kontaktua
2012.03.23
08:36

Jatorduak V. Edariak

Jatekoen lagungarri, edatekoak ez dira falta izan. Edabe nagusi bi egon izan dira gure artean: ura eta ardaua. Antxinako denporetan ura edaten zan batez be, ez zalako ordaindu behar. Inguruetako iturri eta manantialetatik hartzen eben baserritar nahiz uritarrek ura. Estimadua izan da, eta hondino be bada, halango iturri naturaletako ura baserritarren artean. Iturrietan hiru ur klase ezbardintzen izan dabez: hatx ura, metal ura edo ur gorria eta ur gogorra edo gordina. Lehenengo biak izan dira benetan estimaduak, normalean garbiak, freskoak eta gustu onekoak izaten ziralako. Hirugarrenak barriz, lur azpian bide luzeegirik egin ez, edo egiten eban bidea azaletik oso hur egiten ebalako, ez eukan aurrekoen freskotasunik: normalean kanpoan egoan tenperatura beretsuan egoten zan.

Uraren ganean hainbat sineskera egon dira. Halan, izertzan dagoan pertsoneari ura edateak kalte egiten deutsala esaten izan da, hotzitu egiten dala. Kereixak edo okaranak jan ostean ura edatea kaltegarria dala entzuten da hondino be. Zeanurin, azkenik, bada uraren inguruko ohitura bitxiago bat: ohera joan orduan pitxer edo jarroan ura egon ezkero, beheko suko illenti gori bat botaten jakon barrura, iturritik eroandako ura gauez espiritu eta jeinu okerren esku segitzen ebala pentsetan eben eta. Hagaz bildurtzen ebezen balizko espiritu okerrok.

Ardaua izan da, eta hondino be halan da, etxean nahiz etxetik kanpo Euskal Herrian gehien edaten dan alkoholdun edabea. Halanda be, antxina ardaua egiteko beren beregi mahastirik ez eukanak, hau da, Euskal Herrian gehienak, erosi egin behar izaten eban eta horregaitik ez da etxe guztietan gura beste egon. Ardaua binoteruei nahiz tabernetan erosten zan. Binoteruak gurdi nahiz karretillakaz ardaoa garrafoietan etxerik etxe saltzen zelan ibilten ziran gogoan daukie askok hondino be, baina karuagoa zan eurei erostea tabernetan erostea baino, etxerik etxe ibili behar izatea prezio barruan sartzen ebelako. Tabernetan, ardaua ahuntz edo ardi hilen narruagaz eginiko 80 bat litroko zaragietan eukiten zan, barriagoa da ardaoa garrafoietan gordetea, eta zer esanik ez botiletan eukitea. Zaragi bakotxak, hanketako baten, oholezko grifotxu bat eukiten eban eta bertatik ataraten zan ardaua.

Ardau baltza, gorria eta zuria egozan lehenago be, baina lehenengoa zan gehien edaten zana eta azkenengoa egun edo egoera berezietarako gordeten zan. Txarria hil orduan, esaterako, matarifeari galleta batzukaz batera ataraten jakon ardau zuria, eta gauza bera egiten zan pertsona bat hil orduan, gorpua lepoan eroaten eben andariakaz.

Gizonen edaria izan da XX. gizaldiko amaierara arte, andrazko edo gazteren batek edan ezkero, uragaz nahastean edaten eban, hain gogorra ez izateko. Lau dira ardauagaz erabilten izan diran neurri nagosiak: azunbrea (litro bi), azunberdia (litro bat), kantarea (zortzi azunbre) eta kuartillua (azunbre laurdena edo litro erdi). Hain zuzen be, tabernetan jarro txiki nahiz porroietan normalean kuartillua ataraten zan.

Ikusita: 1071
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera