kontaktua
2016.06.09
14:08

Goitian San Bernabe, beitian Gordobil

Goitia eta beheitia –tradizinoz beitia gure artean– deitura-izenak edo toki-izenak dira gehiago gaur egungo euskaldunontzat, euskal hizkuntzaren berba arruntak baino. Iparraldean bai ezagunak eta biziak dira hondino, eta Nafarroa goialdean be, berba normal lez: aldapa goiti, mendi goiti eta hatarikoak. Pirinioz behekoentzat ez hainbeste, endemas erdi eta sartaldekoentzat.

Onomastikako izen izoztuak dira gehiago guretzat. Etxe-, auzo- edo herri-izenetan, edo horreetarik datozan deitura-izenetan agiri dira sarrien, banan edo alkarturik, eta horregaitik egiten jakuz ezagun gehienbat. Goitia, edo mugagabez Goiti, eta Beitia, mugagabez Beiti. Hitz konposatu barruan agertzea ez da mira egitekoa: Agirregoitia edo Agirrebeitia, Larragoiti(a) edo Larrabeiti(a) erako izenetan, erreferentziazko izen baten goienean edo barrenean dagoala adierazoteko mendez mende erabili izan dira eta toponimian finkatu. Nori ez jakoz ezagun egiten Azpeitia eta Azkoitia lako sona handiko uriak, esaterako.

Badira beste izen batzuk -ti atzizkiaz eregiak, edo –ndi honen aldaereagaz. Izen arrunten artean guztiz ezaguna dogu barrutia, ‘landa zarratua edo fradua’: behiak barrutira atera. Lehenago izen arrunt ziranen, baina gaur toponimo –edo hortik gero deitura-izen– bihurtu diranen artean ezagunak jakuz: Urrutia, Arandia (handiko aldea), Onandia (hemendiko aldea), Barrundia (barruko edo barruango aldea).

Honetariko leku-izen batzuk -z atzizki instrumentalaz aurreko izenen bategaz alkarturik erabili izan dira maiztasunez. Guztiz ezaguna dogu Bilbon Urazurrutia, gaur San Antongo zubiaren beste aldean dagoan kalearen izena, baina lehenago uraz handiko alderdiari, ibaiaz beste alde osoari deitzeko erabilten zana. Gorlizen Urazarantze izena jakon auzoaren antzera.

Instrumental-atzizki horrexegaz finkaturik geratu zan, XIII. mendeko agiri zahar baten aitatzen dan pertsona baten izena be: Peita de Arriazkoiti. Era gardenagoan idatzita: harriaz goiti.

 

Baina mehats eta bakan irakurri edo entzungo ditugu Bizkai edo Gipuzkoako idatzietan edo mintzamenezko testuetan goitia edo beheitia, holan izen modura. Lekukotasun bitxienetako bat, W. Rollo eskoziarraren The Basque Dialect of Marquina (1925) iker liburuaren atzeko etnotestuetan –orduan Barinagako abade zan Juan Barkin dalako batek harentzat batuak, hurrean–. Laminak zer eta zelakoak diran honetara azaltzen da Lamiñek izeneko testuaren hasieran (gaurko euskeran emonda): Antxina errekondoko etxeak eta etxe-errotak laminaz ingurauta egoten ei ziran. Euren eginez inor be ezin bizi; hain ziran gogaigarriak, txarrak eta zikinak laminak! Eurek gerriz goitia andrazko ederrak lakoxea eben eta gerriz behetia arrain buztan bakoa. Ez ete da buztana lakoa?

Gerriz goitia eta gerriz beheitia, garriz gorakoa eta garriz beherakoa esateko, esamodu zaharrak dira, gaur nekez entzungo gendukezanak. Baina oraintsukoak gure hiztunen ezpanetan, halanda be, hor agiri danez.

Beste testigantza polit, dantza- edo trikiti-kopla ezagun baten daukagu. Kopla horren aldaera zahar batek honan dino: “Goitian San Bernabe, / beheitian Gordobil, / Otxandioko plazan / tanbolina dabil”. Ezagunagoa dogu gaur beste aldaera hau: “Altuan San Bernabe, / bajuan Gordobil, / Otxandioko plazan / tanbolina dabil”. Gauza jakina da, herri-literaturako errefrau, erromantze eta hareetako bertso-ahapaldietan gorde izan dirala askoz hobeto, gure eguneroko berbetan baino, euskera zaharraren hondarkinak. Eta horreetarikotzat joten ditugu, hor agiri diran biak: goitian, goiko aldean, eta beheitian, beheko partean.

Izan be, goiti eta beheiti izenok leku-denpora kasuetan erabili eta gorde izan dira gehien eta luzaroen euskal hizkera guztietan. Edota goian aitatu dogun postposizio kategorian, -z goitia, -z beheitia ereduko egituretan.

 

Bizkai-Gipuzkoetan ahaztuxe edo galduxe dagozan hitzok Iparralde eta Nafarroako hizkeretan, ostera, biziago iraun izan dabe lehen zein gaur. Añibarrok bere Voces hiztegian euskalkien arabera banantzen ditu goia, goian (bizkaiera-gipuzkera) eta goitia, goitian (nafarrera). “ARRIBA: b.g. goia; n. goitia. Quando es estar: goian, goitian egon”.

Baina lehenago normalagoak ziran erdi- eta sartaldeko hizkeretan be goitia eta beheitia. XVII. mendekoak diran Bertso bizkaitarrak ziri-bertsoetako ahapaldi batek hau dino: “Zeruti gaitean hasi. / Luzbelegan zan ekusi. / Azartu zan esatera: / izango naz goiti. / Barriz Guipuzkoari / enzun deutsagu sarri, / gareala beiti.” (Bertso Bizkaitarrak). Goiti eta beheiti horreen esangurea ez da besterik goian, gainean eta behean, azpian baino.

Araba aldeko berbakeretan be, oraindino galdu barik egozan aldietan, beitiko, beitiagoko eta horretarikoak guztiz ezagunak ziran. J.Bautista Gamiz Sabandoko semeari ezagutzen jakozan euskerazko bertso apurretan –XVIII. Mendea–, honakoa dakar: “Ene gorainziak emozute / ene adiskide gustiai, / beitiko etxeko jenteai / ta beitiagoko arreba biai”.

Eta denporan atzerago jota, Lazarragaren bertsoen artean, beste hau dator: “Goitixeago ekusi neben, / beste alderutz eginik, / donzeilla flordelisarik asko, / guztiak gorriz janzirik.”

 

Jardun honi atzena emoteko, goiti eta beheiti batera alkarturik dirala sorturiko goiti-beheiti postposizinoa aitatu nahi neuke beren-beregi, gaur ezagunagoa dogun gorabehera dalakoaren esangura berekoa. Orozko, Zeberio eta Nerbioi aldeko euskaldunen artean behin baino sarriago entzuten dira: gu goiti-beheiti, zuk pentsetan dozuna goiti-beheiti eta horretarikoak. J.Manuel Etxebarria adiskideak baturiko etnotestoetan agiri dira erabilera batzuk. Hara bi: “–Bai, hara, –erantzun ei eutsan–; personea hil baten baino ez dok egiten bai, eta, ni neu goiti-beheiti ez daiala euki beste mundurako bidean enbarazurik.” (Gorbeie I, 1.10). “Hator, etorri hadi gauez, miau-gedarroi itxita, eta hau txakurrau goiti-beheiti izango haz, ze zahartzaroan norbere buruaren jaube izatea be ez dok gitxi, eta etxoat pentsetan pleitu-intzigurik eukiko dozuenik” (Gorbeie I, 1.14)

Eta postposizino horren inguruan eihoa da gitxi goiti-beheiti esapide bitxia be, gitxi gorabehera ezagunagoaren anaia bikia. Eta esamodu hori darabilen idazle bana-banakoen artekoa dogu J. Mateo Zabala bilbotarra. Gaurko grafiaz: “Eta halan balitz bere, zer daukagu horregaz? Ikaratuko ete gintekez horregaiti? Baia gitxi goiti-beheti (gora beheran) erraz da igarten zeuk daukazuna”. “Tintago egin direanean, eztira hain erraz zuzenduten; eta ezin esan badira hain zuzen-zuzen, esan zeinbat izango zirean gitxi goiti-beheti.” (Sermoiak II)

Urteetan larogeiaz goiti dagoanen batentzat baleiteke ezagun egitea honeek berba biok, edo euron entzutea izatea behinik behin. Ez hain erraz, ostera, berrogeiaz beheiti dagozanentzat, ez hurrago bere. Baina oraindino gorpu ez dagozan ezkero guztiz hitz biok, euskerearen gorputz eta haragi bizi lez jagon daiguzan.

 

Iturriko

2016-06-09

 

Ikusita: 606
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera