kontaktua
2014.03.28
10:44

Juan Bautista Eguzkitza Meabe (Lemoa 1875-1939)

Eguzkitza euskal literaturan arlo askogaitik da ezaguna, baina gehien-gehien Gizarte auzia liburuagaitik. Izenak berak erakusten dauanez, gizarteko gaiak darabilz, ugazaba eta beharginen arteko gorabeherak, eta hori euskeraz erabili eban lehenengo idazlea da.

Juan Bautista Eguzkitza Lemoan jaio zan 1875ean, Tallerretako auzoan egoan errota txiki bateko semea da. Gaztetan hasi zan abaderako ikasketak egiten: Larran latina ikasi eban, Gasteizen Filosofia eta Teologia. Han abadetu zan 1899ko Santo Tomas egunean, eta Gabonetan Lemoan emon eban Meza barria. Gero be Gasteizen jarraitu eban Teologiako Lizentziatura atara arte. Orduan irakasle be bazan, Retorika eta Gramatika erakusten eutsiezan abadegai gazteagoei.

1904an Lekeitiora bialdu eben abade-ikastegi txiki bat eratzeko. Eta behin hara joanda, han egon zan gerrara arte. Lekeition egoala hainbat gauza egiten ebazan: abadegaiei eskolak emoten eutsiezan; herririk herri hizlari ibilten zan; euskaltzaina zan 1919tik, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat dogu; eta aldizkari eta egunkarietarako artikulu asko idatzi ebazan.

Gerra hasi zanean batetik bestera ibili zan, kartzelan be bai. Lemoara bueltau zan gero, baina adore barik eta makalduta. 1939ko abuztuaren 12an hil zan.

Asko idatzi eban Eguzkitzak, bai artikuluetan bai liburuetan. Hona hemen haren lanak: Garbitokiko arimaen illa (Bilbao, 1915) itzulpena. Andra Mariaren loretako illa (Zornotza, 1919), liburu hau asko be asko erabili izan da. Argi donea (Zornotza, 1933), berez Prantzisko Balzolak gipuzkeraz egindakoa zan, eta Eguzkitzak bizkaieraz ipini eban. Gizarte auzia (Zornotza, 1935). Liburu honek 35 atal daukaz, eta argi eta modu didaktikoan azalduten dauz sozialismoa eta komunismoa, gizarte-arazoaren susterra zein dan, Marxen pentsakera, marxismoak eta kristautasunak ezin dabela bat egin, eta orduan pil-pilean egozan beste gai batzuk. Halango gaiak erabilten lehenengoa izateagaitik oso ezaguna egin da.

Eguzkitza Jaungoiko-zale aldizkaria sortu zanetik zuzendarietako bat izan zan. Ekin-en be asko idatzi eban, eta beste aldizkari batzutan be bai: Euskera, RIEV, Yakintza, Euzkadi, Euzkerea. Batzutan gatxizena erabilten eban artikuluak sinatuteko: Lemoatarra, Erri, Errizale.

Sermolari onaren famea euki eban, herri askotatik deitzen eutsien sermoiak egiteko, eta halango asko idatzita itxi ebazan, argitaratu barik bada be. Horreetatik aukera bat egin eta 2013an argitaratu eban Labayru Ikastegiak Andres Urrutiak ondutako edizinoa: Neure entzule maiteak.

Baina euskerearen egoera eta geroagaitik ardura handia erakutsi eban Eguzkitzak. Euskerea aho-minetan bizi da, eta erabili egin behar da hil ez daiten. Ganera, hizkuntza ohiturakaz batera hartu dogu gure aurrekoengandik, eta gauza biak ezin dira banandu, bata besteagaz osotzen da, eta ostantzean galdu egingo dira. Ikusten eban, ostera, euskerea batu beharra, batetik bestera ibili orduan eta idatzikeran danok aitu ahal izateko.

1975ean, jaio zanetik ehungarren urteurrena zala-ta, omenaldia egin eutsien Lemoan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskaltzaindiak, Lemoako udalak eta parrokiak eratuta. Omenaldi haretan oroitarri bat ipini eben eliza ondoan ekintza haren gomutagarri.

Ikusita: 829
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera