kontaktua
2016.06.17
05:50

Emoten dau, dirudi, esan lei ze, daukat eretxia...

Asko ugaritu dira gure artean esaldi modu batzuk, emoten dau aditzaz hasten diranak, gaztelaniazko “parece que” hasiera dabenen ordainez, eta osagarri konpletibo bategaz osotzen diranak, menderatu horren aditz-atzizkia –la dabela.

Bai irratiz, bai telebistaz, bai hedabide idatzietan zabal dabiltza egitura honen, ematen du …-la egiturearen jarraibideko esaldiak. Bat, esaterako: Emoten dau Atlhetic-eko jokalariak nekatuta dagozala. Emoten dau gatx dagoala gaurko partidua irabazten.

Eta soka berari tira eginez, izen sintagma mugatuak predikatzeko be erabilten dabela ikusten dogu. Holan mozorrotuta andrea emoten dozu. Hain suabe egiten dau berba ze, abogadua emoten dau.

Gaztelaniaz “parece (que)” hasiera daben esaldi guztietarako euskal erremedioa emoten dau/ematen du bihurtu dala dirudi. Galdu ziran betiko beste esapide guztiak. Handia da, gero! Lehen entzun be ez zan egiten betiko euskaldunen artean holakorik  –kontestu horreetan behintzat– eta orain ia besterik ez darie esatari eta kazetarien hitz-iturriei.

Nora dira harako beste egiturok, gure belarriak entzutera ekanduta egon diranak? Dirudi…, Esan lei (ze)…, Pentsa lei… inpertsonalak, edo nordunak, eretxiduna zein dan adierazoten daben besteok: Deritxat…, Erixten jat…, Begitantzen jat…, Pentsetan dot…, Eretxia daukat…, Ustea daukat… eta honetarikoak?

 

Emoten dau edo ematen du lehenago be erabili izan dira dirudi esangureaz, baina ingurune guztiz jakinetan, mugatuetan. Labur esanda: lagun dauen sintagma, predikatzen dauena, modu-adberbioa danean berez lez egokitzen da aditz hori: ondo, hobeto, ederto, polito, txarto, txarrago… edo adberbio modura darabilguzan adjektibo mugagabeakaz: motz, gazte, zahar…. Euskera naturala dabenentzat berez-berezkoak dira honetariko berbakerak: Polito emoten deutsu gona gorri horrek. Motz emoten dau neskatila baten ahoan holako berba zikinak! Urteak euki arren, gazte emoten dau.

Adjektiboa predikatua funtzinoan agiri danean be erara sartzen da. Andra horrek dan baino gazteagoa emoten dau.

Baina emoten dau horri laguntzen mende-perpaus osagarri bat ipini gura badeutsagu, -la atzizkidun aditzagaz, esaldi modu horrek ez dau entzukeran ondo joten, belarrietan be girrintza egiten dau esaldi horren soinuak. “Parece que va a llover” mezua bada euskeraz adierazo gura doguna, ezin da esan: *Euria egingo dauela emoten dau. Beste aditz nagusiren bat behar dogu horretarako, beste adierazpide aukera bat bilatu behar dogu. Kasurako: Euria egingo dauela esan lei. Euria egingo dauen antza dago.

 

Dirudi aditz trinkoa, esangura horretarako daukagun zahar eta hedatuenetarikoa dogu. Ordena bikotxaz erabili geinke berau esaldian; okerrik egin barik batera zein bestera. Aditza atzean dala: Euria egingo dauela dirudi. Edo aurrean dala: Dirudi ez dakiala ondo zer esan nahi dauen. Galdegaiaren kontua konpontzeko, idazle askoren artean joerea dago aditz nagusi horri ba- aurrizkiaz indartzea, horretara aditz markatua, fokua, balitz lez. Badirudi… aditzaz hasi esaldia, eta baztertu: Dirudi…, susmagarria dalakoan edo. Nire eretxia guztiz bestelakoa da. Hor toketan dana beti da: Dirudi… aditz soilaz esaldia abiatzea. Ze semantikoki ezin da izan galdegai dirudi. Ez dauka zentzunik badirudi esateak. Bardin-bardin jazoten da dino aditzaz. Gure parajean, betiko euskaldunak honetara berba egiten dau: Dino berak ez dauela ezer jakin gura kontu horregaz. Atzekoz aurrera be erabili ginei: dino atzean dala. Baina inork ez leuke esango: Badino berak ez dauela… Dirudi aditza inoiz ez dogu indartzen; indartzen dana aditz horren osagarria da, benetako mezua. Sarritan jazoten da osagarri hori adjektibo-sintagma bat izatea: Egia dirudi. Guzurra dirudi. Edo izen sintagma bat: Aita Santua dirudi. Lehendakaria dirudi. Eta sintagma laburra dan ezkero, aditza atze partean ipinten dogu.

 

Aditz nagusiagaz adierazo nahi dogun irudipena pertsonalizatu nahi dogunean, gaztelaniazko “me parece” dalakoaren parean, badira beste aukera batzuk. Begitandu aditza dogu horreetariko bat, gaur egun Lea ibarretik ekialderantz ezaguna dana eta zabal dabilena, baina beti nori aditz jokoaren barruan dala: begitantzen jat, begitanduko jako, begitandu jatzu. Halan: Begitandu jako beste guztiak erratuta egozala eta berak eukala errazoia.

Bizkaieraren erdialdean pentsau aditzak hartzen dau gaur sarri horren lekua: pentsetan dot, pentsetan dau, pentsauko dozu…

Eta bizkaieraren sartalderengo ibarretan, Arratia, Nerbioi eta beste alderdi batzuetan eretxia euki aditz multzoaz balietan dira sarri.  Daukat eretxia egia ez deuskula esan; guzur hutsean dabilela.

Baina eretxi aditzaren jokoa be emoitsua da hondino eskualde askotan “(me) parece que” gaztelaniazkoaren ordezkoak egiteko. Aditz trinkoaz batzuetan: Deritxat, deritxazu, deritxagu… Halan esan daroagu: Ez deritxat txarto. Ondo deritxat.

Baina eretxi aditza egitura perifrastikoaz darabilgunean, hainbat lekutan zer-nori jokoaz darabilgu: Erixten jat… Halan esan daroe euskaldun zahar askok hainbat lekutan: Dinozuna ez jat ondo erixten. Eretxi jat jenero hobea zala denda horretakoa. Baina hiztunik gehienek, behar bada, nork-zeri egiturako laguntzaileaz jokatzen dabe: Nik erixten deutsat larregia dala eskatzen dabena.

Atera beharreko irakatsia: emoten dau/ematen du horri neurria hartu, tradizinoz erabili dan testuinguruetara mugatu berorren erabilera, eta beste guztietarako beste aukerak baliatu.

 

Iturriko

2016-06-16

Ikusita: 516
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera