kontaktua
2011.03.04
12:18

Zezeileko jaiak

Neguaren bihotzean, ospakizun bereziak egiten dira. Modu honetako tradizinoko ospakizunetan esangura handia dauka eguzkiaren egutegiak baina oingo honetan iretargi--egutegiaren eragipean gagoz. Sasoi honetakoak dira Kandelario, San Blas, Santa Ageda eta Aratoste.

KANDELARIO

Zezeilaren 2a da Kandelario eguna. Egun horretan kandelak eta argizaiak bedeinkatzen dira. Sasoi baten bedeinkatutako kandelak, leku kutunen baten gorde eta urtean zehar erabili egiten ebezan, apartekorik egon ezkero, Jaungoikoak emoniko indarra eukiela-ta. Etxekoek osterantzeko babesa behar ebenean (oinaztuak dirala edo pizti txarren bat bazterretatik dabilela), kandelea ixetu eta partetxarreko danak uxatu egiten ebazala sinistuta egozan. Bedeinkatutako kandela eta argizai horreek be etxekoren bat hilten zanean, gaubeilan, erabilten ziran, edo domekaro etxeko hildakoen eleizako hilarriaren ganean isiotzen ebezan. Kandelario egunaren inguruan esakera ugari dago. Hamen batzuk:

  • Kandelario, lario, hatxari ura dario; erroteari uruna, hauxe da guk behar doguna.
  • Kandelario, lario, lario, hatxari ura dario; makatzari madari, eutsi Peru hankeari.
  • Kandelarioz eguzki, negua dago aurretik; Kandelarioz edurra, joan da neguaren bildurra.
  • Kandelarioz euria, laster da udabarria; Kandelarioz aterri, negua dator atzetik.
  • Kandelari hotza, neguaren bihotza. Kandelari bero, negua da gero.
  • Kandelario, edurra dario. San Blasek lagunduko dio.
  • Kandelario egunean eguzkia ikustea baino, otsoa ardi artean hobe.
  • Kandelario bero, negua dogu bero, Kandelario hotz negua joan da motz.

SAN BLAS

Kandelario egunaren ostean, zezeilaren 3an, San Blas dator. Egun horretan be bedeinkazino bereziak egiten dira. Eleiza eta ermita batzuen inguruetan, horretarako berenberegi ipinten diran dendatxuetan, hariez eta dominez ganera, gozoki, fruta eta opilak be saltzen ditue.

Gehienetan andrazkoek eroaten dabez eleizara hari eta jatekook bedeinkatzeko. Eztarriko gatxik etorri ez daiten, haria bederatzi egunean eroan behar da samatik eskegita. Denpora hori egin eta gero, etxeko sutan erre egin behar da aitearena egin eta salbea errezau ostean. Bedeinkatuta dagozan karamelo, ogi, fruta eta jateko guztiak urte barruan jateko izaten dira: samako mina euki ezkero, holangoa jan eta min hori kenduko ei deusku. Bedeinkatuta dagozanez, fruta eta jateko guztiak ez dira hortik zehar bota behar, estalgarririk badaukie be, erre egin behar dira.

Ganaduak-eta etxekoak dirala-ta, leku batzuetan San Blas egunean bedeinkatu egiten dira, eta ez dabe beharrik egin behar izaten. Sarri hari bedeinkatua be ipinten deutsie eta Hausterre egunean erre.

  • Egun horreri lotutako esakerak be badagoz:
  • San Blas, bedeinkatutako haria saman ipini eta, eztulak blast!
  • San Blas, doministikuka ito behar naz!
  • San Blas, ito arte arnas!
  • San Blas, itoko al haz!
  • San Blas, ona bahaz biziko al haz; txarra bahaz, tragauko al haz!
  • Idiek eztula eta San Blas; aitonak eztula eta, itoko al haz!

SANTA AGEDA

Zezeilaren 5a da Santa Ageda eguna. Tradizinoak dinoanetik, Santa Ageda Sizilian jaio zan III. mendean. Orduko Quintianus gobernadoreak haregaz ezkondu gura izan eban, baina hori halan izango bazan, andra horrek kristinauen fedea ernegau behar eban. Santa Agedak, ostera, ez eban holangorik egin gura eta ondo zigortu eta ostean, hil egin eben. Bularrak ebagi eutsiezan; hagaitik, herri-tradizinoan bularreko gaixoen eta, andrazkoen osterantzeko gatxen babeslea dogu Santa Ageda.

Herrian ospe handikoa da santa hau eta bere irudia abesti eta esaunda askori lotuta dago; honeek ezagunenetarikoak:

  • San Blas eta Santa Agedako feriak, mutil-neskatxen ezaupideak.
  • Santa Ageda santea, Muniketako lorea; martirioak pasau zenduzan zaindutearren fedea.

Santa Ageda bezpera arratsaldez, errondea egiten da. Herririk gehienetan umeak eta gazteak kalera urten eta kantaka ibilten dira, kalerik kale, aterik ate.

Ikusita: 507
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera