kontaktua
2014.02.14
08:32

Aratuste Inauteri Karnabalak

Inauteri edo Aratuste sasoian sartuak gara eta, gaiori atxakiatzat hartuta, argibide soil batzuk garanduko ditugu, gogoan harturik, bestetik, Labayru Ikastegiak oraintsu argitaratu eta gizarte aurrean iragarri dauela liburuska bat, Aratusteak Bizkaian deritxona, DVD baten osagarriaz lagundurik, berean arloari jagokozan kantu eta irudi bikainak eskeintzen dituana.

Karnabalak esaten jake gehienbat Bizkai eta euskera sartalde osoan Garizuma aurreko egunoi, eta Inauteriak edo Inauteak euskerearen erdi eta ekialdean, edo hitz berorren aldaeraren bat.

Baina euskerearen sartaldean badogu beste izen zahar bat, gaur be indarrean eta berbizturik dabilena: Aratuste edo Aratoste ohi deritxo lekuen arabera, baina badau beste aldaera zahar bat, Aratiste, hondino leku batzuetan ezaguna edo entzuna.

Ospatze-egunok bere osoan hartzen ditugunean, beste jaiegun batzukaz jazoten dan antzean, pluralez adierazoten ditugu: Aratosteak, Karnabalak, Inauteriak, Inauteak. Baina egun jakin bat izentau gura danean, esate baterako Garizuma aurreko martitzena, mugatu barik: Aratoste, Inaute, edota eguna izenaz lagundurik: Aratoste eguna, Inaute eguna, edota egunaren beraren izena gaineratuta: Karnabal martitzena, kasurako.

Aratoste edo Aratuste, holan bakarrean, karnabal martitzenari esaten jako hainbat lekutan, ez ziklo osoari. Gaztelaniazko mailegu-berbeak, Karnabal dalakoak lekua estutuko deutse euskal izen zaharrari; horren ondorenez gero eta mehatzago entzuten da betiko euskaldunen artean Aratuste berbea. Aspaldiko urteotan, Karnabal ospakizunak berbiztu diran neurrian, izen zaharra be berbizten hasia da; gero eta sarriago entzun edo irakurten da.

Inauteri berbea, oinarrian, Inaute + -iri denbora-atzizkiaz egituratua da. Halan bada, egunoi deitzen jake, baita, «Inauteak, Inoteak, Ihauteak, Ihoteak» eta aldaera gehiago. Inaute izen horren atzean -te denbora-atzizkia egon daiteke, «eurite, gerrate, ilunde» hitzetan dagoan antzera, eta aurreko osagaia pertsona-izen bat izan daiteke: Inaut, Enaut edo dalakoa. Zanpantzarrak hitzaren atzean Sant Pansart karnabal pertsonaia dagoan antzera.

Sartaldeko berba zaharraren hiru aldaera nagusion atzean bijilia-barauen gogoramena daukagu. Gaztelaniaz kristinau-eleiz giroan hain aitatua izan dan Carnestolendas zaharraren ordain zuzena. Gaztelaniazko hori be zaharkitu zan, eta euskerazkoa be horretara bidean izan dogu… oraintsu arte: Aratoste, Aratuste eta Aratiste, hirurak dira haragi-iste baten kumeak, harat- lehen osagaitzat eta iste/uzte bigarren osagaitzat dabenak.

Aspaldiren dokumentatua, Aratiste dogu, latineko carnes tollendas esapidearen itzulpenik gardenena. Arabako lautadako euskerazko izkriburik zaharrenetarik dokumentaturik dogu. Landuchiok (1562), gaztelaniako antruejo-ren ordaintzat aratizteak dakar, holantxe -ak mugatzaile pluralaz. Lazarraga poeta ezagun barriak be –Agurain-Salbaterra ondoko Larrea herritxoko jaun-semea berau– bere olerkietariko baten honan dino: “Esan badagie eztaozeela / alegere, baxe sekula triste, / nik diot egun dala aratiste” (Lazarraga). Baina Oinatiko Araotz auzoan be aatistiak batu eban Kandido Izagirrek, Arantzazu-Oinati parajeko bere berbategi ederrean (ASJU, IV, 1970). Azkuek bere hiztegian autor deusku berba hori entzun izan dauela non-edo-non, baina B lurraldeaz kanpora, bizkaiera ez dan lekuren baten. Aratiste eta Basaratiste Pl. Mugicaren hiztegi mardul ugarian be jasorik datoz (DVC 1965, 363), lehenengoa euskalki marka barik eta bigarrena (B) euskalki markeaz. Uribe-kostako herri batzuetan hondino be Basabatiste esaten deutsie Basaratoste egunari; azterka askoren beharrik ez dago, desitxuratze horren atzean Basaratiste zaharra daukagula kargutzeko, Batiste giza-izenagaz gurutzatuta edo.

Aratoste da bizkaieraren lur barruko eskualde eta herrietan nagusi izan dan itxurea, Deba ibarra barru dala. Añibarro arratiarrak bere Voces diferenciales hiztegian aratosteak dakar carnestolendas-en bizkaiera ordaintzat. Eibarren be halantxe jasorik dakarsku Toribio Etxebarriak, hiru eratako sarrerakaz: Aratoste eguna, Aratoste ibili eta Aratostiak, bakotxa esaldi banagaz: “Aratoste eguna danetik, koko jantzi dira gure gazteak”, “Haura urte guztian dabil aratoste” (marrotuta) eta “Aratosteak izaten dira, jendea zoratzeko”. Kirikiño mañariarrak zoragarri kontetan deusku bere herriko mutil sostorrak zelan ospatzen eben bere gaztetxotan Aratoste. Lelengo Abarrak bilduman, atal horren hasieran mutikoek batak besteari dinotse: “– Mutillak, gaur aratoste dok, eta koko jantzita joan behar joagu herrira".

Aratuste, gaur araututzat onartzen dana, itsasaldeko aldaerea da batez be. Egia esan, lehenago Larramendik hiztegian aratuzteak dakar, iñoteriak, zalduniote, igande hiaute, asteleniote, astearteiote gipuzkera eremukoen ondoan. Azkueren hiztegiaren ondorik hartu dau nagusitasuna aratuste ereak.

Karnabalak, egun bakarra barik, egun ilarea hartzen dabe. Hasiera puntua non ipinten dan, astebete hurren edo astebete pasa. Atzera urrun jo barik, Basaratoste dogu aurreko domekan, Basatoste era laburtuan, edo Basaratiste beste leku batzuetan deritxona. Eta Bizkaiko inguru batzuetan: Kanpora-martxo, Baso-martxo eta Sasimartxo be esaten jako. Eta egun horretako sasi-otordua izentzat ipinita, Txitxiburduntzi, Sasikoipatsu eta haetarengoak be bai hainbat lekutan.

Karnabal aurreko eguenari, gaztelaniaz jueves gordo edo jueves lardero deritxan horri, ostegun gizen erdialdean, ortzegun gizen ekialdean eta sartaldean eguen gizen, eguen largero (Arrasaten, esaterako) edo eguen lardero (Araba partean) deitu izan jako. Egun hori eben hauturik eskola-mutilek, eskola-eguna zuri hartuta, etxerik etxe eskean eta kopla-kantetan ibilteko; egun hori zan bardingoen karnabal-egun izentaua. Azkuek Berrizen baturiko kopletariko batek dinoanez: “Eguenzuriko astea, / Jaungoikoak emona guztia, / eskola-mutilak ibilteko / limosna on baten bila”. Gaur be halan kantetan dabe Durangoaldeko hainbat herritan. Lehenago, Oizen beste alderdiko herri eta auzoetan be urteten eben kantetan eskola-mutilek. Munitibarren kantetan eben kopletariko bat hau zan: “Eguen zuri, eguen baltz, / txakurra arrautza ganean datz; / baltz-balztxoa maisuarentzat, / zuri-zuritxoak geuretzat”. Eskola-mutilontzat, beinke be, umore-atseginezkoak ziran kopla-kantuan egiten zituen ibilteok. Hareentzat, benetan, Eguen gizen Eguenzuri bihurtzen zan.

Aratoste edo karnabal domekeari Zaldun-inaute, igande-ihaute erdi-ekialdean eta zaldun-aratuste sartaldeko leku batzuetan. Zaldunen egun izentaua zan, nonbait, karnabal domekea. Aratoste edo karnabal astelehenari, astelehen inaute, inaute bigarren, inaute motz erdi-ekialdean, eta sartaldean, beste izen batzuen artean, aratuste manga, Azkuek Gernikaldekotzat joten dauena. Izen horren ardatzean errefrau bat be matasatu da: Aratuste manga, ardoari dzanga. Eta Aratusteetako hirugarren eta azkenengo eguna, martitzena, izan ohi da egun nagusia, handiroen ospatzen dana lekurik gehienetan. Sartaldean egun horri deitzeko erabilten dabe leku batzuetan Aratoste edo Aratuste, ziklo osoari Karnabalak deritxen bitartean. Eta Nafarroa bietan eta ekialdean orohar, Zanpartzar egun hori izendatzeko erabilten da berariaz; izan be, egun horretan erreten zan sutan Karnabala irudikatzen eben izen bereko pertsonaia barregarria.

Aratusteetako pertsonaiak sasi-soinekoz janzteari be izen diferenteak emon izan jakoz: Koko (jantzi) esaten jako paraje batzuetan –Durangoalde eta Deba ibarreko herri eta urietan, kasurako–, eta karnabalak eurak koko-egunak izenaz be ezagutzen dira.

Marrau edo marro (jantzi) esaten da Bizkai erdialdean, eta halan sasi-soinekoz dabilzanei, pertsonaiei eurei, marroak edo marrauak esaten jake. Halantxe, gaur Mundakan atorrak berbea hainbeste hedatu bada be, oraintsura arte marrauak esaten izan jake. Atorrea andrazkoen alkondara luze zuria da, eta horretatik hartu dau izen barri hori, marrauak atorra zuriakaz soinekotzen izan diralako.

Aurreko izen biakaz bat eginda, kokomarro (jantzi) be hainbat lekutan esaten da.

Errabi jantzita ibilten ei ziran, Mungiako lekuko batzuek dinoskuenez. Txorierrian be erraba (jantzi) galdu barik dagoan berbea da hondino. Judu jatorriko rabbi pertsonaian dauka hitzorrek jatorria, aurreko mendeetan pertsonaia ezaguna Bilboko karnabaletan, eta inguruetan be, itxurea.

Mozorro eta mozorrotu dira gaur hedatuen dabilzan izenak. Erdi eta ekialdetik hedatua da izen hori, eta horren atzean mozorro izena dogu; azken baten mozorroa eta kokoa bat dira. Eta sartaldean koko-egunak esaten izan diran moduan, erdi-ekialdean mozorro-egunak be erabili izan da.

Arpegia estaltzeko modu diferenteak ezagutu dira, eta izenak be batzuk gaztelaniatik datozanak, beste batzuk urrunagoko jatorria dabenak. Maskarea, maskaritea eta karatulea lango izenen ondoan, bitxia eta ez hain ezaguna dan muxarangea be hor dogu, Uribe goienean eta Txorierri aldean behintzat hondino be ezagun samarra dan berbea. Erdarazko jatorria gorabehera, mogiganga, berba horregaz, karatulea ezeze, pertsonaia bera be izentetan da: muxarangak sasi-soinekoz jantzita dabilzanei ohi deritxe, mozorro, marrau eta beste izen gehiagogaz jazoten dan antzera. Mundakako marrauen arpegi-estalkia beste askotatik apartekoa da: almoada-azala, begien aurrean halako laukitxu bat dauela, puntilazko mantenila antzekoaz josia; norberak aurrekoa ikusi, baina aurrekoak norbera ezagutu ez egiteko moduan.

Hau irakurriko dozuenoi, Aratusteak ondo igaro daizuezala opa deutsuegu, eta tostadak jatea ohitura danez, zeuen etxean egiteko modurik edo nork egin ez badaukazue, gozoak egiten dakizan etxekoandra baten ezkaratzera sartu marro jantzita, bera etxetik aldendurik dagoan bitarte baten, dagozan lekutik hartu tostadok, eta lagunarte ederrean jan; hori ba, karatula eta guzti.

 

Iturriko   2014-02-14

Ikusita: 983
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera