kontaktua
2018.10.26

-ARTE atzizki eratorlea: BasARTEtik jenteARTEra

Arte ezaguna eta balioanitza da euskeran berba bakun modura. Izena danean, espazio kontestuan batzuetan, eta askoz sarriago denpora adieraz, “bitarte” esangurea harturik. Espazio ingurunea dauenean, tarte modura indartu ohi da: “Tarte horretan ez dago lekurik inor sartzeko”. Eta denpora balioaz: “Arte horretan ez neban ikusi”.

Baina arte postposizio lez indartu da askoz gehiago, denpora esparrurako ia beti; batzuetan, holantxe soilik, beste batzuetan deklinaturik: artean, artera, arteko, artetik, arteino.

Espazio eremuko izen modura, arte, bakarrean baino askoz ugariagoa da egitura konposatuan erabilirik, berariaz bigarren osagai modura. Lexiko arruntean baino askoz gehiago, onomastikan da ezagun -arte horren presentzia. Hainbeste hitz ditugu, leku-izen moduan edo deitura-izenetan untzeturik geratu diranak.

Ur, erreka, ibai edo osinak geografia erreferentzia dirala garatuak dira beste batzuk: Ugarte sartaldekoa edo Uharte ekialdekoa (ur), Errekarte (erreka), Lasarte (lats) edo Osinarte (osin).

Etxe edo eraikuntza-izenak ardatz hartuta garatuak dira Etxarte (etxe), Olarte (ola). Hatx edo harri ointzat hartuta garatuak dira Atxarte, Arrarte langoak. Mendia dogunean, mendarte. Bidea daukagu Bidarte izenaren oinean. Pagoa daukagu Pagarte izenaren atzean. Eta baso generikoagoa, Basarte izenaren oinean.

Arte izena aurrean dala garatua dogu Artekale (Gernikakoa, kasurako) ezaguna, Bilboko kasuan Artekalle (Bilbokoa); lehenago, izen arrunt modura erabili izan diranak: Artekalea, Artekallea. Euskera modernoan, Artekale zaharra Erdiko kalea bihurtu da leku batzuetan (Gernikako kasua).

Baina atzizki eratorle gisa bizi da, batez be, –arte hitza, eta horixe da idatzi honetan azaleratu nahi doguna. Eta eratorkuntzan darabilgunean, balio barriak irabazi ditu; “bitarte, tarte” adierakoak barik, beste modernoago batzuk dira, euskera bizian jasan dauen hedakuntza semantikoaren bidez garatu izan diranak.

Multzotasun balioaz, kolektibotasun esanguraz garatu da –arte atzizkia gure lexiko arrunteko berba batzuetan, ez dogu esango ugaria danik baina. Hau da, -tza atzizkiaren eremu hurrekoan, eta horren paraleloan esan daiteke, hitz batzuei erreparatuta. Halantxe erabilten ditugu basatzan zein basartean, lupetzan zein lupetzartean, harritzan zein harriarte baten, sasitzan zein sasiartean.

Multzo nahasia, unitateen banakuntza bakoa adierazoten dau gehiago, beste ezer baino, natura-izenakaz darabilgunean.

Landaretzan murgiltzen bagara, eta basoa hartzen badogu, arboladi multzoa dan aldetik, basarte bihurtu da. Laharra baino besterik ez dagoan lekuari laharrartea esaten jako. Sastrakaz beterik dagoan ingurua sastrakarte bihurtzen da: “Sastrakartean sartu zan oreina eta kateatuta geratu zan”. Eta sasi moltsoa dagoan lekuan ezkutatzen bada txoria, sasiartean ostondu dala esan daroagu. Arantzea edo arantzakia baino besterik ez dagoan lekuari, Arantzarte toponimo gisa eta arantzartea izen arrunt gisa deritxogu.

Erabileraren harian, hiztunok berez-berez esaten ditugu, analogia bidez garatu diran besteok be: arbolarte, pinuarte, gaztainarte, kereizarte eta beste gehiago.

Naturako eduki solidoez garatuak dira beste batzuk: Areartea esaten jake, tradizinoz areatza edo are(a)tzatxu izena eben are lekuei, gazt. “arenal”. “Areartean orratz bat topetan ez da erraz.” Basatza tradizinokoa basarte be esaten da: “Basartean jausi eta zikin-zikin egin.”

Beste eremu semantiko batzuetara be jauzi egin dau -arte honek, gizakien eremura, hain zuzen. Baina kasu honetan, “multzo nahasiaren” esangura barik. Gizakiak, pertsonak, “norbanakoak” dira. Eta halantxe garatua da gizarte izena, “sociedad” esateko darabilguna. Eta ildo beretik sortua da lagunarte: “Lagunarte ederrean igaro genduan afalostea”. Senitarte izen ezaguna be senideen osotasuna adierazoteko finkatu da. Auzoarte (auzarte) be ezaguna dogu auzoen arteko kolektibidadea seinaletako, gazt. “vecindario”. Eta eleizarte be bai, “feligresía” adierazoteko.

Eta era libre baten erabili geinke -arte atzizkia beste kolektibo batzuetarako be. Halan: andrarte: “Andrartean estu eta larri hartu eben”; umearte:Umeartean bazabilz, umetuta urtengo dozu”; eta oraindino ugariago, jentearte / jendarte: “Bakarrik ibiltekoa ez da; beti jenteartean.

Bego gaurkoz honenbestegaz

 

Iturriko

2018-10-26

Esatekoak 0
Ikusita: 115
2018.10.19

BATZUK zenbatzailearen morfologiaz

Batzuk zenbatzaile eratorria da, bat unidade-hitzaren gainean -zu atzizki multzokaria beregandu dauela, eta atzean –ek mugatzaile pronominala, laburduraz –k soilean gelditzen dana gaur egungo absolutiboko kasuan.

Erromantze-hizkuntzetan, unidade-izenaren inguruan gertatu dan pluraltze prozesu bera jazo da, ia paraleloan esan geinke, euskeran be. Gazt.: un, uno/-a > unos/-as. Euskeraz: bat > batzuk.

Bat singularrak mugatzaile-markak be beregandu leikez: bat-a, bat-ori. Eta batzuk pluralak be, era askoz murriztuagoan, berebat: batzu-ek orokorra dogu batetik, baina batzu-ak eta batzu-ok erak be, -ak eta -ok mugatzaile benetakoakaz markatuak, ezagunak dira tradizinoan, gaur aldenduak (erdi aldenduak, hobeto esanda) egon arren. Batzu-ek horren atzizkia mugatzaile zaharra da, baina mugatze-baliorik gordeten ez dauena. Gaztelaniaz “unos, -as” esangurakoa, ez lit. “los unos”, gaur egun gaztelanian be aldendu samartua.

Baina euskera zahar eta klasikoan, batzu-ak eta batzu-ok hitzetan esangura beteko mugatzaileak ziran –ak eta –ok atzizkiak, beste-ak eta beste-ok zenbatzailean diran balio beretsukoak. Harrezkero neutralizatze prozesu baten bidez galdu izan dira.

Mikoleta bilbotarrak XVII. mendeko bere dialogoetan (gramatikatxoaren ostean dakarzanetan) garbi bereizten ditu batzuk eta batzuak: bata balio mugagabeaz, neutroaz, eta bestea balio mugatuaz darabilzala:

(a) “Ekarguzu pastel batzuk, ta auma lauren bat errerik.” “ekarzu azeituna batzuk irugarrenerako.”

(b) “zerren daukanean gizonak kriadu asko, batzuak besteakaiti eztaude gauzarik egiten artez”

Hurragora etorrita, Frai Bartolome Etxebarriko idazleak, batzuk darabil ia beti nor, nork kasuetan, ia beti balio mugagabeaz, esango geunke. Eta gitxi batzuetan batzuak (batzubak) darabil. Orotariko corpusean esaten da, batzuok (batzubok) be badarabilela, baina geuk behintzat ez deutsagu inon irakurri. Batzuak eta batzuok, gaztelaniaz adierazota, “unos de aquellos, unos de estos” lirateke. Datiborako, idazle beronek, batzuei orokorraren ondoan, batzuai darabil behin edo behin, mugatze kontuan balio banangoakaz: lehenengoa mugatua, bigarrena mugagabea.

Hara adibide argigarri batzuk:

(a) batzuk absolutibo edo ergatiboa: “Auzo batzuk beti. Beste batzuk inoz bere ez. Batzuk esaten badabe ez dala egin bear pekatuzko dantza edo piesta nasairik, beste batzuk dinoe leen bere egiten zireala ta orain bere egin bear direala.” (Olgeeta).

(b) batzuak: “Marte gerragina ondretako, gizonak pelietan zirean alkar il artian ezpataka alkarregaz; edo otsoakin ta artzakin, batzuak il artian.” (Olgeeta); “Kondenauta dagozanak, edo dira diabruak, edo dira gizon eta emakumen arima kondenauak. Batzuak bere ez dabee gura pekatu loia inpernuban eureentzat. Ez diabruak, euren izateari ez jaokolako. Ez kondenauak, euren erregarria dalako.” (Ikas II).

batzuai datiboa: “Orregaiti lege batzuai esaten jakoe direala naturalezearenak; beste batzuai, errazoiarenak, (naturalezeagaz ta errazoiagaz bat eginda dagozalako). Ta beste batzuei, Jaungoikoarenak.” (Ikasik I)

Edozelan be, batzuak hori batzuek orokorragoaz neutralizatua gertatu da autore eta testurik gehienetan. Mogelen kasua, adibide garbia. Alegietan darabilen esaldi hau: “Ez batzuek, ez besteak atzeratu ta txil egin gura eben”, gaztelaniaz literalki “ni los unos, ni los otros”, erakusgarri garbia da. Markinaldean, aldi haretan, batzuak ezaguna izango eban berbaz kontizu, baina idatzirako batzuk orokorra, eta gitxi batzuetan batzuek, bultzatu zituan, esangura mugatua eskatzen eben kasuetarako be.

Iparraldeko tradizio klasikoan ezaguna da batzu era soila be, kasu absolutiborako.  Izenordain mugagabeen eran deklinatzen zan erabilia zan gitxietan: paradigma oinarrizkoan, batzu, batzuk, batzuri, batzuren, batzurekin... eta leku-denporazkoetan, batzutan, batzutako, batzutatik, batzutara.

Baina harrigarriro, oraintsu ezagutu dan Lazarraga arabarrarekin testuetan be batzu hori agiri da barriren barri, eta ez batzuk, bizkaiera zahar eta klasikoan ia orokorra dan formea. Izan be, Lazarragaren erabileran, batzu horrek deklinatze mugagabea daukala esan daiteke, agiri dan apurretan. Bai behintzat batzu absolutiboan eta batzugaz soziatiboan.

(a) batzu: “Nik esango ditudan berbaok / [izan]go dira gutxi batzu” (4v), “enzun eben aen alderutz kantaetaz etozela gizon batzu” (14v).

(b) batzugaz: “Retulo bat ekusi neben / kanpuaen alde bateti; / urregorrizko letra batzugaz / egoan eskrebidurik” (15r).

(c) batzuen: “joan zidin musiko batzuen etsera eta erregutu eusten legioela lagun musika bat emaitera joaten” (7r).

Gaur egungo bizkaiera landuan absolutiboko eratzat batzuk hobesten da, eta ergatibora, nork kasurako batzuk zein batzuek. Berez sartaldeko eta hegoaldeko tradizinoan ez dira bereizi izan formaz bata eta bestea, baina gaur joerea dago batzuk/batzuek era bikotxaz kasu biok bereizteko.

Kasu oinarrizkoa batzuk izana, eta ez batzuek, horrek eragin dau, analogia, beste kasuetan be -e- bokala ezabatzeko joerea. Halan, sartaldeko berbetan normaltzat hartzen dira: batzukaz, batzutan, batzutako ereduko formak, nahiz arauz jagokuzanak -e-dunak izan: batzuekaz, batzuetan, batzuetako.

Labur garatuko ditugu kasu batzuen berezitasunak:

Datiboan batzuei darabilgu, nahiz klasiko batzuetan batzui era laburtua be ezaguna dan, eta gaur egungo berbetan batzuri be bai. Baina berbazko batzuri honek ez dauka mugagabe zaharragaz zerikusirik, ezpada -ei klasikoa berbeta modernoan -eri/-ri bihurtu izanaz baino.

Genitiboan batzuen. Benefaktiboan batzuentzat, batzuendako. Soziatiboan batzuekaz, batzuekin. Instrumentalean batzuez.

Leku-denpora kasuetarako ditugun erak: inesiboan batzuetan, adlatiboan batzuetara, ablatiboan batzuetatik, genitiboan batzuetako eta destinatiboan batzuetarako.

Batzuk horren sintaxi eta semantika alderdiak hurrengo baten jorratzeko itxiko ditugu. Oraingoz bego honenbestegaz.

 

Iturriko

2018-10-19

Esatekoak 0
Ikusita: 62
2018.10.17

Da-ETA eta daLA-TA kausalidade atzizki diranean

Kausalidadea, arrazoi-emotea mende-perpaus batez adierazoteko, eta postposizinoa eta –la eta / -la-ta atzizkia moderno modukoak dira hizkuntzaren historia perspektiba batetik ikusita.

Askoz lehenago sortu eta garatu izan dira euskeran beste menderagailu kausal batzuk: -lako atzizkia dogu guztion artean hedatu eta ezagunena gaur egun. Batez be euskerearen sartaldean eta erdialdean.

Aurre-marka batzuk be badira: batetik ze (eze) sartaldean eta ezen ekialdean; bestetik zerren sartaldean (gaur egun zaharkitua) eta zeren ekialdean; eta literatura aldetik lilura gitxiago darakusen beste gehiago: zergaitik edo zergaitik ze, zergatikan eta beste.

Gaurko idatzian gure azalpena eta (ta) eta –la eta (-la-ta) marketara mugatuko dogu. Eurok izango ditugu gure itua, eta ituan joten ahaleginduko gara.

Eta postposizino kausal gisa

Jatorriz eta juntagailua da marka honen sorburua. Juntadura marka danean juntagailua, esaldi biren erdian kokatzen da; edo hobeto esanda, bigarren esaldiaren hasieran, bien bitartean eten bat egiten dala: Berandu da, ETA etxera noa.

Baina perpaus buruan agertu beharrean, esaldiotariko baten atze-marka modura darabilgunean, perpaus bion arteko hartu-emon balioak aldatzen dira: bien ekintza-prozesuak sumatu edo pilatu bakarrik ez, ezpada esaldi bataren prozesua bestearen kausa, arrazoi edo zergaiti bihurtzen dogu. Eta marka postposizino modura daroan esaldiaren prozesua bihurtzen da beste esaldi-prozesuaren kausa, arrazoi edo zio.

Adibide batez abiatuko gara: Banoa etxera, berandu be bada-ta. Ordena atzekoz aurrera ipinita be bardin eratu daiteke esaldia: Berandu be bada-ta, banoa etxera. Bigarren honetan etena, esaldi bien banakuntza egiten dauena, -ta horren ostean dago, eta ez eta juntagailu danean lez, haren aurrean. Ortotipografiaren aldetik eredu bikotxa onartu leiteke: eta osorik eta banan idatzita, edo -ta modura, era laburtuaz, marratxoaz aurreko hitzetik banandurik agiri dala.

Ohikoena, -ta atze-marka hori esaldiaren aditz jokatuari dautsala erabiltea da, batez be idatziz: da-ta, dau-eta, dago-eta, dabil-eta… Baina berez, aurreko esaldiko beste edozein sintagma be agertu leiteke eta aurreko posizino horretan. Sarritan aditz partizipioa bera: Zelan agurtuko zaitut ba, ez zaitut ikusi eta? Gertakizun aspektuaz: “Jaramonik ez deust egingo-ta, bihotza erdibituko jat” (J. Altuna, Ipuiñak). Izen sintagma bat be gertatu ohi da atzerengo leku horretan: “Zulatu jaku txalupea-ta, laster ondatuko gara’ (Etxeita, Josetxo). Adberbio bat: Egin orain ahal dana, ez gara betiko eta.

Lehenagoko testuetan, mende perpaus mueta honetan, aditz jokatuari atzenengo lekua bermatzeko, ezezkako perpausetan aditz perifrasiaren ordena neutroa mantentzeko joerea egoan. J. Mateo Zabalaren hurrengo esaldi honek darakusanez:  “Ez ibili, bada, […] indarka askatuteko; zeure buruari kalte ekarri ta besterik egingo eztozuta”.

Eta / -ta hori kausalidade marka lez erabiltea ez da berez zaharra, idatzizko testuei jaramoten badeutsegu behintzat. Lekukotasunak ugaritzen, XIX. mende barrenetik honuntz hasten dira, baina XIX. mende hasieran be badira beronen lekukotasun banakak.

Euskararen sartaldean dago gehien eta aspaldien errotua, baina erdiko euskalkietan be normaltasun osoz erabilia da. Ekialdeko tradizinoan, ostera, ez da ezaguna, kausa balioaz behintzat. Eta gramatikarien artean, XIX. mendearen erdialdean argitaratu zan Mateo Zabala- beronen argibideak dira goiztarrenak eta berenberegikoak. Hara zer dinoen:

"170. A los dichos puede agregarse ta o eta, que suele ponerse tambien al fin a los artículos, y que unos la pronuncian unida a ellos, y otros separada. Su significación se explica en castellano con supuesto que, puesto que, pues que, pues, porque... y puede usarse en vez de lako (...) v.g. "Jauna, ken niganik, pekatari galdu bat naz-eta. (Eskulib. 145) (...)". (Verbo regular vascongado).

Añibarrok 1802an honan idatzi eban bere Eskulibruan: “Jauna, alde zaite niganik, zerren naz bekatari andi bat”. Handik ia hogei urtera, 1821ean egin zan birrargitaraldian, Eskuliburua izenaz ‑geure eretxian J.Mateo Zabalak bere lumaz egindako berridazketan‑, honetara agiri da esaldi berori: “Jauna, ken niganik, bekatari galdu bat naz eta.”

Esaldi bien arteko ordeneari jagokonez, ohikoena, esaldi nagusia aurrean eta kausazkoa atzean ipintea da. Baina berez, ordena hori malgua gertatzen da, erabilerei ohartuta. Batez be berbazkoan. Hiru ordenaren ereduak:

- atze kokaera: Sinistu eidazu, egia garbia da-ta.

- aurre kokaera: Neuk be ez dakit eta, zelan esango deutsut ba!

- barru kokaera: perpaus nagusiaren barruan: Gero be, orain artean sarri ikusi dira-ta, pasauko dira horrelako kasuak.

Esangurearen aldetik, eta / -ta markaz eregitako kausa-egiturak arrazoi-emote leuna adierazotekoak dira. Menderakuntzatik baino hurrago, juntaduratik hurrago dagoz berez egiturari jagokonez. Tradizio klasikoan eze aurre-markak edo gaur egungo ze aurre-markak adierazoten dauen antzeko kausalidadea adierazoten dabe, gaztelaniaz “pues” preposizinoaren antz-antzekoa. Eta gehiago esango neuke: -ta/eta atze-marka tradizinoko eze/eze aurre-markari txandea hartzera etorri dala; haren ordain eta ordezko bihurtu dala euskera bizian. Euskal hizkuntza barruan, berezko joerea dagoalako, atze-markak indarra hartzera, eta aurre-markak ahultzera.

Menderakuntzatik baino juntadura erlazinotik hurrago dagoala esan dogu –ta/eta atze-marka horren funtzinoa. Horren froga agiria da, aditz alokutiboakaz ondo ekantzen dala, menderakuntzetan jazoten ez dan fenomenoa. Halan, arazo barik esan ohi da: Ez eiok opatu, ez jok gura eta. Baina –lako atzizkiaz berridatziko bagendu: Ez eiok opatu, ez dauelako gura. Gramatika zehatzaren ikuspegitik, lehenengoa juntadurazko egitura, bigarrena menderakuntzazkoa.

-la-ta / -la eta menderakuntza eredua

Itaun egiten dogunean, Zergaitik itaun-hitzaren ordez Zer dala-ta erabilten da sartaldeko hainbat lekutan, eremu zabaletan, esango neuke –Mungialdeko Gamizko herria jatort akordura, neure txikitako hango egotaldiak gogoratuz–. Halan eskatu leioz kontuak ama batek umeari: “Zer dala-ta ez zara joan eskolara?”.

Laburzurrean erantzun leio mutiko sasieskolagileak, esanez: Hau dala-ta, hori dala-ta, azkenean ezin izan naz eskolara ailegau.

Itaunean dogun menderagailu bera darabilgu euskaldun askok –sartaldean berariaz, baina erdialdean be zabal dabilen egiturea dogu–, kausa subjektiboa adierazo gura dogunean mendeko perpausaren bidez.

Kausalidearen barruan, kausa objektiboa eta kausa subjektiboa bereizten ditugu eta/-ta soila edota -la-ta/-la eta marka bikotxa erabilita. Eskolari batek arrazoitu leike bere eskola-lagunaren hutsegitea, esanez: Periko ez da eskolara etorri, ohean gaixorik dago eta. Kasu horretan, gaixorik egotea arrazoi objektibotzat emoten da, guztiontzat baliokoa dalakotzat. Baina bigarren aukera bat be badauka erantzuteko: Periko, gaixorik dagoala-ta, ez da etorri eskolara. Bigarren kasu honetan, gaixorik egotea Perikoren (edo haren etxeko edo hurrekoen) arrazoia da, baina esaleak, eskola-lagunak, ez dau beretzako hartzen arrazoi hori; inorena, besteren baten arrazoia da; eta bera, arrazoi horren transmititzaile hutsa.

Esapide finko batzuetarako bidea be urratu dau menderagailu bikotx honek, batez be berbeta mailan. Bata, izan aditzaz eregitakoa, maiztasun handikoa: dala eta ez dala. Halan: “Zeu zarala eta ez zarala, mundu guztia baragarri ibili da”. “Bera dala eta ez dala, beharrera joan barik geratu naz”. Edo Azkueren adibide bat bitarte dala: “ta zeuen buruagaz kezkarik asko daukazue hau dala ta ez dala”.

Bigarren bat, -la-ta beste barik dalakoa, gaztelaniazko “sólo porque, únicamente porque” dalakoaren ordaina. Domingo Agirreren erabileran: “Batzuk eta besteak gogoratu eta ikasi behar ditugu, eta ez urrundu eta bazterrera bota, geureak ez dirala-ta beste barik” (Kresala).

Hirugarren bat, -la-ta egon dalakoa, sustraian kausala izan arren, egon aditzagaz batera konpletiboen funtzinoa beteten dauena: “Berandu gabilzala-ta nago, berandu dala-ta nago».

J. Mateo Zabala bilbotarra dogu (eskura ditudan datuen arabera), -la-ta menderagailu hau idatziz goiztiarren darabilen idazlea. Eta harrigarriena da, zein ugariro darabilen bere sermoietan. Ia beti (ez beti baina), perpaus nagusiaren ostean ; eta ez hori bakarrik ; mende-perpausaren barruan be atzerengo lekuan kokaturik. Ohartu gakiozan hurrengo esaldi honi : “esan eban, a nonbait [aurki, auiaz] etzala bere ama; bere ama pobre ezeuki bat zala ta”. Esan eban aditz nagusiaren azpian etzala aditz konpletiboa, eta eta honen azpian zala-ta mende perpaus kausala. Esaldi argigarria, -la-ta menderagailua -la menderagailu konpletiboaren hedapen edo garapena dala erakusten dauena. Hurrengo esaldi honetan be, mendeko perpaus konpletibo baten azpian erabilirik daukagu kausala: “Dirausku beti prest egoteko, geuk eztakigun orduan etorriko jakulata”. Kasu honetan, -teko aditz nominal konpletiboaren azpian.

Arrazoi subjektiboa adierazoten dauela argi darakusen esaldiak dira hurrengo biak. Lehenengoan, gurasoaren arrazoia argiratzen da: “Gurasoak, gurasoa zalata, egin eutsan soldadu andi bategaz ezkontzea”. Bigarren honetan, guraso bien argudio edo arrazoia: “Itxi eioezue bere ibilten danza ta fiestetatik, joaten erromeria ta beste ibilte nastekoetara, txikerrak direalata; eta gero ikusiko dozue.”.

Mendeko kausala aurre posizioan agiri da batzuetan, gitxienetan izan arren. Halan Lizardi idazlearen hurrengo honetan: “Nere koxkorrak ezagutzen ez ditukela-ta, haien argazki bat eskatzen didak.” (Lizardi).

Baina menderagailu hau oparo erabilten XX. mendean barrena hasten dala esan daiteke: oparo erabili ezeze,  eremuz ekialderantz zabaltzen be bai; hau da, bizkaieraz eta gipuzkeraz nagusiro. J.B. Eguskitza, Kirikiño, M. Arruza eta beste hainbat aitatu leiz gerra aurreko idazleen artean, edo L. Akesolo, E. Erkiaga eta zerrenda luze bat gerraostekoen artean.

Eta literatura balioen aldetik ez da bazterrean ahazturik lagatekoa, Kresala elabarrian Kitolis kapituluan, Domingo Agirre bardinbakoak idatzitako pasarte hau: “Bakarrikgelditu ginanean a, berandu be bazala eta, hotz be baegoala-ta, arrain pixka bat be bageunkala-ta... hasi ginan etxeruntz”.

 

Iturriko

2018-10-12

 

Esatekoak 0
Ikusita: 66