kontaktua
2012.07.27
07:02

Bizitzako ohikuneak VII Ezkontza

Belazinoa ezkontzako erritoan sartzen zan lehen.

Ezkontzak bi atal eukazan lehenago: ezkontza bera, eleizako ospakizuna alde batetik, eta ezteiak edo ezteguak, haren osteko jaia bestetik. Lehenengoak ez eukan gaur egun daukan besteko garrantzirik. Eleizkizuna behar egunean izaten zan, konbidau gitxigaz, lana ia eten be egin barik. Ezkontza egunean bertan edo handik gitxira bazkaria egiten eben, etxeko seme edo alabaren ezkontidea etxean hartzea ospatzeko, edo etxera etorrena andrazkoa izan ezkero, etxekoandre barriari ondo etorria egiteko.

Ezkontzeko ez egoan urtesasoi jakinik, bizimoduak berak edo lanaldiak agintzen eban. Ahal zala ez ziran Garizuman ezkontzen ezta abenduan be, eleizak ez ebalako onartzen belaziorik ez ezkontzarik halako egunetan.

Ezkontza gehienbat neska eta mutil gazteen arteko kontua zan. Gazteria zan ezkongaiekaz batera eleizarantz joaten zana, musika eta suziriakaz, eta alaitasun giroan. Lekukoak be ezkonlagunen artean aukeratzen ebezan. Gero bateoko aitabitxi-amabitxiak, eta azken urteotan gurasoek hartu dabe betebehar hori.

Denporeak aurrera egin ahala, gaztez osaturiko ezkonlagunen taldea beste gizatalde batzuekaz osatuz joan zan. Hasteko, etxeko senideez gain urrunagoko senitartekoak be eurakaz batera agertzen hasi ziran.

Jazoera garrantzitsu guztiekaz gertatzen zan moduan, bazkaria atontzen eben, eztei-bazkaria, etxean egiten zana. Batzuetan, ezkontza egunean bertan egin beharrean, eztei-bazkaria hurrengo domekan egiten zan, eztei-bidaia labur baten ostean. Egun horretan familia barriaren eleiz hilerria edo jarlekuaren jabetza hartzen eban, eleiz hartzea, eta aurrerantzean, etxe barriko hildakoei eskaintzak egiteko ardura hartzen eban etxekoandre gazteak.

Ezteguak egun batez edo bi-hiru egunez luzatzen ziran, beti be, sendiaren mailaren eta diru-baliapideen arabera. Bezperan animaliak hiltzen ziran eztei-bazkarirako atontzeko. Auzokoen laguntzaz, etxeko emakumeek prestatzen ebezan jakiak eta jantokia. Berrogeta hamarreko hamarkadtik aurrera eztei-bazkaria etxetik kanpo egin izan da, jatetxeetan.

Ezkontzaren bidea aukeratu ezkero, seme-alabak izatea etxearen eta leinuaren jarraipena ziurtatzen eban bedeinkapen gisa hartzen izan da. Ezkondu barik geratzen zana (mutilzaharra edo neskazaharra), etxera lotuta geratzen zan eta etxekoen artekoa zan.

Ikusita: 1286
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera