kontaktua
2013.03.07
16:09

Umeen jokoak III

●Sei urtetik aurrera, jokoa eskola kontuekaz tartekatzen da. Edade horretan pentsaera logikoa hasten da, ‘zentzuna’ esaten jakona. Irudimen-fantasiaren munduaren ordez, munduaren ikuspegi hurrekoagoa hartzen dau umeak, eta ideia desbardinak kidetzeko eta kategoriak formulatzeko gai da.

Umea gizarteratu egiten da, eta taldean olgetan hasten da, bere adineko neskato-mutikoekin alkartzen hasten da. Lagun-taldea sortzen da, eta horregaz batera joko arautuak. Gaur egun hau askoz be lehenago gertatzen da, umea haurreskolara, eta eskolara ume-umetan hasten dalako. Bestaldetik, beste garai baten kasu askotan umeak baserrietan baztertuago egoten ziran, baserri edo auzo bakartietan.

Edade honetatik aurrera helduek eta gurasoek ez dabe ume-jokoetan parte hartzen. Umea bakarrik defendatzen da, eta txikiegia bada, neba-arreba zaharragoren baten laguntza eskatzen dau, baina gitxitan joango da gurasoengana laguntza eske. Horretara neba-arreben arteko alkartasuna sortzen da.

●Azken hamarkadetan, gaztaroan jokoa kirolagaz batzen da, eta sarritan ondino eskola-kontuekaz lotuta dago. Etapa honetan aurreko denporetako jokoak ia guztiz baztertzen dira. Aintzina apurketa hau momentu zehatz baten gertatzen zan, mutilak fraka luzeak iminten ebezanean, eta neskak galtzerdiak jazten ebezanean.

●Edade batetik aurrera, jokoak garrantzia galtzen dau, eta beharrak hartzen dau haren lekua, heldutasunean lana da jarduera printzipala. Eta jokoa bigarren mailakoa egiten da, edo kasu batzuetan guztiz desagertzen da.

Dana dala jokoa ez da gauza bera haurrentzako eta sasoikoentzako. Helduek bizimodua antolatuta eta araututa daukie; zeregin jakinak, ordutegi zehatzak, ardurak eta obligazinoak, azken baten neurri baten edo bestean errutina baten sartuta dago... horregaitik euren olgetak lanaren araberakoak izaten dira, eta gehienetan lanean gastau ez dituen indarrak erabiliko ditu kiroletan, distrazinoetan edo jokoetan, eta bide batez lanaren nekeak arintzeko eta eteteko izango dira.

Beraz gizakiak bizitza osoan zehar olgetan dau, haurtzaroan hasi eta zahartzarora arte (adibidez kartetan, mahai-jokoak, boloak, jaietan egiten diran jokoak: kukaña, txokor-bilketa..., edo beluago herri-kirolak legez ezagutzen doguzanak (soka-tira, aizkolariak, harrijasotzaileak, idi-probak, segalariak, palankariak... honeek danak sarri diru-posturakaz lotuta), eta jokoa eta lana batzen dabezanak; (artazuriketak...), eta gainera seme-alabak edo lobak heltzen direnean arlo hori barriro berreskuratzen da. Horregaitik jokoari daukan garrantzia emon behar jako. Ekintza hau ez da estatikoa, dinamikoa da, eta edadeagaz batera aldatzen dan moduan, kultura desbardinetan be aldatu egiten da, eta denporeagaz be kanbiau egiten da. Gure gurasoen olgetako modua, eta gaur eguneko umeen olgeteak ez daukie zer ikusirik.

Ikusita: 1598
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera