kontaktua
2013.09.13
08:49

Estilo-oharrak XI: ETA GERO, EZKERO postposizinoak ia beti aditzagaz

Gero denpora-adberbioa atze-hitz postposizino legez darabilgunean, aditzagaz batera erabilten da batez be, eta gitxi-gitxitan baino ez izen baten edo izen sintagma baten atzean.

Aditz jokatuagaz agiri danean, -n ezkero erabiliko da bizkaieraz, euskera batuan -nez gero. Batzuetan, denporazko gerokotasuna adierazoten dauela: Papao hori agertu dan ezkero ez dogu bakerik izan. Bizkaiera-gipuzkeraren eremuetan denporazko balio hau izan da bakarra luzaroetan. Baina oraintsuagoko euskeran, errazoia edo zergaitia adierazotera be heldu da, gaztelaniazko “puesto que, ya que” aurre-marken ordainez: Astia daukagun ezkero, deskantsu labur bat hartu daigun.

Aditza jokatu barik dagoanean, partizipioagaz lotzeko eta juntagailua erabilten dogu gaur euskerearen eremurik gehienean, denpora mailako gerokotasuna adierazo gura dogunean behintzat: Zu aldendu eta gero sortu dira hemengo nahaste guztiak. Beste aditz batzukaz bardintsu: joan eta gero, ibili eta gero, etorri eta gero.

Idazteko araua eta juntagailua partizipioaren ondoren banan idaztea da. Baina ahozko tradizinoan eta juntagailua atzizki bihurturik erabilten dogu hiztun askok, batez be bizkaiera-gipuzkera eremuetan: joanda gero, ibilita gero, etorrita gero. Halantxe eukan Uztapide bertsolariaren liburu batek izenburua: Sasoia joanda gero.

Euskerearen ekialdean aditz partizipioari -z/-ez instrumentala dautsala, gero atzetik dala, erabili izan da tradizino osoan, eta erdi-sartaldean ezkero edo azkero postposizino legez dala. Bizkaiera arautuan: joan ezkero, etorri ezkero, apurtu ezkero eredua gordeko da, eta euskera batuan: etorriz gero, joanez gero, apurtuz gero.

Okerbide nabarmen bat hasi da aspaldion zabaltzen, berariaz hedabideetan, ahoz baino gehiago idatziz: eta gero izen sintagma baten atzean erabiltekoa, gaztelaniaren kalko sintaktiko garbia. Gaztelaniaz: después de dos años esaten bada, euskeraz: urte bi eta gero ordainez erabiltea. Hona eredu batzuk: Azken egunetako erasoak eta gero, ez dute nahi gauzak ertzera eramaterik (Euskadi Irratia. 2013-04-20). Berrogeita hamar urte eta gero Eibarren (Deia, 2013-05-18). Bi urte eta gero, Gorenaren zain (Berria, 2013-07-02).

Desbide hori hartu beharrean, aukera zuzenak beste honeetarikoak lirateke:

a)      -en ondoren, -en ondoan, beti be -en gen. atzizkia lokarri dala: erasoen ondoren, berrogeita hamar urteren ondoren.

b)      -en ostean postp., hau be -en gen. atzizkia lokarri dala: erasoen ostean, .... urteren ostean.

c)      Ezkero, bat. -z gero. Halan: Hamar urte ezkero. Urte bi ezkero. Ordubatak ezkero. Domekea ezkero.

 

Iturriko

2013-07-04

Ikusita: 1012
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera