kontaktua
2012.10.10
12:21

Heriotza-ohikuneak II: Iltamua edo agonia, gaubela

Heriotzaren seinale dan kanpaihots nagusia agonia kanpaia da. Gaixoren bat hilteko zorian sartzen zanean agonia-kanpaiak joten ziran, auzokoei eta herritarrei jakinazoteko. Antzina hori gertatzen zanean, auzokoek eta herritarrek, etxeko edo soloko beharrak alde batera itxi, txapela edo burukoa kendu eta eleizara begira jarrita, errezau egiten eben agonian egoanaren alde.

Agonia hitzak, jatorriz burruka esan gura dau. Euskeraz era askotara esaten da: agonia, hiltamua, heriotzeko ordua, akabuko ordua, azken arnasa, hil-arnasa, hil-aginean egon, hilzorian egon, azkenetan egon...

Hiltamuan dagoan gaixoa ardura handiz jagon behar da. Lehenago gaixoa etxean bertan zaindu ohi zan, eta ospitalean gitxi batzuk baino ez ziran hilten. Etxekoak eta auzorik hurrekoenak hartzen eben gaixoa zaintzeko ardurea, senideak eta adiskiderik minenak bisitan joaten jakozan, andrazkoak batez be.

Gaubelak be egiten ziran, otoitz egiteko, batzuetan abadea tartean zala eta beste batzuetan auzokoak edo familiakoak gidatuta. Senideen eta auzokoen arteko haserreak konpontzeko lagungarri izaten ziran batzuetan bisita eta gaubela horreek. Solasaldi ederrak be sortzen ziran gaubeletan, batzuk gelan gaubela egiten eta beste batzuk zeozer jaten eta edaten sukaldean.

Agonia sano luzea zanean, sineskera batzuk egozan hori azaltzeko. Gaixoa baten bategaz haserre baegoan, eta norbaiti kalte egindakoa bazan... pertsona horren parkamena lortu arte ez zala hilten esaten zan. Agonia amaigabea zanean mezak egiten ziran, auzokoen artean dirua batu eta meza enkomendadua egiten zan gaixoak atzera edo aurrera egiteko.

Ikusita: 824
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera