kontaktua
2016.05.20
10:04

NoizKO, ZerTAKO eta NoRAKO

Adlatibo destinatiboa deritxagu deklinabideko kasu honi, atzizkitzat -rako bikotxa (-ra + -ko) daukanari. Xedezkoa edo helburuzkoa be deitzen deutsie batzuk.

Kontua da –rako atzizkiagaz batera, -ko atzizki soilak be beteten dauela hitz kategoria batzukaz eta esparru semantiko batzuetan adlatibo destinatiboaren funtzinoa.

Itaun egiterakoan, noRAKO esaten dogu batetik, baina noizKO bestetik. Eta zer izenordainaz egiten dogunean, batera zein bestera: zerTAKO (zetako) zein zerTARAKO.

Baina orokorrean gure artean zabalen dabilen eretxia da -ko genitiboa dala beti edo ia beti, leku-genitiboa: etxe-KO atea. Baina egia dana da, balio gramatikalik agiriena hori izan arren, funtzino aldetik askotarakoa dala berez.

Jabetasun esangurako izenlagun-atzizkia da batzuetan, -dun atzizkiaren baliokidea: atze bi-KO txahala.

Adjektibo kategoriaren sortzaile be bai sarri: lagun bihotz-eKOA, ama dolore-ETAKOA.

Adizlagun banatzailea, partitiboa, be izan daiteke: lagun bakotx-eKO zenbat liburu toketan dira?

Baina hemen jardungai dogun balioa “destinatiboa” deritxagun adizlagun-kasuarena da, -rako atzizkiaren balio berekoa danekoa. Izan be, sarri, gramatiketan -rako aurkezten deuskue kasu honetako ereduzko atzizkitzat, eta –ko hori erdi-estalian geratzen da. Baina, esanak esan edo ekinak ekin, hiztunok -ko hutsagaz adierazoten dogu izen edo adjektibo ez diran kategoriakaz funtzino eta balio hau. Halan esaten dogu:

BetiKO haserratu naz zugaz.

Etorri da trena daborduKO? Ez neban hain arin itxaroten, ba!

BiharKO ekarriko deutsudaz kereizak.

Orain jan platerekoa. Eta itxi gozokiak geroKO.

Ez ahal dozue entzun behin be harako amodio kantu negarbera bat, Adios ene maitia, adios sekulaKO hasiera dauena?

Zein da kontua? Adberbio kategoriako hitz askogaz, endemas denpora eremukoak badira, -ko soilagaz nahikoa eta lar dala kasu hori marketako. Itauna bera be zelan egiten dogu ba! NoizKO zatoz? Jaten hasi ordubietan eta noizKO amaitu!

Horrexetara eregiak dira eredu bereko besteok be:

Autoa derrior behar dot lanerako. BiharKO ez bada, sikeran etziKO prest balego!.

OrainGO (oinGO) ailegauko zan, bostak dira eta.

GaurKO amaitu ahal dozuna ez hurrengorako itxi.

Lan hori aurtenGO amaituta egon beharrekoa da, datorren urterako atzeratu barik.

Autoaz ezbehar txar bat euki eban eta sekulaKO elbarritu zan.

Badira beste adberbio batzuk ur bitara jokatzen dabenak, -ko zein –rako. Horreetarikoak dira: AtzoKO zein atzoRAKO. EtziKO zein etziRAKO. GeroKO zein geroRAKO. LuzaroKO zein luzaroRAKO: Holan segiduten badau, ez da luzaroko izango.

Eta badira -rako darabilenak beti edo ia beti. Honeek, adberbio baino adizlagun dirala esango genduke. Holan esaterako: HurrengoRAKO. SegiduRAKO.

Badira hitz batzuk, funtzino batzuetarako -ko eta beste batzuetarako -rako darabilenak. Halan orduKO izen sintagma edo aditz baten postposizio danean eta orduRAKO aditzondo apartekoa danean. Postposizinoa dogu ondoko bietan: Bostak orduKO zatoz. Zu etorri orduKO goizaldea be ailegauko da. Eta aditzondoa dala esan geinke: OrduRAKO ez bazatoz, amak aterako deutsu zuri lexibea! (“para entonces” edo “para la hora”, esangura bietan).

Sarrien ikusten dogun okerbide bat, zorioneko ultrakorrezinoa da, sasizuzenketa, analogia faltsoak horretara eraginda. Betirako, oraingorako, noizkorako eta halangoak.

 

Baina denpora eremuan be, gehien-gehienak –rako atzizkiaz markatzen dira. Adizlaguntzat joten ditugu gehiago, adberbio finkotzat baino. Izan be, adizlagun edo adberbiotzako horreek izen gardenetatik datozala agirian dagoalako: goizerako, arratsalderako, iluntzerako, gauerako, ordurako, hurrengorako, datorren urterako, lehengo asterako, hurrengo eguenerako.

 

Jatordu izenakaz be, -ko horren forma mugagabea, -tako, sarri entzungo dogu. Kasu honetan jardueraren eremura garoaz eremu semantikoak. Itaun be holan egiten dogu euskaldun zahar askok: Zertako? edo zetako? esaten dogu, beste batzuk zertarako darabilen lekuan. Jatordu-izenakazko erabilerak dira: Zer dago armozuTAKO? BazkariTAKO zer ipini dozu? AfariTAKO porrusaldea. MeriendaTAKO ogia eta txokolatea.

 

Zein ordutarako zerbait egin behar dan jakin gura dogunean be, hiztun askok nahiko dogu -etako erabiltea, -etarako erregularraren ordez. Orduen eremuan darabilgu hiztun askok berariaz -etako atzizki plurala, -etarako erabili ordez. Ordu jakin bategaitik itaun egiten dogunean be, halan esan daroagu: Ze ordutako egon behar da hemen? Erantzunak aukeran: ordubatetako, ordubietako, lauretako, seiretako, zortziretako, hamarretako edo hamabietako. Eta orduetan puntuetan barik, ordu erdi atzerago zehazten dogunean be hataraxe: hiru t’erdietako, bost eta erdietako, zazpi t’erdietako esan daroagun lez, bardin: laurak eta laurenetako edo hamaikak eta laurenetako. Eta orduan puntuan barik, ordu lauren lehenago edo geroago adierazo gura dogunean be, bardintsu: hirurak lauren gitxiagotako edo zazpirak eta laurenetako.

Aditzizen kategoriko hitzakaz be -ko soilaz markatzen da adlatibo destinatiboa. Honeetarikoak be ekintza esparrukoak dira azken baten. Itaun egiten dogunean zetako edo zertako darabilguzan moduan, erantzuna aditzizenaz eregia danean bardintsu: jateko, ikusteko edo emoteko.

Ezagunak dira berez ikusterako, joaterako edo emoterako, baina euron balioa bestelakoa da, gaztelaniaz “para cuando” konjunzinoez adierazoten danaren ordainak edo.

 

Idazle klasikoen artera bagoaz, horra Mogelek idatzitako esaldi hau eredutzat, zenbatgarren egunerako itaunaren inguruan: “Odola ateratea, eskutur ikarabagea eta begi zoliak dituenentzat ez da horren gauza gatxa. Hamabost egun garreneko ikasiko leuke edozein andrak, eta zuk baizen ondo edo obeto iminiko litukie txaplatatxuak eta eratsi zauritxuan lokarriak, askatuko ez diran gisan inoren esku baga” (PAb).

Zenbat denporarako itauna esateko beste modu zahar bat, zenbat denporako itauna dogu. Halan darabil Mateo Zabalak bere sermoietariko baten: “diruak korrian honenbeste denporako emoten dituezan askok”.

Aspaldikoagoa da gure errefrautegi zaharretariko baten idoro dogun testigantza hau, denpora zentzua dauena. Harean egokiturik: “Nor bere tenporako, arbia abenduko”, gaztelaniaz honako ordaina dauena: “Cada cosa para su tiempo, el nabo para adviento” (Isasti 64).

Espazio edo leku zentzuaz bakan erabilia dala esan dogu goian, baina zenbat eta aldi zaharragoetara goazen, -ko destinatiboaren lekukotasunak ez dira falta leku zentzuaz be. Refranes bildumako errefrauetariko batek holan dino: “Gibeleko on dana, bareko gaixo. Lo que es bueno para el hígado, dañoso para el bazo” (RS 141).

Eta ildo beretik, J. Belaren errefrau bildumako baten be -ko atzizkiaz markatua dogu destinatiboa: “Emazte ederra Bordeleko, gizon ederra urkabeko”, euron esangura garbia dala: Bordelerako eta urkaberako.

Eta ohar honi akabera emoteko, zilegi bekit gogorazotea zelan bildurrez ikara ipini zituan aspaldiko gure sermoilari batek eleiztar koitaduak, pekatuaren ondorio txarrak akordauazoteko, Jainkoa bitarteko ipinirik: “ta orregatik Jainkoak sekulako ondatu zituan Infernuko su-leizean.” (Ubillos 8).

 

Iturriko

2016-05-19

Ikusita: 673
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera