kontaktua
2012.05.10
10:26

Pedro Antonio Añibarro (Areatza 1748 - Arantzazu 1830)

Pedro Antonio Añibarro Bizkaiko literaturako idazlerik handienetako bat dogu, klasikotzat hartzen danetakoa.

Añibarro 1748an jaio zan Areatzan, Antonio Añibarro (Zeanurikoa) eta M. Antonia Ugalde (bilbotarra) aita eta ama ebazala.

1764an frantziskotarrak Bilbon euken konbentura joan zan ikasten, eta gero Arantzazura. 1772an abadetu zan.

Irakasle ibili eta gero, 1790ean Zarauzko konbentura joan zan. Hori oso garrantzitsua izan zan beretzat. Han beste lagun bi izan zituen, bere moduan euskalzale eta euskal idazleak: Juan Mateo Zabala eta Jose Cruz Echeverria.

Zarauzko konbentuan misiolariak prestatuten ziran herririk herri predikatzen joateko. Entzute ona hartu eben, eta Larramendik berak esan eban Zarauzko sermolariak zirala euskeraz ondoen egiten ebenak. Horreetarikoa dogu Añibarro.

Zarautzera joan eta lau urtera, 1794an, Frantziaren kontrako gerra hasi zan. Zarautzen hiru fraile baino ez ziran geratu konbentua jagoteko, bata Añibarro. Hirurak preso eroan ebezan Frantzira, baina zorionez, nahiko arin egin zan bakea eta barriro bueltau ziran. Ikastetxearen ganeko liburuan, Añibarrok idatzita itxi eban iraultzaileek kalteak egin ebezala, irudiak erre eta beste sakrilegio batzuk. 1808tik 1814ra bitartean Independentziako gerra bizi izan eban.

Añibarro 1830ean hil zan, eta Aita Zabalak hil ostekoa idatzi eutsan. Han esaten eban Añibarro behargin itzela zala, eta bitarte guztiak emoten ebazala idazten. Arima zuzendari be izan zan. Eta Misinoetan emoten ebazan aldikadetan, herritarren euskera ikasteko aprobetxatzen eban, iturri bizitik edateko.

Hainbat lan idatzi eban, baina bi baino ez ziran argitaratu bera bizi zala. Oraindino be badagoz batzuk inoiz argitaratu barik. Batez be erlijinoari eta euskerari buruz idatzi eban, bai euskeraz bai erderaz. Hona hemen haren idazlanak.

Cristau dotriña... Nafarroaco euscaran. Asteteren dotrinaren itzulpena nafar euskerara.

Escu-liburua, ta berean eguneango cristiñau-cereguiñac, Tolosa, 1802. Bera bizi zala hiru bider argitaratu zan. Herrietan emondako misinoen osagarria da, eta euskera aldetik bizkaierazko klasikoetariko bat.

Gueroco guero, Axular ospetsuaren Gero klasiko lapurtarra bizkaierara itzulita.

Catálogo de los pueblos vascongados de Vizcaya, Guipúzcoa y Navarra. Lan interesgarria da 1820an euskera noraino helduten zan ikusteko.

Gramática Bascongada para el uso y alivio de Párrocos y predicadores Bizcaynos, Guipuzcoanos y Navarros. Hiru euskalkiak aztertzen ditu, baina gehien gehien bizkaiera.

Misionari Euscalduna, Cristiñau dotriña ta Sermoiak Bizcai-errietan iracasten. Añibarron Misinoetan egindako sermoiak.

Jesu Christoren Lau Evangelioac batera alcarturic, Bilbao, 1991. Pili Ciarrusta zeanuritarrak prestatutako adizinoa. Lau ebangelio alkartuak edo konkordatuak bizkaierara itzulita. Behar interesgarria da, mugatik honantza egindako lehenengo itzulpena izan ei zalako.

Lora-Sorta Espirituala ta Propositu Santuac vicitza barri bat eguiteco, Tolosa, 1803.

Curutze Santearen, Aita Gure ta Ave Marien ganeco Eracusaldiac, Durango, 1879.

Misioco canta santuac (Donostia, 1803).

Voces Bascongadas Diferenciales de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra, Bilbao, 1963.

Nequea Arinduric.

Beste idazlan batzuk be egin zituan, eta eurotariko batzuk galduta dagoz.

Añibarroren estiloa ez da dizdiratsua ez oratorioa. Argia da, arteza, harira jotekoa, eta irakurleak aituko dituan esakera eta berbak erabilten dauz batez be. Euskal Herri osoko euskera motak ondo ezagututen dauz, baina idazlanik handienak bizkaieraz, bere euskalkian idatzi ebazan.

Berak baekian euskal literaturaren lehenengo idazleen taldekoa zala, eta ardura apartekoa hartu eban hizkuntza behar dan moduan erabilten. Eredu ona da orain be, geure euskera ondo ikasi gura dauanarentzat.

Hona hemen haren idatzietatik ataratako pasarte batzuk erakusgarri.

 

MARIPOSA; b. chimilota, michelota; g. micherrica; n. chirulirua, achaninia, Jaincoen ollorra, olloa; g. inguma, chirita; b. chiribia, bichilotea, chimilotea, michilotea.

PAPA: (en bascuence) llaman los niños al pan; y a la carne: chichia; a la manzana: chaca; a la castaña: ñaña; al dolor: pupu; toto al perro.

CHARLATAN: b. barritsua, vervalapicoa; g. berritsua, itzontzia; c. charlataria; b. berba-eriosa.

 

Jesu Christoren Jaiotza.

San Lucasec cap. 2 v.1-7

 

Eta egun aetan jazo zan, urtetea Cesar Augustoren decreto bat, mundu guztia paperetan escribitu cedilla.

Señalamentu lenengo au Cirino Siriaco Gobernariác eguin eban:

Eta guztíac joiazan bacocha bere Urian escribiduaz izatera.

Josec bere igon eban Nazaret Galileaco Uritic Belen Daviden Urira Judean: cerren zan Daviden eche ta familiacoa.

Escrividua izateco bere Esposa Maria seindun egoanaz.

Eta an egoala jazo zan, Mariac seiña eguiteco egúnac eldutea.

Eta eguin eban bere Seme Lenjaioa, ta batu eban seiñ-oialetan ta eratzo eban asca baten: ez egoalaco eurentzat lecuric ostatuan.

 

LAU-GARREN EGUNA

Eriotzaraco prestaerá.

 

Cer litzateque on, nic eguitea, eriotza on bat euquiteco?

I. Ordu atán gura neuqueana, eguin izan baneu.

II. Ordu atan eguin ecingó dodana.

III. Ordu atan gura, ta gurez eguin bearco dodana, salvauco banas: neuré becatuen damuaria oso bat: viotz min, dá garbai vici bat: aurrerantzean becatura biurtu-eceiteco gogo sendo bat.

Ikusita: 1022
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera