kontaktua
2015.05.21
15:00

Hiztegia 10: Jo eta su

Su berbearen gainean jardungo dogu gaur. Berba labur-laburra bada be, hara laburtasun horren luzerea norainokoa dan...

Goazen antxinako sueteetara; handixik hasiko gara, suari begira gagozala, suak emon leiguzan berbarik edota esamodurik bitxienak pilotzen.

Suetea berbeak berak suari erreferentzia egiten deutso; baita gaur egunean erabiliagoa dan sukalde berbeak be. Etxe-barruan dagoan lebarik handieneko lekua suetea edo sukaldea dogu. Lehen-lehen, bertan, sua izetu egiten zan, hiru edo lau zozpal batuta; horreri beheko sua esaten jakon, edo supazterra. Haren bueltan jesarrita, eta laratzua testigu zala, etxeko guztien kontuak garandu egiten ziran, txarrak zein onak... Txarrak garbitu eta onak jagon egiten ei ebazan suak.

Lehentxoago laratzua aitatu dogu; baina berorretatik lapikoa eskegitea ahaztu jaku... Ederragoa irudia, supazter horrek lapiko bete indaba pol-pol-pol baleuka! Lapikoa surtan ipini orduko, jakin behar dogu, baina, badirala batetik su alperra edo su geldoa, eta bestetik, su goria edo su gorria, haren kontrakoak diranak. Indabak, su gorri edo goria barik, alperra gurago...

Suaren arlo fisikoa albora eginda, euskaldunontzat suak daukan balio sinbolikoa aintzat hartu daigun orain.

Sua dogu gogo edo ahalegin handien iturria. Zenbat biderrez ez dogu esan, edo entzun, jo eta su segidu behar dala zeozetan, edota su eta gar eutsi behar deutsagula geroari, esate baterako?

Haserrea edo amorrua erakusteko be suaren irudiaz balietan gara euskeraz. Lehengo indaba gozoak, ez al dira erreko eta gu haserretu, ez dago-ta  suak hartuko ez dauenik? Sutan eta garretan paretan da norbera holakoen aurrean! Odolak, ostera, su barik be irakiten dau.

Errefrauen arloa be ugaria da “su” berbearen agerpenaren aldetik, asko eta asko diralako suaren aitamena egiten dabenak. Danen artetik bat apartau dogu, zaharra dana, 1596ko Refranes y Sentencias esakera-bilduman agiri danau: “su bako etxea, gorputz odolbagea” dino.

Agiri-agirikoa da horretan, intera baten, bizimodu tradizionalean, suak eukan garrantzia; gaur egunean gurean teknologiak daukan bestekoa, segurutik...

Ikusita: 733
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera