kontaktua
2015.09.14
11:12

Bildurkilik eta Hotzakilik

Bizkai sartaldean, Arratia aldean berariaz, sarri entzuten da bildurkilik berbea, bildurkilik egon, beste paraje batzuetan bildurretan, bildurtuta, bildurrez beterik edo bildurrez ikara… esaten danerako, Bildurrak hilik esamoduaren era josia. Inguru zabalagoan entzuten dira, ostera, egitura berekoak diran hotzakilik edo gosekila.

Hor atzean dogun gramatika-egitura zaharra da euskeran, euskerearen zahartasun ezaugarritzat be behin edo behin aitatzen dana: bildurrak hilik, hotzak hilik, goseak hila. Euskeraz ergatibo-sintagma batez adierazoten doguna, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan kausa zentzuzko adizlagun batez adierazoten da, de (edo por) preposizinoaren bidez: “muerto de (frío/miedo/hambre).

Hartu aditzaz eregiak dira egitura horregazko ugarienetarikoak, loak hartu guztien buru dala. Urlia loak hartu dau egitura zaharra dogu, urliak lo hartu dau arruntaren ondoan. Edozelan be, zuzenagoa gramatikaren aldetik, urlia loakartu da baino, sarritan entzuten dana berau. Hobesten dana dau laguntzaileagazkoa, da laguntzaileagazkoa barik. Izan be, gaurko hiztun askok, berariaz gazteek, aditz laguntzailez aldatzeko joera hartu dabe, eta esaten dabe: umea lokartu da, loak hartu dau esan beharrekoa.

Hartu aditz horregaz berorregaz sortuak dira beste hainbat. Giza gorputzaren egoera edo aldiakaz edota giza gogaldiakaz lotuak dira: larriak hartu dau (larritu da), ikareak hartu, nerbioak hartuta egon (senetik urtenda) edo dardareak hartu. Mogelen idatzietarik jasoak dira honakoak: “ikara gogor batek artuten nau”, “artu eban biotzeko ikara andi batek” (JAMog CO 97), “Ez zaituala ikara barri batek artuko […]?”, “direanak artu zituala gorputz guztiko dardara edo ikara andi batek”.

Ildo berean erabilten dira, amorruak hartu, arrabioak hartu edo erneguak hartu, gurariak edo gurari bizi batek hartu, minak edo min bortitz batek hartu, heriotzeak hartu, gatxak edo gatx txar batek hartu eta beste gehiago. Baina gizakiaren egoeraz ostean, izadiaz edo natura inguruaz lotuak be ezagunak dira. Halan, gauak hartu, Mogelek honetara darabilena: “artuten badau gabak baso bakar baten” (Konf. 31).

Erre aditzagaz darabilgun ezagunetariko bat, umea logureak erreta egon, esaterako. Baina ezagunak dira beste batzuk be: egarriak erre, Mogelek honan idazten dauena: “ta uraren ondoan, ni egarriak erreten?” (Ipuinak ).

Jo aditza sarri entzuten dogu jota egon esamodu barruan. Kanpo-eragileren baten joten zaituan, hainbat hitz-kate sortzen dira egitura honetakoak: gatxak edo gaisoak jo, atsekabeak jo eta beste: “Zelango atsakabeak joko ez eban bere biotz gaiztoa!” dirausku Mogelek.

Euki aditzaz be sortzen dira batzu-batzuk: bildurrak euki, adibidez: “Bildurrak dauka gaixoa edan baga” (Mogel).

Igaro aditzak ‘zeharkatu’ (atravesar) esangurea daukanean, ardaoak, hotzak, goseak... erako kateak erraz sortzen dira. Ardaoa mintzagai dala, “ez nau oraingino inok ikusi ardaoak igarota” darabil Mogelek bizkaieraz, eta “ez nion igarri edateko unean, anbeste igaroko ninduela ardoak”, gipuzkeraz.

Gizakiaren sufrigarri izaten da hotza, beste fenomeno batzuen antzera, naturatik edo gizakion barrenetik sortuak dirala: “Otzak igaro bear nau” edo “Otzak dar-dar narabil”, Mogelen hitzetan.

Euskal hizkuntzaren tradizinoan egitura hau guztiz emonkorra subertau da, gaur atzeraka doala dirudian arren. Eta hiztunok edo idazleok, euskal hizkuntzak emoten deuskuzan ahalbideei etekin eta onura barriak ateraten ikasi behar dogu, eta halan sortu daikeguz sustrai zaharretatik landara barriak, lehenago sortu izan diran antzera: goseak amaitu behar eban, lo batek iraun deust gau osoan edo iges dau loak nire begietatik.

XVI. mendean idatzitako errefrau zaharrak be horrelantxe gogorarazo euskun: Odolak su baga diraki. Odola da dirakiana edo irakiten dauena gure barruan, ez geu.

 

Iturriko

2015-09-14

Ikusita: 743
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera