kontaktua
2016.04.21
08:34

Hotzitu dau. Ilundu dau. Euria egin dau

Euskeraz entzuten ditugunean: Freskotu dau. Epeldu dau. Argitu dau… edo taiu horretako aditz-esaldiak, gehiagoko kontestu barik izanda be, geure euskal senak berehala agintzen deusku eguraldiaz mintzo dala solaskidea, edo eguraldiaren ingurukoak diran fenomenoez: eguna, gaua, euria, edurra, denporalea edo antzekoren bat.

Aditzak eurak ohikoak dira berez, baina laguntzaileak salatzen dau eguraldi ingurukoa izatea. Berotu da edo hotzitu da ura edo esnea be izan daiteke, baina hotzitu dau edo berotu dau esaten dogunean, nork ez dakigula ez ardura ez deuskula, eguraldiaz gabiz.

Eguraldi-aditzak edo atmosferikoak deritxegu aditzei, esangura-esparru horretan darabilguzanean. Baina ez daigun pentsau, eguraldi-aditzek erregimen horregaz jokatzen dabela beti eta leku guztietan. Euskerearen Pirinioz beheitiko lurraldean agiriago, Iparraldean baino. Eta ahozko hizkeran, mintzairan, sendo eta trinkoago, tradizino idatzian baino. Eguraldiaz dihardugula be, Iparraldeko tradizinoan normalak dira: Argitu zenean erakoak be.

Eguraldi aditzak edo aditz-egitura batzuk ezagunagoak eta sarriagokoak dira beste batzuk baino.

Eguna dala-ta, ohiko esakuneak dira: Igarri barik eguna luzatu dau. Orduaren kanbioagaz eguna asko laburtzen dau. Beste batzuetan, egunik aitatu barik: Argitu dau eta jagiteko ordua da! edo Seiretarako iluntzen dau oin edo Gautu dau daborduko edo Neguan, orduaren kanboioagaz gainera, arinegi gautzen dau.

Eguraldia hotza edo beroa izatea, edo hotzetik berora edo berotik hotzera aldatzea dala-ta be honetariko esakerak ohi darabilguz: Hotz egiten dau edo bero egiten dau. Edo: Freskotu egin dau polito. Edo: Harean epeldu dauela esan lei. Edo: Eguerdian berotzen dau gehien.

Euria egitea edo egiteari ixtea adierazoteko be, nork ez daki honetarikoak esaten? Euria egingo dau. Euria dakar. Ez dau behingoan atertuko. Eta edurra edo txingorra dala-ta be, Edurra egin dau. Inetasia hasi dau.

Trumoia edo hodeia dala-ta be, Hodeia jo dau edo Trumoia jo dau esaten da. Eta eguraldiaz orokorrean dinogunean, denpora ona edo denpora txarra dakarrela esan ohi dogu.

Eguraldi-aditz transitiboen artean egin eta ekarri dira ugarienak, kontestu diferenterik gehienez agiri diranak. Baina bata eta bestea aspektu diferenteakaz. Egin aditza aspektu burutuaz erabilten dogu, fenomeno bati buruz: euria, leia, edurra, txingorra… Honako aditz perifrasi ereduetan dogu: euria egin dau, leia egin eban, edurra egingo dau, euri apur bat egingo baleu… Baina fenomeno hori egiten ari dala adierazo gura dogunean, beste bide bat edo batzuk hartzen ditugu. Euria da, edurra da, inetasia da. Erdialdean: Euria ari du, elurra ari du, txingorra ari du.

Eguraldi-hitzak, hotz, bero, fresko, epel erako adjektiboak diranean, momentuko sentsazinoa  adierazoteko, egon aditzaz jokatzen dogu batzuetan: Hotz dago, bero dago. Fresko egoan. Edo egin aditzaz beste batzuetan: Fresko egiten dau, bero egiten dau.

Ekarri, eguraldi-aditz lez era trinkoan erabilten dogu gehien, beti be gerokotasun edo etorkizun aspektuagaz. Hotza dakar. Denporearen kanbioa dakar. Denpora txarra dakar. Edurra dakarrela esan lei.

Eguraldi-aditzen eta eurei dautsezan eguraldi-izen eta adjektiboen txorta honi akabua emoteko, bestelako erregimena daben bi aitatuko ditugu: izan, egon eta ari izan. Prozesua jardunean edo ibilian dagoanean darabilguz berariaz hirurok.

Izan aditz trinko lez: Euria da edo Edurra zan tipoko esaldietan. Egon, eguraldi-egoera adierazoteko kontestuetan: Hotz dago, Bero dago edo Fresko dago lango esaldietan. Eta ari izan aditza erdialdetik ekialderantz: Elurra ari du, euria ari du edota modu figuratiboaz, antxina ez dala argitaratu dan liburu baten izenburuan legetxe: Gezurra ari du.

Iturriko

2016-04-21

 

Ikusita: 623
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera