kontaktua
2016.11.04
11:38

Urlia, Zandia eta Berendia

Euskeraz hitz ezagunak ditugu urlia, zandia eta berendia, behintzat aldi batetik gorako jentearen artean eta euskaldun eskolatu artean –ez dakit zenbaiteraino gaurko gazteen artean‑.

Gaztelaniaz, horreen kide eta ordainak, fulano, zutano eta mengano dira. Bide paraleloak ezagutu izan ditue erabileran, hizkuntza batean eta bestean. Hirukote horretarik gehienetan lehenengoa bakarrik erabilten da, urlia euskeraz, baina beste batzuetan, binaka: urlia eta zandia edo urlia eta berendia, edota baita zandia eta berendia. Eta hirunaka be bai, gitxiagotan baina: urlia, zandia eta berendia.

Urlia dogu agiriena eta ezagunena. Gramatikaz izen kategoria modura jokatzen dau: urli + -a, zandi-a, berendi-a, azken -a hori mugatzailea dala, ez hitzaren bokal erantsia. Izenaren gramatika dauka, baina izenordainaren egitekoa.

Sarriroen urlia bakarrean darabilgu, norbait izenik izentau barik aditzen emon gura dogunean, anonimatoan itxita. Hizlari edo idazleek sarritan urlia erabiltera jo dabe, jazoera susmagarri, kaltezko edo damugarriren bat artean egon danean, egilearen izena estaltzeko. Mogelen berbaz on egin daigun dinogun hori: “Eta alan ez deutsa ume batek obediu bear gurasoari, aginduten badeutsa jaiegun katigatuetan, bear egiteko errazoe baga, urliaren basotik egurrak”. Edo ta Frai Bartolomeren berbaz: “Urliagaz ezkonduten ez bazara, ez deutsut aziendea emongo; edo ez deutsut doterik emongo”. “Ugazaba batek bere esan leio otseinari edo errenteruari: Urliagaz ezkondu bear dozu; edo, Urliagaz ezkonduten ez bazara, etxetik aterako zaitut, edo, ez dozu ene etxean zereginik izango”.

Sandia ez da urlia baizen ezaguna, gaztelaniaz zutano ez dan modura. Eta erabili izan danik gehienetan, bakarrean barik, edo urlia lagun dauela edo berendia lagun dauela erabili izan da. Pertsona izentaubakoak gitxienez bi diranean alkartu ohi da urlia sandia bategaz.

Batzuetan eta juntagailuaz alkartua: “urlia eta sandia bizi dira deungaro, edo alkarri lagunduten deutse giberri edo beste gauzaren batzuk ostuteko; neuk ikusi, edo leku onetik jakin nituan” (Mogel). Beste batzuetan urlia sandiagaz, bata besteagaz osagarri egiten dirala: “Urlia ezkontzen da sandiarekin; senarra ahaide egiten da emaztearen ahizpa, lengusu, bestengusu eta erengusuakin” (Agirre Asteasuko).

Urlia, sandia eta berendia holantxe erreskadan erabilten dira sarri, pertsonak, izenez izentau barik, banan-banan aitatzeko. Kirikiñok bere ipuinetariko baten dakarren pasarteak argi egingo deusku honetarako: “Hor daukazu urlia, eta jor daukazu berendia eta hor daukozu sandia, eta hor daukozu....”. Laugarrenik ez dau aitatzen, egon be ez dagoalako euskeraz laugarrengorik edo bostgarrengorik; hiru pertsonaren segida kontenplatzen da bakarrik euskeraz, gaztelaniaz legetxe.

 

Urlia horri sartalderengo euskeran femeninoa erne jako alborik hara: urlizea darabile batzuk, urlezia beste batzuk, hizkera batzuetan behintzat; gainerako euskera lurraldeetan urlia horrek generoz neutroa dirauen bitartean; gizonezko zein andrazkoentzako.

Añibarrok, jentearen esamesa eta zurrumurruak astintze aldera, honelan dirausku: “Urliak hau dinoala, urlizeak bestea dinoala”. J. Mateo Zabala predikari-idazleak be sutsu dihardu neska-mutil gazteen haragi-garrak baretu beharrez sermoiginen, gordin salatuz honeek gehiegikeria ustekoak: “baia ez dituez itxi gura urlia edo urleziagazko berba-aldiak, amurruturik dagoz beragaz egoteko al daien guztian, berbaz dagozanean sentietan dabe euren biotzean infernuko su edo berotasun zorigogorreko bat, zeinek erretan dituzan azurretaragino, eta orregaitik bere ez daude alangoetatik urrun egin gura”.

Urlia horrek beste aldaera bat be ezaguna dau gure tradizinoan zein berbakeran: urlia eta urlijaina darabilz Artibaiko Etxebarriko semea genduan Frai Bartolomek: “Batari esaten deutsa alako enbusteruak edo enbustereak: Zugaiti urlijainak au zinoan. Besteari: Zure lepoti zelan olgau zan urlijaina! Beste bati esango deutsa: Zure senarra (edo emaztea) urlijainagaz egon zan atzo. Beste batzuetan esango dau: Ona daukazu urlijaina!”.

Urlia, izena edo, gura bada, izenordain izateaz gainera, beste izen baten aurre-lagun be izan daiteke, gramatikan aurre-determinatzaile deritxona. Eta halantxe jokatzen dau sarritan determinatzaile zehaztugabe gisa, edozein, hainbat, hain edo halako darabilguzan moduan.

Kontua da, holakoetan zalantzatan jarten garala urlia gizon ala urlia gizona esan behar ete dan. Eta gu hiztunok ez eze, gure idazleak be zalantza berean agiri dira zabuka behin eta barriro, batez be leku-denpora kasuetan: urlia egunetan eta urlia egunean, biak irakurri daitekez. Gure gomendioa da, urlia aurretik ipinten jakon izena mugagabez markatzea: urlia mutil, urlia neskatila, urlia auzo edo urlia lekutan.

Domingo Agirrek Garoa-n dakarren pasarte bat, dinogunaren argigarri: “Zeintzuri egingo diegu? Urlia auzori ez dakit, honelako ahaideri bai, halako adiskideri ez; ezer ez diogu zor”. Adierazgarria da gure idazle handiaren esaldi hau, zeinetan urlia, honelako eta halako bardin eta kide lez darabilzan, gaztelaniaz “tal” egitea lez, baina hirurak mugagabez. Baina atzerago jota, Mogel handiak be horrelantxe mugagabez erabilen: “Nik bai egin dodala osaketea urlia gizonegaz!”, ipini eban barberu baten ahoan.

 

Urlia, gizakien adierazle izatetik, leku eta bestelako eremu bizigabeetara be zabaldu da ibili-ibili. Leku-denpora esparruko izenakaz, euskera osoko eremurik gehienetan, beste marka alternatiboak erabilten dira: halako da ezagunena, eta hain be erabilia da Bizkai partean. Baina bizkaiera eremuko hainbat lekutan eta hizkeratan, halako lekutan edo hain lekutan baino gehiago, entzuten diranak dira: urlia tokitan, urlia etxetakoa eta honelangoak. Eta hau ez da atzo goizeko kontua, lehenagorik datorrena baino. Adibide batzukaz on egingo dogu baieztatu dogunau.

Denpora kontuan, urlia egunean esaten dala jaso eban Azkuek Txorierri, Arratia eta Orozkon; sartalde-bizkaieran. Baina Bizkai erdian be ezagunak dira horretarikoak. R. Ortuzar bermeotar idazleak Urdaibaiko berbetan be hatakotzat darabil: “Belentzik esan dauela zelan urlein lekutan Guardak berak esan dauen, eurek disgustua nahikoa daukiela alabeagaz”.

J. Mateo Zabala dogu puntu honetan be, beste askotan lez, eredurik bikainena. Halan dino: “itanduten deutsue: baegoan ala ez Juan urlia egunetan jazo zan errieltan?; zuk uste dozu ez egoala bertan, baia benetan bertan aurkitu zan”.

Leku-espazio kontuan be bardin-bardin erabili izan da: “Urlia lekuan jarri naz”, dinosku bilbotar idazle berberonek.

Geure gomendio gisa, aholku bat apaltasun osoz. Ez ete litzateke hobe urlia, sandia eta berendia gizakien barrutirako gorde, eta leku-denpora arloko kasuetarako halako eta hain bideratu? Hiztunen artean marka guztien esparruak aspaldi nahasita dagozala jakinik, hiztunen erabileran nahastura hori ezabatzea ez da erraza, baina idatziz… Gomendio gisa isurtzen dodan eretxia baino ez da, eretxiak eretxi.

Iturriko

2016-11-04

Ikusita: 285
  • Esatekoak: 0
  •  

<< atzera