kontaktua
2016.09.29
20:58

Urliagaz hartuemonik BA AL DOZUE? Hartuemonik AL DOZUE?

Oraintsuko mezu labur baten amaieran itaun hau egiten eban mezugileak: “(Urlia) jaunarekin kontakturik al duzue?”. Hartuemonean gengozan itaundu gura eukean mezugileak.

Irakurri eta batera esan neutsan neure buruari: ba al duzue idatziko genduke guk gaur, arranoetan be, al hori eta guzti be. Perpaus hori itauna izanik, eta aditz trinkoa bera perpaus horretako fokua edo galdegaia dala, ba- aurrizki indargarria sartzea toketan dala joten deusku belarrira, sartu ezean al duzue aditza erren edo zintzilik geldituko balitz lez.

Al marka modalaren ordez edo lekuan, ete (ote) sartu izan baleu mezugileak, isilduko nintzan, eta ontzat ez eze, aintzat be hartuko genduan itauna: “Urlia jaunagaz kontakturik ete daukazue?”. Izan be, ete hitz modalak aditz trinkoaren aurrean fokuaren ordeak beteten ditu: Ete da halan? Ete dator? Ete dabil, gero! Ete honen kasuan ez da zertan erabili aurretik ba- aurrizkia. Tradizinoz be ez da erabili izan, ez sartalde ez ekialde, baina gaur egungo hiztun adiutu eta ziurrek be ez ohi darabile . Egia da, ostera, ba- horren aldeko joerea gero eta zabalago agiri dala gure artean, batez be idatziz; gehiegikeriazko hobena dala deritxat nik. Ba ote dago?, itaun zuzenean, edota: Ba ote dagoen jakin nahi nuke, zehar itaunean, barra-barra entzun edo irakurten dira gure euskera landuan –edo landutzat saltzen dan horretan–, egia esan.

Baina gatozan atzera itaun perpausetako al hitz modal horretara.

 

Lehehengo argitu beharreko puntua. Itaun perpaus ohikoak, neutroak, egiteko beharrezko ete da al sartzea? Zalantza horregaz etorri jatan lehengo egunean guraso ikasi eta euskaldunbarri bat, ikastolan eukan alabatxoari eskola-lanak egiten laguntzean sortu ei jakon kezkea eta ezbai zorrotza alaba ikasleagaz eta. Guraso gazte euskaldunbarri honi irakatsi eutsenetik, antza, al hori ezinbestekoa ei zan, esaldi bat itaunka emon gura bazan. Baina alabeak ezetz egiten eutsan tema. Andereñoak azaldu eutsenez, al hori giputzen dialekto berezitasun bat baino ez ei zan.

Nik apur bat beste era batera erantzun neutsan, baina funtsean andereñoaren haritik. Euskeraz itaun perpausa neutroak, markatubakoak, eregiteko, al hori ez dogula erabilten euskaldunik gehienok, ez Ipar, ez Hego, ez Sartalde, ez Ekialde. Eta gipuzkeraz be kontu modernoa zala; mintzairan gertatu dan neutralizazino baten ondorioz sortua. “¿Vienes conmigo?” edo “¿Comemos?” itaunak euskeraz emoteko, nahikoa dala esatea: Bazatoz nigaz? Edo Bazkalduko dogu?. Eta ez daukagula buru hausten eta korapiloak sortzen zertan ibili, ba al zatoz… edo bazkalduko al dugu egitura moduakaz.

 

Itaun perpauseko aditz jokatuari al aurrean eransteak ez dauka zerikusirik itauna markatze hutsagaz, gramatika edo ikas liburu batzuk saldu gura izan deuskuenez. Eta ez da kasualidadea, gipuzkera modernoan oinarritutako batuaz idatzitako liburu-liburuskak izatea planteamentu hori albatetik sartu gura deuskuenak.

 

Al hitz modalaren balioa Azkuek “acaso, quizás, por ventura” esangurakaz bardintzen dau itaun perpausetan. Gaztelaniaz ez da bardin: “¿No lo sabes?” galdetzea edo “¿Acaso no lo sabes? ¿Es que no lo sabes?” egitea. Euskeraz be beste horrenbeste jazoten da: Ez dakizu? itaundu ala Ez al dakizu? itaundu ez da bardin.

 

Egia da, bestetik, bigarren itaun egitura hau gutariko askok ez dogula erabilten eguneroko berbetan. Baina, ostera, Lea-Artibai edo Deba ibarreko uri-herriguneetan hiztun askori berez-berez urteten deutse ezpan artetik. Ez al dakizu?esan ordez, beste era honetara esan ohi dogu gutariko askok: Ez dakizu ala? Eta gipuzkeraren eremu zabal baten, ostera, bardindu egin da galdera modu bien esangurea, neutralizazino bidez, eta al markaduna nagusitu da danetarako itaunetan.

 

Domingo Agirre idazle handiak –Ondarroako semea bera– Kresala-n dakarren pasarte honek erakusten dau argiro al horren zentzun garbia eta zaharra. Batzuetan baiezka:

 

“—Zer darabilzu, emakumea, hain muker eta tamal egoteko? —itandu eutsan etxekoandreak. —Ezer ez, andrea. —Bai zerbait. Lagunakaz haserratu al zara? —Ez, andrea. —Gaixorik al zagoz? —Ez, andrea. —Nahigaberen bat emon al deutsugu? —Ez, andrea, esatea be! —Ia ba, zer edo zer esan behar... Barri txarrak hartu al dozuz zeure etxetik? —Bai, andrea, ez dira hain onak be.” (XX. kap.)

Beste batzuetan ezezka:

“—Eta zer deust inok ikusi arren? Ez al da negar egitekoa hemeretzi gizon eder galdutea?” (Kresala II.). “—Bai, hori bai; baina bategaitik negar egiten dozula usteko dabe. Hala ez al daki inok, zuk Anjelegaz zerbait badozula?” (Kresala II.), “Elizpean, Mañasik belarrondora esan eutsan Josepari: ‑Ez gero inori ezer esan! ‑Esatea be! —erantzun eban Josepak—. Ez al dogu alkar ezagututen?” (II.).

Gatozan atzera hasierako puntura. Mezugileak inoan ze, “Urlia jaunarekin kontakturik al duzue?”, eta gure erreparua zan aditz jokatu horrek, fokua izanda, aurretik ba- aurrizkiaz indartzea eskatzen ebalakoa: kontakturik ba al duzue?, hobeto ez ete legoken. Egia esan behar bada, tradizinoaren ikuspegitik, holan be ez dago oker, horretara erabili izan dalako idatzi zahar eta klasikoetan. Baina gaur egungo erabileran, aditz trinko markatuak (galdegai danak) itaun-perpausan, al hitz modala gorabehera, ba- aurrean eranstea eskatzen dau, ezezka ez sartzen dan legetxe.

 

Ez al daki inork?” ezezka itaun egiten dogun moduan, baiezka: “Ba al daki inork” egingo genduke gaur. Edo: “Ba al zoaz azkenean Markinako jaietara?”. Kirikiño idazle mañariarrak be Abarrak ipuin-bilduman hataraxe darabil: “Aitaita, adorerik bai al dozu hartu dozun zeregina bide onera eroateko?” “—Bizirik hago hondino, tximistaori? Ezagutzen al nok? Nor nazan bai al dakik? Prakerre nok!” (Kirikiño Abarrak).

Paulo Zamarripa idazle ziurra eta gramatikari bardinbakoa izan zan, ohi eban zorroztasunaz, puntu hau argiro azaldu euskun lehenengoetarikoa bere Gramática Vasca-n: “Toda flexión sintética con al, empleada como única palabra, debe llevar el prefijo confirmativo ante su al: ¿Acaso viene? ¿Por ventura viene? Ba al dator?”

Akabera emon baino lehen, gogorarazo daigun, dana dala, ba- indargarri barik al hutsagaz be indartzen zala lehen aditz trinkoa, galdegai izateko kasuan. Horren lekukorik zaharrena, beharbada, Lazarraga bera dogu. “Parekorik eztozuna / al dakizu?” dino bere bertso ahapaldietariko baten. Eta askoz oraintsurago, XIX. mendearen lehen partean, Juan Mateo Zabala bilbotarrak be holan darabil hondino. Sermoietariko baten, galdera erretoriko luze hau itxi euskun onduta: “Al dakizu zuk, mutil, neskatilla, edo zareana zareala, eta alango geroko kontuakaz zabiltzana, al dakizu ordu bateko bizitzea badaukazu, edo momento onetan eriotza ilunak jo ta botako bazaituz?”. Eta Xenpelar bertsolariak be bere bertsoetariko baten, antz-antzean: “Artzekorik al dauka / inork guregana?”.

Egitura bitzuk ezagunak ditugula, gaurko usadioari emongo deutsagu lehentasuna, oraingoan klasikoaren kaltetan bada be: Ba al zatoze horretan nigaz batera? Ala ez al zatoze?

Datorren astera artean, Jainkoa lagun.

 

Iturriko

2016-09-29

 

Ikusita: 506
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera