kontaktua
2015.02.19
12:20

Hara hemen, hara hor, hara non…

Aurkezleak dira hara, horra eta hona, erakusle-adberbioak izateaz gainera, nora edo adlatibo kasuan darabilguzan batzuetan. Aurrez uste bako pertsona, gauza edo egoeraren bat aurkezteko euskeraz hara erabilten dogu batez be, eta neurri apalagoan horra eta hona be bai. Gaztelaniaz he erabilten dan moduan, batez be toki adberbioen aurrekari moduan: he aquí, he ahí eta ildokoen antzera.

Estilo liburu batzuetan, euskera onaren eredutzat gomendatzen da graduaren araberako buztarketak egitea. Eta horretara: hara aurkezlea toki-adberbioaz darabilgunean, hirugarren gradukora mugatzea, hara han, baina gradu hurbileko aurkezleak darabilguzanean, gradu horretako toki adberbioakaz batera erabiltea; hau da, hona hemen eta horra hor, baina ahal dala ez hara hemen edo hara hor. Ingenieritza ikuspegitik perfektoak dira horretariko buztarketak, baina tamalez ez datoz ez hiztunen erabilereagaz ez tradizino idatziagaz bat. Hiztunon erabilera errealaren espilutik begiratu ezkero, huts egiten dabe ia beti. Izan be, aspaldiko denporetatik nagusitu da hara aurkezlea beste bien ganetik aurkezle neutro legez. Hara aurkezlea erabilten da, eta egin izan da, ez bakarrik urruneko edo asagoko zerbait aurkezteko, baita hurrekoa zein hur-hurrekoa be. Errazago eta ugariago jalgiten jakuz guztioi hara hemen eta hara hor, beste biak baino. Eurok edo, hobeto esanda, euron egitura laburtuak, berbaz batez be: haor eta hamen (haamen).

Hona eta horra aurkezleak errazago agiri dira eurekaz batera, euron ostean, toki-adberbiorik agiri ez danean. Eurok bakarrik edo hutsik agiri diranean, horra edo hona esatean hurreratu, geuganatu egiten da aurkezkizuna. Nori ez jako ezagun Olentzeroren herri-kantuko leloa, Gabonaldian sarri entzun daroaguna: Horra, horra, horra Olentzero…

Baina hemen, hor edo non adberbioen aurretik horra eta hona erabilteak klasiko sundea dauka gehiago, geure eguneroko berbeta moduarena baino. Añibarrok honetara idatzi eban 1802an: “Damu ta negarren bila bazabilz, hona hemen damuturik ta negarrez bekatari andi hau”. Baina autore klasikoetan azterka hasten bagara, bakan eta mehatz idoroko ditugu hona hemen eta horra hor. Ia beti aurkituko dogu hara hemen edo hara hor. “Ogi zerutik” eleiz kanta ezagunaren ahapaldietariko batek dinoan lez: Bildots santua / hara hemen / munduko gatxak / kentzearren.

Zergaitik dan hori holan? Ba hara markatubakoa dalako, neutroa, eta bardin balio dau buztartzeko hemen lehen graduagaz, zein hor bigarrenekoagaz zein han hirugarrenekoagaz. Bardin antzera jazoten da bertan eta berton adberbioakaz be. Hiztun batzuk berton darabilgu “hemen, esandako lekuan” adierazoteko, baina hemen bertan, egitura bikotxa darabilgunean. Eta euskaldun askok eta askok bertan darabile “han” zein “hor” zein “hemen” adierazoteko. Hiztun horreentzat bertan neutroa da, danerakoa.

Hara hemen egitura bikotxa, berbaz gabilzanean, laburduraz ahoskatzen dogu sarritan: Hamen nor datorren dinogunean, hara hemen esaten gagoz era laburtuan. Edo dinogunean: Ahor ba! Jausi da umea!, esaten gagozana ez da besterik hara hor baino.

Izenlagun modura be errez erabilten ditugu aurkezleak. Honako eta horrako mehatz, baina harako behin eta barriro, berbaz hako erara laburturik. Esaterako: Akordetan zara, harako zure bila joan nintzanean eta topau ez zindudazanean? Baina hurreko jazoera baten aurrean be harako darabilgu, honako edo horrako baino askoz gehiago; baita hurreko gertakizunetarako be. Halan: Hako zoroa! edo Hako zoroori! esakerea errez urtengo deutso edadeko bateri, mespretxuz antzean berba egiten dauenean.

 

Bigarren puntutxu bat.  Aurkezleok, toki-adberbioakaz ezeze, itaun-berbakaz be sarri agiri dira. Ugariena hara non edo hara zelan/zenbat… eredukoa; gitxiago erabiliak dira: horra non/noiz/zelan/zenbat… eta nekez be nekez entzun daikeguz hona lehen pertsonakoaz osotuak.

Añibarrok, Frai Bartolomek eta gainerako gehienek honetariko ereduak ohi darabilez:

Ara emen, Jauna, zeure oinetan parkeske seme gaisto galtzaille au, zeure taldeko ardi galdu deslaitu au; zeuk erosiko arima balio andiko au!” (Añib EL 1802, 146)

Mogelen idatzietan, halanda be, sarritxoago agiri dira hona eta horra, behin bakarrik, behin lagunduta. Peru Abarkako adibide batzuk:

Ona bada. (…) ona neuk antxina entzun nebana. Ona emen batzuk. Orra nun dantzudazan oin otsak.

Orra or Praiska. Orra sangria eginda.

 

Hurrengo baten gehiago eta hobeto.

 

Iturriko

2015-02-16

Ikusita: 995
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera