kontaktua
2013.09.27
07:01

Estilo-oharrak XII: BARIK adbersatiboa eta BAINO konparatiboa ez dira bat

Gauza jakina da barik atze-hitzak gramatika mailan zeregin diferenteak beteten dituala euskeran, eta euskeraren barruan sartalde euskeran. Gauza jakina da baita, barik hori baga zaharretik datorrela, -(r)ik partitiboa gehituta: bagarik > baarik > barik.

Zelan itaunari erantzuten deutsen adberbio egiturak eregiten dira beronegaz, bakotasun edo gabetasun esangurakoak, eta gaur egun ia beti agiri da, mugagabeko izen bati, izenondo bati eta aditz partizipio bati darraiola: indar barik, handi barik, ikusi barik. Baina izen mugatuei eta izenordainai darraiela be bardin erabil daiteke eta erabilten da: Ni barik nora zoaz? Bakarrik etorri da, inor barik. Giltzak barik urten dot etxetik autoaren bila.

Baina sartalde euskeran esangura eremu barri bat beregandu dau denporeaz, tradizino zahar eta klasikoan ezaguna ez zana, baina berbazko erregistroan eta literatura modernoan, indar handia irabazi dauena. Esangura hori da, barik erabiltea ordez edo haren lekuan balioaz, gazt. ‘en lugar de, en vez de’.

Bigarren balio hau daukanean, gramatika kategoria diferente gehiagogaz erabilten da. Izen mugatuaz: Itxurea barik, formalidadea behar da. Izenondo mugatuaz: Txikiak barik, handiak dira gure sagarrak. Aditz partizipioaz: Esan barik, bete egin behar da esanikoa. Aditzizen mugatu edo deklinatuaz: Geldi egotea barik, ibiltea komeni jako. Jaten eta edaten barik, lan egiten emon behar leuke denpora gehiago. Adberbio eta aditzizenakaz: Ondo barik, ahal dan moduan bizi gara. Barriketan barik, beharrean ikusi gura leuke.

Ahokorapilo joko modura erabilten dan esaera bat bada, Lea eta Artibai ibarretan behintzat entzuten dana: Jan barik jun barik, jaik jan edo Dxan barik dxun barik, dxaizu dxan.

Kontua da ze, euskara batuan barik erabilteari erreparuak ipinten deutsezan batzuk baino konparatiboa erabilten hasi dirala bigarren esangurako barik honen lekuan, eta nik behintzat, ez ahoz –bape patxadazkoa daben transmisinoko euskeradunen ahotik behintzat‑ ez idatziz –tradizinoko testuetan ez behintzat, eta gaurkoetan be nekez, bape dan idazle baten lumatik behintzat‑ entzun edo ikusi ez dodana.

Komunikabideen bidez batez be, eta beharbada gramatika-libururen baten eraginez, orio orbana lez zabaltzen hasi da zorioneko baino hori. Adibide bi emongo ditut oraintsukoak: “Bilbo hiria, azala baino mamia” (irrati slogana, 2013-08-28). Dingilizka dakust esaldi hori, atzetik gehiago konparagarria falta baleu lez. Antzekoa da hurrengo hau be: “Internetek kalte baino mesede egingo deutso zinemagintzari” (Galder Gaztelu-urrutiari alkarrizketa. Bizkaie 2013-06-24).

Gure aholkua garbia da: barik erabiltea, bizkaieraz zer esanik ez, baina batuan be ardura barik. Euskalkien ekarria zertan baliatuko dogu euskara batuan, holakoetan ez bada?

 

Iturriko

2013-08-29

Ikusita: 1119
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera