kontaktua
2013.04.05
08:23

Umeen jokoak VII: Jokoan hasteko egiten diranak

Gehienetan talde-buruek erabagiten dabe zertan jolastu. Norgehiagokan parte hartuko daben taldeak eginda badagoz, jokoa zeinek hasiko dauan erabagi behar da, bestela lehenengo taldeak egin behar dira.

Taldekideak hautatzeko bide bat, Euskal Herri osoan oso zabalduta dagoana, hanketara egitea da. Azkenengo pausuaz aurkariaren oina zapaltzea lortzen dauanak irabazten dau eta bera izaten da jokoari hasiera emon edo taldekideak aukeratzen hasten dana. Gero txandaka banan-banan euren eretxian onenak direnak hautatuz osatzen dira talde biak.

Guztiek parte hartuko dabe eta inor ez da baztertuko jokoan, baina hierarkia zuzen jagonda. Indarrik gitxienekoak, gazteenak, edo joko horretan sekula ibili bakoak beti izango dabez garrantzi gitxiko ardurak.

Badira taldekideak hautatzeko beste era batzuk, adibidez formulen bidez (rifak). Formula honeek, euskeraz zein erderaz, zentzun eta orden handi bako hitz eta esaldiak izaten dira gehienetan. Hitz edo silaba bakotxeko atzamarraz mutiko edo neskato bat seinalatzen da, ordena jarraituz. Eta formularen azkenengo hitza tokaten jakon mutiko edo neskatoa jokorako izendatu edo baztertu egingo da.

Erabilten diren formulak:

Atxea-motxea, kolori pan                      Don don beleron

neure semie errotan                                belerongo elixan

errotatxurik errotatxure                          zazpi gizon dantzan

nenbillela                                                zu mozkorra

topau neban erbi bet                               ni mozkorra

jeurti neutsen harri bet                           ahal dabena

atara neutsen begi bet                            kanpora.

ipini neutsen barri bet                             (Abadiño).

zelemiñe kanpo

zelemiñe kanpo                                      Dona dona katona

gari buru                                                 sutondoan aitona

gari buru                                                 lepotik behera kutuna

zipizt.                                                     atera kanpora neska tuntuna.

(Gorozika)                                              (Beasain).

 

Baga, biga, iga

laga, boga, sega

zai, zoi, bele

arma, tiro, pun.

(Lekuonak bildutakoa).

 

Hautaketa egiteko beste modu batzuk, idor ala busti (cara o cruz). Zotzetara, palu laburrena edo luzeena ateratea, "a pares o nones"...

Jokoan nor hasiko dan erabagiteko, jokoaren saiakerak egiten dira, adibidez kaniketan marra batera parajetutea...

Ikusita: 792
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera