kontaktua
2016.10.14
10:00

“Ez zara zu, maitea, osasun(ar)en GURA”

Osasunaren gura izan

Dantza-kopla edo esaera antzeko baten hitz ezagunak dira, bertsinoetariko baten hau dinoenak: “Gabian parrandan, goxian logura, ez zara zu, maitia, osasunen gura”. Azkue gure hizkuntzalari handia izan zan zeren gura izan ereduko egitura honeezaz ohartu eta beren-beregi arduratu zan lehenengo antzekoa. Eta bere Morfología-n –eta Euskalerriaren Yakintza bilduman be bai‑ eskeini euskun, harean apaindurik, berak “este conocido pareado” deitzen deutsana, era honetan: “Gabaz errondari ta goizean logura, / etzara, ene semea, osasunaen gura” (140).

Azkue lekeitiarra genduan, eta kontizu etxetik izango eban ezaguna egitura hori. Bere guraso idazle Eusebio Mariak bere neurtitz-bertsoetariko baten behintzat erabilia eban arterago: “Irailian neskia / badago zororik, / edo andra izateko / badauka gogorik, / ezkonduten da ha bere / laster, ahal izanik, / inun topetan badau / bere gura danik.” (Eusebio Mª Azkue, Neguan ezkontzak). Bere gura danik, berari guraizana deutsanik, bera maite dauenik, esateko.

Zeozeren gura izan edo nonoren gura izan, adin batetik gorako euskaldunen artean, hiztun onen artean behintzat, esapide ohikoak izan dira, eta dira hondino be, nahiz gure literatura idatziaren espiluan horreetarikorik banakak baino agertu ez.

“Hori ez dago zure gura, eta kendu mutilori burutik eta topau eizu barri bat!”, erraz esan leio ama batek bere alaba gazteari, amoremin itsuak jota eta hondamen-arriskupean dakusanean. Beste era honetara be esan eikion: “Hori ez dago zure guraz, eta zu be alperrik zagoz haren guraz”. Amaren begiek urrunago ikusten dabe eta, aholkua bestetarikoa be izan leiteke: “Hor zuekaz gazte-aldran dabilen mutilori ez dago urlia neskatilaren gura, zure gura baino”.

 

Afari gura izan

Aurrekoa baino harean ezagunagoa, eta ugariagoa be, bada beste honango eredua: norbait zeozer gura izan dalakoa. Hau da, izen mugagabe bategaz alkarturik agiri dala gura izan aditz lokuzinoa, egitura konposatua eregiten dabela.

“Dama ontziratua” deritxon balada ezagunean, engainaturik bahitu eta itsasora daroen Grazianatxu dama gaztearen ahoan honako erantzuna emonaz ihardesten deutso kapitaiaren afari-gonbitaz ofrezka jatorkon mandatariari: “Ez naz ni afari gura”, ez daukala afaritako gogorik adierazo guraz. 1982an, gure euskera-ikasle bati Dimako alabea zan Eduarda Bilbaok kantau eutsan balada bertsinoan, honangoak dira Grazianatxu dama gazteagaz kapitai-mandatariaren arteko berbak: “‑Grazianatxu neure laztana, / zugana biraltzen naude, / gaur afariten etorritia / egin bazeinke mesede. // ‑Neure lagunok, bai marinelak, / enaz ni afari gure. / Afari barik konsoladute / dau (dago) neure estamangue”.

Barrutia Mondragoeko eskribauaren Acto para la Nochebuena teatroan Grazioso pertsonaiak kantuz honelan koplatzen dau gabon gaueko afaritzarra: “Liau lau bere, ementxe datoz amar libra okela, / Liau lau bere, birao gura eztala ene sabela”. Zenbat gura jan ahalean, birao gura ez da ene sabela.

Aurreko bertso-kopla egiturok sartalde euskerakoak badira be, berez egitura hau euskera osokoa, edo behinik behin hizkera askotakoa da, edo izan dira. Azkuek hiztegi nagusian (Dicc. 369) honango adibidea dakarsku nafar hizkeratik jasorik: “Ur gura naiz” (ura edateko gogoa daukat).

Izen mugagabea + gura eredu honetako egiturarik ezagunena, beharbada, logura izan aditz lokuzinoa dogu: “Urlia logura da. Berendia ez da logura”. Eta bide beretik erabili izan dira: barre gura da, andra gura da eta beste asko. Edota Azkuek bere errefrautegirako Nafarroako Imotz ibarrean baturiko hau: “Izotz handia, elur gura; neskatxa ederra, dantza gura; neskatxa zakarra, mutil gura”. (EY, III, 118).

Gura hitzagaz alkartzen diran izenok ekintza edo prozesu-adierazleak izan ohi dira sarritan. Eta horrexegaitik beragaitik, aditz partizipioak izan ohi dira alkarketa eredu horregaz gehien sortzen diranak. Markinaldeko euskera bizitik jasoak dira ondoko adibideok, Jabier Kalzakorta adiskidearen borondate onak gugana deuskuzanak: “Nor da zugaz paseau gura?”. “Ni ez naz agindu gura”. “Nor da, ba, umea jo gura?”. Eta Markinaldetik urten barik, orain dala mende bi inguru, Frai Bartolome etxebarritarrak beste paragrafo hau itxi euskun idatzirik, aurrekoen antz-antzekoa, baina harean diferentea: “Zu kansetan ez naz gura, ta egongo zara beti neugaz” (Ikasik II, 21).

Aditz partizipioari laguntzen, gura izan baino gura egon zabalago dabil, beharbada, gaurko hiztunen ezpanetan; jente gehiagorentzat ezagunagoa ete dan nago. Gutariko edozeinek erraz erabiliko gendukez, kasurako, holango esaldi moduak: “Zugaz egon gura nago aspaldion, kontsulta bat egiteko”. Edo beste hau: “Danak dagoz gure etxera etorri gura. Eta inor ez dago, ostera, hemendik urten gura”.

Horrexetatik sortuak dira aditzoinaren gainean gura erantsirik sortutako izen eta adjektibo konposatu mordoa. Añibarroren idatzietatik hauturiko errefrau moduko esaldi hau aitatu euskun behinola Azkuek, alkarketa-tipo hau azaltzeko: “Itsuak ikusgura, errenak ibilgura, gorrak entzungura” (Morfología, 139). Antonio Zavalak, bere atsotitz-esaera bilduman (963. znb.) beste aldaera honegaz dakar: “Errenak ibilgura, itsua ikusgura, ezin dabenak egingura”.

Adjektibo kategoriako konposatuak dira goiko horreek, gure klasikoetan sarri ohi dan modura. Mogelek darabilzanen arteko batzuk gogorazoteko: jakingura, dana jakin gurakoari esateko edota, ironiaz, dana eta lar jakin gurakoari, “curiosón”. Alegi baten amaieran irakatsi-ohar hau idatzi eban behin: “Ipuin ederra barritsu jakingurentzat”. Esangura positiboaz, baikorraz darabil hurrengo honetan: “esan daioguzan neure bizkaitar jakingura honi abe-bizia edo arbola askoren izenak” (Peru Abarka). Handikigura be adjektibo legez darabil inoiz: “jaun andiki eta andikigurak”. J.M. Zabalaren beste erabilera hau be ildo berekoa da: “emen gazte dantzazaleak, batzar eta errolda gurak”. Batzar-gurak eta errolda-gurak ez dira besterik, batzarzaleak eta errondazaleak baino.

Ibilgura izenondoa be ibilte-zale, ibiltun esanguraz behin baino sarriago agiri da: “urteten badau komuninoetik lehen baizen zaratatsu, lehen baizen zital, lehen baizen gozo gaiztoko, lehen baizen harro ta panparroe, lehen baizen hasarre ta ernegau, lehen baizen banidadetsu ta ibilgura, bildur izan zaite komuninoiagaz hartu dabela ariman deabrua” (Frai Bartolomeren esaldi egokitua).

Eta denporan atzerago jota, ohar gakiozan Refranes y Sentencias XVI. mendekoan agiri dan atsotitz honi: “Zaarrago, ikaskurago. ‘Cuanto más viejo, más deseoso de saber’ (22 znb.). Ikasgurea, hor, ikaste-zalea da, ez gaur egungo ikasi gurea.

Amaitzeko, gogorarazo daigun, aditz partizipioa + gura konposaturik sarrien eregiten diran hitzak izen kategoriakoak ohi dirala. Izen kategoriako konposatuok libre samarrak dira, hiztunok era askatuan sortu daikeguzanak, eta horretarikoak, eurok banan idaztea gomendatzen dogu. Mogelen erabilerak dira ondoko biak: “apaindu gurearen apainduz”, “Neskatila, ingira zaite; sabel-zorria egin jaku ta edan gurea ainbeste berbaren ondoren”, baina alkarketa-eredu hau hain da ugaria gure literaturan ze, zaharrean zein oraintsuagokoan, hari luzeko harila dogula berau, hemen luzatzerik onartzen ez dauena.

Hari horri tira egin gura egonagaitik, ez gagoz irakurlea gogaitu gura, eta hurrengo baterako itxi daigun. Irakatsi bategaz, halanda be. Zergaitik atera ez gura honi, bai egitura konposatuetan, bai gorago aitatu diran aditz multzo barruko beste egituretan, onura ugariagoa? Hori deritxagu guk.

 

Iturriko

2016-10-14

 

Ikusita: 430
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera