kontaktua
2012.06.05
15:31

Bizitzako ohikuneak II: Bateoa

Lehen, umeak jaio eta gitxira bateatzen ebezan, batzuetan jaiotako egunean bertan. Euskal Herrian onarpen zabaleko ohitura erlijioso horren oinarrian sineste hauxe dago: umea bateoaren bitartez kristau egin eta jatorrizko pekatutik garbi geratzen da. Eta beste alde batetik umea bateatu baino lehenago hil ez daiten, bere arima linbora joan ez daiten.

Horregaitik jaio orduan umea txarto egoala ikusi ezkero, gehienetan partereak edo etxekoren batek bateatzen eban, komunioa egindako haur batek be egin eikean, “etxeko bautizoa” egiten zan. Etxe guztietan egoten zan ur bedeinkatua erabilten zan horretarako. Gero umea bizirik atera ezkero, barriro egiten zan behar dan moduko bateoa eleizan, egun batzuk igaro eta gero.

Umea bateatu aurretik egoten ziran prebentzioak:

-Euskal Herri osoan batu dan sineskerea da, bateatubako umeari ezin jakola mosurik emon, oraindino kristaua ez dalako, bedeinkatu barik egoalako eta jatorrizko pekatuagaz lohituta egoalako. Horregaitik be, leku batzuetan bateoa eleizako atarian egiten zan, bedeinkatubako ume hori eleizan ez sartzearren.

-Kutunak eta ebanjelioak. Halakoak umea begizkoaren kontra babesteko erabilten ziran. Poltsa txiki batzuk ziran, batzuetan bihotz formadunak eta umearen erropetara lotuta edo samatik eskegita ipinten ziran. Poltsatxuaren barruan gauza desbardinak sartzen ziran. Kortezubin: ogi bedeinkatua, ikatza eta oilo-korotza. Nabarnizen: umearen tripa-zilaren zatitxua eta ikatza. Telleriarten: san Juan egunean bedeinkatutako lora sortaren zatitxuak. Ebanjelioetan, ebanjelioetatik hartutako paper zatiak eukiten ebezan.

Dana dala, batzuetan umeek begizkoa eukiten eben, umeak egun osoa negarrez emoten eban, apurka-apurka gero eta makalago eta ahulago ipinten zan, eta kasu batzuetan hil. Hori osatzeko modu bi egoten ziran. Erlijiosoa, eleiza edo santutegi berezi batzuetara eroatea: Deustuko San Felicisimo edo Bilboko Begoñako basilikara. Magikoa. Herri gehienetan egoten zan begizkoaren kontrako erremedioa egiten eban andraren bat. Hauxe da prozesua.

-Umea lepoan hartu eta izara edo manta bategaz tapau.

-Sartagin baten eztainua eta plomua urtuten jarri.

-Inork ulertzen ez ebazan esaldi batzuk esan, eta urtzen zanean umearen ondoan egoan palangana batera bota. Umea gaixorik egoanean amasari sekulako puntak urteten eutsien. Ostera, osatuta egoanean, nahasketa taloaren amasaren moduan geratzen zan.

Batzuk hau guztiau sorginkeria zala esaten eben, eta ez ziran holango gauzak egitearen aldekoak.

Bateoagaz lotutako ohitura bi

BOLOAK: Bautizuaren ostean aitabitxiak karameloak, konfiteak, intxaurrak eta azken urteetan txanponak botaten ditu. Umeak beti pozarren egoten ziran bautizoakaz. Herri batzuetan, batez be eskola eta eleiza ondoan egozanean, umeei eskolatik urteten ixten eutsien boloak hartzen joateko. Umeak portikuan egoten ziran itxaroten, eta aitabitxiak ezer botaten ez baeban, kantu hau esaten eutsien: “Padrino cagau que a mi no me han dau, si cojo al chiquillo lo tiro al tejau”.

BENTURAKO UMEA: Lehengo mendeko lehenengo hamarkadetan jasotako ohitura da. Familia baten bi edo hiru seme-alaba jarraian hilten ziranean, besteren bat jaio ezkero ez jakon aitabitxi eta amabitxirik aukeratuten. Umeagaz eleizara joaten zirenak, bautizoa portikuan izaten zanez, eleizatik urteten eben lehenengo andra eta gizona aukeratzen ebezan, edo bestela bidean aurkitutako baten bat aukeratzen eben. Holan egin ezkero ume hori ez zala hilko pentsatzen zan, eta era horretara bateatutako umeei askotan Bentura izena ipinten eutsien.

Ikusita: 1073
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera