kontaktua
2015.04.30
14:05

Hiztegia 7: Zotz

Zotza zer dan nork ez daki! Egurrezko, zurezko palu mehe laburra. Pintxoak, marraskiloak eta halangoak be hobeto jaten ditugu zotz bategaz, sardeska bategaz edo burduntziagaz baino.

Birao edo maldizino lez esaten dogu batzuetan: zotz!, nonogaz edo zeozegaitik hasarre gagozanean be, berba gordinagorik erabili gura ezta.

Harako Erregenetan kantu antzera errezitetan dan Apalazio zaldune, Hiru erregen eguna dalakoan be ostean esaten dogu: Zotzak eta paluek, estudianteen kontue. Labankeria asko, koipekeria eta palagua ugari, baina fundamentuzko gauza gitxi. Zuztar edo ganora gitxigaz eginiko tratuakaitik be esakerea da: Zotzak eta paluak, gure etxeko tratuak. Zotza, izan be, hain da ezereza, ezgauzea…

Zotza, balio gitxiko zeozeren konparagarri darabilgun legetxe, norbait edo zerbait estimazino handian daukagunean, kontrako konparantzea erabili geinke: Urlia ez daukagu atzeko zotzean, ondo estimadu baino.

Zotza hauskorra da, ez dauka burduntziagaz zerikusirik; burdinea, zura baino sendoagoa dalako. Hagaitik dinoe beste esakera hau be: Errementariaren etxean zotza burduntzi, eta Arotzaren etxean, otzarea aurki. Erdereak be ordezko kide-kidea dauka.

Baina zotzak bere emendioa, bere onurea ohi dauka zeregin batzuetan. Sagardaoz edo txakolinaz beterik dagoan upea, upela, zoztxo bategaz zarratzen dogu. Eta edan gura dogunean, zotza kendu eta pitxarrera edo basura bota. Txot egin esaten deutsie sagardotegietan zotza kentze horri.

Alperkerian bizi danari be zotzaren irudia ezarten deutsagu. Beharrik zotzik be ez dau egiten. Edo: zotzik ez dau albora mogiduten. Beharrari zotza sartu be esaten da, zirkinik egin barik geldi-geldi egotea adierazoteko: Beharrari zotza sartu eta jesarrita egongo naz egun guztian!

Alperkerian ibiltea adierazoteko beste esakera hau be ezaguna da: zotzari ziria sartu edo zotzari ziria sartzen ibili.

Hari edo firu horri ten eginez, zotzaren eta ziriaren artean, esan ohi da: Zotzetik ziria, esatea lez, zelango gurasoa, halango semea edo alabea.

Saldu-erosi tratuan dabilzanean be, batak hainbeste diru agindu eta besteak gehitxoago eskatu, suertetan da diru gitxiren gorabeheran egotea diferentzia. Eta halan saltzaileak esan leio erostunari: Tira, azkenengo berbea! Hamabost euroan emongo deutsut. Hortik behera zotzik be ez!

Zotz egin edo zotzetara egiten dabe neska-mutikoak batzuetan, ea behar bat edo ardura bat hartzea nori toketan jakon erabagiteko. Edo: zotzak bota, “echar a suertes” esateko. Hortik sortu da, gaur hain zabal dabilen zozketatu, gabonetan edo erregenetan loteriagaz egiten dabena.

Zotza mehea dala esan dogu lehen. Eta halan, neskato edo mutiko bat be fin-fina eta argala danean, hanka mehe-meheakaz, burlazar lez esan leio lagun batek, harako biren artean jazo zana. Batak: “Mutilak, ikusi eiozue honi arkondarea!” Besteak: “Heuk ahal daukok garbiagoa, zotza lakoxe txankame horreekaz?”.

Zotzik asko da gaurkoz eta esakera zahar bategaz amaitu daigun: “Zuk hau eta nik hau, zozkereak emon dau

Ikusita: 580
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera