kontaktua
2015.06.25
16:00

Hiztegia 15: Begi-betegarri

Amesetan nago, eta ez dot izartu gura, gaurkoan subertau jatan amesetea hain da gozoa ze... Entzun, baina “ikusi” be egin, “begirik begi” ibiliko gara-eta neure gogoonetan zehar.

Eguartea da, baina uste-uste bako logurea etorrita, begi epelak daukadaz; ezin logureari eutsi eta, konturatu orduko, begiak baturik nago.

Uri handiko kale luze baten, neskatxa ederrari begia jo deutsat, ule baltza eta garri estua, neure gustukoa, sano. Begi biak harexeri josi deutsadaz; eta begiak ezeze, bihotza be bai.

Zutunik dago eta artega dagoala esan leiteke; atzera eta aurrera dabil, gelditu be egin barik. Baten baten begira ete dago?

Bere edertasunaren jaube dala, ule baltzok astindu eta astindu darabilz, inoren begien egarri.

Badakit nigaz erreparau be ez dana egin baina, bardin parajetu natxako, begi bete txu be eztarritik behera eroateko kapaz ez nazala.

Haren begiak bete guran, begi argia egin deutsat nik, kokolo-barretxua eginaz batera. Sendo eta baliente joan naz baina arpegi polit ha begiz begi euki orduan, sendotasun guztiak lurra jo eta, haze lotsa gorrian ikusi behar izan dodan neure burua!

Berak, bueltan, begi iluna eginaz erantzun deust, eta neure lotsa gorriaren ordean, bere harrokeria hartu dot, harrokeria baltza, dituan uleak baino be baltzagoa. Begiok nora bihortu ez dakidala gelditu naz…

Lastimea! Begi-betegarria neban neskatxeak huts urten deust, bai berak bai ames honek be.

Orain bai, orain behingoan izartu gura dot, ameseta honetatik igesean urten gura dot. Eginahalak egin behar izan dodaz, baina, tira, begiak erantetea lograu dot, izarrik nago.

Entzun ohi dot, ikusten ez dauen begiak gatxik ez dauela, edota, ikusten ez dauen begiak negarrik ez dauela egiten; baina amesetako neure begioneek, ikusi ez arrik, lo euki dodaz eta, ondo galanta hartu dabe gatxa, negar-anpulurik jario artinokoa izan ez bada be.

Maitetasun-kontuetan, izarrik zein lo egon, bihotza baizen zoliago begiak erabili behar doguz, komenidu ez dan lagunagan begirik landatu ez daigun.

Ikusita: 778
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera