kontaktua
2015.06.11
17:26

Hiztegia 13: Mizkea

Pertsona bat mizkea dala dinogunean, edo mizkatuta dagoala edo bizi dala, batzuetan jateko kontuagaitik esaten dogu, janari gozo guriak baino hartzen ez dituanagaitik, “Delicatessen” deritxegun horreetarikoak.

Baina mizkea, ondo baino hobeto biziten ohituta dagoanagaitik be esaten dogu, berak gura dauen guztia egiten dauenagaitik: “Mizkatuta bizi da hori”. Edo “Mizkerian bizi da” edo “Mizkeriaz erreta dago hori”. Mizkaz bizi be esaten da: Jentea mizkaz bizi da gaur –esaten eban gerra denporako eztasunak ezagutu zituan batek, eta ganeratzen eban: gaur mizkaz, eta lehen, ostera, pobreto.

Errefrau zahar bat be horixe on egitera dator, senar-emazteen gorabeheran: Doilorraren emaztea, mizka, dino.

Nekerik ez ahaleginik kostau barik, dana eskuetara jatorkonak edozertarako eskubidea daukala pentsetan dau; dana inork emonda, eraz eta erraz jatorkulako guztia. Ume batzuk be mizkeak izaten dira; baita andra eta gizon batzuk be. Gurasoak edo bizilagunak zer gura eta haxe emotera ekanduta dagoana, mizkea izango da, edo mizka-mizka eginda egongo da.

Edadeko batek kontetan eban behin, bere gaztetako bizimodua gogora ekarriaz, batez be jan-edan ontxuenetara ohituta egoalako: Danetarik jaten genduan. Mizkeriaz erreta ez ginan egongo ba! Izan be, jateko kontuan be esaten dogu sarri, bat mizkea dala, edo mizka-mizka eginda dagoala, edozer jaten ez dauelako.

Beste berba batzuk be badira horretarako: mizkina be esaten dogu. Mizkinkerian ibiltea edo bizitea be bai. Esakerea da, mizkineria edadeagaz keltzen dala. Hori egia ete dan, beste kontu bat da.

Milikea edo buperea be esaten jako musturfina edo ahofina danari. Halantxe arpegira bota eutsan Peru Abarka baserritarrak Maisu Juan barberu kaletarrari, ostatuan mahaira atera eutsen okelea jan guraezik agertu zanean: “Maixua, ondo milika ta buperea zagoz! Uste zenduan ipiniko euskuezala eperrak, oilandak, oilagorrak eta handikien mahaietako janari gozoak?

Haragi edo okela samurrari be esaten izan jako milikea dala. Hara zer erantzun eutsan basoko saguak etxeko saguari, estura galantak igaro eta gero, bizia galtzetik burua gorde ahal izan ebanean: “Gurago ditut nik bakean jan neure etxeko baba, haritz garau, garagar eta basoak dakarzanak, etxe handi honetako jaki milika eta samurrok baino. Agur!”. Eta, hori esanda, basora alde egin eban.

Garizumea joan zan ezkero, mokofina, ahozuria, mizkea edo litxarrerua danak ez beioe uko egin opatzen jakozan janari gozo eta samurrei.

Ikusita: 663
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera