kontaktua
2011.05.03
10:12

Aditz partizipioa (I) - Burutua

Aditz partizipioa burutua danean, holangoxe aditzak bereiztu behar doguz mendebaldeko euskeran:

  • -E eta -A amaieradunak: bete, erre, gorde, bota, laga...
  • -O amaieradunak: eraso, jazo, igaro...
  • -I amaieradunak: ekarri, etorri, ibili… -I amaieradunen artean badira azpimoltso batzuk:

-SI, -ZI amaieradunak: josi, ikasi, ikuzi, irazi...
-TSI, -TZI, -TXI amaieradunak: eutsi, ederretsi, iruntsi, eratzi, igurtzi, eretxi, itxi...
-GI amaieradunak, batueraz -KI amaierea daukienak: eregi (eraiki), edegi (ireki), erabagi (erabaki), ebagi (ebaki), jagi (jaiki)...

  • -N amaieradunak: emon, egon, esan, joan, urten… Beste euskalkietan -o egiten diran batzuk -on egiten dogu bizkaieraz: igon.
  • -TU / -DU amaieradunak: aitatu, gogaitu, hartu, sartu, heldu, saldu... Amaiera horretako aditzen artean be azpimoltso batzuk egin geinkez:

-STU / -ZTU (-ITU): egostu, ahaztu, poztu, zehaztu, mehaztu…
Berba silaba bakarretarik datozan aditz batzuetan bikoiztasunak ditugu: hustu / hutsitu, sastu / satsitu, balztu / baltzitu, hoztu / hotzitu, puztu / putzitu... Halanda be: haustu (hauts bihurtu), altsitu, hatsitu, gazitu

  • -AU amaieradunak: Erromantzetik eratorritakoak dira: (ADU > AU). Euskera zaharrean: errezadu, pentsadu... egiten ziran aditzak aspaldirik -au egiten dira. Halan: aparau, errezau, ezkutau, harrapau, izentau, kantsau, kobrau, miazkau, nahastau, olgau, pagau, pasau...
  • -IDU amaieradunak: (-ITU > -IDU) erromantzetik eratorritako aditzak dira: abrozidu, leidu, eskribidu, korridu, hornidu, sufridu, serbidu... Moltso horretakoa dogu koiu aditza, bilakaera berezia izan badau be.

Euskera batuan, bizkaierazko -AU eta -IDU atzizkien lekuan -ATU eta -ITU finkatu dira, eta azken hamarkadotan, batuari hurreratu guran edo, bizkai euskeran be joera horri jarraitu izan jako gehienbat. Gaur egun, ostera, bizkai euskeraren bereizgarri diran -AU eta -IDU amaierak hobestearen aldeko jarrera nagusitzen doa.

Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua.
Lehenengo pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia, 2002, 263-264 or.

Ikusita: 2070
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera