kontaktua
2016.09.09
11:43

“Izen-deiturak” zein "izen-telefonoak"

Nork ez dau ezaguna harako herri-kopla bat, dinoana: "Aita-semeak edanda dagoz, / ama-alabak jokoan. / Ostera bere egongo dira / soinoko zaharrak kakoan". Mogelen bertsino hori baino ezagunagoa jaku, herri-kantutegietan sarriago jaso dan beste hau: Aita-semeak tabernan dagoz...

Aita-semeak egitura horren bidez aita eta semea aitzen emon gura da, edo bardin: aita eta semeak edo: aitak eta semeak. Hitz-konposaketa deritxo honi, edo hitz-alkarketa, baina hitz-alkartze librea da, gramatikala, ez lexikala. Aita-seme ez da hor izen bakar bat, eta horregaitik ezin esan daikegu: *aita-seme-a. Izen bi dira bat eginda, eta horregaitik mugatzaile plurala behar dau: aita-seme-ak. Esanguraz, semantikoki, aita eta semea dira. Eta izen alkartuak diranean be, grafia-zeinu batez, gidoiaz (-) bereizten ditugu. Lehenago banan edo bereiz be idazten ziran. Baina egundo be ez bat eginik.

Hitz-alkarketa eredu hau guztiz ezaguna eta hurrekoa egiten jaku betiko euskaldunoi, gizakien izenakaz eta berariaz senitarte edo familia eremukoakaz. Horretara urteten deuskue barrutik berez-berez: andra-gizonak, senar-emazteak, seme-alabak, neba-arrebak, lehengusu-lehengusinak, izeko-osabak, osaba-lobak, koinatu-koinatak, suin-erranak, guraso-umeak... Eta gizakien eremutik urten barik, jaun-andreak, neska-mutilak, atso-agureak, zahar-gazteak, nagusi-morroiak, maisu-maistrak, eta horretarikoak.

Beste izen-bikote batzuen artean eta juntagailuagazko joerea handiagoa da, ostera. Halan: aita eta ama erabiliagoa dogu aita-amak baino. Aitita eta amuma ezagunagoa, aitita-amumak baino, giputz eremuan aiton-amonak bizi eta indartsugoa dan bitartean. Bardin aita ginarreba eta ama ginarreba ezagunagoak, egitura konposatua baino.

Literaturan ugari baino ugariagoak dira eremu honetako bikoteak. Lazarraga arabarraren adibide hau balia bekigu: “Gizon-damaokaz eztaukana / konbersazioa gustu handitan, / bihoa porra batez arraitan”. Edo errefrau zaharrenetariko batek dirauskuna: “Aita-asabaoi etxi, / ta garean gu on beti” (RS 125).

Gizakiaren edo gorputzaren atalak binaka aitatzen diranean be sarri joten dogu alkarketa tipo honetara: atz-begiak, atze-aurreak, begi-belarriak, buru-bihotzak… Lizardi poeta handiak Bihotz-begietan izenburutu eban bere poema-liburu ezaguna. J.M. Zabala idazle-predikari ezagunak honetara zertzelatzen dau oleazino edo untzinoaren erritua: “harako geroago orio santuagaz begiak, belarriak ta esku-oinak igorztea”.

Denpora-izenetan be arrakastatxoa dauka alkarketa eredu honek, eta gehiago zapatu-domekak lango izen-segidetan. Ezagun samarrak dira, behintzat: jai-asteak, gau-egunak, goiz-arrastiak, uda-neguak eta halakoak. Busturiko lekuko batek honetara azaldu eban garia eta artoa noiz batzen ziran: “Garia bagil-garagarriletan batzen zan, eta artoa eta indabea, irail-urrietan”. Amodio poema batek dino: “Ene gau-egunok, guziok dolorez” (Lazarrraga).

Geografia, natura eta espazio eremuko izen-bikoteetan be sarri erabilten da alkarketa-eredu hau: zeru-lurrak, baserri-kaleak, mendi-zelaiak, itsas-ibaiak, itsas-lehorrak eta halakoetan.

Bada antz-antzeko alkarketa tipo bat, hitz-bikoteok adberbio-funtzinoan darabilguzana, eta mugatzaile barik. Halan esan daroagu denpora eremuan: bihar-etzi, bihar edo etzi adierazoteko; leku-eremuan, hor-hemen, hortik-hemendik, hor eta hemen, hortik eta hemendik adierazoteko, edo atzera-aurrera (ibili), atzera eta aurrera adierazoteko, edo ezker-eskuma, batetik eta bestetik adierazoteko; edo moduaren eremuan, buru-belarri (sartu arlo baten), burua eta belarriak horretan murgildurik era figuratiboz adierazoteko, edo txakur-katu (ibili), txakurraren eta katuaren moduan areriotasun latzean adierazoteko.

Baina bigarren tipo honetan be eta juntagailudun bikote eginak darabilguz beste askotan, aurrekoak baino ugariago, egia esan: gau eta egun, jai eta aste, uda eta negu, kanpo eta barru, aurre eta atze langoak. Herri dantza-kopla baten berbakaz argibidetuta: “Bentanan daguan damia, / begi ederren jaubia, / ojala bazinatekez / bihotz ta arima neuria” (Amoroton edo hor nonbait jasoa).

Literaturan, bai poesian, bai bertsolaritzan, berbaz baino esangura-kontestu ugariagoetan erabili izan da aita-semeak eredua. Gure herri-literaturaren garau edo ale zoragarrizko batek darakusku hau ondo baino hobeto. Donianeetan errezitatzen diran formulen artean, bada bat ezaguna, Ibarrangelun kantetan eben erara hau dinoana: “Erre sorgintxuak, ondo erre, / arto-garitxuak ondo gorde. Eta Doniene, eta Doniene”. Artoa eta garia, edo artoak eta gariak ondo gorde, urte osorako janaria izateko.

Gure literatura landu idatziak be ezusteko bikainak eskeintzen deuskuz bide horretatik. Lazarraga arabarrak eskaini euskuna bat: “Bihar-etziak hurrean datoz. Arren, betorke hebetik”. Frantziako Henri III.en jaiotzan, XVI. mende horretan ondu ziran ahapaldietariko bat: “Mundu guzia huna beto, haur noble honengana, oin-eskuen apaztzera, Jaun handiari bezala”. Oinaztar-ganboarren arteko guduketako kantuetariko batek honan dino: “Arma-eskuduak on dira dardoz, / parerik eztabe kanporakoz, / Zaratearrak galdu ei dabe / Markia-Zuia sekulako”.

Gure Mogel handiaren idatzietan hainbat honetariko aurkitu daikeguz. Besteak beste: ardi-bildotsak, hamarren-primiziak, arazo-nekeak, gose-egarri diranak, jan-edanak, lukainka-solomoak, ibar-zelaiak, zelai-basoak.

Egia da, hitz-bikote honeetariko batzuk, izen biak bat eginda osotasun edo bakantasun zentzua gordeten dabenean, -a mugatzaile singularraz markatzen dirala. Halan jazoten da sarri aditz-bikoakaz: jan-edana, joan-etorria, hartu-emona, saldu-erosia, sartu-urtena, kendu-ipinia, galdu-gordean (ibili) eta beste batzukaz. Adjektibo-bikoteek be kualidade bakuna adierazoten dabe sarri: zuri-gorria, luze-zabala, handi-txikia, zahar-gaztea eta abarrek. Izen-bikoteek be, biek bat eginda kualidade edo izaera bakarra adierazoten dabe batzuetan, eta halakoak -a mugatzaile singularraz ohi darabilguz: ur-ardaoa (ure eta ardaoa nahastaurik), hotz-beroa (hotz eta beroaren kontrastea), atsegin-kontentua eta horrelangoak.

Akats bati, edo neuk hatakotzat daukadanari, bai erreparatu deutsat behin baino sarriago idatziz. Jarraiko hile-izenak konposaturik idaztean, singularraz mugatzea. “*Uztail-abuztuan ez da izango batzarrik”, edo “*Irail-urrian ospatuko dira jardunaldiak”. Gure eretxi apalean, holakoetan pluralaz markatzea toketan da: uztail-abuztuetan eta irail-urrietan.

Eta amaiera emoteko, itaun bat idazle eta erabiltzaile guztioi. Zergaitik ez sarriago eta modu malguz etekin handiagoa atera alkarketa egitura honi, izen-bikoteak osotu behar ditugunean? Zergaitik ez esan: Emoidazuz zeure izen-telefonoak. Edo: Zeintzuk dira zeure helbide-zenbakiak? Ulertu, euskera dakian edozeinek egingo leuke bape neke ez azaro barik. Eta onura txiki bat be badauka egitura horrek: laburrago gauzak esatea, eta juntagailuaz josten ibili beharrizan barik.

 

Iturriko

2016-09-09

Ikusita: 502
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera