kontaktua
2014.03.21
09:59

MODUAN eta LEZ postposizinoen sintaxi diferenteak

Moduan eta lez (legez) postposizino kategoriaz darabilguzanean, hau da, izen, izenordain, adberbio edo aditz partizipio baten ondorik, esanguraz antz-antzekoak dira, baina aurreko hitz horregazko loturea egiteko modu diferenteak ditue. Tamalez jazoten dana, analogia okerreko bat erabilten dogula batzuetan eta sintaxi okerrekoaz josten ditugula aurreko hitz horregaz.

Okerreko joskerea gehienbat moduan (edo moduko) atze-hitzagaz jazoten da, honi lez/legez edo bezala atzekarien joskera-arauak aplikatzen deutsaguzalako. Noiz edo noiz bestetara be jazoten da, lez/legez edo bezala atzekariak moduan-en arauaz aurrekoari jostea.

Honetarikoak edo honeen antzekoak behin eta barriro irakurri edo entzuten dira: *Zuk esan moduan (tal y como has dicho), *Bilbo moduko urietan eta beste hainbat.

Lez (legez) eta moduan (edo moduko) atzekarien artean oinarrian dagoan diferentzia hau da. Lez (legez) eta bezala edozein erlazio-hizkigaz erabilgarri dirala. Arazo barik esan geinke: Gizonak lez. Guk lez. Edonori lez. Lagunakaz lez. Etxean lez. Txantxetan lez. Mendira lez. Barrutik lez.

Bezala atzekariak malgutasun handiagoa dauka hondino: Erran bezala. Atzo ikusi bezala… aditz partizipio soilakaz be bardin josten da, lez sartaldekoak kasu horretan -ko genitiboa eskatzen dauen bitartean: Pentsautako lez. Esandako lez.

Moduan postposizinoak izen arrunt baten joskerea dauka aurreko berbeagazko: -en edo -ko genitibo-hizkiak eskatzen ditu derriorrez aurrekoaz lotzeko. Halan:

(a)    Gure moduan. Gizon baten moduan.

(b)   Etxeko moduan. Ameriketako moduan. Hango moduan.

Adberbioakaz be bide banak hartzen ditue. Zuzen eta taiuz esanda dagoz: egunero bezala edo egunero legez, baina araua ez dogu beteko, badinogu: *egunero moduan.

Izen bereziakaz, bardin da giza-izenakaz, zein toki-izenakaz, diferente jokatzen dabe batak eta besteak. Zuzen esanak dira, kasurako:

(a)    Adolfo lez. Igone bezala.

(b)   Bilbo lez. Donostia bezala.

Baina ezinezkoak dira:

(c) *Peruk moduan edo *Peruk modukoa.

(d) * “Pentsau genduan irrati libre baten sugarra mantendu egin behar zala Bilbo moduko eremu zabal batean”.

Izenordainakaz be bide bereziak hartzen ditue: Guk legez. Zuen moduan.

Toki-denpora kasuakaz alkartzeko moduan atzekariak -ko/-etako toki-genitiboa behar dau. Akatsa izaten da, jatorrizko kasua erabiltea, toki-genitibo barik. Halan:

“Urteko beste garai *batzuetan moduan, gazteek etxeetatik gurdiak hartu eta zuhaitz batetik zintzilik ipinten zituen” (…garai batzuetako moduan).

Aditz partizipio bategaz lotu gura badogu be, -iko edo -tako lotura-atzizkiak behar ditugu moduan zuzen lotzeko: Zuk esandako moduan, lehen ebatziriko moduan, aurretik pentsatutako moduan. Gramatikaren aurkakotzat joko dira honetarikoak:

* lehen ebatzi moduan

* aurretik pentsatu moduan

* Zuk esan moduan jasota dago hori aktan.

* Internetean sartuko da dokumentua, berak eskatuta moduan.

Izena edo adjektiboa mugagabez dagoanean, orduan ez dago arazorik lez edo moduan erabilteko: bata zein bestea bardin josten dira; ezer be barik.

Lagun lez. Gazte lez. Zuzendari lez.

Gizon moduan. Andra moduan. Zuzendari moduan.

Baina ondo gogoan izan: izen bereziakaz edo izenordainakaz ezin dala ezetara be arau hori aplikau moduan-en kasuan. *Zu moduan edo *Peru moduan egitura okerrak izango dira.

Aditz jokaturi lotzeko –n atzizkia darabile batak eta besteak: Ondo dakizun moduan… Dinozun lez… Dioten bezala… Baina aditzaren elipsia gerta baledi, genitibo atzizkia beharko genduke aurrekoari lotzeko: -en edutezkoa edo -ko tokizkoa: Zuk daukazun moduan > zure moduan. Peruk daukan moduko autoa > Peruren moduko autoa. Mendian dagoan moduko arnasa garbia > Mendiko moduko arnasa garbia.

Ezezka emonik datorrenean mende perpaus modal hori, ezinezkoa izaten da aditza galtzea. Halan:

Guk ez daukagun moduan, beste askok ere ez dauka.

*Guk ez moduan, beste askok ere ez dauka.

Bardin:

* Beste batzuk ez moduan, NORI kasuak aditzarekin komunztadura dauka.

 

Iturriko

2014-03-07

Ikusita: 1382
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera