kontaktua
2013.05.10
06:39

Umeen jokoak XII: Umeen ospakizunak herri egutegi zaharrean

Eguen zuri eskea Abadiñon

Gizarte tradizionalean ez da ulertzen benetako herri ospakizunik umeek parte hartu barik; izan be, neskato-mutikoak dira jolaserako berezkoa daukienak. Hori baino gehiago, Euskal Herriko egutegian badira jai-ospakizun batzuk umeen artean bakarrik iraun dabenak.

Neguko zikloaren barruan, Gabon inguruko jaietan, umeen ospakizunak, batez be taldean etxerik etxe sari-eske kantaten ibiltea dira. Ospatzen dan jaiari jagokozan kantuak garrantzi handia daukie ibilaldiotan. Kopletan sarri aitatzen dira lortu nahi liratekeen sariak: gaztainak, intxaurrak, arraultzak, txarrikiak, edo etxeko gauzak, gero azkenean ume guztiek jatalditxoa egiteko.

Labur-labur aitatuko ditugu umeek parte hartze garrantzizkoa izan daben jaietako batzuk: San Nikolas Txikia (abenduaren 6an) umeen zaindaria eta babeslea; kuestazinoa egiten dabe. Gabon-Egubarri, Gabon egunez ume-taldeak herrian zehar gabon-kantuak abestuz. Leku batzuetan adibidez Marijesiak, gero Olentzero zabaldu da Euskal Herri osoan, beste kantu mota batzuk baztertuz. Urte-Barri, egun horretan goizez, umeak euren senide eta auzoen etxeetatik pasaten ziran kantu labur baten bidez agilandoa eskatuten. Errege-eguna edo Apalazio: Tradizinoz hauxe da umeek opari-erregaluak nagusiengandik hartzen dabezan eguna. Egun horretan zapatak ipinten dira balkoi eta leihoetan. Baina oparien ohitura honen aurretik Bizkaiko alde batzuetan umeak etxerik etxe ibilten ziran batzen. "Apalazio zaldune, hiru Erregen egune; Hiru Erregeak bialdu gaituz, limosnatxu bat beogule".

Kandelario egunez (otsailaren 2an). Ume guztiak mezatara, lorez apainduriko kandelak hartuta eta meza ostean bedeinkatutako kandelatxoak piztu eta etxerik etxe joaten ziran eurentzako zeozer eskatuz. "Kandelario lario, atxari ura dario, sagarrari madari, eutsi Peru adarrari".

Santa Ageda, Inauterietan, Erramu-igandez... be beste hainbeste egiten zan.

Herriko jaietan egin diran jokoak: Nagusiek antolatutako jokoak izaten dira, gehienetan indarra eta abilidadea erakustekoak. Ezagunenen artean: zaku-karrerak, binaka hankea bata-besteari amarrata egiten diren lasterketak, koilara ahoan sartuta arrautza eroatea (batzuetan erreleboak be egiten ziran, arrautzea koilaratik koilarara pasauta), ahoan eroaten dan uragaz botilak betetea, eskegita dagozan lurrezko lapikoak apurtutea, soka batetik eskegita dagozan sagarrak jatea, uretan edo urunetan ostuta dagozan txanponak hartzea...

Ikusita: 813
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera