kontaktua
2015.01.27
14:46

Ura dala-ta

"Mila urte igarota ura bere bidean". Halan dino esaera zahar batek, erdal hizkuntzetan be kideak dituana.

Ur berbea zaharra dogu gure hizkuntzan, bat izatekotan. Hau ez da behintzat latinetik erakarria, aqua latinoagaz ez dauka-eta zerikusirik.

Ura dala-ta lehenengo gramatika ohar bat egin gura neuke. Toki-denbora kasuetan darabilgunean, euskal sartaldean, eta erdialde zabalean be, mugagabez ohi darabilgu, euskerearen ekialdean jazoten ez dana. Halan esaten dogu: uretan, uretara, uretatik eta uretako. Uretan uger ibili, uretara joan, uretatik urten edo uretako arrainak. Ekialdean, ostera, urean, urera, uretik eta ureko erabilten dabe, toki-deklinabideko atzizki neutroakaz; ez, sartaldean lez, -ta-artizkidunakaz.

Mugagabez erabilte horrek badau bere arrazoia. Izan be, ura continuum bat da: isurian, jarioan datorren eta doan gaia. Gai estimadua gizakiontzat. Berau barik ez ginateke biziko eta gure lurretan be laborerik ez ortuaririk ez litzateke erneko ez haziko. Arbolarik be ez. Bedarrik be ez.

Sartaldeko euskera zaharrean urtan agiri jaku dokumentaturik behin baino sarriago. Halan, Mikoletaren gramatika liburuskaren atze parteko amodio kantuetariko baten ahapaldian honetara kantetan da: Amoren kontentuak eztaude irauten, / urtan bitsa legez dira galtzaiten. Lazarragaren kuadernoko herri-kopla horreetariko baten be antzera agiri da: Urtan eder arria, / aen gaiñean txoria;/ amorantia lekidanari / atera neio begiak” (Lazarraga, 17r).

Urak beste baliagarritasun asko be baditu. Argindar iturri nagusietariko bat gure inguruan Duero ibaiaren ur-jausietatik sortua eta ekarria da. Handik dator behinola gure artera argindarra ekarten eban enpresearen izena be: Iberduero. Baina berton hurrago be hainbat etxetan sortu izan da argindarra, geure erreketan ur-jausiak eraginez, harrizko edo zementuzko konporta batzuk eginez, ura urtegi antzekoetan bilduz eta ubideetatik urari bide apartekoa eraginez. Gure ibarretan horri eskerrak sortu ziran behinola olak, burdinolak, eta errotak, boluak, gaur be oraindino guztiz galdu barik dagozanak. Ubidea, urbidea, esaten jako, urari indarra sortzeko aparteko kanalbide horri. Ura ubidetik etorten da andaparara eta andaparatik sartzen da errotarako. Zenbat ur behar dan, hainbesteko txorroa zabaltzen jako urari. Ur horrek bira eragiten deutso errota-harriari. Gure boluetan mendeetan zehar horrexek eiho ditu gure gari-artoak. Aspaldiko esaera bat bada, lanbide zahar hori gogorazoten deuskuna, beste mezu bat guri transmititzeko bada be uraren eta boluaren irudi hori: Urrutirean bolura dator ura. (De lejos al molino viene el agua) (RS 147)

Ura, danaren ganetik, edateko da, gizakiok zein abereek. Hori akordauazoten deuskun errefrau zahar bat be bada: Ogiagaz ura, oragaz eroen elikatura. (Panconagua, / mantenimiento de loco y mastín) (RS 246).

Gaur ur-txorroa etxe barruan daukagu, baina lehenagoko aldietan mendietako urbegietan,  edo gerora gizakiok egiten joan garan iturrietan, herriko plazetan edo auzoetan eregiten ziran iturrietan, iturriko kainuari erion ur-negarra edo ur txirristada edo ur txorroa izan dira giza komunidade osoen bizigarria, eta hartuemon leku aproposa: Maritxu, nora zoaz eder galantori? Iturrira, Bartolo, nahi badozu etorri.

Fruituen zukuari be ura esaten jako.Horregaitik dira fruta batzuk urtsuak eta beste batzuk ur gitxikoak. Halanik esaten dogu limoi-ura, laranja-ura, madari-ura edo mahats-ura.

Ura, batez be uriolak, uiolak sortzen diranean, ibai-errekek gainez egiten dabenean, urak menderaezin bihurtzen diranean, kalte eta dainu handien sortzaile bihurtzen dira, ibarretan, soloetan, kaleetan edo etxe sotoetan. Uraren indarrak beragaz eroaten ditu lorrean ondasunak zein pertsonak, triskantzak eta heriotzak eraginez. Horregaitik erabilten da oraindino, norbait urak eroatearen irudia, pertsona bati pazientzia hartu behar dauela aholkatzeko: Urak ez zaroaz eta hartuizu pazientzia, entzuten da Gernikalde eta Busturialdean. Halan jaso eban Azkuek, eta antzera J.M. Etxeita nobelagile mundakarrak bere Josetxo-n: Urak ez haroa eta hartuik, Martin, eroapena. Itsasherrietan, urbiziak diranean itsasoak eragiten dituan kalteak be gogoan izatekoak dira.

Batzuetan gainez eginagaitik, urak bere bidea egiten dau, bere uherkatik ohi doa beherantz; sekula be ez gorantz. Hori be errefrau zahar batek gogorazoten deuskun mezua: Mila urte igarota, ura bere bidean.

"Ez dok hamairu" taldeko kantarien bidez egin da gure artean ezagun harako esaera zaharra: Urak dakarrena urak daroa. XVI. mendearen akaburantz Isastik bere errefrau bilduman honetara ekarrren, gaztelaniazko argibide eta guzti: «Por la hacienda adquirida por malas formas, como de ordinario se consume por las mismas, dicen: Gure mandoa, urak engarren eta urak aroa. // Nuestro macho, el agua te trajo y el agua te lleva» (A 19).

Esamodu edo esapide asko dira ur kontzeptuaren inguruan sortuak. Ezagun batzuk ekarriko ditugu gomutara, gizakiari buruz uraren irudiaz sortuak. Bi uretako arraina izan. Odolak ur egin. Ez ur ez ardao izan, edota Ez ur ez gatz, edota Ez ur ez olio.

Uraren kualidadea adjektiboen bidez adierazoten da; ur berbeari atzetik adjektibo ezagun eta jakinak erantsirik.

Halan, itsaso edo ibaiko sakonereari buruz, ur azala edo ur sakona esaten da. Edota ur mehea, (gaztelaniazko 'vado'), alde batetik bestera igaroteko modukoa danean.

Uraren tenperaturea dala-ta, urhotza, urepela‑hortik Urepelherri-izena‑, ur beroa‑hortik Urberuaga auzoa, ur termalakaitik ezaguna ­dala. Eta surtan berotan ipini ezkero, ur irakina.

Uraren kolore eta garbitasunaz, esaten da ur garbia, edo gardena, eta kontrakoa adierazoteko, ur lohia, ur zikina, ur arrea eta beste.

Dabilen ura, garbia bada, edateko ura da. Eta ur geldia edo lotua bada, osasunaren kalterako izango da. Ekimen eta eraginkortasun edo bizitasun gitxiko personeagaitik be esaten da, ur lotua dala (Bermeon entzuna).

Eta ur handiko arraina dala esaten da, astuntasun edo ahalmen handiko pertsonea danean.

Ura, beste izen bategaz konposaturik eregiak dira honangoak: Urbegia (manantiala), ur jausia (cascada), ur negarra (ura tantaka datorrenean) edo ur jarioa edo ur txirristada, mehe eta fin datorrenean.

Urak gora eta urak behera dagozala esaten da hilgora edo hilbehera danean.

Urak banandu egiten ditu lurrak eta gizarteak sarritan. Halan sortuak dira: Uraz urrutia (Bilbo) edo Uraz arantze (Gorliz). Edo uraz beste aldean, edo uraz handik, edo uraz haraindi.

Eta krisialdian, mehealdian gagozanean, edaritzat urari emongo deutsagu estimazinoa, behinola  Barrutia Mondragoeko eskribauak bere Gabonetako teatrotxoan idatzi eban lez: Ene jana ta ene edana, urarekin ogia.

Iturriko

2015-01-27

Ikusita: 1147
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera