kontaktua
2015.02.12
13:28

“Azak azatzan” edo -TZA multzokariaren emoi ugaria

Bada atzizki bat euskeran, -tza, ekialdean -tze aldaera dauena, beste balio batzuen artean indar handiko eta emoi ugariko eremu semantikoa hartzen dauena: ugaritasunarena; zerbaiten askotza, pilo, moltso edo mordo esangurea moduren baten adierazoten deuskuna. Azkuek eta ondoko batzuek, “abundancia” eta “abundancial” berbak erabili izan ditue beronen esangura-esparrua espresetako.

Bazterrean itxiko ditut hemen, beren-beregi, batetik bizitza, ezkontza ereduko eratorriak eta bestetik maisutza, frailetza eredukoak. Ez jatorkuz harira.

Kontua da, gairen baten ugaritasun edo moltso nahasi ordenabakoaren kontzeptua adierazo gura dogunean, hiztunok estrategia diferenteak erabili geinkezala horretarako; euretariko bat, bizitasun handikoa, -tza atzizkia erantsiaz gai horren kontzeptua adierazoten dauen izenari. Ur asko dagoan lekuan, euri asko egin dauelako edo, esaten dogu: Hemen dago urtzea! Edo goizean goiz jagita etxe aurreko lantzarrera bagoaz eta oinetakoak edo praka-barrenak busti-busti eginda badakarguz, esan ohi dogu: Hau da garotzea! Egia da garoa eta inontza ez dirala berez bat; garoa euria egin ostekoari esan behar jako zehaztasunez eta inontza, gauez edo goizaldean bedar edo orrien ganeetara firi-firi jausten dan hezetasunari. Baina gatozan atzera arlora. Edurra lodi botaten dauenean eta lurrean inketan danean, esan daroagu: Bart bota dau edurtzea! Edo: Sekulako edurtzak egin ditu aspaldiko partez. Eskaratzean beheko sua egiten badogu eta tximiniak ondo tiratuten ez badau, itzelezko ketzea sortzen da suetean, eta leihoak arin edegiteko ardurarik hartzen ez bada, arnasarik hartu ezinik bertan keak itota hilteko zori larrian gerta geintekezala.

Zenbanaka kontetan ez ditugun izen askogaz, askotza edo neurri handia, larra, adierazo gura dogun guztian, aukera diferenteak ditugu. Hartu daigun jente hitza, berbarako. Lekuren baten hain egunetan azoka egun seinaladua zalako, jente asko batu dala esan geinke; edo jente piloa, edo jente mordoa, edo bazterrak bete jente… edota jentetzea batu dala. Hanpatu gura izan ezkero, sekulako jentetzea, itzelezko jentetzea edo jentetza itzela korapilatu geinke izen egitura hori.

Landara, ortuari eta baso-landa-soloetako generoaz darabilgunean, sortzen dira horretarikoak: bedar asko dagoan lekuari bedartzea; arto arlo zarratuari artotzea, gari arlo trinkoari garitzea, nabo ugaridun soloari nabotzea, porrua franku dagoanari porrutzea, sasiz beteriko lekuari sasitzea edo ota moltsoa baino ez dagoan lekuari otatzea. Udabarrian arbolak orritsu dagozanean, orritzea ikusten da eta udagoienean orriok lur ganera jausten diranean, orbeltzea sortzen da.

Isurkari erdi-isurkariakaz edo ora-masa bigunakaz be antzera: Euritzan ibili eta euritan ibili, antzekoak dira. Basea, zikina, lupina, kaka, simaurra, garnua edo belenea dagoan lekuei erraz esaten jake (edo eratorria geuk sortu geinke) basatza, zikintza, lupetza, kakatza, simaurtza, garnutza edo belenatza. Txarrientzako leku aproposa, behinke be.

Atzera gogorarazo gura doguna da, hizkuntzak gaitasun osoa emoten deuskula hiztunoi, era libre eta zabal batez horretarikoak geuk sortu ahal izateko. Eratorkuntza librea eskeintzen deusku euskerak horretan.

Arbola eta landara izenakazko eratorkuntza hori ez da gaurko kontua; ezta solido batzukaz be: harri edo hatx, kasurako. Onomastika zaharrari aditu bat egitea asko da, hainbeste toponimo edo deitura-izen taiu horretakoak bistaratzeko: Artatza (arte), Elortza (elorri), Lexartza (leizar), Linatza (linua), Isuskitza (itsuskia) Urkitza (urki), Ereinotzaga (erainotz) eta kate luze bat.

Berba batzukaz -tza ugaritasuneko horren ordain hurrekoa arte izaten da, bardin-bardinak izan ez arren. Halan esaten dira sasitzea edo sasiartea, harritzea edo harriartea, haretzeaharea berbatik– edo hareartea, basatzea edo basartea –Mogelen Peru Abarka dogu eredu bikaina, Basarteko unibertsidadean ikasia bera–, laharra baino ez dagoan arloari laharrarte edo lahartza esan leikio.

Jabier Kalzakorta adiskideak amari ikasitako errefrau moduko honegaz akabera emongo deutsagu jardun honi. Zeinek bere lekuan egon behar dauela aitzen emoteko: “Azak azatzan, porruak porrutzan”.

 

Iturriko

2015-02-12

Ikusita: 930
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera