. Hala: “Zezenik ez dagoalazkoa edo entzun deutsat baten bateri”. Herri-berbetan: // “Sesenik estaoelaskoa…” (Sinesio Estiballes).

Ez da, egia esan, -lakoan inesibokoa baizen ugaria. Gitxitan baino ez da agiri kasu absolutiboan, eta beti be “uste, eretxi” eremu semantikoarren arrimuan.

Osagarri zuzenaren funtzinoa beteten dau, oro har, -lakoa menderagailudun perpaus horrek, baldin izan kopulatiboaren inguruko aditz multzo bat ez bada aditz nagusia: egia da, ez da sinestekoa… erakoa. Osagarri horren nagusitzat dagoan aditzak askotarikoak izan leitekez, baina ia beti adierazpen edo eretxi eremukoak: esan, entzun, aitu, pentsau… Halan: “Gaisorik egoalakoa aitu neban nik”.

Bada egitura bat, -lakoa egin, esangura berezi bategaz erabilten dana: antza emon, itxurak egin, gazt. “simular, fingir” dalakoaren ordaina. Eta klasikoen artean Mogelen erabilera bi begitandu jakuz aiutuak. Bata, ipuinetariko baten irakatsi edo “moraleja” gisa dakarren hau: “Ipuin onek adierazoten dau, zurtasuna ta askojakina izatea dala gauza batzuetan, ez dakigulakoa ta gura ez dogulakoa egitea, jakin ta gura izan arren”. Bestea, zaldi eta leoiaren ipuineko pasarte hau: “‘Igarri eutsan zaldiak etorrela guzurrez ta asmo dongaz, baina egin eban igarten ez eutsalakoa”.

Da adizkiaren inguruan bilbaturiko lokuzinoa dogu dana dalakoa, dana erlatiboko aditzaz eta dalakoa konpletiboaz eregitakoa, eta berbeta mailan guztiz ohikoa. Lokuzino hori ia lexikalizaturik dagoala esan daiteke kasu askotan. Halan, Domingo Agirrek Kresala-n darabilenean “urlia!, “fulano” esanguraz: “Lantegi Jaubeak. ‑Danadalakoa, goizago dabil. Oraindino lau egun ezta Sagastak agintea itxi dabela-ta... Itxasgizonak. ‑Danadalakoa, agur Arranondoko alkartasuna ta agur gure arteko bakea!”.

Beronen esangura garbia, berez, zabalagoa da: gizakientzako ez eze, gainerako bizidunentzako, zein bizibakoentzako, objektuentzako, aplikagarri da. Zamarriparen pasarte bat: “Burlazahar nabilela uste izan dau bertako ugazabak edo dana dalakoak” (Firi-firi). Sarri ohi darabilgu dalakoa edo dana dalakoa lokuzino gisa, aurretik ezaguna ez jakun izen bat dauela, eta batzuetan edo juntagailua bitarte dala: Perutxe dalakoa. Euskalduna, frantsesesa edo dana dalakoa.

-lakorik

Aditz nagusia ezezka dagoanean bideratzen da partitibo-atzizkidun menderagailua, -lakorik hori. Mateo Zabalaren esaldi honetan: “Eta bizirik dagoalakorik agiri ezpadau […], esan bear da”, ez dau agiri aditzaren azpiko mendeko osagarria dogu dagoalakorik aditzdun esaldia. Eta oraintsuagora etorrita, Zamarripa txorierritarraren hurrengo esaldi honek emoten deutso hondino berme sendoagoa egitura honi: “Entzun izango dozu zeuk, irakurle maitea, behin baino gehiagotan, abadeak ondo bizi dirala. Gorra zaralakorik ez daukagu, irakurle maitea.” (Firi-firi).

-lakoan inesibokoa

Adizlagun funtzinoa beteten dau osagarri honek be perpaus nagusian, eta aurreko –lakoa / -lakorik marketan lez, beronen azpian datzan izena ezkutaturik dago, eliditurik. Baina, aurrekoetan legetxe, esangura antzekoa dau izen eliditu horrek: ustean, eretxian, sinestean, adian, pentsamentuan.

Hizkuntza bizian berau dogu nagusi, aurreko bien gainetik, eta euskal eremu askotan ia bizirik dirauen edo erabilia dan bakar antzekoa. Domingo Agirre ondarrutarraren idatziak azterkatu baino ez dago, horrezaz ohartzeko. Pasarte bi, lekuko. Bata: “‑Nor da berau, hainbeste leku bear dabena? Erregina dalakoan birau natxako ta Brix sorgina baino ez da.” Bestea: “Ez eban horretarako behin be astirik hartu, gauza danak berenez, euren bidetik, nahi eban erara etorriko jakozalakoan.”.

Egon aditz nagusiagaz buztartzen da sarri be sarri, nahiz eta beste aditz batzuekaz be bardin alkartu, testuinguruak eskatu ezkero. “Horretan nago”, “hatan dago” lokuzinoen bide beretik eta balio beretsuaz garatuak dira: dalakoan nago tipoko guztiak. Azkuek Latsibi elabarrian dakarren pasarte hau da eredu egokia: “Hobakuntzatxo bat dabelakoan gagoz, baia oraindino kikili-mokolo datza gizaixo andia”.

Klasikoen erakusgarri, Mateo Zabalaren hau: “emongo baleutsu batek estaiñuzko ogerleko zabala, urrezkoa [zirarrezkoa] dalakoan, eta zuk igarri; ontzat artuko zeunskio, berak ontzat daukalako?”.

Lokuzinotzat hartu beharrekoa da dalakoan ez dalakoan adizlagun egitura, besteak beste, Mateo Zabalak darabilena: “Egin izan dozunez alan dalakoan eztalakoan”.

-la egon eta -la-ta egon

Bada egitura bat, -lakoa euki ereduaren baliokidea dana, gaur egun berbaz nekez entzuten dana, baina gure klasikoen artean inoiz agiri dana. Mateo Zabala bilbotarraren esaldi bitariko honek darakus ondo: “‘Auxe zan’ esan nebala nago [nebalakoa daukat]”.

Gaur egun sartalde euskeran askoz zabalago dabil, batez be berbaz, -la-ta egon egitura, esangura eremu bererako: Perutxe, aspaldian ikusi barik, atzo kalean ikusi nebala-ta nago. Ez nago guztiz seguru, baina bera zalakoa daukat.

Halan bazan, ez bazan, bego gaurkoz bake ederrean.

 

 

Iturriko

2018-09-20

 

Esatekoak 0
Ikusita: 160
2018.09.14

BAINO, BESTERIK, BAINO BESTERIK eta taiu bereko juntagailu adbersatiboak

Aurkaritzazko juntagailuen artean, maileguzko izenez adbersatiboak deritxoenen artean, badira batzuk bereziak diranak euren esanguraz eta testuinguruz, eta han-hor-hemen darabilguzan lotura-marken artean zalantzak eta ezbaiak sortzen deuskuezanak.

Horreetarikoak dira baino, besterik eta baino besterik, biak batera marka bakarra osotzen dabela. Honeek hirurok (eta beste gehiago be) aurkaritzazko juntadura absolutua adierazoteko bigarren juntagaian agertzen dira, bigarren esaldi hau ezezka emona dala; hau da, ez hitzaz (edo ezeztapena adierazoten dauen beste hurrekoren batez) markatua danean.

Juntagailu marka osoak, bada, dira: baino + ez, besterik + ez, eta baino besterik+ ez. Esangura beretsuaz erabiliak dira beste marka batzuk be: ezpada eta baizik berariaz. Baina sintaxi aldetik aparteko jokaerea dabenez, atal honetatik ate itxiko ditugu.

Baino ez juntagailua

Hartu daiguzan abiapuntutzat honango esaldiok. Bata: “Horixe baino ez dogu behar: eurak geure ganetik paretea!”. Bestea: “Pobre bizi dala! Dirua baino ez dauka eta!”. Bizkaiera eremuko edozein lekutan ezpanetatik berez jalgiten jakozan esaldiak, edozeini.

Laburbidezko egiturea dogu baino ez dalakori. Azpian datzazan egiturak osoak izan leitekez. Batean: “Horixe behar dogu; besterik ez dogu behar”. Bestean: “Dirua dauka; besterik ez dauka”. Oinarrian, euretariko bakotxean, esaldi bi banangoak ditugu; bietan aditz bera errepikatzen da: behar dogu # ez dogu behar eta dauka # ez dauka. Eta horrelakoxe kasuetan aplikatzen da errazen elipsia: jarraiko esaldi bitan egitura bera errepikatzen danean, erlatibo perpausetan eta osterantzeko batzuetan jazoten dan legetxe.

Halanda ze, besterik sintagma partitiboa oinarrizko egituran egoan bera da.

Baino nondik garatu edo erakarri da funtzino horretara? Konparatze-egituretatik, hain zuzen baino -ago goranzko marka konparatzailetik. Oinarrian datzazan egiturak, horren arabera izan leitekez: Hori baino gehiago ez… eta Dirua baino gehiago ez…

Berbaz barra-barra darabilgun egiturea dogu baino ez, eta berorren aurrean doan sintagma izan daiteke izen batena, adjektibo batena, adberbio batena, aditz batena…, berba baten, edozein hiz kategoriarena. Halan esaterako: gorria baino ez, gaur baino ez, joan baino ez, Europan baino ez, basoa baino ez… eta halantxe zenbat gura, malgutasun osoz.

Sartalde euskerako tradizino idatzi modernoan ondo errotua dago egitura hau. Domingo Agirreren esaldi hau izan bedi baliagarri: Kurrukarako gosea Jaungoiko guzurrezkoen erakuspen oker bat baino ez da” (Auñemendiko Lorea).

Besterik ez juntagailua

Beste zenbatzailea, ezezko perpausan eta balio mugagabeaz erabilirik, eta ingurune horretan –ik atzizki partitiboa beregandurik, bihurtu da juntagailu marka izatera. Goian aitatu dogu, esaldi bi banango izatetik esaldi bakar izaterako urratsa zelan garatu dan; baino-ren kasuan lez, elipsi bidez egitura laburrera jota.

Bada itsas herrietan kantetan dan kantu bat, Bermioko portuan / goixeko ordubidxetan hasiera dauena, zeinen ahapaldi batek berbok kantatzen dituan: Ez da besterik entzuten, / ez da besterik entzuten: / Txo, atrakaizu batela!. Kasu honetan perpaus bi ditugu alkartuta. Horretatik garatua da esaldi bakarrean mezu osoa alkartzea. Gitxi gorabehera: “Batela atrakatzeko baino besterik ez da entzuten.” Esaldi banango biak alkartzeko beste modurik ez dago, baino eta besterik jokoan sartuta ez bada.

Besterik ez juntagailuak aurrean dauen izen edo adjektibo sintagma singularra edo plurala izan, aditzagazko numero-akordioa bardin jagongo dau: plurala danean, aditzean be islatuko da pluraltasun hori. Txakur horrek zorriak besterik ez DITU, eta ez zorriak besterik ez *DU.

Izen sintagma partitibo normala balitz, aditzean nor-sintagma singularrean eskatuko leuke: Txakurrak ez DAUKA zorririk. Baina gure kasuan besterik ez da jada izen sintagma partitibo normal bat, egitura izoztua baino, juntagailu marka izateko finkorik geratu dan lotura-marka bihurtu dana, partitiboaren tasun guztiak galdurik.

Horrexegaitik bada, gaur egun ikusten diran erabilera batzuk agramatikaltzat jo beharrekoak dira. Halan: “Makina honek txartelak besterik ez *du onartzen” esaldiak ditu adizkia eskatzen dau, txartelak IS plurala dalako.

Kontrako kasua litzateke ondokoa: “Makina honek txartelik besterik ez *ditu onartzen”. Kasu honetan txartelik IS partitibo normala da, eta horrek berez eta legez eskatzen dau aditzaren jokoan objektu singularra markatzea: txartelik besterik ez DU onartzen.

Baino besterik + ez juntagailua

Baino eta besterik, biak batera juntagailu konposatu bakar gisa, ezezkako perpaus barruan, ez marka aurrean zein atzean agertu daitekela, sarri gertatzen dan egitura da.

Hizkuntzak, bere ibilian, marka biak alkartzera jo dau, eta euskerearen sartaldeko ‑berariaz bizkaieraren erdi eta ekialdeko‑ hizkeretan marka hau nagusi izatera etorri da juntadura mota hau adierazoteko. Eta erdialdeko hizkeretan barrena be baietz esan leiteke.

Berbeta naturaletik jasoriko hiru adibide emongo ditugu: “Horrek ez dauka gorrotoa baino besterik”. “Dirua baino besterik ez eukan”. “Aurre-aurrean daukazu. Begiratu baino besterik ez daukazu, zeu konturatzeko”.

Esan leiteke, baino eta besterik markak euren soilean erabilita baino enfatizatze handiagoa irabazten dauela baino besterik egitura bikotxak. Hizkuntza barruan, juntagailu soilaz (baino edo besterik) edota biak alkartuta erabiltea, koexistentzian dira: biak erabilten ditue hiztun askok, zer adierazo gura dan, haren arabera. Aurkaritzazko juntadura tipo beraren maila bi dirala pentsa daiteke: juntagailu banangoaz, neutroagoa, eta marka binangoaz, indartuagoa. Baina segurutik badira hiztunak, egitura binangoa baino ez darabilenak. Horrek esan gura dau, orokortu egin dirala, zelanbait neutroagoa bihurtu dala.

Tradizino moderno idatzian erabili izan diranen artean hiru idazle lekukoren adibideak erakarriko ditugu. Domingo Agirre: “ez naz batzar onetan egon azken artean, eta zure hitzak baino besterik ez ditut entzun” (Auñemendi). Felipe Arrese-beitia: “Beietan ia ez dot ikusten / Tubalen ume zintzorik. / Ez dalako gaur hemen entzuten / erderaz baino besterik” (Ama Euskeria).

Azkue lekeitiarrak be badarabil, baina juntagailu biak sintaxi libreagoan agiri dirala: “Hauxe baino etzan besterik orduan entzuten” (Latsibi), “Errenteru batek ugazabarentzakoa baino beste berbarik, ez botorik eztauko” (Latsibi), “Kartagon etzan apurtxo baten euli-soinua baino beste otsik entzun.” (Azkue Latsibi).

Baina apur bat azterka egitea nahiko da, Kirikiño lango idazle sendoek be zein ugari eta sendoro erabili izan daben baino besterik bikotxa, ohartzeko.

Badira, aurrekoez gainera, beste marka batzuk, edo aurrekoen aldaki batzuk, esangura eremu horretan erabili izan diranak, edota erabilten diranak. Hara zeintzuk:

Besterik / ezpada

Mateo Zabala bilbotarraren adibide bategaz on egingo dogu beronen biziraupena: “Etxake entzuten besterik, ezpada berbarik astunenak, garratzeenak eta lotsabaakoenak”.

Baizen (/baxen) ez

Gaur egun nagusi diran baino, baizik eta besterik juntagailuaren egiteko eta balio berberaz erabili izan dan juntadura-marka dogu berau; zahar itxurakoa eta zahar etorrikoa berez, baina bizkaieraren sartaldean hondino be guztiz galdu ez dana. Edozelan be, bizkaierazko literatura klasikoan ondo sustraitua. Mateo Zabala bitarteko hartuta on egingo dogu atzera be, marka honen bizi indarra, eleiz sermoi giroko kontestuakaz baino ez bada be: “zer esango dot arako […] Pazkoaz baxen konfesetan eztireanak gaiti?”.

Baino aurkaritza juntagailuaren kide-kidea dogu baizen marka hori: “au ezta zeure jantzian jausi dan txingarra baxen”, “denporea emoteko baxen eztoguz guk esaten berba, ipuin ta kanta orreek”.

Gaurkoz honetan itxiko dogu azalpena, nahiz eta berez hari-matasa honen firua luzea be luzea izan.

 

Iturriko

2018-09-14

Esatekoak 0
Ikusita: 148
2018.09.07

ERDI, zenbatzaile zehaztuen kategoriako danean

Erdi berbea, gaztelaniazko “medio, mitad, semi-” eta kidekoen antzera, gramatika kategoria diferentetan darabilgu; hitz malgua eta askotakoa da, kategoriaz anitza.

Izen kategoriakoa dogu sarritan, neurri-, kantitate-izenen sailekoa. Ondoko esaldioetan, esaterako: Auto txiki honek beste handi horren erdia balio dau. Erdiagaz nik ez daukat ezer; osoa behar dot. Horregaitik beragaitik, izenlaguna aurrean ipintea onartzen dau: Liburuen erdiak akatsakaz publikatu dira.

Adjektibo kategoria be gordeten dau batzuetan; ez sarriegi, dana dala. Hatakotzat joko gendukez honango esaldiak: Plazan egoan jente erdia edadekoa zan. Bide erdia egin dogu; orain beste erdia falta.

Graduatzaile kategoriaz dogu berariaz emonkorra eta bizitasun handikoa erdi hitza, beste hitz kategoria batzuekaz alderatuta. Graduatzaile lexikala da gehiago, gramatikala baino, baina edozelan be era libre eta malguan erantsi ohi jake aurretik, graduatzen dituan hitzoi. Gaztelaniaz be, erdi honen antzera jokatzen dabe ‘medio’ eta ‘semi-’ hitz-markek.

Graduatzen dituan kategoriak ia danak ohi dira. Batzuetan, izenak: erdi gizona, erdi basoa, erdi baserri erdi txaleta. Sarriago eta errezago gertatuko dira adjektiboak: erdi zoroa, erdi leloa, erdi itsua…, eta askoz sarriago, adberbioak edo aditz partizipioak. Adberbioen kasua: erdi txarto, erdi ondo, erdi gaixorik…. Aditz partizipioen kasua: erdi mozkortu, erdi poztu, erdi argitu, erdi galduta ibili.

Postposizino kategoria autortzen deutsagu beste batzuetan, gaztelaniazko “en medio de” balioaz: etxe biren erdian, bidearen erditik, gau erdian.

Eta akabukoz, zenbatzaile kategoria, eta horren barruan zenbatzaile zehaztuen azpikategoria. Izan be, bat, bi, hamar, hogei, ehun… zenbatzaile zehaztuak ‑-numeralak ohi deritxe honeetarikoei‑‑ diran moduan, azpikategoria horretan sartzekoak dira, erabileretariko batzuetan, bete, lauren, bana eta beste batzuekin jazoten dan antzera.

Zenbatzaile dogunean erdi.

Zenbatzaile garbi izateraino garatu da erdi, izen-adjektibo kategorietatik, bete aditz-adjektiboa egin dan antzera. Bidearen erdia izen sintagma, hau da, distantziaren erdia izendatzeko adieran, bide erdi izatera etorri da formula batzuetan. Halan desafio edo aupada gisa, pertsona bik, batak besteari zuzentzen deutsezanean, burruka egiteko edo: ‑Etorri hona! –Ez, etorri zeu hona ea! –Bide erdi! Lehiakide bat bestea dagoan lekuraino joan beharrean, bata eta bestea erdi puntuan alkartzea, erdiguneraino etortea. Hanka erdi! be erabilten da, aupada formula modura.

Esapide finkoa da gatx erdi / gaitz erdi, itxura baten hitz konposatua, baina berez gatx erdi, hau da, gatx osoaren erdia, bigarren osagaia zenbatzaile gisa erabilia. Mogelenean daukagu testigantzarik zaharrenetarikoa: “berorrek amau gaikezala gu, bere gorputza janaritzat emoteraiño, igarokorra ta gatxerdi litzate”, baina berez gipuzkera eremuan sarriago entzuten dana. Agirre Asteasukoren testigantzak, ugariak dira, adibidez.

Izen be erdi, neurria, zenbatekoa, finkatzeko erabilten dan berbea da: unitatearen erdia, hain zuzen. Eta berez, neurria, zenbatekoa aplikatzen dan eremu diferente guztietarako baliagarri da: espazioa eta distantzia, bolumena, pisua, denporea e.a.

Botila erdi eredua eta botila eta erdi eredua

Egitura bi dira, zenbatzaile gisa, sarrien erabili ohi diranak: a) Izen + erdi, eta b) Izen + ta erdi.

Botilea hartzen badogu edariaren neurritzat, neurri horren 50%a adierazoteko, bata: botila erdi. Eta neurri hori osoa eta horren erdia adierazoteko bestea: botila eta erdi, azunbre eta erdi, litro eta erdi… (edan genduan).

Denpora eremura etorrita, ordutegiaren inguruko esapideetan ikusten da garbien erdi zenbatzailearen papera: Ordu erdi darabilgu, ordu bete edo ordu lauren darabilguzan egitura eta sintaxi berberaz. Baina denpora eremutik urten barik, bardintsu erabilten dira edo erabili leitekez. Denpora tarde luzeagoetan: urte erdi, hile erdi, eta bide beretik mende erdi edo mende eta erdi, eta usadio gitxiagoko beste batzuk be bai: egun erdi, goiz erdi, gau erdi, arratsalde erdi… Eta denpora-unidade laburragoetan be bardin: minutu erdi, segundu erdi. Eta bide beretik, minutu eta erdi edo segundu eta erdi, zehatz kronometratzen hasi ezkero.

Espazio eremuan, luze-zabala eta nondik norakoa, distantzia, dira aitatzekoak: metro erdi edo metro eta erdi, kilometro erdi edo kilometro eta erdi eta ildo horretako beste asko.

Bolumenaren eremukoak be ugariak dira, berariaz isurkari eta edariekin; bardin deutso ura, ardao edo esnea izan. Edari edo bestelako isurkari baten neurria emoteko ontzi edo zelan-halango edukin bat hartzen badogu, haren erdia edo haren neurria eta beste erdi bat adierazo nahi badira, hainbat esapide darabilguz geure egunerokotasunean. Edukin edo ontzi jakin batzuen izenak ohikoak dira gure artean: basu, katilu, botila, koilara, lapiko, kazuela… Halan garatuak dira: basu erdi ardao zuri; katilu erdi esne (edo katilu eta erdi); botila erdi txakolin (edo botila eta erdi). Gure inguruko herri baten bazan lehenago gizon bat, Koperdi ezizena ipini eutsena, bazkalosteko edaria, kopa osoari gehiegi eretxita, kopa erdi eskatu ebalako.

Neurri estandarragoetara etorrita: litro erdi edo litro eta erdi, klasikoagoak diran azunbrea edo kuartilua aintzat hartuta: azunbre erdi edo azunbre eta erdi, kuartilu eta erdi. Kopla zahar baten hitzak gogoratuz: “Neure kapela makurra, / beti tabernara gura. / Halakoan baten itxiko‘t / azunberdiren kontura”. Hau da, azunbre erdiren kontura.

Pisuaren eremua be emonkorra dogu erdi edo eta erdi zenbatzaileen erabileran. Unidade zaharretariko batzuk hartuko ditugu. Arroako unidadea, txarriki pisurako asko erabilitakoa, hartuta, “arroa erdi urdai” idatzi eban Mogelek. Librea, arraina neurtzeko sarri erabili izan dana, lehenago esaten zan: libra erdi antxoba edo libra eta erdi txitxarro. Anegea, laborea neurtzeko erabili izan dana hartuta, esaten izan da: anega erdi indaba edo anega eta erdi gari. Eta gaurko unidade ohikoetara etorrita, bardin aplikatzen da: kilo erdi angula edo kilo eta erdi indaba.

Diru kontuan, berariaz eta erdi, usu erabilia da moneta unitate jakin bati darraiola, gaurko kasuan euroa. Halan: Euro eta erdi kostau edo bost euro eta erdi ordaindu. Eta lehenagoko moneta-unidadeetara jota, erreal, lauko e.a., garatu izan dira: “bost errial ta bost lauko ta erdi”, “bost errial ta bost kuarto ta erdiraino”.

Berez, neurri zehatza eskatzen dan edozein eremu semantikotan egokitzen da erdi zenbatzailea. Hizkuntzaren joan-etorrian eboluzino txiki bat gertatu da berez-berez gramatikaren aldetik adjketibo kategoriatik zenbatzaile kategoriara. Txokolate tabletearen erdia jan dot esatetik, Tableta erdi txokolate jan dot edota Tableta erdi jan dot txokolatea esatera. Edo kategoria biak batera hartuta: “Txokolatea tableta erdi baino ez dot topau; beste tableta erdia saguren batek jan dau, antza.”

Eboluzino edo garapen hau ez da atzo goizekoa, aspalditik datorrena baino. Gure klasikoen artean ondo lekukoturik agiri da, ugaria ez bada be; baina idazle batzuetan beste batzuetan baino gehiago, dana dala. Sarri ohi dogunez, Mogelen idatzietara joko dogu aipu bakan batzuen bila. Batzuetan erdi eta beste batzuetan ta erdi egiturak agiri ditu. Eremu semantiko diferenteen artean, denporea eta pisua dira nagusi. Denpora eremuan erdi zenbatzailea (batzuetan konposatu antza euki arren) ohikoa da egun, gau, ordu izenen atzean: “egun erdi artian igaro ezkero”, gaberdi ezkero joan edo edan baga”, “ordu erdi baino egingo ezpalu ere”, “ordu lauren da erdi igaro artian”. Bitxia jazoten da, gaurko erabileratik ikusita, Mogelen pasarte hau: “orduerdi”.

Eduki-izena agirian ohi da beste batzuetan; gitxienetan. Isurkarien eremuan, pitxar, katilu, basu, kikera, kantin, terrin… Halan Mogelenean: “Pitxar erdi ardao, amar lauko”, “Asmatu zuan erostea baso erdi aguardiente”.

J. Mateo Zabala bilbotarraren lekukotasunak urriak dira, eta ia beti denpora eremukoak, edo are estuago, ordu eta erloiu izenakaz batera darabilzanak: neurri-izentzat erdi zenbatzailearen, edota lauren eta bete-ren aurretik. Gramatika egitura honen adierazgarri bardinbagea, honakoa: “kontu daigun berbarako, abarkaak josten iru ordu lauren, atea konponduten ordu erdi; esia zarratuten ordu bete; edo frakaak ifinketan erloju bete, gona batzuk eta panizelu bat garbituten erloju erdi; artoa garaunduten erloju erdi, eta alan puskaka puskaka aldi luzea bearrean emotea”.

-rik erdia egitura

Asko, nahikoa, gehien eta beste zenbatzaile zehaztugabeakaz sortuak diran eskerrik asko, nahikoa beharrik eta beste halako beste egitura askoren antzera, erdi hitzagaz batera, honen aurretik doan izena -ik partitiboaz markaturik agertu ohi da sarri.

Baina zehatzak izanda, erdi kasu honetan ez da zenbatzaile kategoriakoa, ez da zenbatzaile mugagabea, adjektibo kategoriakoa baino, eta -a/-ak mugatzailea atzean dauela dihardu sintagma katean, eta inola bere ez mugatzaile barik.

Horretarikoak dira berbaz sarri darabilguzan batzuk: Biderik erdia oinez egin dogu. Etxerik erdiak jausita egozan. Jenterik erdia erdi birlorauta ikusten zan. Sartaldeko euskeran agiri da indartsuen, idatziz zein berbaz, egitura bitxi hau.

Klasikoen artean, J. Mateo Zabala bilbotarra dogu honetan be bide-erakusle bardinbakoa. Hara beronen pasarte gitxi batzuk, goian azaldutakoa on egiteko: “biderik erdia eginik daukazue”; “laster loak artuten dituz, eta ez dabe gorurik erdirik bere egiten zein lagunen artean”; “Arakatuten dau mundurik erdia eta alan bere irapazi on bat etaraten badau, pozik iragoten dituz izerdi eta neke andi guzti oneek”.

Oraintsuagora etorrita, Zamarripa sondikoztarra dogu beste lekuko ereduzko bat: “Ohostu deuskue etxerik erdia” (Firi-firi), “Bosgarren paperaren erdia be baltzitu dogu, irakurlea. Paperaren erdia eta paperik erdia” (Firi-firi), “Erromerian dagon / jenterik erdia / berorren adi dago oin” (Gora.begira), “Baltzeoan ibili’da, / gorputzik erdia / lurrean dabilela” (Gora.begira).

Gomendio gisa, erdi zenbatzaileari bere estatusa, bere lekua autortu behar jako idatzian be, ahozkoan aspalditik egina eta sendotua dauen lekua.

Bego honenbestean gaurko idatzia.

 

Iturriko

2018-09-07

 

Esatekoak 0
Ikusita: 171