kontaktua
2013.03.15
08:34

Umeen jokoak IV

Jokoak eginkizun garrantzitsua beteten dau. Eginkizun hau personen umearo luzeagaz lotuta dago. Gizakiak animalien aldean sano haurtzaro luzea dauka, animalia batzuk ia dana ikasita jaioten dira, eta jaio eta minutu batzuetara euren kabuz bizi izateko ahalmena daukie. Beste batzuk amearen laguntza behar dabe, baina beti bere denporaldi hori, gizakietan baino askoz bere laburragoa izaten da. Gizakiak urteetako ikasketa-prozesua behar dau, eta jokoaren laguntzaz lortuko dau kasu askotan garapen mental osoa.

Horrezaz aparte esan behar da, jokoa eduki kulturalez beteta dagoala, eta horregaitik sano garrantzitsua da, jokoaren bidez belaunaldiz belaunaldi kulturaren transmisinoa egiten dalako. Lehenengo jokoaren bidez egiten dan transmisino hau, gero eskolaren bidez egingo da.

Ikasketa-prozesu horretan atal bi banandu geinkez:

Nagusien mundurako deia: Umeak jakin badaki ez dala betirako umea izango, hazi egingo dala, eta sano arrunta da holako esaerak entzutea: "ni handi egiten nazenean...". Gainera txiki-txikitatik hasten dira "ni handia naz" esaten, hiru urteko umeak laster esango dau bera handia dala eta urte bikoa dala txikia. Ume-umetatik dago handia izateko guraria, eta helduak egiten dabezan gauzak egiteko gogoa.

Horregaitik laster hasiko da nagusien lanak imitatzen dabezan jokoak egiten, nagusien keinu eta itxurak egiten (amaren erropak eta takoidun zapatak imini, makilatu...), etxeko lanetan lagundu gura dabe (harrikoa egiten, oiloei jaten emoten...) eta nagusien ekintzen antzezpena egiten dabe ogibideetara jolastuz: "ugazabandraka, andraketan, dendariketan, medikutara... ", olgetako tresnak eskuz egiten hasten dira, jokoetarako eremuak mugatzen... Nagusien mundua haurren olgetetan islatzen da, haren ispilua balitz bezala.

Umeen giza-taldeak: pertsonen haurtzaroa sano luzea dan lez, umeek aldi horretan nagusiengandik urruntzen ahalegintzen dira, zeozelan autonomoak izan gura dabe, eta umeak umeakaz batzen dira aparteko mundu bat sortuz. Orain arte aipatu dogun esaerak sano ondo adierazten dau egoera hau; haurrak haurlan.

Umeek umeen beharra daukie, eta eurekaz batera lortu eta garatu ahal izango dau munduari aurre egiteko eta bere kabuz moldatzeko behar izango dauen segurtasuna. Umeen giza-talde horren barruan dagokion lekua beteta hartuko dau derrigorrezkoak dituen komunikazino, elkartasun eta hierarkiari buruzko oinarrizko ezagutzak. Garapen hau askoz be nabarmenagoa izaten da umeekaz ohituta dagoan umeengan; persona helduekaz egoten diran umeak ostera gehienetan motelagoak izaten dira.

Ikusita: 779
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera