kontaktua
2016.07.28
14:04

EGIN USAIN, mesedez! USAINDU, mesedez?

“Ea, usaindu, mesedez!” esan eustan gaztetxo batek lehengo egunean, esku gaineko kolonia gustukoa neban ala ez neure eretxia jakitearren. “Egin usain! esaten da” urten eustan barrutik, ia pentsau be barik. Ofizioaren traizinoak!

Bai, egia da usaindu be euskera dala, eta ia guztiok darabilgula, baina, horkoaz barik, beste esangura bat edo batzukaz, orohar. Bata, ‘sundea hartu, usain txarra hartu zerbaitek’. “Arrain hori usainduta dago” edo “Okelea luzaroegi egon da hozkailuan eta jatea akordau jakunerako usaindu egin da”. Usaindu, usaina hartu, jeneralean usain txarra da, edo “sundea” esan daroaguna. Bestea, zentzun figuraduan: zeozeri usaina hartu, barruntau: “Arriskua dagoana usaindu dauenean, agudo alde egin dau leku haretatik”.

Aditz bikote honen moduko edo antzeko asko ditugu euskeraz, bata esangura bategaz eta bestea beste bategaz. Usain egin tipokoei aditz multzoak deritxegu, eta usaindu ereduko aditz eratorriei, aditzak soil-soilik.

Huts egin leike pelotari batek pelotea jokeran edo futbolari batek penalti bat jaurtikeran. Eta botila bat ardao hustu edo hutsitu geinke jatordu baten. Zauritxuan pu-pu daukala eta negarrez dagoan umetxuari, putz egin daiala esan geinkeo, baina despuztuta daukan globoa puztu edo putzitu geinke, putz asko eginaz. Baina behin be ez geunskio esango ume horri, ezpan-musturrak basurdearen gisan ipinita *puztu daiala, putz egin daiala baino; ez genduke esango, ezta, jokalari batek futbol-zelaian ,ate-ateetan *hustu dauela baloia jaurtikeran, huts egin dauela baino.

Aditz sorkuntzan euskeran bide bikotx hau ugaria eta zabal dabilena da: behar egin, lan egin, hauts egin, sats egin, dei egin, laban egin, min egin, laztan egin edo bat egin ildo batetik, eta behartu, landu, haustu, sastu edo satsitu, deitu, labandu, mindu, laztandu edo batu bestetik. Euron esangurak banangoak dira gehientsuenetan, baina noiz edo noiz, gitxi batzuetan, ia beretsuak edo hurrekoak be bai. Lagun egin eta lagundu aditzek esangura hurrekoak gordeten ditue. Eta horrelakoetan jazo ohi danez, bata bestea baino indartsuagoa izaten da; kasu honetan lehenengoak erabilera laburragoa dauka bigarrenak baino. “Ogia erosi behar dot eta lagun eidazu” esan daiteke eta ondo esanda, baina zazpi bider gehiago entzungo dozu: “lagundu eidazu”.

Baina aditz asko dira /izen + egin/ edo /adjektibo + egin/ morfologia bakarra dabenak, aditz multzoa aditz kategoriaren tipologia bakarra dabenak; hau da, -tu atzizkiaz baliatzen ez diranak orokorrean. Negar egin, barre egin edo hots egin ditugu eredu garbiak. Euskereari ez jako ezagutzen *negartu, *barretu, *hostu ereduko aditz eratorririk. Ugariak dira, edozelan be, eredu honetako aditz konposatuak ‘hots, zarata’ esparruan: arrantza egin (astoak), irrintzi egin (zaldiak), ahausi egin (txakurrak), morrosa egin edo orroa egin (ganaduak), urruma egin (pertsoneak zein piztiak), gizakionak diran hainbategaz batera: haserre egin erakoak.

Badira, bestetik, aditz tipologia bikotx hori beste era batera eregiten dabenak: aldarri egin entzuten da sarri Bermeo eta beste itsasertzeko herrietan, ‘hots egin, deadar egin’ edo ‘zarata egin, agiraka egin’ esangurakaz, eta bestetik aldarrikatu zabaldu eta nagusitu da XX. mendean, aldarrika aditzondoaren gainean. Deika, deadarka edo hoska aditzondoekin garatu ez dana gertatu da aldarrika aditzondoaz, aldarrikatu izatera itxuraldatzea. Zotz egin konposatuaren alboan be zozkatu garatu da, zozka aditzondoa ointzat harturik. Mosu egin lokuzinoaren aldamenean mosukatu garatu da; beharbada, norbait mosuka jatearen irudia egongo zan bitartean. Miazka egin multzoaren gainean eregia da miazkatu aditza be.

Egia esan, aditzondoen gainean eregitako aditz multzoak be asko dira; -ka atzizkiaren gainean, urrunago joan barik, agiraka egin, atzaparka egin, erpeka egin, haginka egin, harika egin, hazka egin, horzka egin, atximurka egin eta beste hainbatxu.

Beste aditzondo edo adizlagun tipo batzuk be ezagunak ditugu aditz lokuzinoak sortzeko. Gainez egin edo gainezka egin (urak, esaterako), behera edo gora egin (zerbaiten prezioak), eredu bi aitatzearren.

Errepika-egituren gainean eregiriko aditz multzoen aitamentxua, amaitzeko. Koloreakaz sarri entzuten ditugu: gorri-gorri egin da (gorritu egin da), zuri-zuri egin edo parau, baltz-baltz egin edo jarri. Izen edo adjektibo errepikatuaz eregitako aditz multzoak, uste baino ugariagoak dira, eta eurotariko gehienak errepika egituraz baino ez darabilguz. “Txiki-txiki egingo zaitut!” mehatxua nork ez dau entzun? “Fin-fin egin ezkero, bizitzarik erdia konponduta dago”. “Euritan ibilita busti-busti egin da”, edo “Lupetzartean basa-basa egin da”.

Udea ondo eta gozatsu igaro daizuela, irakurleak. Inguruan ditudan apunte-papertxu guztiak tximur-tximur egin eta paper-zarandora bota behar ditut behingoan, eta noan neu be asaskaldi bat hartzera.

 

Iturriko

2016-07-28

 

Ikusita: 548
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera