kontaktua
2011.06.19
22:00

Doniane gaua

Gure arbasoek natura-zikloen arabera egiten zituen jaiak. Batez be urtaro aldaketak eta solstizioen etorrerea ospatu izan ditue, negukoa (abenduaren 21ean) eta udakoa (bagilaren 21ean). Bigarren honegaz dago lotuta san Juan eguna, urteko egunik luzeena, eta beragaz udearen, eguzki aroaren hasierea. Egun honetan eguzkiak dantzan urteten dauela uste eben, eta horregaitik mendi tontorrera igoten eben agertzen ikusteko.

Antxinako siniskera, ohikune eta errituen hainbat zantzu dagoz santu eta egun honi lotuta. Euren artean suagaz, uragaz eta landarakaz zerikusia dabenak ziran garrantzitsu eta ezagunenak.

SAN JUAN SUA

Jai honetako sinbolorik ezagun eta esanguratsuenetarikoa. Bezpera ilundean, suak ixetzen ziran herriko plaza, baserri, solo eta bidekurutzeetan. Gaur egun be halantxe egiten da. Suaren inguruan alkartu eta suaren ganetik salto eginez formula bereziak esaten dira: “San Juan, san juan berde, artoa eta garia gorde, txantxikuak eta zapoak erre, biba san Juan berde”. Edo beste hau: “San Juan Bautista, onak barnera, gaitza kanpora, bakea eta osasuna komeni bada. Sarna fuera!”.

Suok indar berezia emoten ei dabe: gizakia gaixotasunetatik babestu eta batez be azaleko gatxen kontra egiteko. Ohituren artean dagoz, alde batetik, abereei errauts ganetik pasau eragitea edo, bestetik, sutan egozan gabilekaz soloetara osteratxu bat egitea lapur, sorginkeria eta pizti txar guztiengandik libretako eskatuz.

URA

Doniane bezperan itsaso, erreka, iturrietako urek, eta baita garoak be, urtean zehar ez daukiezan botere bereziak izaten ei ditue.

Egunak argitu orduko inontza hartzea, bedar ganean ortozik edo garisoloetan bilozik ibiltea eta iturrietan arpegia, eskuak eta oinak garbitzea ohitura zabala izan da Euskal Herrian. Azaleko gaixotasunak (ezkabia, hazteria, legena, etab.) osatzeko edo eritasunok norbera ez kutsatzeko be egiten zan.

LANDARAK

San Juan bezperan txortatxo bat prestetan zan, bedar batzuk, lora, gari- eta arto-landara, berakatz-buru, sagar adar eta abarrez. Hurrengo egunean meza nagusian bedeinkatu eta bueltan kamaran ixten ziran sikatzen. Ekatxa zanean sortako bedar batzuk hartu eta surtara botaten ziran. Urtean zehar erre bako landarak hurrengo san Juan suan erreten ziran.

Doniane egunean mendira joan eta leizar edo elorri zuriaren adarrak ebagi ostean, eguzkiak urten baino lehenago, etxeko atearen albo bietan edo balkoian ipinten ziran etxea eta etxekoak ekatxetik eta tximistetatik babesteko. Urte osoan egoten ziran adarrok ate ondoan eta hurrengo urteko sutean erreten ziran. Hau ohitureau baserri askotan gaur egun be bizirik dago.

Landarak ezeze zugatzak be garrantzi handia hartzen dau udako ospakizun honeetan. Herri askotan leizar edo makal luze adarbakoa ipinten dabe plazearen erdian edo eleizearen aurrean. Mukurra loraz eta landaraz apaindu eta puntan trapu zaharrez edo lastoz egindako txorimaloa ipinten deutsie. Leku batzuetan erre egiten da eta beste batzuetan lorak sikatzen diranean, beste barik kentzen da.

Ikusita: 1974
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera