kontaktua
2016.03.22
16:38

LEHENGO / IGARAKO / JOAN DAN / PASA DAN astean

Igaroa dan edo aurreko denpora bat adierazo gura dogunean, eguna, astea, hilea edo urtea dala, gaztelaniaz “el otro día” edo “la semana pasada” esaten dogun moduan, eukeraz, gure inguruetan, honako egiturak ohi darabilguz gehientxuen.

Singularrez dihardugunean –egunean, astean, hilean, urtean– baliabide diferenteak ditugu: lehengo, joan dan, pasa dan edo igaroko (iragako) izan leitekez ezagunenak. Halan ohi darabilguz: lehengo egunean, pasa dan astean, joan dan hilean.

Pluralez dihardugunean –egunetan, asteetan, hileetan, urteetan–, ostera, beste marka batzuk be sartzen dira jokoan: aurreko, joan daneko, igaroko dira horretariko batzuk, aitatua dogun lehengo be tartean dala: aurreko urteetan, lehengo hileetan, joan daneko hileetan, aurreko asteetan, baina baita lehengo egunetan be.

Sartaldetik ekialderantz bagoaz, iragan aditzak joko zabala eskeintzen dau: iragan igandean…

Lehengo sarrien, lehengo egunean adizlagun barruan darabilgu. Lehengo astean, lehengo hilean eta lehengo urtean be bai, baina mehatsago. Asteko egun-izenakaz be sarri: lehengo martitzenean, lehengo barikuan edo lehengo domekan. Denpora-egitura finkatua da lehengo baten adizlaguna be.

Iragoko, joan dan/diran, pasan dan/diran (urteetan…) esangureaz, gitxi erabilia da gaur. Esangura honegaz iragoko edo iragako erabiliagoak dira igaroko baino, eta egitura finkotzat, lexikalizatutzat, hatara be onartu leitekez. Berba hori, dana dala, nekez entzuten da holan osorik; gitxi entzuna izateaz ganera. Berau darabilen hiztun urriek, ahoz darabilen erea be ezagutzen gatx izaten da, era laburtuaz mozorroturik agiri dalako: iako, irako, idako; leku batzuetan osoago eta ezagutzen errazago: iraoko edo iraako aldakipean. Hiztunen artean bizirik dagozan aldaeron azpian iragako aditz adnominala datza, irago edo iraga aditz zaharraren adnominala.

Iragoko, edo nahi bada iragako, literaturarako guztiz gomendagarritzat daukagu, ekialdeko hizkeretan askoz zabalago dabilen iragan aditz egituraren kidea. Halan esan daiteke: Iragoko hamar urte honetan. Iragoko egun askotan. Iragoko egun biotan. Iragoko bost urteetan edo iragoko sei hilabete honetan. Domingo Agirre idazleak Garoa-n adibide bikaina eskeintzen deusku: “­Jarleku ona bilatu dezu. –Beste asko dauzkat basoan, ta danak ezagutzen naute igaroko urtietan” (Dom.Agirre Garoa). Edo Kirikiñok: “Bizkaiko Diputazinoan erakusten dauen lez iragoko sei hilabete honetan” (Aberria).

Joan dan urtean, hori dogu beste denpora egitura ezagun bat. Euskal hizkera guztietan erabilia dala esango neuke. Denpora-izen askogaz, gainera. Halan: joan dan egunean, joan dan astean, joan dan domekan edota urrunagoko denpora-izenakaz: joan dan hilean, joan dan urtean, joan dan mendean. Horreetariko beste asko sortu doaz erlatibo-egitura hau medio dala. Badira denpora-esapide finkoak be, batzuk guztiz ezagunak barriz. Joan dan aspaldian dogu horreetariko bat.

Joan daneko egitureaz be sarri balietan gara euskal hiztunok, eta pluralez emondako denpora-izenetarako be ondo dator: joan daneko hiru urtean, joan daneko bost egunean, joan daneko lau-bost urtean edo joan daneko urteotan. Idatziz baino ugariagoa dala berbaz esango neuke.

Pluraleko izenetarako adizki pluralaz eregitako egitura be hor dogu: joan diran. Urri erabilia idatziz, eta berbaz are gitxiago. Aspaldi lekukotua: Joan diren hamar urteotan (Axular) eta oraintsuan be: Joan diran azkenengo urteetan (Alzola Gerediaga). Gomendagarria alde horretatik.

Pasa dan dogu berbaz zabal darabilguna. Pasa diran nekez esango genduke. Jarraiko denpora-izena pluralez egonda be, pasa dan esaten dogu. Egitura finkotu izatera heldu da pasa dan hori. Bardin esaten da: pasa dan urtean zein pasa dan urteetan, pasa dan astean zein pasa dan asteetan.

Igaroko denporea seinaletako beste izenlagun edo adnominal egitura gehiago be badira, iraizean aitatu baino besterik egingo ez ditugunak. Horreetarikoa dogu aurreko, aitatu dan jazoera bat erreferentetzat hartuta, ha baino lehenagoko denpora bat adierazoteko; gaztelaniaz “anterior”. Halangoxeak dira: aurreko domekan, aurreko egun baten, aurreko asteetan eta harikoak.

Bizkaiera sartaldean baliokide polit bat be badauka aurreko horrek: arteragoko. Bego hurrengo baterako.

Azken ohar modura, zer erabili ez esatea be zilegi izan bekigu. Gaztelaniaren kalkoz orio-isuriaren antzera ugaritzen doan uzta-bedarra: *Beste egunean ibili nintzen hori ikusten. Gaztelaniaz: “el otro día”. Holakorik ez, arren eta mesedez.

Iturriko

2016-03-24

Ikusita: 730
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera