kontaktua
2015.06.04
15:14

Hiztegia 12: Katua

Katua ze piztia mota dan guztiok dakigu. Katua katu, arra zein emea izan. Katu arrari, katarra esaten jako, beste izaki batzuentzat oilarra edo astarra dinogun moduan, eta saguaren kasuan, satarra. Eta katu emea danean, katua esaten dogu beste barik, nahi-ta batzuk-batzuk katemea be erabili.

Katarrak dirala-ta, esakerea da: zezeilean izaten dala katarren fiestea. Horrexegaitik seguruen, zezeilari katuila esaten deutsie leku batzuetan.

Emeak ugariak izaten dira kumeginen. Katakumeak edo katakumak usterik gitxien danean jaioten dira. Baina beti ez da izaten erraza jakiten katu ameak non daukazan gordeta katakumeok, batez be jaiobarritan. Zuhur jagon behar izaten da ameori, norantz ezkutetan dan.

Katua ez da berez laztan zalea, etxe barruan edo inguruan bizi arren. Katua interesez batzen da ingurura, jateko usaina asmetan dauenean edo sutondoaren epelera. Ingurutik urruntzea izaten da sarri kontua. Ixapi, katua! esan ohi deutsagu halangoetan.

Katuaren ibilkerearen antza hartzen jako hondino oinez ikasi ez dauen ume txikiaren ibilte-moduari be, bi esku eta bi belaunen gainean lurrean erdi tatarrez. Katamar ibili, katuka edo katu-katuka dabilela umea, esaten da.

Pertsona bi hasarre diranean be, txakurraren eta katuaren moduan dabilzala esaten da, edo txakur-katu dabilzala edo dagozala.

Saguen arerio handia izaten zan lehen katua, orain baino goseztoagoak ziranean eta etxekoek jateko gozoz hain mizkatuta ez eukezan denporetan. Saguak harrapau behar, gosea hilteko. Neska-mutilen hartu-emonetarako be erabili izan da katu-saguen irudia. Katua saguaren zain lez egoteak hori adierazoten dau: mutila neskearen zain edo neskea mutilaren zain, noiz eta zelan atrapauko egotea.

Begi berdeak edo berdezkak dituanagaitik be, batez be emakumeen kasuan, esaten dogu katu begiak dituala.

Katua eta emakumea sarritan bat egin ditu gure herri-jakintzak be. Ez al dozue inoiz entzun harako goizaldeko orduetan sutondoan goruetan egoten zan emakumearen ipuina? Katua bajatzen jakola gau guztietan tximiniatik behera, katu zuri handi bat, berba egiten eutsana eta goruetan itxi ez. Eta egun baten gizona parau ei zan beheko su aurrean, andrearen lekuan. Agertu ei jakon katu zuriori eta esan ei eutsan: Gizona eta goruetan? Eta gizonak erantzun: Katua eta berbetan? Eta surtako burdineagaz sekulako belarrondokoa emon ei eutsan katuorri. Hurrengo egunean auzoko atso zahar bat, sorgina seguru, belrria dingilizka ebala agertu ei zan. Katu irudian agertzen zana, atso sorgina izatea subertau. Auzoko andra sorgin bat izatea subertau ei zan katu zuri antzaz agertzen zan hori, etxeko gizonak emon eutsan zartadeagaz hurrengo egunean mankauta agertu zana.

Katu epela be esaten jako hainbat lekutan eme lausengari eta engainatzaileari. Itxuraz formala eta gozoa, baina atzetik engainua, azpikeria eta trikimailua.

Azkenez, katua mozkorrari be esaten jako: “Tabernara ezkero, seguru katua” kantetan eben Durangoko zidarginek. Izan be, ardao apur bat edan ezkero, katutu egiten da bat, eta katua hartuta ez dago bidean zuzen ibilterik, alboz-albozka eta zabu-zabuka baino. Eta lotaldi eder bat egin behar, katua kentzeko.

Amaitu daigun saioa, entzuleak katu-loa egiten hasi baino lehen. Baina katanarrua ondo gordeta, badaezpadan be.

Ikusita: 632
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera