kontaktua
2014.10.03
09:14

Baskoniaren historia bat eta gehiago

Oraintsu plazaratu da Donostiako Zinemaldiko saio baten Una historia de Vasconia izeneko dokumentala. Txukun eta dotore egina, eta erromatarren aurreko garaietatik eta erromatartze osteko mende ilunetan Euskal Herri zaharraren ibilbidea zein izan zatekean argi egin guran burutu dana.

Dokumental horretan behinola C. Sanchez Albornoz historiagileak ereindako hipotesi bat, eta ondoren beste historiagile eta hizkuntza ikertzaile batzuk ‑kanpotarrak, bertokoak baino gehiago‑ berreskuratzen dabena: lurralde baskongaduetako biztanle zaharrak ‑barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak‑ ez zirala jatorriz euskaldunak, ez zirala baskoien leinu berekoak, hareekandik bereiziak baino. Horri guztiorri beste ideia bat eransten jako gaur: Akitaniatik etorritako baskoi leinuko jentearen etorkin uholdeen ondorenez euskaldundu zirala sartaldeko lurraldeok.

Agiri historiko zaharren bidez errazago da jakiten Euskal Herri zaharra ipar eta ekialderantz noraino ailegetan zan, sartalderantz baino. Akitania zaharra euskalduna edo protoeuskalduna zala huts handi barik on egin daiteke. Pirinioetan be Aragoiaren goiena, euskalduna zala esan daiteke, batzuen ustez Kataluniaraino hedatzen zana. Erromanizazino goiztiarra ezagutu eben ipar-ekialdeko lurralde guztiok. Sertoriok Oska (Huesca) uriburu hautatzeak zerikusia eduki eban, hurrean, eremu hori aldi goiztiarrean erromantze-hiztun bilakatzean eta euskereak altsika-altsika atzerantz egitean. Hecho ibarrean XIX. mendean badira euskaldunen eta euskerearen testigantzak, eta Erdi Aroan Jakan bertan be bai. Toponimian aztarren askoz sustraituagoak dira, jakina.

Sartaldeko mugetan dago untzea. Mugak askoz lausoagoak dira, batez be dokumentazinorik ezaz. Baina sartaldeko leinu zaharren kontura sortu da eritxi-banakuntza.

Euskaldun baskoiak eta sartaldeko leinuak jatorri berekoak ez zirala izan da hipotesietariko bat. Horretarako arrazoi diferenteak emon dira. Bat, erromatarrek be euren administrazino-banakuntzan esparru banangoetan ipini ebezala: Baskoiak, Zesaraugustako lege-komentuan eta beste hiru leinuetako lurraldeak Kluniako komentuan, gero Gaztela izango zanagaz batera.

Erromar inskripzinoetako onomastika be aitatu da froga horren alde: sartaldeko lurraldeotakoen izenak kantabroen eta beste sartalde-herrietakoen antzekoak ei dira, eta baskoienak, ostera, ekialdeko ilergete eta beste leinuetakoen antzekoak. Indoeuropar jatorriko izenen ugaritasuna sartalde lurraldean: Ablonius, Ambatus, Betunus, Boutia, Buturra, Calaetus, Doitena, Equesus, Rectunus, Segontius, Viriatus e.a. Hori dala-ta, Schulten eta oraintsuan L. Trask legezko ikertzaileen eretxian, ez ei ziran euskera mintzodunak karistiarrak, beroiak eta autrigoiak, eta barduliarrrak be (gaurko giputzak) ez seguruenik. Kantabriarren senideagoak ziratekean karistiar-barduliarrak, baskoienak baino, hipotesi honen arabera.

Errazena eta zentzuzkoena da pentsatzea erromatarren aldian eta aurretik be egoera konplexua eta nahastua egokeala euskal lurralde osoan; hau da, euskal edo baskoi leinukoakaz batera indoeuropear jatorrikoak be bazirala gure artean, eta hizkuntza elebitasuna edo eleaniztasuna egokeala lurralde diferenteetan. Toki-izen indoeuropar keltarrak (Deba, Nerbioi, Ulzama, Zegama, Lezama) izatea zaharren lekukoturik dagozanak ez dau esan gura hango biztanleak keltarrak zirala derriorrez, euskal jatorriko izenik aldi zaharrotan lekukotu izan ez arren.

Ex silentio, idatzizko froga zaharrik ez dagoalako ezin da baieztatu, sartaldeko leinu zaharrok euskaldunak ez ziranik, eta nekez froga daitekeen kontua da, baskoi jentearen etorreraren eraginez euskaldundu edo baskonikatu zirala. Izan be, badira beste zidurri batzuk, leinuon euskal jatorriaren alde on egiten dabenak.

A. Tovar hizkuntzalaria be jatorri banangoen aldeko teoria honen tentazinopean egon zan, baina El Euskera y susparientes saio-liburuan epai zorrotzago hau emoten deusku: "podemos suponer que el vascuence quedó limitado al oeste aproximadamente según sus límites actuales entre quinientos y mil años antes de que perdiera las tierras pirenaicas"; hau da, erromatarren aldira edo lehenagora garoaz baieztapen horrek. Euskerearen muga zaharra Nerbioi ibaian finkatzen deusku berberak: "parece tajante un límite de la lengua vasca al oeste de la desembocadura del Nervión" (cfr. 89).

Hipotesi nagusia, eta zentzunezkoena, euskaldun guztiok enbor berekoak garala defendatzen dauena da. Menendez Pidal bera eretxi horretakoa zan: euskal hiztun diran jende-talde guztiak senideak dirala. Hizkuntzari buruz zorrotz dino: "el vasco es tan antiguo en Vizcaya como en Navarra" (En torno a la lengua vasca, 19).

Euskalkien banaketa da enbor bereko eretxiaren arrazoietariko bat. Sartaldeko euskalkiak, gaur bizkaiera deritxagunak, Deba harro osoa hartzen dau, kostako Deba eta Motriku izan ezik. Euskalkien banaketa, gitxi gorabehera, leinu zaharren banaketagaz bat etortea ez da kasualidade hutsa. Bai, egia da, K.o.ko euskalki zaharren ezaugarriak eta gaurkoak ez zirala bardinak izango, baina zeozelango banaketa bazala giputzen eta sartalderagokoen artean argia dirudi. Euskalkien banaketa Nafarroako Erreinu Zaharraren zatiketaren ostekoa dala dinoenak be badira, dana dala; XI. mendetik honakoa. Edozelan be, pentsatzekoa da euskal hizkera diferenteen sorrera eta banaketa ez dala gauetik goizera sortu, geldiro-geldiro baino. Hori da auzia: "si son límite sdesarrollados sucesivamente en una evolución lenta o si son límites debidos a una invasión repentina" (Menendez Pidal, 19). Noiztikoa ete da berri-barri banaketa? Zaharra dirudi. Onomastika dokumenturik zaharrenetarik agiri dira bata eta bestea, gaur egungo euskalki partiketaren arabera, gitxi-asko.

Kristautasuna sartu ondoren Erdi Aroan zehar euskal lurraldeek ezagutu daben eleizbarruti banaketa be leinuen banaketa zaharraren araberakoa da sartaldean. Armentiako eleizbarrutiak iraun eban denpora laburrean eta gero Kalahorrakoaren barruan, karistioen lurraldea hartzen eban. Valpuestakoan sartzen zan autrigoien lurraldea. Eta barduliarrena, Iruñekoan.

Euskera bizi dan lurralde osoan euskeraren sustratoa hor egon dala pentsau behar da, keltar, erromatar, arabiar eta beste jente batzuen eraginak izan arren, Bizkai-Gipuzkoa-Arabak barru.

 

Iturriko

2014-10-03.

Ikusita: 1142
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera