kontaktua
2011.05.15
22:00

Erlea: siniskerea eta ohiturak

Erleak sano garrantzitsuak izan dira gure artean, alde batetik energia asko emoten dauen elikagaia, eztia, eta bestetik kandelak egiteko argizaia emoten dabelako. Biak, bai eztia bai argizaia sendabide lez erabili izan dira urteetan. Halan ba, erleok errespetuz tratau izan dira, hain modutan ze erleei zuzentzeko formula eta errezitadu zahar askotan errespetuzko plurala (zuek) erabili izan dan.

Konturako, etxean baten bat hil ezkero, erleei esan egin behar izaten jaken, ezpabere erlauntzea be hilten zan, batzuen ustez; beste batzuk dinoenetik, hori esanda hildakoarentzat argizai gehiago egiten eben. Hildakoaren senitarteko edo lagunen batek emoten eutsen barria eta horretarako honekaz esaldiokaz balietan ziran:

 

  • Halakoa hil da eta egin ezazu argizari gehiago! Azkar, azkar!
  • Zuen nagusia zendu da baina ordaina ukanen duzue.
  • Hil dala etxean urlia eta egin dezazuela ezko ugari argizaria egiteko haren salbamenduaren alde.

Argizaia kandelak egiteko erabilten da eta kandela horreek babesleak ei ziran. Kandelario egunean bedeinkatutako kandelak, esaterako, ekatxa egoanean ixetzen zituezan, eta halan etxekoak —personea zein piztia izan— oinaztuetatik babesten ei ziran.

Euskeraz erlea berbea insektua bera izentetako erabilteaz ganera, singularrez erabili ezkero erlerik garrantzitsuenari, erreginari hatan be, edo erlekumeko erleei esateko be erabilten da. Eta hortik dator erlekume berbea.

Erregina barria jaiokeran, erleek beste kolonia bat egitea erabagiten dabe. Horretarako erregina zaharrak, erle behargin eta erlamando batzuekaz batera, alde egiten dau. Erazko lekua topau arte erlauntzaren inguruan egoten dira eta jaubeak orduan adi ibili behar izaten dau iges egin ez daien. Sasoi baten, harri bi alkarren kontra joaz edo txalo eginaz erlekumea hurreko arbola batera joango zalako ustea egoan.

Erlekumeek erlauntzatik iges egiten ebenean, jaubeak jarraitu egin behar izaten eutsen. Halan berea zala egiaztetan eban.

Erleak arbola edo zuloren batera joan ezkero, labana edo aizkoraz gurutze bat egiten zan jaubea eukala adierazoteko. Gehienetan seinale hori errespetetan bazan be, horregaz lapurrei beharra errazten jaken.

Iparraldean, erlekumea herri-lurretan egon ezkero topetan ebanarentzat zan, baina lur horrek jaubea baeukan, lurraren jaubeagaz tratua egin behar izaten eban erlekumea topetan ebanorrek. Horrezaz ganera, erlekumea aterateko arbolea bota behar izan ezkero, jaubeari ordaindu behar izaten jakon.

Etniker Euskalerria. Ganadería y pastoreo en Vasconia,
Bilbao: Labayru Ikastegia, 2000, 821-872 or.

Ikusita: 1880
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera