kontaktua
2016.05.12
14:53

AspaldiON eta GaueON

Aurreko idazki baten (apirilaren 7koan), berton eta bertoko pronominal hurbilen gaineko gogoeta labur bat argitara genduan, eta zeharka aitatzen genduzan akabuan, hemen autugai dogun -on inesibo hurbilaz eregiriko goizeon lango adizlagunak. Funtsean, batzuk eta besteak taiu berekoak zirala gogorazoteko, mekanismo beragaz garatutako funtzio-markak, hatan be.

Zein zaharrago dan, -an ala -on, gitxi ardura deuskun auzia da. Ez da dudarik lehenengoa dala aspaldikoena, balioz generikoa eta neutroa izateaz ostean. Baina gure hizkuntzaren uneren baten -on be garatu zan, eta hau be aspaldi zaharreko atzizkia dogu. Kontua da -an orokorra dala, guztiok darabilguna, eta –on, ostera, hedaduraz laburragoa, gitxiago hedatu izan dana. Baina sortu bazan, eta hiztunak goizeon, arratseon eta halakoak erabilten hasi baziran, premina batek edo arrazoi praktiko batek horretara bultzatu zituala pentsau behar da. Goizeon edo gaueon erabilita, laburrago adierazoten dogu gaurko zerbait seinalatzen dogula, honetan erakuslearen premina barik.

Aspaldikoa dala esan dogu, eta halan da. XV. mendeko oinaztar-ganboarren arteko gudu odoltsuetan Arrasateko uriari su emon eutseneko jazoeraren gaineko kanta zahar ezagunak ahapaldietariko baten, holan dino: “Erre dezagun Mondragoe. / Lasterreon sar gaitezan / kantoeko sartzaikeran”. Askoz oraintsuago, karlisten lehen gerrate aurretxoan, gure frantziskotar misiolari eta idazle ezagun batek, Mateo Zabalak, hau idatzi eban sermoi baten: “eta geure eskuan balego, orain bereon zeuek besondotik hartuta, guztiak eurrez, garaurik bere itxi bagarik, zeruan sartuko zindukeeguz”.

Iparraldeko literatura klasikoan be sustrai sendoak ditu -on inesibo hurbil horrek, batez be denpora zentzuzko esamoduetan. Axularrek idatziak dira taiu honetako esaldi laburrok: a) “orain bereon, presenteon hasten naiz”; b) “haur beror egin behar dugu guk ere orai arratsaldeon, zahartzeon, geure egunon akabatzeon”; c) “eta gero, orai arratsaldeon, atrapatu zareneon, gehiago ezin daidizunean, nahi duzu baketu eta adiskidetu?”; d) “Orai lege berrion (…) usatzen da giristinoen artean bertze kofesatze molde bat, aphezaren aitzinean egiten dena.”

Iparraldean gaur ia galdutzat jo daiteke atzizki hau, baina lexikalizaturik iraun dau aditzondo banaka batzuetan: oixtion (arestion) eta ordion (orduan) ditugu horren frogagarri.

Baina non dirau bizirik gaur egun -on horrek? Inesibo hurbila markatzeko funtzio-atzizki gisa, esan gura dogu. Pirinioz behetian, bizkaieraren eremuan bizi dala gehienbat esan daiteke, baina hor be ez hizkera guztietan.

-on inesibo hurbil hori lehenengo graduari dagokiola esan daigun lehenengorik: honetan erakuslearen kidea dala.

Zertan gogoratu ez da, denpora eremuko izenakaz darabilgula biziroen. Izen batzukaz ugariago eta zabalago darabilgu, beste batzukaz baino. Guztiontzat ezagunak dira, kasurako, honetarikoak:

Aspaldion zure barri barik egon naz. Ondo bizi zara?

Goizeon ez zaitut iratzartu gura izan, lo gogorrean zengozan eta.

Asteon nori toketan jako tresnak garbitzea?

Beste izen batzukaz ez darabilgu hainbeste. Baina, besteen xuxuan, edonork ulertuko leukez euron esangurak. Kasurako:

Hileon zenbat bider joan zara Madrilera?

Gaueon (gabeon) bi bider jagi naz ohetik, lorik egin ezinda.

Eta soka berekoak gendukez: arratseon, goizaldeon, iluntzeon, eguerdion edo arratsaldeon.

Sarriago edo errazago erabilten ditugu, adizlagunari aurretik hurrekotasuna adierazoten dauen aditzondo bat datorrenean: gaur arratsaldeon, oin momentuon eta halako esamoduetan.

Nekez erabiliko gendukena da urte izenaren inesiboa, *urteon. Izan be, horretarako beren-beregi daukagu aurten aditzondoa, leku batzuetan analogiaz atzizki hurbilaz esaten dana: aurton. Hau be zuzentzat jotekoa berez, baina aurten eukita, ez beharrezkoa.

Denpora-izenak dira berez aste-izenak, hile-izenak edo urtaro-izenak be. Baina izenokaz nekez agiri da, berbaz zein idatziz, -on atzizkia. Mehats entzuten dira: neguon eta udeon, maiatzeon edo bagileon. Baina horrek ez kentzen, erabili ezin leitekezanik. Neguon inoiz baino edur gehiago bota dau, edo Udeon sekulako beroak egin ditu esaldien modukoak entzungo bagenduz, ez lirateke hain arrotz izango gure belarrientzat. Zuzentzat joko gendukez, geuk erabili ezta be, horrelako adizlagunak.

Arraroago begitanduko litzakigu, beharbada, aste-izen bategaz ikustea edo entzutea. Neuk ez ditut entzun, behintzat, zapatuon, barikuon, eguazteneon eta horretarikoak, baina txartzat joten be, neu ez neinteke ausartu behintzat.

Leku edo espazio arlora bagatoz, denpora-izenakaz baino urriago izan arren, erabilia da gitxi asko esparru honetan be -on atzizkia. Gaur egungo hiztunei entzunak dira ondoko esaldiok. Bata: Hemen etxeon behar dan guztia daukagu (hemen etxion), etxe honetan esateko. Bestea: Hori bizi zan hementxe kaleon (kalion). Arratzun eta Aulestian entzunak. Zamarripari irakurria deutsat ondoko esaldi hau: “Dubarik egiteko, nahikoa barrerik egin dozu, aurki, nire ta honen gauzakaz... ta beronen etxeon.”.

Eguraldi-izenakaz be entzuna dogu atzizki hau: Nora zoaz jake barik dagoan hotzeon? (hotzion).

Amaitu daidan idatzi hau, amaitzeari luze-eretxita, neure buruari emon deutsadan aholku honegaz: “Gaur goizeon amaitu ez dodana, arratsaldeon edo gaueon amaituko ete dot, sikeran!”.

 

Iturriko

2016-05-13

Ikusita: 762
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera