kontaktua
2013.03.27
11:20

Umeen jokoak VI: Jokoak eta arauak

Sei-zazpi urte betetzean, umea urten egiten da amaren eta sendiaren etenbako babespetik, eta bere edadeko beste neska-mutilekin alkartzen hasten da.

Aukera daukien guztietan, haurrek haurretara egiten dabe, taldeak sortzen dabez, eta talde horreetan, nagusiak baztertuta geratzen dira. Esan dogun lez, sei-zazpi urtetik aurrera sortzen dira lagun-talde honeek, eta benetako mikro-gizarte modukoak izaten dira, bere arazo, arau eta korapiloekin.

Taldeok gehienetan egitura hierarkikoa izaten dabe, lagunak mailetan bereizten dira, eta mutikorik sendoena edo trebeena dala erakusten dauena lider edo buru bihurtzen da, edota neskarik abilena izaten ohi da talde-buru. Eta gainerako guztiak onartzen dabe burutza hori. Sendoak ez diranak, txikienak edota taldean sarturik ez dagozanak bigarren mailakoak izaten dira.

Taldean sartzeko baldintza batzuk bete behar dira, sekretuak ondo gordeten jakin beharra dago. Horrez ganera batzar-lekuak izendatzen dira, eta taldeon asmorik pozgarriena txabola bat egin edo egokitzea izaten da, eta hau izaten da kideen biltoki, kontu eta isilpekoak esateko lekua eta eguraldi txarra dagoenetan aterpe be bai.

Eta haurren arauak eta jarrerak ez dira badaezpadakoak; finkoak izaten dira eta belaunaldiz belaunaldi batzuetatik besteetara igaro izan dira.

Umeen giza-taldea be, nagusiena lez, talde arautua da. Euren jokoetan eta ekintzetan tradizioak, arauak eta erritoak jarraitzen dira. Haurren giza-taldeotan arauak ikasi eta irakatsi egiten dira. Jokoetan dagozan arauak, olgetan hasi aurretik egiten diran hautapenak edo baztertzeak, erabili behar diran kantuak edo leloak, etab. ikasi egiten dira. Baina batzuetan aldaketa txiki batzuk be egin daitekez, jokoaren ardatza aldatu barik. Horregaitik auzorik auzora, herritik herrira, edo eskualdetik eskualdera be desbardintasunak izaten dira joko baten barruan.

Jokoaren bidez, umea derrigorrez arau batzuk jarraitzen behartuta dago, taldearen eta talde-buruaren borondatea bete behar dau.

Haurrek beste haurrengandik ikasiriko jokootan gauzarik garrantzitsuena ekintza bera da. Jostailu bako jokoak izaten dira gehien bat, eta holakorik egotekotan oinarrizkoak eta sinple-sinpleak izaten dira: makila bat, soka bat, harri puska batzuk, sakak edo tabak eta holakoak. Beraz, olgeta indarra, arintasuna, abilezia, etab. erakusteko abagunea izaten da. Jokoa norgehiagoka hutsa da.

Ikusita: 776
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera